2026-08-04
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaEnplegu Zentro Berezietako langileentzako baldintza duinak bermatzeko inplika daitezela eskatu diegu instituzioei

Enplegu Zentro Berezietako langileentzako baldintza duinak bermatzeko inplika daitezela eskatu diegu instituzioei

Jose Sanchez (Gureak Industria) eta Mar Bartolomé (Indesa) LABeko ordezkariek Gasteizko Legebiltzarrean azaldu dituzte beren aldarrikapenak, eta kanpoaldean elkarretaratzea egin dute langileek. Izan ere, gaur egun patronalaren etekin ekonomikoak lehenesten dira mota horretako lantegietan, miseriazko lan-baldintzak nagusitzen diren bitartean.

LAB sindikatua hainbatetan mobilizatu izan da Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatu eta enplegua gainerako langileen baldintza berberetan lortu ahal izatea exijitzeko asmoz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen ditu pertsona horiek. Erritmo jasangaitzetan lan egiten duten bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte. Hala, errealitatean ez da betetzen Enplegu Zentro Berezien ustezko funtzioa, hau da, aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko gunea izatea enplegu arrunta lortzeko aukera izan bitartean.

Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, eta ez dituzte kontrolatzen lan-baldintzak. Hala, diru publikoz finantzatutako enpresa horiek miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen dituzte langileak, gutxi batzuen negozioaren mesedetan. Izan ere, patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna, eta ez dago, oro har, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik.

Hori guztia dela eta, honako eskakizun hauek helarazi nahi izan dizkiegu erakunde eta alderdi politikoei:

  • Aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea, indarrean dagoen legeria diskriminatzailea da eta.
  • Sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra garatu eta lortzeko konpromisoa eta benetako inplikazioa.
  • Enplegu Zentro Berezien finantzaketa gehiago kontrolatzea.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria izaki, ezinbestekoa da aniztasun funtzionala duten pertsonek jasaten dituzten arriskuak behar bezala ebaluatu eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera benetan egokitutako prestakuntza. Hala, benetako garapena eta sustapena bermatuko duten prestakuntza-planak beharrezkoak dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...

SOS Nafarroako langileek ohartarazten dute polizien deiak 112ra bideratzeak arriskuan jarriko duela larrialdien arreta

Informazio eta komunikazio falta langileei Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...