2026-01-01
Blog Page 254

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira Atzegiko langileak, datozen urteetarako KPI bermatzea eskatzeko

Atzegiko hitzarmena negoziatzen aurkitzen dira. Kontuan izan behar dugu administrazio publikotik jasotzen duela dirua 270 langile inguru dituen entitate honek. Ez dute langileen eskubideak okertzea eta eros ahalmena galtzen jarraitzerik nahi. Aldundiari eskatzen diote aniztasun funtzionaleko sektorean eta konkretuki, momentu honetan, Atzegiko langileei KPIa bermatzea datozen urteetarako. Horrela, mobilizazioa egin dute gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Adierazten dute hitzarmenaren negoziazioan beste puntu asko dituztela hobetzeko:

  1. Hitzarmen honen erronka nagusia urtean lan egiten dituzten ordu guztiak konputatzea da. Gaur egun 2.000 lan ordu egiten dituzte urtean eta hauetatik 1.600 ordu dira lan orduak bezala konputatzen dizkietenak, beste 400 orduak lan postuan egon arren presentziazkoak bezala kontatzen dizkiete.
  1. Ez dago plusik jaiegun eta asteburuengatik, berdin da astelehen batez edo Urteberri egunean lan egitea.
  1. Ez dute gaueko plusik, oinarrizko soldatatik aterata dago.

Aldundiaren beharrei jarraituz, egun batetik bestera lan egiteko ereduak aldatzen joan dira urteetan zehar, beti tartean langileak kaltetuak ateraz, azkeneko lan ereduarekin, Mac 365, etxekoandre figura edo kategoria dutenak, adibidez.

Arreta Zuzeneko langileek ez dute euren burua zaintzaile soiltzat bakarrik hartzen (kontratuetan jartzen dien bezala), zerbait gehiago dira, maila pertsonalean eta emozionalean asko inplikatzen baitira. Hala ere, eskubideak dituzten langileak izaten jarraitzen dute, euren lan- eskubideen alde, lan baldintza duinak nahi dituzte.

Arabako esku-hartze sozialeko negoziazioa oztopatzeari uzteko exijitzen dugu

III. Arabako Gizarte Esku-hartzearen Hitzarmen Probintzialaren 35 negoziazio-mahai baino gehiagoren ondoren, aurreakordio ekonomiko bat lortu genuen, 2022ko uztailean sinatua, eta joan den 2023ko urtarrilaren 18an sinatu zen akordio osoa. Arabako Foru Aldundiak blokeatu egin du hitzarmen horren argitalpena, eta, horretarako, Aldundiak eskatu du bigarren xedapen gehigarri bat sartzeko hitzarmenaren behin-betiko testuan.

Bigarren xedapen gehigarri horretan, Aldundiak planteatzen digu 2021eko, 2022ko eta 2023ko soldata-atzerapenak esleipen berriekin lotzea, haien arabera uztailean, abuztuan edo irailean izan baitaitezke. Horregatik, Aldundiak 10 kontratu lizitatu behar ditu aurrekontuak handitzeko. Zergatik ez zen hori egin 2022ko uztailean aurreakordio bat zegoenean? Argi daukagu Aldundia eta enpresak xantaia egiten eta negoziazioa luzatzen aritu direla, beren interesen arabera.

Sindikatuek ez dugu xantaia hori onartu, sektoreko langile guztien soldata-erregularizazioak kobratzeari kalte egiten baitio argi eta garbi, eta hori onartezina da sindikatu guztientzat. Inola ere ezin dugu onartu soldata-erregularizazioak enpresen esleipenekin lotuta izatea; izan ere, 5 hilabetean, 8 hilabetean edo 12 hilabetean izan daitezke, ez dago kobratzeko inolako bermerik.

Egoera desblokeatzen saiatzeko, Aldundiarekin kontratuak dituzten 10 enpresek (horietatik 5 AISArenak eta beste 5 patronalarenak ez direnak) sinatutako dokumentu bat eskatu genien sindikatuek patronalari eta Aldundiari. Dokumentu horretan, aurreko urteetako atzerapen guztiak erregularizatzeko konpromisoa hartzen dute hitzarmena argitaratu eta hurrengo hilabetean, gehienez ere.

Gaur egun, 10 entitatetatik 8k sinatu dute eskatzen dugun idazkia. Dagoeneko bi negoziazio-mahai utzi ditugu bertan behera, azken bi astelehenetan. Sinadurarik ez dagoenez, bertan behera utzi dira bilerak.

Onartezina da azken hilabete hauetan Aldundia zuzenean sartu izana hitzarmen honen negoziazioan, negoziazioan inplikatuta ez dagoenean. Zer balio du sinatutako aurreakordio batek eta sinatuta dagoen hitzarmen batek, Aldundiak edozein unetan blokeatu edo baliogabetu badezake? Non geratzen da delegatuek eta sindikatuek negoziatzeko dugun eskubidea?

Horregatik guztiagatik, sektoreko sindikatuok esan dugu nahikoa dela adarra jotzea, eta, beraz, bihar, martxoak 1, asteazkena, 12:00etan, komunikabide guztiak deituko ditugu probintziako plazan, prentsaurreko bat emateko eta sektoreak datozen asteetan egingo dituen ekintzak azaltzeko.

Prentsaurrekoarekin batera, sektoreko langileen kontzentrazio zaratatsu bat egingo da; izan ere, ordu berean, Emilio Sola diputatuak agerraldia egingo du gai honi buruzko azalpenak emateko.

Lan istripuei erantzuteko akordioak abian jarraitzen du eta bere potentziala aurrera eramateko indar gehiago jarri behar da

2000. urteko hamarkada hasieratik dago abian laneko ezbeharren inguruko akordio intersindikala, LAB, Hiru, EhNE, ESK, STEILAS, Nafarroako CGT eta ELA sindikatuen artekoa. Gaur ELAk bere burua akordiotik kanpo kokatu du, bide berri bat arakatuko duela iragarriz, nahiz eta ez duen adierazi bide hori zein izango den.

Akordiotik aldebakarrez irteteko ELAren argudioa LABen Osalan eta NOPLOIn parte-hartzean oinarritua dagoela dirudi. Afirmazio harrigarria da, 2018ra arte ELAk modu normalizatuan parte hartu baitu NOPLOIn, akordio intersindikalean inolako oztoporik sortu gabe. LABek ere modu ez normalizatuan parte hartzen jarraitu du instituzio horretan gaur arte, protesta gisako etenaldiak tarteko, urteetan akordioan inongo oztoporik eragin gabe. Agian zintzoagoa litzake ELAk aitortzea akordioak nola ulertzen dituen, bere irizpideen 100% aintzat ez hartzekotan akordioak lehertzen saiatzen dela baitirudi.

LAB sindikatutik adierazi nahi dugu akordioa lan istripuei erantzuteko tresna egokia dela eta bere potentziala aurrera eraman behar dugula horretan indar gehiago ipiniz. Lan osasunaren galera hain da nabarmena, elkarlan sindikalaz bestelako eskenatokirik ez dela onargarria; izan ere, adostasunerako jarrera eta ariketa zintzoa da izurrite honen aurrean erakutsi behar duguna, ez besterik. Honela, adierazi nahi dugu akordio intersindikaleko ateak beti zabalik izango direla.

Hau esanda, nahi baino lehen batuko gara, tamalez, patronalak eragindako laneko heriotza baten aurrean elkarrekin erantzuteko.

Euskararen aurkako azken eraso judiziala herritarron kontrako beste eskubide urraketa bat dela salatu nahi dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi dela zioen Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren ebazpenari jarritako helegite bat onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lehen instantzian Donostiako Epaitegiak ebatzi zuen EAEn euskara hizkuntza koofiziala izanik berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela.

Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak, Luis Javier Murgoitio Estefaniak sinatuak, dio administrazio publikoak ezin diela aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu, hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidearen kaltetan. Hau da, euskara eskatzeak plaza horiek lortzeko herritarrek duten eskubide oinarrizkoak azpiratu egiten dituela.

Administrazio publikoan euskararen erabileraren normalizazioa oztopatu nahi duen beste eraso larri bat da LABen iritziz. Berriz ere, euskal herritarron oinarrizko eskubideak zapalduak izango dira, hau da, euskaldunok are gehiago diskriminatuak izango gara. Baina horretaz gain, kasu zehatz honetan, oposizio hauekin bete nahi diren lanpostuen izaerak larriagotu egiten du erasoaren tamaina. Bete nahi diren zaintzaileen plaza hauen izaerak zaindua den herritarrarekiko harremanak estua eta konfiantzazkoa izatea eskatzen du, eta horretan erabiliko den hizkuntzak berebiziko garrantzia du. Euskara eskakizuna artatuen eta senideen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko ezinbestekoa da.

Hori gutxi ez eta Uliazpi Fundazioan lan egiten duten gainontzeko langile euskaldunen hizkuntza-eskubideen aurkako eskubide urraketa izango da ere euskara ez dakiten langileak kontratatzea. Euskal administrazioan euskaraz lan egin ahal izatea ere oinarrizko eskubidetzat dugu. Administrazioaren euskalduntzea ez baita herritarrekiko zerbitzua euskaraz ematera mugatu behar, administrazioaren barne-funtzionamendua bera ere euskaldundu beharrekoa da, euskara ofiziala izateak betebehar hori eragiten duen heinean. Hori horrela, azken hamarkadetan administrazioa euskalduntzen aurreratutakoa galzorira eramateko arriskuan jartzen da euskararen gutxieneko ezagutzarik ere ez duten langile berriak kontratatuz gero.

LABen ustez, euskararen normalizazioak herri-akordio zabalak eskatzen ditu. Bada garaia Administrazioa euskalduntzeko hizkuntza-politika ausartak egiteko eta prozesu hau behar bezala blindatzeko eta, horretarako, eragile sindikal, sozial eta politiko ororen ekarpena ezinbestekoa izango da.

Euskararen kontrako erasoen aurrean, euskal langile publikoon mobilizazio eraginkorra antolatzeko eta, Euskalgintzako eragileekin batera, irmoki erantzuteko garaia da.

LAB, ESK, SATSE, ELA, UGT, SME, CCOO, SAE eta UTESE Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sindikatuen prentsa oharra

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sindikatuok irmoki salatzen dugu Osakidetzako Zuzendaritzaren jitoa.

Astelehen honetako erantzun bortitza, asteartean Donostia Ospitalean gertatu zen bezala, garbitzaileen aldarrikapen baketsuaren aurrean, edalontzia betetzen duen tanta da.

Osakidetzako Zuzendaritza ez da gai denbora gehiegi daraman gatazka batean negoziazioa errazteko, eta ematen duen irtenbide bakarra indarkeria da. Ertzaintzari aukera ematen dio langileak neurriz kanpoko indarkeriaz erreprimitzeko.

Negoziaziorik eza, erabakiak hartzeko inposaketa, plantillarekiko errespetu falta, lan sindikala oztopatzea, hala nola joan den 25eko manifestazioen propaganda kentzea eta, orain, iraganeko jarrera totalitario eta bortitzetara itzultzea.

Osakidetzako Zuzendaritzak erabateko aldaketa egin behar du eta jarrera demokratikoak berreskuratu. Osakidetzako Zuzendaritzari eskatzen diogu parte har dezala garbiketako kontraten gatazka konpontzen eta gure Osasun Zerbitzu Publikoari eragiten dioten arazoetarako irtenbideak bilatzen.

Azkenik, greban dauden lankideekin eta, bereziki, errepresaliatutako langileekin elkartasuna adierazi nahi diegu. Bat ukituz gero, denak ukitzen gaituzte.

Mobilizazio beharra aldarrikatu dugu Gipuzkoako metalgintzan

Gaur, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia hirugarren aldiz bildu da, eta ADEGI atzera pausoekin etorri da. Zehaztapen handirik ekarri gabe, mugak jarri nahi dizkio negoziaketari. Gure aldetik, kontzentrazioa egin dugu bileraren aurretik Donostian, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, hitzarmen duina eskatuz.

ADEGIk  aurrera egiteko nolabaiteko asmoa baino ez du iradoki, baina patronalaren proposamena asko zehaztu gabe eta LABek lehentasunezkotzat jotzen dituen edukiak jorratu gabe. Ekarritako 4 urteko planteamenduan ez dute KPIa bermatu nahi, lanaldi jaitsiera ukatzen dute, baja-osagarrietaz zein lizentzietaz ez dute hitz egin nahi eta, honetaz gain, malgutasuna handitzea mahaigaineratu dute. Patronala bileraz bilera erakusten ari den jarrera guztiz onartezina da.

LABen ustez, jarrera hori presio bidez mugitzea baino ez dugu lortuko. Horretarako, ADEGI zuzenean interpelatu behar da, ez bakarrik negoziazio-mahaian, baita kalean eta enpresetan ere. LABek bide hori jarraituko eta areagotuko du.

Bide horretan beharrezkotzat jotzen dugu sektore guztia aktibatzea. Sindikatu bakoitzak egin dezakeen lana eta presioarekin batera, indarrak batzeko eta ADEGIren immobilismoari elkarrekin erantzuteko garaia dela uste dugu. Horregatik, gainerako sindikatuei lehenbailehen biltzeko deialdia luzatuko diegu, egoera aztertu ondoren presio neurriak eta mobilizazio bateratuak proposatzeko. Helburu horrekin, ahalik eta azkarren sindikatuen arteko mahaia deituko dugu.

Sindikatuek ortziralean 4 orduko lanuztea deitu dute Nafarroako enpresa publikoetan, hitzarmen propioa eskatzeko

LAB, Lankide, UGT, CCOO, ELA eta CGT sindikatuek heldu den ortziralean, martxoak 3, lau orduko lanuztea egitera deitu dute Nafarroako enpresa publikoetan hitzarmen propioa eskatzeko.

Lanuzteekin batera, enpresa publikoetako langileak 9:00etatik 11:00etara kontzentratuko dira Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Bitartean, ordezkari sindikalek lan saio batean parte hartuko dute talde parlamentarioei beren egoera eta aldarrikapenak ezagutarazteko.

LAB, Lankide, UGT, CCOO, ELA eta CGT sindikatuek Nafarroako enpresa publikoentzat hitzarmen propioa izatearen beharra defendatzen dute, plantillen lan-eskubideak blindatzeko. Enpresa publikoen errealitatera egokitzen den hitzarmena litzateke, egungo Bulego eta Langelen Hitzarmenak hainbat zailtasun sortzen baititu.

“Ez dugu negoziazio esparrurik gure patronalarekin, hau da, CPENekin. Gure patronalak ez baitu parte hartzen Bulego eta Langelen Hitzarmenaren esparruan hartzen diren erabakietan, eta hori ez da batere arduratsua, bertze batzuen esku geratzen baita enpresa publikoei eragiten diena”, salatu dute sindikatuek.

Alde horretatik, erakunde sindikalek badakite legegintzaldian falta diren hilabete gutxi horiek kontuan hartuta zaila dela hitzarmen bat sinatzea, baina negoziazio-mahaia eratzea eskatzen dute gai horretan aurrera egiten hasteko.

“Negoziatzen hasteko, ez dugu arazorik Gobernu berria eratu arte itxaroteko, baina nahitaezkoa da hitzarmena negoziatzeko mahaia sortzea; horretarako borondate politikoa baino ez da behar”, aldarrikatu dute.

Greba batzordearen aldarrikapenak aintzat hartu eta urrats zehatzak emateko eskatzen diogu Osasunbideari

Gaurko Mahai Orokorrean, otsailaren 28an, Administrazioak ez du inolako aldaketarik egin aurreko bileraren ondoren
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako aurkeztu zuen proposamenari dagokionez. Proposamen hark AFAPNAren babesa
eta LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuen erabateko kritika jaso zuen.

Hala ere, sindikatuen kritika horiei eta alderdi politikoren baten kritikei helduz, Mahai Orokorrean gai horri buruzko hbenetako
negoziaziorik ez dagoelako, Herrizaingo eta Funtzio Publikoko sailburuak elkarrizketarako, lankidetzarako, akordioetarako eta
egiteke dauden hobekuntzei eta aldarrikapenei aurre egiteko prest dagoela adierazi du. lido horretan, prest agertu da pertsonal ez-
sanitarioaren karrera profesionala jasoko duen testu bat egiteko. Testu hori lege-proposamen batean sar liteke, baldin eta gatazkarik gabeko esparru bat badago, eta hau martxoaren 23rako aurreikusitako greba bertan behera uztea bezala ulertzen dugu.

Era berean, garatu ez diren eta LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek osatutako greba-batzordearen aldarrikapenetan sartuta dauden aurreko akordioetako neurri batzuk ezartzearen alde agertu da, hala nola jaiegunen, txandakako lanaren eta gaueko lanaren homologazioa. Halaber, lan-konpromiso bat helarazi nahi izan du hurrengo legegintzaldian lehentasun osoz jorratzeko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren erreforma bezalako gai garrantzitsuak, pandemiaren ondorioz eten zena, kolektibo profesional askoren birsailkapen egokia ekarriko lukeena eta Batzorde hau osatzen duten erakunde sindikalentzat eta langileentzat funtsezkoak direnak.

Greba-batzorde honetan, batzordea osatzen duten sindikatuok, aurrerapauso qgarrantzitsutzat jotzen dugu Remirez jaunak adierazitako aldez aurretiko jarrera hori, baina bileran adierazitako guztiari buruzko proposamen zehatzagoa espero dugu, martxoaren 23ko greba bertan behera uztea ekarriko lukeen aipatutako gatazkarik gabeko egoera planteatu aurretik.

Migrazioa eta sindikalismoa izan ditugu hizpide Gasteizen, martxoaren 3aren testuinguruan

Aurten 47 urte betetzen dira Gasteizko sarraskia deitutakotik. Horrela, martxoaren 3aren testuinguruan, mahai-ingurua egin genuen atzo Gasteizen, bertako Gasteiz Txiki elkartean, “Migrazioa eta sindikalismoa, beharrezko eztabaida bat. Sindikalgintza antiarrazista baterantz” izenburupean.

Bertan, Cristobal Treviño Garciak (bere familiak 1976ko martxoan migratu zuen Gasteizera) eta Mariana Urcuyo Hernandezek (etxeko eta zaintza arloko langilea eta LABen atal sindikaleko kidea) hartu dute parte. Aurkezpenean, Txefi Roco LABeko Idazkari Antiarrazistak gogoratu zuen 1976ko martxoaren 3an Gasteizen erahildako 5 langileetatik 4 migratuak zirela eta gaur egun asko direla gurera lan egin eta bizitzera datozenak. “Martxoaren 3a errealitatea honen inguruan hausnarketa egiteko probestu nahi dugu, langile guztiontzako tresna izan nahi du LABek”, gaineratu zuen Rocok.

Treviñok, bere aldetik, adierazi zuen “antirrazismoa funtsezkoa dela klase sindikalismoa zabaltzeko”. Horregatik LABen, sindikalismo antirrazista baterantz goaz. Erronka eta konpromiso politiko onartzen ditugu. Ireki, entzun, gure buruak berpentsatu eta etxea eraldatu.

Urcuyo aldiz, horrela mintzatu zen: “Ikus itzazue gure borrokak berritu eta indartzeko aukera moduan. Sakon dezagun agertzen hasi diren irekieretan, sindikatua da gure tresna”.

LABen ekitaldia martxoaren 3an

Ohitura duen moduan, LABek ekitaldia egingo du martxoaren 3an Gasteizen. 11:30ean izango da, Martxoak 3 plazan, San Frantzisko Elizaren ondoan, eta Garbiñe Aranburu Irazustak sindikatuko Koordinatzaile Orokorrak hartuko du parte bertan. Esplotazio eta diskriminazioaren kontra, antolakuntza eta borroka aldarrikatuko ditugu.

Arratsaldez eta gehiengo sindikalarekin batera,  “Bizi-baldintzen suntsiketaren aurka, luchando el presente para asegurar el futuro” lelopean, omenaldia egingo dugu Martxoak 3 plazan 18:00etan, eta 18:30ean mobilizazioa.