2026-07-11
HomeEkintza SindikalaDonostiako Udalak irizpide politikoz izendatu ditu euskaraz ez dakiten bi arduradun

Donostiako Udalak irizpide politikoz izendatu ditu euskaraz ez dakiten bi arduradun

Azken hilabeteotan zalaparta ugari sortu da administrazioaren euskalduntzea bultzatzeko Udalek hartu izan dituzten hainbat neurrien aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak plazaratu dituen ebazpenak direla eta. Izan ere, gehienetan euskararen aurkakoak izan baitira epaileek emaniko erabakiak. Inboluzio juridiko hori salatzeko Euskararen Gizarte Kontseiluak Bilbon antolatu berri duen manifestaldian 70.000 euskal herritarrek parte hartu zuten, epaileen irakurketa salatu eta euskararen normalizazioari oztoporik ez jartzeko eskatuz. Mobilizazio erraldoi horretan, beste hautetsien artean Donostiako Udaleko alkatea den Eneko Goia ikusteko parada izan genuen.

Baina Eneko Goia alkatearen jokabidea ez da borobila. Izan ere, Kontseiluak oldarraldi juridikoaren aurka antolatutako manifestazioan parte hartzen duen bitartean, berak zuzentzen duen Udalean, Donostian, euskararen hirian, Udalak irizpide politikoz zuzenean hautatutako bi arduradun politikoek ez baitakite euskaraz, eta biak, euskaraz funtzionatzeko gaitasuna duten bi departamendu buru gisa izendatu dituzte, bata, Ingurumenean, zuzendari moduan, eta, bestea, Hezkuntza eta Gizarte Sustapeneko zinegotzi arduradun moduan. Azken hau, larriagoa da, Hezkuntza eta Gizarte Sustapeneko: Berdintasuna, Gazteria, hezkuntza, lankidetza eta kultur aniztasuna Udaleko Euskara Atalak baitira.

Bi kasutan, izendapen politiko zuzenaz bi arduradun politiko elebakar erdaldunak proposatu dituena Udal Gobernuko kidea den PSOE izan da, baina Eneko Goiak, eta baita PNVk ere, euskaraz funtziona dezaketen zuzendaritza hauetan zuzendari eta zinegotzi arduraduna elebakarrak izendatzea isil-isilik onartu dute, zerbitzuaren kalitatearen eta euskararen normalkuntza prozesuaren kaltetan. PNVko Jon Insausti zinegotziak zuzentzen duen Udaleko Euskara Zerbitzuak ere ez du txintik ere esan izendapen hauen inguruan… Lotsagarria eta salagarria da, zalantzarik gabe.

Bere egunean, LABek gogor salatu zuen Donostiako Udalak, PNVk eta PSOEk, bertako arduradunak zuzenean hautu politiko libreaz izendatzeko aukera egin zezaten hartu zuten erabakia. Egun hartan, zuzendari kargurako karrera funtzionarioen eskubidea zapuztu zutela salatzeaz gain, zuzendari eta zinegotzi postu horiek eskuratzeko hainbat baldintzak ez betetzeko aukera zabaltzen zutela azpimarratu genuen, besteak beste, euskararen ezagutzarena. Eta, hori guztia, bi alderdi hauek beren sokako jendea ardura postu horietan sartzeko egin zutela ozenki salatu genuen. Legezkoa izan zen egin zutena, baina ez zuzena.

Tamalez, denborak arrazoia eman digu. Azken izendapen hauek argi utzi dute arrazoia genuela. Ingurumenean izendatu duten Marrero jauna, hauteskundeetan PSOEren zerrendan joan arren hautatu izan ez zen pertsona da. Hau da, Donostiako Udalean hautatua izatea ez zuen lortu, baina irizpide politikoa erabiliz Donostiako Udaleko Ingurumeneko zuzendari bihurtu dute, modurik lotsagabeenean. Eta gainera, ez du lanpostu horretarako behar den kualifikaziorik, ez baitaki euskaraz.

Eta, antzeko gauza gertatzen da Cristina Lagerekin, larriagoa agian, ez baita zuzendaria, Euskara Atalak diren Berdintasuna, Gazteria, hezkuntza, Lankidetza eta Kultur Aniztasun saileko zinegotzi arduradun elebakar erdalduna baizik. Nola da posible euskaraz funtzionatzen duten Euskara Atalen zinegotzi arduradun gisa Eneko Goiak Cristina Lage onartzea, lana behar bezala garatzeko oinarrizko ezaugarria den euskaradun izatea betetzen ez badu?

Horrela jokatuz, alferrikakoa da Euskaraldian, Euskararen Nazioarteko Egunean ala Kontseiluaren manifestaldian parte hartzea, Alkate jauna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Esku-hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Zaramagako Bizan berriaren inaugurazioan

Gasteizko alkate Maider Etxebarriari eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerori eskatu diete benetako bitartekaritza bat abian jar dezatela sektorearen gatazka konpontzeko; izan ere, dagoeneko 7 greba-egun eta mobilizazio ugari pilatu dituzte, erakundeak jarrera pasiboa izan duten bitartean.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.