2026-01-10
Blog Page 225

LABen estrategia antirrazistaren nondik-norakoak aurreratu ditugu Iruñean, eta asteburuan jendaurreko aurkezpena egingo dugu Bilbon

Gaur Iruñean aurreratu dugu Bilbon larunbatean eginen dugun arrazakeriaren aurkako estrategia berriaren aurkezpen publikoa. Huerta de Peraltako Enpresa komiteko presidente eta LABeko ordezkari den Houssine Yagoubik, Iruñeko LABeko Txoko Antirrazistako ordezkari eta arlo soziokomunitarioko kide Cecilia Antolinek eta Idazkaritza Antirrazistaren arduradun Josefina Txefi Rocok azaldu dute nola sindikatuak helburu duen langile migratuen eta/edo arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak eraikitzea.

LAB sindikatuak Sindikalismo Antirrazistaren Idazkaritza sortzea erabaki zuen 2022ko ekaineko azken kongresuan, sindikalismo berri baten aldeko apustuaren baitan. Izan ere, sistema kapitalista-kolonialak eta patriarkalak lehen, bigarren edo hirugarren mailako subjektuak sortzen ditu, eta desberdintasun horietatik etekinak ateratzen ditu. Bada, horri erreparatu eta aurre egiteko baliabideak jorratu ditu LABek, pertsona guztiek eskubide eta aukera berberak izan beharko lituzketela defendatzen duelarik.

Bada, Iruñeko aurkezpenean azpimarratu dugun bezala, LABen sindikalismo berria ez litzateke posible izango Huerta de Peraltako lankideen, etxeko langileen atalekoen, banaketa-plataformetakoen, garbitzaileen eta beste askoren ekarpenik izan ezean. Eta hori da, hain zuzen ere, aurrerapena Iruñean egin izanaren arrazoia, Nafarroako hainbat lurraldetan garatu diren prozesu indartsuen balioa nabarmentzea, hainbeste lagun migratzaile eta arrazializaturen konpromisoa, aste honetan LABek apustu berri hau aurkeztu ahal izatea ahalbidetu baitute nolabait.

Ildo horretan, LAB sindikatuan arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren plan estrategiko bat daukagu jada, prozesu kolektibo baten emaitza izan dena. Bada, etzi, larunbata, Bilboko Bira Kultur Gunean (Alde Zaharreko Erronda kalean) egingo dugu jendaurreko aurkezpena, eta bertan aletuko ditugu xehetasun guztiak. 11:00etatik aurrera izango da hitzordua.

Ekintza egin dugu Medef patronalaren Baionako bulegoetan, erretreten erreformaren kontra ekainaren 6an kalera ateratzeko deia eginez

Gaur ekintza bat egin dugu Baionako Medef patronalaren bulegoetan, FSU eta Solidaires sindikatuekin batera. Afitxak kolatu ditugu atean eta banderola zintzilikatu dugu bertatik, “Hilabete bukaera, karrera bukaera, borroka bera!” lemarekin, ekainaren 6an erretreten erreformaren aurka egingo dugun mobilizaziorako deia eginez.

Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak Macronen erretreten erreformaren aurkako borrokaren baitan kokatu du gaurko ekimena, honek langile eta herritar gehienen sustengua duela nabarmenduz. Frantses estatuko presidentearen jarrera ere gaitzetsi du LABeko ordezkariak:  “Erretreta sistema duina denontzat eta oro har justizia sozialaren aldeko borrokaren parean, Macron tematzen da, demokrazia eta askatasun printzipioak larriki suntsitzeraino”.

Medef patronala Macroni ematen ari zaion babesa ere salatu du Dufauk: “Geoffroy Roux de Bézieux bere lehendakariak erreforma hau babesten eta defendatzen du, beharrezkoa, finantziarioa eta kontablea dela esanez. Gure erretretako bi urte hoberenek haien irabaziek baino gehiago balio dute”.

Salaketa egiteaz aparte, gure aldarrikapen bideragarritasuna azpimarratu du LABeko ordezkariak: “Gure soldatak igotzea eta guztiontzako pentsio-sistema publiko eta duina diruztatzea posible da. Dirua bada, har dezagun dagoen lekuan eta justuki banatu dezagun. Borondate politikoa kontu bat besterik ez da”.

Erretreten erreformaren kontra eta jendarte-proiektu eta lan-mundu bidezkoagoak lortzeko konpromisoa berretsi du Dufauk, datorren ekainaren 6ko mobilizazioan parte hartzeko deialdia eginez. 10:30ean abiatuko da, Baionako Santa Ursula plazatik.

Michelin Lasarteko enpresa-batzordeak datozen grebetan parte hartzeko deia egin die langileei

Sindikatu bakar bat ere ez da akordiorako prest agertu enpresak eskainitako baldintzetan, eta maiatzaren hasieran enpresa batzordean hitzartutako gutxienekoen akordioan jasotakoa aldarrikatzen jarraitzen dute, hala nola KPIari lotutako erosteko ahalmenaren bermea. Ekainaren 2an, 3an eta 4an txandakako grebak egingo dira, eta 5ean fabrika osora zabalduko da deialdia.

Enpresako zuzendaritzak hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaian egindako azken eskaintzaren ondoren, enpresa-batzordeak berretsi egin ditu maiatzaren 3an atal sindikal guztiek sinatutako gutxieneko akordioan ezarritako aldarrikapenak. Akordio horretan jasotzen zen soldata-kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea, metatutako erosteko ahalmenaren galera estaliko duten soldata-igoerak eta plataformak hileko ordainsari-sistemari buruz eta, bereziki, diru-sarreren gutxieneko soldatari buruz jasotakoari erreparatzea.

Batzordea akordio bat lortzeko eta gatazka saihesteko helburuz negoziatzen jarraitzeko prest agertu da eta hausnarketarako deia egin dio enpresako zuzendaritzari.

Gauzak horrela, ekainaren 2an, 3an eta 4an langileek langileek grebak egingo dituzte txanda ezberdinetan. Hilaren 5ean, astelehena, greba fabrika osoan egingo da.

Aurreikusitako mobilizazio-egutegia honako hau da:

  • Ekainak 2 eta 3: Kontzentrazioa atezaindegian, greba egitea tokatzen zaion txandaren hasiera baino ordubete lehenago.
  • Ekainak 5: – Elkarretaratzea atezaindegian 05:00etatik aurrera

– Kotxe-karabana Donostiako kaleetan barrena, 09:30etik aurrera

– Elkarretaratzea atezaindegian (13:00-14:30)

– Manifestazioa Lasarte-Oriako kaleetan barrena, atezaindegitik atera eta leku berean amaituko dena (hasierako ordua: 17:00)

Beste heriotza bat garraio sektorean, urteko bosgarrena

Atzo, 61 urteko garraiolari bat hil zen lan-istripuz Agurainen (Araba). Heriotza horrekin, dagoeneko 24 dira 2023an lan-istripuz Euskal Herrian hil diren langileak, horietako 5 garraiolariak. Hilabetero garraiolari bat hiltzen ari da lan istripuz. Hori da patronalaren ikuspegi ekonomizistan azaltzen ez den emaitza iluna. Honen aurrean, bihar, ekainaren 2an, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu Gasteizen, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzek elikadura osasuntsua eramateko sortzen dituen trabak, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira. Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

Bizkaiko ostalaritzako beharginak pandemia ordaintzen jarraitzen dutela salatzen eta baldintza duinak exijitzen ari gara gaurko lanuzteetan

Sektoreko langileek soldaten igoerarik gabe jarraitzen dute 2020ko urtarrilaz geroztik. Denbora-tarte horretan, aldi baterako lan-erregulazioak jasan dituzte lehenik (sektorearentzat inoiz soluziorik ekarri ez zutenak), eta gero partzialak (langileen baldintzak erabat malgutzea ekarri zutenak). Hala, sektoreko hitzarmena negoziatzeko blokeoa behingoz eteteko exijitu dute.

Pandemiak utzitako eraginen harira, ostalaritzako langileek ikusi zuten gizarte osoa sektoreko enpresekiko elkartasuna adierazten ari zela. Bada, ordutik hona KPIa % 12 baino gehiago igo den eta sektoreko prezioek %15etik gora egin duten honetan, soldatek 0 euroko igoera izan dute. Sektoreko enpresek beren irabazi-marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile-klasearen kontura. Sektoreko enpresek estutu egin nahi dituzte langileak Covidak utzitako faktura ordaintzen amaitu arte. Bada, beharginak ez daude halakorik onartzeko prest.

Sektoreko lan-baldintzak zer nolakoak diren aski ezaguna da, eta baldintza horiek ez betetzea ere ez da arrotz suertatzen biztanleentzat. Soldata-igoerarekin batera, ezinbestekoa da fitxaketa fidagarriak ezartzea. Gainera, badira babes handiagoa behar duten beste azpisektore batzuk, hala nola janari lasterreko enpresak eta riderrak, eta horiek negoziazio honetan sartzea eskatzen dute ostalaritzako langileek. Azkenik, kontuan hartu behar da hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei eta antzeko zerbitzuei. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak ere bai. Patronalak beren hitzarmena negoziatzeari uko egiten dion bitartean, dituzten baldintzak hobetu behar dituzte, gaur egun beren beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez.

Horregatik guztiagatik, eta askoz gehiagogatik, Bizkaiko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiok deitu ditugu gaurko lanuzteak. Goizean GASCA eta VASCA kolektibitateetako enpresen sukalde nagusietan egin duten bezala, eguerdian herrialdeko hotel nagusien aurrean egongo dira, eta 20:00etatik aurrera Bilboko tabernetako kale nagusiak zeharkatuko dituzte, Ledesmatik abiatuta.

Andoaingo posta zerbitzuan kontratazioen beharra oso premiazkoa da

Andoaingo Correoseko langileok salatu nahi dute enpresaren kontratazio-ezaren politika muturrera iristen ari dela. Astelehenaz geroztik, herrian dauden 8 ataletarako 3 postari besterik ez daude.

Posta Zerbitzu Unibertsala ez da betetzen ari, gutunak pilatzen ari dira -lehentasuna paketeak ateratzea baita, eta denbora izanez gero, jakinarazpenak-. Gutunek egunak daramatzate banatu gabe. Andoainen hedadura kontuan hartuta, egoera gainkarga eta estres onartezina eragiten ari da bertan lanean dihardutenengan.

Orain hutsik dauden lanpostu horiek duela hilabete batzuk programatutako oporrengatik dira, eta joan den asteaz geroztik izandako bajengatik, astelehenaz geroztiko bat izan ezik. Beraz, enpresak behar besteko denbora-tartea izan du hain beharrezkoak diren kontratazioak egin ahal izateko. Langile gehiago lehenbailehen kontratatzea eskatzen dugu.

Amazonek negoziazioari uko egin dio eta errepresioaren bidetik jarraitu du

Azken asteetan, hainbat langilek enpresaren partetik zigor larriak jaso ditu (enplegua eta soldata etetea) Trapagarango lantegian, nahiz eta egotzitako gertakarien frogarik ez egon edo enpresak ezarritako lan-erritmo jasanezinaren ondorio izan.

Alde batetik, bi langile zigortu dituzte zinta garraiatzailea gelditzeagatik, zirkulatzen ari ziren pakete guztiak ezin kudeatu izanagatik, guztiz onartezina den lan-karga dela-eta.

Bestalde, ordezkari bat zigortu dute nagusi baten argazkia “karikaturizatzeagatik”, inolako frogarik gabe. LABek oso larritzat jotzen du Amazonek bide errepresibo-bide horretatik jarraitzea eta sindikatuko ordezkari bat zigortzea frogak aurkezteari uko eginez (existitzen ez direlako ). Jarrera horrek enpresak hilabete hauetan erakutsi duen estrategia antisindikalari erantzuten dio. Azken mugimendu horiek Amazonek azken hilabeteetan hartutako estrategiaren barruan kokatzen dira. LABek Trapagarango Amazon zentroan hitzarmen propio bat negoziatzeko garatutako ekintza sindikala hasi zuenetik, erraldoiaren erantzuna beti izan da berdina: Bizkaiko garraio-hitzarmena aplikatzen jarraituko da, nahiz eta ez dion erantzuten zentro logistiko baten errealitateari eta ez dituen langileen beharrak asetzen. Enpresak ez du inola ere negoziatu nahi. Eskubideak defendatzeko borrokara jotzea baino beste aukerarik izan ez duten honetan, langileek lanuzteak egin dituzte, baita ia behargin guztiek babestutako greba-egunak ere. Bada, identifikatu eta jipoitu dituen polizia bidaltzea izan da erantzuna, beste behin ere. Gauzak horrela, itxikeriaren aurrean negoziazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du LABek, ezein zigorren aurrean arrazoiz josita baitaude langileak. Hori dela eta, Trapagarango Amazonen hitzarmen propio baten alde borrokan jarraitzeko asmoa daukagu.

Hitzarmen onak borroka bidez soilik lortzen direla berretsi dugu metalgintzako ordezkarien batzarrean

Gipuzkoako metalgintzako itxiera batzarra egin dute LABeko delegatuek Eibarren, eta negoziazio prozesua baloratu dute. Borroka eginez gero hitzarmen hobea lor zitekeela berretsi dute, eta salatu, horren aldeko jarrera hartu beharrean, ELAk eta UGTk ADEGIri bake soziala oparitzeko erabakia hartu dutela.

Batzarrean parte hartu dute Araba, Bizkai eta Nafarroako ordezkariek ere. Hala, balioan jarri nahi izan dituzte herrialde horietan egindako borrokak.

Ordezkari horiek ere azaldu dute euren borrokak nolakoak izan diren eta argitu dituzte horietan sindikatu bakoitzak izandako posizioak. Halaber, patronalen posizioak mugitzeko eta urtetan izoztuta izandako hitzarmenak hobetzeko borrokak izandako garrantzia nabarmendu dute.

Dei egiten dugu Gasteizko hilketa matxista arbuiatzeko deialdietan parte hartzera

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak mobilizazioa deitu du gaurko Arabako hiriburuan, 19:00etan Andra Mari Zuriaren plazan, hain zuzen ere. Bihar Bilbon (19:00etan Arriaga plazan), Donostian (19:00etan Bulebarrean) eta Iruñean (20:00etan Udaletxe plazan) ere egingo dira elkarretaratzeak. LAB sindikatuak herritarrei dei egiten die horietan zein aurrerantzean iragar daitezkeen hitzorduetan parte hartzera.

Jarraian, Emakumeen Mundu Martxak plazaratutako oharra:

Orion gertatutako erailketa matxistatik egun gutxitara, Gasteizen gertatutako beste erailketa matxista baten berri izan dugu. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure herrian aurten gertatu den bigarren erailketa matxista hau gogor salatu nahi dugu.

Maialen zuen izena, 32 urte Gasteiztarra. Haurdun zegoen bere bikotekide ohiak erail zuenean eta logelan hiru urteko haien semea ere bazegoen.

Ezin ahantzi beraz, kasu honetan indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio izan dituela, umeen kontrako biolentzia hain zuzen ere. Beraien bizitzetan indarkeria-egoerak bizi dituzten umeak horren zuzeneko jasotzaileak dira. Kasu hau indarkeria horren egoera latzenetarikoa izan da, eta Maialen ez ezik, bere umea ere indarkeria matxistaren zuzeneko biktima da.

Maialen orain dela gutxi arte Valentzian bizi zen eta bertan “muturreko arriskuko biktima”gisa katalogatuta zegoen, eta haren hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita. Halere, antza denez Euskal Herrira bueltatu zenean, joan den astean, Ertzaintzak , “arrisku kategoria, oinarrizko kategoriara” jeitsi zion.

Honen aurrean, epaitegiari eta Ertzaintzari zergatik Maialeni muturreko arriskuko biktima kategoria ez zioten onartu argitu dezatela eskatzen diogu. Beste behin ere, agerian geratzen dira haien mugak eta indarkeria matxistarekin behingoz amaitzeko estrategia integral oso baten falta dutela.

Jarraitzeko lehenik eta behin gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diogu Mailenen familia eta lagunei. Baina horrekin batera, nazkatuak gaudela ozen aldarrikatu nahi dugu. Indarkeria matxista ahalbideratzen dutenjarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea jendarte osoaren ardura izan behar du. Bada garaia beraz, aurrera urrats handiagoak emateko norabide horretan eta bakoitzak bere esparrurtik dagokion ardura har dezan.

Indarkeria matxista ez duelako etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa baita.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula.

Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea. Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea.