2026-01-01
Blog Page 251

Donostiako DHL Parcelen hitzarmen duina lortzeko borrokan jarraitzen dugu

DHL PARCEL GIPUZKOA SPAIN S.L enpresan sinatutako azken Hitzarmen Kolektiboa 2018ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, lau urterako; hau da, 2021eko abenduaren 31ra arte. Indarraldia amaituta, hainbat bilera ospatu izan dira Enpresa Batzordearen eta Enpresaren artean, Hitzarmena berritzeko helburuarekin. Bi aldeak adostasunetik oso urrun gaude, ordea.

Alde batetik, langileen ordezkaritzatik KPI-a bermatzeko beharra ikusten dugu: bizitza garestitzearekin, DHL-ko plantillaren eros-ahalmena handitu egin behar dela defendatzen dugu. Aldiz, kontua da Enpresak behin eta berriro adierazi duela ezin duela KPI-rik ordaindu, nahiz eta erantzun hori arraroa egiten zaigun DHL bezalako multinazional baten aldetik.

Bestalde, egunerokotasuneko gestio eta produkzioan zuzendu beharreko kontu ugari daude: ordu gehigarrien erabilera, kategoria profesionalen aitorpena, plus ezberdinen ordainketak, etab. Beraz, gure eskubideen defentsan eta lan-baldintza duinak lortze aldera, kalera atera gara!

Pasaden astean, martxoaren 7an, lehen kontzentrazioa antolatu genuen: Fernando Mugika, 1 kalean elkartu ginen (Belartzako Mercadona parean), 12:45etatik 13:30etara. Gaur, martxoak 14, mobilizazio-eredu berean jardun gara: 13:00etatik 13:30etara lehengo asteko toki berean bildu gara, gure aldarrikapenak egitera.

Mobilizazioekin hasi ginenetik, Enpresak ez du berriro bildu eta akordio bat lortzen saiatzeko ahaleginik adierazi. Beraz, bidea koplexua izan daitekeela uste dugu, baina gogotsu gaude gurea dena defendatzeko!

Osasungintzaren pribatizazioa geldiarazteko beharra azpimarratu eta Osasunbideko langileek deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du Eskubide Sozialen Kartak

“Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, osasun-sistema publikoak egin beharko lituzkeen jarduera askoren deribazioak, azpikontratazioak eta kanporatzean salatu nahi ditugu. Finean, jarduera hauen pribatizazioa salatu nahi dugu prentsaurreko honetan. Izan ere, zentro pribatuetara deribazioak finantziatzen diren bitartean, sistema publikoak gero eta pisu handiagoa galtzen du aurrekontuetan”, adierazi dute Medicis enpresaren lokalaren aurrean egindako agerraldian. Hain zuzen ere, Osasun Zerbitzuak zentro horretara bideratzen ditu lesio eta patologia jakin batzuk diagnostikatzeko behar diren irudi-proba ohikoenetako batzuk (erresonantzia magnetikoa, ekografiak…), eta pribatizazioranzko joera hori islatzen duen adibideetako bat da, San Migel edota San Juan de Dios kliniken kasuan gertatzen den bezala: “Izan ere, lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apusta egiten dutela esaten badute ere, aurrekontu publikoen parasitazioan eta empresa horietako enplegu- eta lan-baldintzen okertzea gauzatzen dute errealitatean”.

Ildo beretik, Osasunbidea – Nafarroako Osasun Zerbitzutako Intersindikalak (LAB, CCOO, UGT, ELA eta SAE) eta Nafarroako Osasun Plataformak martxoaren 15, 18 eta 23rako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi izan diete herritarrei Eskubide Sozialen Kartatik.

Kartak nabarmendu duenez, jendartea mobilizatzea beharrezkoa da pribatizazio horri aurre egiteko: “Ospitaleko sukaldeen itzultzeak, CUNeko pertsonalari eta haien familiei osasun-arreta emateko kontratuak baliogabetzeak eta bateraezintasun medikoen anulazioaren paralizazioak adierazten digute zeinen garrantzisua den gizarte-mobilizazioa; deskapitalizazio eta pribazitazio arriskuan dagoen osasun-sistema publikoaren defentsan”. Hala, ordezkari politikoei ere dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko exijitu diete.

Martxoaren 15ean, asteazkena, 11:00etan kontzentrazioak egingo dira osasun zentroetan. Hilaren 18an (larunbata) berriz, manifestazioa egingo dute, 17:30ean Golem zinemetatik abiatuta. Azkenik, martxoaren 23an Nafarroako Osasun Zerbitzuan egitekoa den grebari ere babesa adierazi dio Eskubide Sozialen Kartak.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan beste 13 greba egun deitu ditugu, apirilaren 18tik 30era, Osakidetzak eta Osasun Sailak negoziatzeari uko egin diotelako

Orain arte deitutako 14 greba-egunen arrakastaren ondoren, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren immobilismoaren aurrean, beste 13 greba-egun deitu ditugu, jada 27 greba-egun direlarik, gatazkaren konponbide negoziatu bat eskatzeko.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 2021eko abenduan, 2022ko apirilean eta abenduan eta 2023ko otsailean egindako greben jarraipena Osakidetzaren eta Osasun Sailaren aurrean aldarri bat izan da; hala ere, jarrera immobilista izaten jarraitzen du, eta gatazkaren konponbidea negoziatzeari uko egin dio. 2021eko apiriletik, Mahai Sektorialera proposamen bat ekarri zuen, eta, jarraian, erretiratu egin zuen. Hortik aurrera ez da mugimendurik egon, nahiz eta sindikatuok eta langileek negoziatzeko eta gatazka konpontzeko borondatea erakutsi dugun.

· 2021eko apirileko Mahai Sektorialetik, etengabe eskatu dugu gatazkaren negoziazioa Mahai Sektorialen gai-zerrendan sartzea, eta Osakidetzak uko egin dio horri.


· 2022ko abenduaren 7an, Mahai Sektorialeko sindikatuok Gotzone Sagardui sailburuarekin bildu ginen, eta negoziatzeko borondatea agertzeko eskatu genion, TGEEZren gatazka berehala konpontzeko. 3 hilabeteren ondoren, ez dugu erantzunik jaso.


· 2023ko otsailaren 14an, Greba Batzordeak Osakidetza, Osasun Saila eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Zuzendaritza deitu zituen Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko, eta ez ziren hitzordura joan.


· Otsailean zehar eta 2023ko martxoan birritan, sindikatuok Mahai Sektorialera deitu gaituzte, eta gai-zerrendan ez dago Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren gatazkari buruzko aipamenik.

Hori da Osakidetzak eta Osasun Sailak Osakidetzako langileen lan-baldintzak negoziatzeko eta hobetzeko duten borondatea.

Aitzitik, Administrazio Publikoaren jarrera horrek zuzenean eragiten die herritar guztiei; izan ere, haien jarrera inposatzaileari esker, odolaren, ehunen eta odol-eratorrien erreserbak murrizten ari dira. Horiek beharrezkoak dira hainbat tratamendu eta interbentzio egiteko, eta dagoeneko Osakidetzako hainbat ESItan eragiten ari dira. Jarrera horri eutsiz gero, egoera larriagotu egin daiteke, interbentzio kirurgikoak eten behar izateraino.

Horregatik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langile guztien soldata-baldintzak parekatzeko eta jasaten ari diren diskriminazioarekin amaitzeko borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dago. Sindikatuetatik gatazkaren konponbidea negoziatzeko borondatea agertuko dugu etengabe, eta Osakidetzari eta Osasun Sailari ildo horretan urratsak emateko eskatzen diegu.

Akordio onak lortzeko, borroka ezinbertzeko tresna dela frogatu da Eduardo Albeniz enpresan #LortuDugu

LAB sindikatuak alde bakarrez egindako lanuzte egutegiari esker, Barbataingo Eduardo Albeniz etiketatze enpresan lau urtetarako Nafarroako KPIa bermatzea lortu da.

Hasiera batean Enpresa Batzordean ordezkaritza zuten sindikatu guztiek (LAB, UGT eta independenteak) aldarrikapen bateratua bazuten ere, laster ikusi zen UGT eta independenteak Nafarroako KPIari uko egiteko prest zeudela. Arrisku horren aitzinean, borroka egutegi bat planteatzeko beharra ikusi zuen LABek, bai enpresa eta baita langileen eskubideak saltzeko prest zeuden sindikatuak ere baldintzatzeko asmoz. Zorionez, erran daiteke deialdia egitea nahikoa izan zela sindikatu honek markaturik zituen helburuak lortzeko.

Enpresarekin adosturiko akordioan lortu da hurrengo lau urteetarako Nafarroako KPIa bermatzea. Horretaz gain, ezintasun arruntak 2. egunetik 4.era %85arekin osagarrituko dituzte eta 5. egunetik aitzinera %100ean.

LAB sindikatuak Eduardo Albeizeko langileak zoriondu nahi ditu, beraien jarrera tinkoari esker lortu ahal izan delako garaipen hau.

Pentsioen erreforma: egiteko moduak kritikatzeaz gain, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea eskatu eta euskal erakundeen utzikeria salatzen dugu

Espainiako Gobernuak Estatuko elkarrizketa sozialeko mahaian aurkeztutako pentsioen erreformaren xehetasunak ezagutu eta baloratu bitartean, LABen lehenengo balorazioa honako hau da:

Lehenik eta behin, kritika egiten diegu Espainiako Gobernuak erabilitako moduei. Europako Batzordearekin aldez aurretik adostutako erreforma da, eta horrek erakusten du zer nolako tutoretza daukan. Eta erreforma hori Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala ordezkatzen ez duen mahai batean aurkezten da: euskal langileen pentsioei eragiten dieten erabakiak haien parte-hartzerik gabe eztabaidatzen dira.

Erreformaren edukiari dagokionez, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea eskatzen dugu, besteak beste, erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia handitzea, eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea handitzea. Era berean, genero-arrakalarekin eta miseria-pentsioekin amaitzeko neurriak eskatzen ditugu, hala nola lan egin duten baina kotizatu ez duten emakumeei zor patriarkala aitortzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzea, progresiboki 1.260 euroraino igotzeko. Hobekuntza partzial batzuk gorabehera (errenta altuenei kotizazioak areagotzea, kasurako), Espainiako Gobernuak aurkeztutako erreformak ez ditu gai horiek modu estrukturalean jorratzen.

Bestalde, hainbat komunikabidetan argitaratu denez, Espainiako Gobernuaren asmoa kotizazio-aldia 25 urtetik 27ra luzatzea litzateke (29, bi txarrenak kenduta), pixkanaka. Alde horretatik, lehengo lepotik burua: kalkulua egiteko epea luzatzen joan da, 2 urtetik 8ra (1985), 8 urtetik 15era (1997) eta 15 urtetik 25era (2011), betiere pentsioen zenbatekoa murrizteko helburuarekin.

Azkenik, kritikatu egiten dugu euskal erakundeek pentsioen gaiarekiko erakusten duten utzikeria. LABen ustez, EAEko eta Nafarroako Gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu beharko lukete, eta transferentzia hori egiten ez den bitartean, euskal pentsiodunen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu beharko lukete, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua aste honetan baraualdi baten bidez aldarrikatzen ari den bezala. Bihar, asteartea, LABeko ordezkaritza bat joango zaie bisitan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru izango dutela, babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz. Horri dagokionez, Pentsiodunen Mugimenduak martxoaren 18rako Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu euskal langileei.

Arabako Esku-Hartze Sozialeko Hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Gaur, 2023ko martxoaren 10ean, ostirala, iragarri dugu Arabako Esku-hartze sozialeko III. Hitzarmena sinatu dela. Lan Harremanen Kontseiluan goizean egindako bileran testu osoa sinatu dute eta argitaratzeko izapideak hasi ditugu.

Azken urtean birritan jakinarazi dugu negoziazioa ixtea ahalbidetzen zuen akordio bat lortu zutela. Lehenik iazko udan, testuaren eduki nagusiak jasotzen zituen aurreakordioa sinatu ostean, eta bigarrenez duela zenbait aste, urtarrilaren 18an, testu osoaren akordioa itxi ondoren. Jakinarazi izan dugun bezala, momentu hartan Arabako Foru Aldundiak zuzenean esku hartu zuen lortutako akordioan, hitzarmenean jasotako atzerapenen kobrantza baldintzatu zuelarik. Egoera horri erantzuteko, mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiok martxoaren 15ean, 16an, 21ean, 22an eta 23an bost greba egun deitu genituen, eta greba mugagaberako deialdia egiteko asmoa iragarri genuen, harik eta blokeo-egoera konpondu arte.

Gaur goizean, akordioa sinatu ostean, grebak bertan behera utzi ditugula baieztatu dugu, eta LABek funtsezko hiru aipamenekin itxi nahi du negoziazio prozesua:

Arabako Foru Aldundiaren injerentzia salatzen dugu, hitzarmena negoziatu den bi urteetan akordio bat lortzeko aukera oztopatu baitu. Hasieran ez zuen negoziazio-mahaian lortutako akordioa finantzatzeko konpromisorik hartu, eta, gero, azken asteetan, negoziazioaren itxiera blokeatu izan du. Uste dugu esku-hartze sozialaren sektoreko zerbitzu sozial gehienen titularra den erakunde honen jardunak erakusten duela LABek luzaroan adierazitako exijentziaren garrantzia: sektore honetako langileak langile publikoak izan daitezela.

Salatu nahi dugu, halaber, Arabako esku-hartze sozialeko patronalak, AISAk, agerian utzi duela bi urte hauetan erakundeekin erabat lerrokatuta dagoela, bere behar propioei erantzunez eta sektoreko langileen interesak urratuz.

Azkenik, adierazi behar dugu sektoreko langileen antolakuntza eta mobilizazioa erabakigarria izan dela, negoziazioak aurrera egin ez duen aldi orotan. Hori dela eta, gaur berriro ere helarazi nahi izan dugun mezua da borrokak merezi duela. Horrenbestez, zorionak langile guztiei.

Uliazpiko joan den asteko epaia deitoratzen dugu

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpin 34 zaintzaile-plaza betetzeko deialdia eta prozeduraren oinarriak baliogabetzat jotzen dituen epaia aztertu ondoren, Uliazpiko Enpresa Batzordearen gehiengoak, hau da, LABeko bost ordezkariek eta ELAko hirurek, guztiz arbuiatzen duela adierazi du. Beste bost ordezkari dituen CCOOk, aldiz, uko egin dio epaia gaitzesteko adierazpena babesteari.

Epaia guztiz bidegabea da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginarekin, Lan Eskaintza Publikoa egiteko 15 urte baino gehiago zain egon ondoren. Horrez gain, erabiltzaileen, senideen eta erakunde publikoko langileen eskubideen aurkako eraso
larria dela uste dugu. Oinarri horiek, gainera, aho batez onartu genituen batzordeko ordezkari garen sindikatu guztiek, Euskara Plana onartu zen bezala, zeinaren testutik eratorri baita aipatutako LEP.

Uliazpi adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea garatzen laguntzen duen erakundea da, eta hizkuntza-eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, lanpostuaren ezaugarriei lotuta daude, erabiltzaileek behar dituzten laguntzak emateko beharrezkoak baitira. Hori dela eta, uste dugu epaiak akats larria egiten duela pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen eskubide generikoa eta lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra nahasten dituenean. Izan ere, Uliazpin hezkuntza-lanak egiteko, komunikazioa, eta, beraz, hizkuntzaren ezagutza, funtsezkoa da langileek esleituta dituzten zereginetan.

Epaimahaiak deialdia baliogabetzen duenean, hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua gehiegizkoa dela iritzita, langileek plaza lortzeko egiten duten ahalegina gutxiesteaz gain, urratu egiten du erakundeek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duten betebeharra, eta urratu egiten ditu gure erakundeek duela 30 urte baino gehiagotik euskararen normalizazioan aurrera egiteko adostutako hizkuntza-planak; horrez gain, urratu egiten du Uliazpiko erabiltzaileek behar dituzten laguntzak jasotzeko beraiek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea.

Martxoaren 26an mobilizatuko dira Bizkaiko merkataritzako langileak, denbora librearen balioa azpimarratzeko

Gaur egin da Bizkaiko merkataritzako lan hitzarmena negoziatzeko 28. bilera. Bileraren aurretik, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan, larru eta oinetakoen, ehungintzakoaren eta merkataritza orokorreko sektoreetan hitzarmen duina aldarrikatzeko. Ia 11.000 langile ari dira lanean hiru sektore hauetan, 2014tik hona ez da lan hitzarmenik berritu eta 2019an hasi genituen negoziazioak. Akordiorik gabe amaitu da gaurko bilera, eta ondorioz, mobilizazioak iragarri ditugu.

Irati Sienra sindikatuko kideak adierazi du patronalak egin duela “KPIaren igoera onartuko lukeen proposamen bat, baina horren trukean planteatzen dutena da udako larunbat arratsaldeetan lan egiteko aukera kontenplatzea. Akordio bidez, baina lan egiteko aukera”.

“Kontua da akordioak enpresa askotan tranpa bat direla. Enpresa handietan agian badago langile antolakuntza bat eta enpresarekin negoziatzeko gaitasuna, baina sektore honetan enpresa gehienak txiki eta ertainak dira, langileek ez dute ordezkaritzarik, beldur handia dago eta akordioak bukatzen du izaten enpresak nahi duena”, gehitu du Sienrak.

Sektoreko langileek oso denbora libre gutxi dutela gaineratu du LABeko ordezkariak, merkataritzako ordutegiak kontziliaziorako ia ezinezkoak izanik. “Sektorean duten arnasa hartzeko aukera bakarrenetakoak udako larunbata arratsaldeak dira eta hitzarmenak ematen dizkien urteko lau larunbat libreak, lau soilik”.

Datorren martxoaren 26an mobilizatuko dira langileak, igandez,  “denbora librearen balioa azpimarratzeko”. Honez gain, “Aste Santu aurretik hiru egunetako greba egiteko planteamendua dugu, ez baldin bagara lehenago akordio batera iristen”.

Eskualdez eskualde Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren aldeko borrokan dihardu LABek

Gaurkoan Gipuzkoako eskualde guztietan hitzarmenaren defentsan kalera atera gara. Adegik emandako datuen arabera, 2022a urte ona izan da sektoreko enpresentzat. Salmentak %13,2 hazi dira eta industriaren hazkundea %4,6ko izan da, azken 14 urteetako balio altuenean kokatuz.

Negoziaketako hiru bileretara ADEGI esku hutsik etorri da: ez du KPIa bermatu nahi, lanaldi murrizketarik ez, aldi baterako desgaitasun osagarririk ez… laburbilduz, sektoreko langileentzat aurrera pausorik ez, eta hau gutxi balitz, malgutasuna handitzeko asmoz. Hau onartezina da, LABek asteak daramatza hitzarmen duinaren alde mobilizatzen eta horretan jarraituko dugu. Pauso bat aurrera emateko ordua da, langileok batu eta hitzarmena posible bihurtzeko. Zentzu honetan, hurrengo egunetan sindikatu guztiei dei egingo diegu elkartu eta denok batera borrokan hasteko.