2026-05-01
Blog Page 231

Igor Arroyo: “Ikuskari kopurua handitu behar da, ikuskaritza sistema indartu behar da eta legea ez betetzearen aurrean bestelako jarrera bat hartu behar da”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan egon da gaur, urriak 22, Iñaki Guridik elkarrizketatuta. EAEko zerbitzu publikoetan deitutako grebaz, zerga politikaz edota Lan Osasunaren arloan hartu beharreko neurriez aritu da, Lantziegoko upategi batean atzo langile bi hil eta Euskal Herrian aurten hildakoen zerrenda 41era iritsi ostean.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke (1:40:00 minututik aurrera): https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/9321880/faktoria-20231002/

Ia berrogeita hamar eragile sozial eta sindikalek trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak adostu eta elkarrekin nola sustatu nahi ditugun eztabaidatu dugu Su Txikien Itsasoa topaketan

Elkarrekin sustatu beharreko lehen erronka komun bezala, azaroaren 30erako deituta dagoen Greba Feminista Orokorrarekin bat egin dugu.

Su Txikien Itsasoa topaketa ospatu dugu irailaren 30ean Ozaetan, GaraiON Sorgingunean. Ia berrogei eta hamar gizarte mugimendu eta eragile sozial eta sindikal ezberdinetako 120 kide inguru elkartu gara sustatu nahi dugun trantsizio ekosozialaz, zoru komun eta adostasunez, eta elkarrekin egin nahi dugunaz aritzeko. Izan ere, bizi dugun sistema bidegabea eta bideraezina da, eta horren aurrean planetaren eta pertsona guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bateranzko trantsizioa, edo hobe esanda eraldaketa sustatzea beharrezko ikusten dugu elkarturikoek.

Eremu ezberdinetan gabiltzan gizarte mugimenduak elkartu gara gaurkoan, su txiki-handi ezberdinetan gabiltzanak. Uste dugu eraldaketa hori sustatzeko gizarte aktibazioa ezinbestekoa dela, bestela elite politiko-ekonomikoek gidaturiko trantsizioz mozorroturiko aurreranzko ihesak itoko gaitu. Horregatik, gaurko ekimenaren helburua gizarte mugimendu ezberdinok ditugun esperientziak eta ikuspuntuak konpartitu, eta komunean duguna eta egin dezakegunaz eztabaidatzea izan da, gizartearen aktibazio hori elkarrekin eta elkarlanean eragiteko eta eraldaketa sozialaren aldeko itsaso bat bultzatzeko.

Goizeko eztabaidan trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak jorratu dira. Hala, elkarrekin sustatu nahi dugun trantsizioaren funtsezko ardatz bezala kokatu ditugu zazpi hauek: planeta bizigarria guztiontzat, planetaren muga biofisikoak aintzat hartuz eta justizia klimatikoa oinarri; kapitalaren gainetik, bizitzak eta hauen zaintza erdigunean jarriko dituen eredua, ekonomia desmerkantilizatu, despatriarkalizatu eta dekolonializatuz; lanak – guztiak –  duindu eta birbanatzea eta ondasunak birbanatzea; burujabetzen alde egitea, eremu estrategikoetan erabakiak hartu eta gauzatzeko gaitasuna eskuratzeko, iraunkortasunagatik, kontrol demokratikoagatik edota erantzukizun kolektiboagatik; diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde, pertsona guzientzat eskubide guztiak bermatu daitezen; Euskal Herriko gehiengo langile eta herritarra protagonista izateko trantsizio demokratiko baten alde, planifikazio publikoa herritarron mesedetan gauzatu dadin; gero eta gatazkatsuagoa den mundu baten aurrean desmilitarizazioaren, bakearen eta burujabetzaren alde.

Hortaz, goizean funtsezko ardatzak identifikatu eta hauek definitzeko ekarpen interesgarriak bildu ditugu. Arratsaldean aldiz elkarrekin egin nahi dugunaz aritu gara, helburua ez delako enegarren manifestua idaztea baizik eta gizarte aktibazio hori gauzatzea. Horrela agendan dauden ekintza eta mobilizazioen mapa egin eta agenda konpartitua marraztu dugu eta elkarlanean sustatu ditzakegun ekimenez aritu gara.

Topaketan dinamika bat hauspotzen saiatu gara, eta beraz, nolabaiteko jarraipena emateko erronka jarri diogu gure buruari. Alde batetik, urriaren 28an Gasteizen Kartaren ikasturteko asanblada nazional irekia egingo dugu, non ekimenaren sustatzaile nagusia izan den Kartaren hurrengo urratsez arituko garen. Bestetik, topaketan askotariko mugimenduak bildu garela ikusita, hala nola Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua edo Mugimendu Feminista, ondorio eta ekintza ahalik eta kolektiboenak sustatze aldera espazio zabalago hauei jarraipena eman eta gaurko topaketen ondorioak kolektiboki lantzeko espazioak irekitzea adostu dugu.

Azkenik, trantsizio ekosoziala sustatzeko zoru komuna eta elkarlan eta sinergietarako aukerak sustatzea ez da filosofia hutsa, ekintzarako proposamen bat da. Ditugun erronka amankomunei loturik, funtsezko elementu bezala zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzaileen eskubideen alde ekitea kokatzen dugu. Horregatik, gaur bildu garen gizarte mugimendu ezberdinok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitu duen Greba Feminista Orokorrarekin, eta berau antolatzeko espazio ezberdinetan proaktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu eta deialdia luzatu dugu.

Xuti Gazte! antolakundearekin batera ‘Gazte langileon gida’ aurkeztu dugu

Lan munduari lotutako oinarrizko ezagutzen berri modu errazean izatea ahalbidetuko duen tresna izango da, betiere kolektiboaren garrantzian azpimarra jarrita.

Gida ikusteko, sakatu hemen.

Gazteen artean prekaritatea agerikoa da, askok lan-baldintza kaxkarrak baizik ez dituztelako ezagutu; soldata apalak, kaleratzeak edota kontratu gabeko lanak, adibidez. Horrez gain, krisiek zein azken urteotako lan eta erretreta erreformek egoera okertu baino ez dute egin.

Hori dela eta, LAB sindikatuak eta Xuti Gazte!-k elkarlanean sortu dute Gazte langileon gida, ezagutu beharreko oinarrizko informazioa dakarrena; izan ere, jakina da ustez bermatuta dauden hainbat eskubide ez direla errespetatzen, eta gidak horiek borrokatzeko tresna izan nahi du. Hala ere, aurkezpenean azpimarratu dute gutxieneko eskubide horiez haratago prekaritateari eta sistema kapitalistari aurre egitearen beharra. Hala, borroka lantokietara, ikastetxeetara, karriketara eta beste eremu guztietara eramateari garrantzia eman diote.

LABen izenean aritu diren Joana Urrutik (Ipar Euskal Herriko Zerbitzu Pribatuetako arduraduna) eta Heren Muruagak (Ipar Euskal Herriko Industriako arduraduna) nabarmendu dute gazteen lehen kontratuak prekarioak izan ohi direla: ikastaroak, kontratu mugatuak, denbora partzialekoak… hori gutxi ez, eta usutan adin ezberdintasunak nagusiarekiko menpekotasun harremana areagotzen du.

Bada, liburuxka honetan laburbildu dituzte jakin beharreko hainbat kontu. Gainera, zuzenbidea aldakorra denez, gida noizean behin eguneratu egingo dute.

Langile gazteen gida honek bederatzi puntu nagusi biltzen ditu:

1. Lan kontratua: Lan-kontratuaren definizioa eta halakoak irakurri eta ulertzeko gakoak, zehaztuz zein klausulatan arreta eman behar den.

2. Kontratu bereziak: Askotan kontratu bereziak izenpetzera bultzatzen dituztenek gazteak, horien berezitasunak argitarat ateratzen ditu gidak.

3. Lansaria eta paga orria: lansariaren inguruko eskubide zein arauak eta paga fitxak dituen atal ezberdinen azalpena, adibideetan oinarrituta.

4. Lan denborak: Lan denborari buruzko oinarrizko informazioak

5. Atseden denborak: Atseden denborei buruzko arauak, adingabekoen muga bereziak, eta abar.

6. Opor ordainduak: Opor ordainduen oinarrizko printzipioen azalpena.

7. Lan geldialdiak: Lan geldialdiei buruzko informazioa, batez ere lansarian ekartzen dituzten ondorioak kontuan harturik.

8. Kontratu bukaerak: Molde ezberdinen azalpena eta dituzten ondorioena, esate baterako, langabeziari dagokionez.

9. Kolektiboaren garrantzia: Kolektiboki antolatzeko existitzen diren aukerak mahai gainean jarri dira gidan. Izan ere, sindikatuarentzat nahiz gazte antolakundearentzat horixe da eskubideak errespetatu zein berriak irabazteko tresnarik eragintkorrena. Gidan askatasun sindikalari, langile ordezkaritzari nahiz greba eskubideari buruzko azalpenak bildu dira.

Diru publikotik 960.000€ inguru banatuko dira Hego Euskal Herrian bake soziala erosteko

Gaur Osalanen Kontseilu Nagusian parte hartu du LABek, eta bertan adierazi da Estatuko Prebentziorako Fundazioak EAEn ere bere finantzaketa lerroa garatuko duela, kasu honetan Osalanen bidez 560.000€-ko diru funtsa abian ipiniz. Joan den ekainean Nafarroan egin bezala, LAB sindikatuak klientelismo-jokabide hori salatu du eta argi adierazi du ez duela banaketa horretan parte hartuko.

Gogoratu beharrekoa da Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik bilera bat deitu zuela joan den ekainean, Lan Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren kargura 2023. urterako Nafarroari esleitutako funtsen kudeaketa antolatze aldera (partida 400.814,41 eurokoa da). Bada, agerian geratu zen UGT eta CCOO parte izan direla aipatutako diru-kopurua kobratzea eta banatzea bermatzen dieten pleguen prestaketan. Funtzionamendu klientelar horren aurrean, LABek langileriaren osasuna defendatzea eskatzen du.

Azken urteotan banaketa horiek blokeatuta egon dira Kontuen Auzitegiak hautemandako irregulartasunen ondorioz, eta 2008tik 2013ra bitarteko deialdiak bide judizialetik baliogabetu izan dira. Estatuko Fundazioak berak sistema aldatu zuen, eta Osalanen Kontseilua eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseilua parte hartzetik kanpo utzi zituen. Ondoren, Kontuen Auzitegiak berak ondorioztatu du finantzaketa-sistema horretan funtsak aldez aurretik CEOEren, UGTren eta CCOOren artean banatzen direla, erakunde horiek epaile izan direla eta emandako laguntzen banaketan parte hartu dutela, eta kasu askotan zalantzan jar daitekeela jasotako funtsak ekintzak gauzatzeko erabili izana.

Estatuko indar sindikalen eta patronalaren aurkako epaiz betetako bide luzearen ondoren, 2022ko irailean, LAPLren V. xedapen gehigarria aldatu egin zen, funtsen kudeaketa Espainiako Lan Ministerioaren gain utzi zelarik. Hala, autonomia-erkidegoei kendu egin diete kanpaina bakoitzaren jarduera-ildoak zehazteko gaitasuna. Aldatu berri den xedapen horrek Madrilen zentralizatzen du ekitaldi bakoitzaren oinarriak diseinatzeko eta argitaratzeko ahalmena, eta beste behin ere Hego Euskal Herriko (EAEko eta Nafarroako) administrazioen kudeaketa-gaitasuna izapide hutsean uzten du. Bestela esanda, lege-aldaketa bat egin dute, lehen modu irregularrean egiten zutena egiten jarraitzeko, eta orain segurtasun juridiko handiagoa eman diote.

Uztailean LABek salatu zuen moduan, Nafarroako prozesuan behintzat UGTko eta CCOOko ordezkariek irizpide argiak zekartzaten idazkietan, zeintzuetan lotsagabe esaten baitzioten Nafarroako Gobernuari nola interpretatu behar zituen oraindik argitaratu ez ziren pleguak. Beste behin ere, jarduteko modu guztiz desegokia: erakunde horiek Fundazioaren funtsen kudeaketan epaile eta parte izan nahi dute, beren beharrak eta interesak asetzeko.

LAB ez da banaketa horretan sartuko. Ez du onartuko funts horiek interes korporatiboekin banatzea UGT eta CCOO sindikatuen eta patronalaren artean. Hori irmoki salatzeaz gain, LABek gai honetan esku hartuko du, eta presio egingo du, ekimen berrien bidez, erabaki eta politika berriak behartzeko. Gerta daitezkeen irregulartasunak gertutik jarraitu eta fiskalizatuko ditu, Aholkularitza Juridikoa jada lantzen ari den bide judiziala baztertu gabe. UGTk eta CCOOk beren pribilegioetan aurrera egiten saiatzeko edozein hutsune aprobetxatzeko estrategiaren aurrean, LABek ez du inolako tarterik utziko.

Nafarroako eta EAEko gobernuek bi aukera dituzte: UGTren, CCOOren eta patronalaren funtzionamendu klientelarra onartzea, zeinak gehiengo soziala kaltetzen baitu interes korporatiboen alde; edo LABek defendatzen duen langile klasearen aldeko alternatiba defendatzea: lan-baldintzak eta langileen eskubideak hobetzearen alde,lan-osasunaren publifikazioa aldarrikatuz (bai prebentzioarena, bai osasun-laguntzarena) eta, egungo esternalizazioaren aurrean, prebentzioa enpresen kudeaketan integratzea defendatuz. Hala, funts horiek kudeaketa publikorako izan daitezen erreklamatuko du, Osalan eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutua indartzeko (NOPLOI) bestelako aurrekontu-lerroak erabilita. Amaitzeko, Nafarroan lan ikuskapen propioa eskatzen du LABek.

Bihar itxiko dute Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroa, 19 langile kaleratuta

Galdakaoko zentroko langileek elkarretaratzea egin dute itxieraren bezperan Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, instituzio horrek Landalan-Emankor enpresa esleipendunarekin batera afera honetan izan duen ardura azpimarratzeko asmoz. Gizarte hezitzaileen lana eta aldundiak kudeatzen duen zerbitzua bera duintzea premiazkoa dela nabarmendu dute.

Bihar, irailak 30, Galdakaon kokatutako Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroaren behin betiko itxiera gertatuko da, eta horrekin batera, 19 langile kaleratuko dituzte.

2022ko azaroaren amaieran, Landalan enpresak, Bizkaiko Foru Aldundiaren esleipendun izan denak Elorritxueta-Viveroko zentroa kudeatzeko, Gizarte Ekintza Sailari gutuna helarazi zion, zerbitzu horri amaiera emateko nahia adieraziz. Bada, orduan hasi zen prozesu luze eta mingarria, bihar plantillaren gehiengoaren kaleratzearekin amaituko dena. Irtenbide egoki bat bilatze aldera, langileen ordezkariak hainbatetan bildu dira orain arte Gizarte Ekintzako sailburu izan den Sergio Murillorekin, Landalanekin nahiz Agintzari Kooperatibarekin (langile guztiak subrogatu beharko lituzkeenarekin), baina azkenik ez dute lortu.

Langileek nabarmendu dutenez, gainera, zerbitzuaren zein lanaren baldintza eskasak lehenagotik zetozen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak arazoen berri bazuen ere, sekula ere ez du horientzako konponbide eraginkorra bilatzeko benetako apusturik egin. Adingabeen kopuru gehiegizkoak (batzuetan baimendutakoa bost bider gainditzen zutenak), errespetatzen ez ziren ratioak eta beste hainbat oztopo pairatu behar izan dituzte zentro horretan. Horrek guztiak, noski, giroa kaltetzen zuen erabiltzaile nahiz langileen artean, lan-osasunari ere eragiten ziolarik. Kontrola gailentzen zitzaion babesari, eta asistentzialismoa gizarte-heziketako jardunari.

Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da erabiltzaileen gehiengoak arraskataz egin ahal izan duela aurrera, estigmak estigma eta trabak traba, hein batean bertako langileen borondate onagatik. Beraz, beharrezko ikusten dute sektore horretan diharduten langileen nahiz adituen iritziak kontuan hartzea gizarte politikak lantzean.

Kontuen Ganberak berretsi ditu LABek Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketa negargarriaren inguruan eginiko salaketak

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketan atzemandako irregulartasunek berriz ere agerian utzi dute nafarrei ematen zaien osasun arretan desparekotasun handia dagoela eta produktibitateen zein deribazioen kudeaketa erabat eztabaidagarria dela. Kontuen Ganberaren txostenak berretsi ditu LAB sindikatuak azken urteetan eginiko salaketak; hau da, nabarmena dela itxaron zerrendak eta produktibitateak beren interesen arabera erabili dituzten zerbitzuburu eta kudeatzaile batzuen utzikeria. Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak horren guztiaren ardura nork duen erabakitzeko garaia da.

Nafarroako kontu publikoak fiskalizatzen dituen erakundearen txostenaren arabera, 2018-2022 aldian Osasunbideak 21,32 milioi euro gastatu zituen itxaron zerrendak murrizteko; horietatik % 39 aldi baterako kontratazioetara bideratu ziren, % 31 aparteko lanaldiak egitera (“peonada” deituak) eta gainerako % 30 pazienteak itunpeko zentroetara bideratzera.

LABen ustez onartezina da Ganberaren txostenak berriz ere erakutsi duen errealitatea, itxaron zerrenden kudeaketa negargarriak eta jardueraren kontrol eskasak ezberdintasunak sortzen ari baitira pazienteen arretan eta langileen jardueran. 108 orrialdeko txostenetik, sindikatu honek honako gai hauek azpimarratu nahi ditu:

  • itxaron zerrendak kudeatzean, ez dira bete espezialitateetako agendak irekitzearekin lotutako irizpideak, diskrezionalitatez ari baitira hori egiten.
  • Osasunbideak ez ditu betetzen pazientearen arreta bermatzeko ezarritako epeak gainditzearekin zerikusia duten arauak, batez ere kontsultei dagokienez.
  • Kontuen Ganberak uste du ez dela betetzen ari pazienteek osasun barrutien artean daukaten berdintasun printzipioa; izan ere, pazientearen osasun barrutiaren arabera, kasu askotan, espezialitate bererako itxaroteko denbora desberdina da.
  • “Interbentzioetan parte hartu duten langileen erregistro falta eta lanaldi arruntean eginikoa aparteko jarduera gisa erregistraturiko jarduerak” aurkitu dituzte. Akats horiek erakusten dute baliabideen kudeaketa guztiz desegokia izatea ahalbidetzen dela.
  • Egoera onartezin gisa, “egiaztatu da pazienteak zitatzeko irizpideak gehiegi pertsonalizatzen direla tartean den zerbitzu medikoaren arabera. Zerbitzuaren arduradunek eta Zuzendaritza/Zuzendariordetza Medikoko arduradunek ez dute egindako jarduera gainbegiratzen”.
  • Osasunbideak ez du eginiko proba diagnostiko guztien estatistikarik, eta kontrol falta horrek ekarri du 2022an 54.000 proba baino gehiago atera behar izatera kanpora (2019an baino 14.000 gehiago).

Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien kontra mobilizatu gara Bilbon

Mobilizazioa egin dugu gaur Bilbon, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean, beste hainbat sindikaturekin batera, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak salatzeko. Bost urte igaro dira Izan Bidea dinamika abiatu genuenetik eta hamaika izan dira sindikatuok egindako mobilizazioak.

Gaur kurtso berri bati hasiera emango diogu, oraindik ere dinamika honetako aldarrikapenak lantokietaraino eramaten jarraitu behar dugulako eta oraindik ere salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzea exijitzen jarraitu behar dugulako.

Garrantzitsua da urte hauetan emandako pausoei balioa ematea, lehen graduaren amaierak, ondoren egindako hurbilketak, urrunketaren amaierak… Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker gertatu dira. Horregatik ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea salbuespen legediarekin amaitu eta gradu progresioaren blokeoarekin behin betiko amaitzeko.

Eta argi dugu, guri ere dagokigula elkarlan eta aktibazio horrekin jarraitzea salbuespen neurriekin amaitu arte. Elkarbizitzarako eta konponbiderako pausoak ematen jarraitzea guri ere dagokigula. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin salbuespena atzean utzi eta etxera bidea gertu izatea delako helmuga.

Abenduaren 20an egingo dugu hurrengo mobilizazioa.

Eratu da azkenean Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren negoziazio mahaia, non LABek alderdi sozialaren % 70 izanen baitu

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena izanen denaren negoziazio mahaia atzo eratu zen, azkenean, OEIS patronal estatalak paraturiko trabak gaindituta -iragan irailaren 13ko bileran mahaia behin-behinean irekitzea behartu baitzuen patronal horrek-. LAB sindikatuak ordezkaritza sindikalaren % 70 dauka mahai horretan, eta azaroaren 8ko hurrengo bilerara joanen da hainbat langilek emandako 80 ideia jasotzen dituen hitzarmen proposamen batekin.

Zenbaki guztiak argitu ondoren, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko negoziazio mahaian dauden sindikatuen ordezkaritza honela gelditu da: LAB % 70,71; CCOO % 16,16; UGT % 6,06; eta ELA % 6,06. Patronalen artean, ANEIS nafarrak % 75,88 izanen du eta OEIS estatalak % 24,12.

LAB hitzarmen proposamen bat prestatzen ari da, langileek helarazitako 80 ideia biltzen dituena eta urrian garatuko duena. Negoziazio-mahaiaren hurrengo bilera azaroaren 8rako ezarri da, eta sindikatu horrek patronalei azalduko dizkie proposatzen dituen edukiak eta aldaketak, helburu argi batekin: hain funtsezkoa eta feminizatua den sektore horretako plantilla guztien lan-baldintzak hobetzen jarraitzea, inor baztertu gabe.

LAB sindikatuak badaki negoziazio honetan bere gain hartzen duen erantzukizuna handia dela, eta espero du orain arte bezala lan egiten jarraitu ahal izatea langileen, ordezkari sindikalen eta afiliatuen eskutik, ilusioz, gardentasunez, ekimenez, konpromisoz, antolamenduz eta borrokaz; lorturikoaren esperientziarekin eta anitzez gehiago lortzeko asmoarekin.

LABek berriz salatu du Estellerriko osasun arreta publikoa desegiten ari direla, ospitaleko gerentziaren eta Gobernuaren beraren utzikeriagatik

Garcia Orcoyen ospitaleko Ginekologia eta Obstretizia zerbitzua ixteak berriz ere agerian utzi du Lizarrako Osasun Barrutiaren kudeaketa oso txarra dela. LAB sindikatuak eskatu du estatistika hotzen aitzinetik herritarren arreta lehenestea, eta salatu du osasun arreta publikoa desegiten ari direla, lehenik eta behin, Osasunbideko gerentziak interesik ez duelako eta, bigarrenik, zenbait fakultatibok zentro pribatuetan egiten duten jarduera bikoitzaren ondorioz langile nahikorik ez dagoelako.

Duela lau hilabete, LABek Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko gerentea berehala kargutik kentzeko eskatu zuen, pribatizazio interesak sustatzen ari zelako eta Lizarrako Osasun Barrutiak behar bezala ez funtzionatzea zekarren lan giro deserosoa sortzen zuelako. Kudeatzaile horrek bere postua utzi du —ez dute bota—, baina barrutiaren kudeaketa penagarriak bere hartan segitzen du eta inoizko arreta faltarik handiena lortzen ari dira, prozesu asko Iruñera bideratzen ari baitira.

LABek ez du ulertzen zergatik Osasunbideko kudeatzaileek Lizarrako Osasun Barrutiaren osoko arreta desegiten ari diren, zenbait prozesu Iruñera eta bertze batzuk Tuterara eramanez. Agian arreta falta hori gertatzen da —orain Ginekologiarekin gertatu den bezala—, profesionalak NOU Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan batzen dituztelako, baina bertze zerbitzu batzuekin ere ari da gertatzen, hala nola Pediatria, Erradiologia eta Dermatologiarekin.

LAB sindikatuak arazo larria salatu behar izan zuen, Osasunbideko profesional nahikotxok beren jarduera publikoa jarduera pribatuarekin uztartzeak dakarren arazo larria salatu behar izan zuen LAB sindikatuak duela ez asko. Osasunbideak horietako batzuen egoera administratiboa ezkutatzeak arazoa larriagotzen zuen, gainera. Ustelkeriaren aurkako Bulegoak azken hori zuzentzeko eskatu zuen, baina oraindik ez dute egin.

Beharrezkoa da Lizarrako Osasun Barrutiaren aldeko apustu erreala egitea, gaur egun kudeatzaileek pertsonen aurretik jartzen dituzten zenbakietara murriztuta baitute —hori guztia “osasun zerbitzuak humanizatzearen garaian”, gainera—. Baina langileen lan baldintzek arretaren estaldurarik ezagatik erantzunik ez izatearen diskurtsoari jarraitzen diote: azpiegitura zaharkituak (Lizarrako osasun etxea, adibidez) edo jarduera arrunta galarazten duten eta profesionalak betiko Lizarratik kanpo joatera behartzen dituzten lanak. Zalantzarik gabe, halako neurriek eragin zuzena dute hiriguneak eta landa eremuak jendez hustean.

Interes pribatuek, eta gerentziak zein Osasun Departamentuak horiek errazteak, itxaron zerrenda onartezinak sortzen ari dira eta, horren ondorioz, arreta falta aurrez pentsatutako arduragabekeriatik oso hurbil dago. Eta ez ditzagun geure buruak engaina: diagnosi teknologian aurrezten dugunak —NOUko tumoreak detektatzeko ekipo berriaren kasuan bezala— bat etorri behar du geroko arreta publiko batekin.

LAB sindikatuak eskatu nahi dio Osasun kontseilariari enpresa pribatuetan dirua inbertitzeari uzteko eta profesional publiko batzuen jarduera pribatua errazteari uzteko, eta benetan osasun publikoaren alde egiteko. LABek oso argi du funtsezkoa dela Lizarrako Osasun Barrutia zaintzea, erabakitzeko ahalmena indartuz eta Nafarroako osasun laguntzaren funtsezko zati bat ez kentzeko behar den guztia inbertituz. Orain da osasun publikora iristeko baldintzak erraztuko dituzten erabakiak hartzeko unea, osasunarekin zerikusia duten profesional guztien antolamendua eta lan baldintzak hobetuz.