2026-06-20
Blog Page 22

Euskotreni buruzko Auzitegi Gorenaren epaiak argi adierazten du euskarak gaztelaniaren pare jarriko duen lege-babes berria behar duela

Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan dugu gaur. Epai horrek Euskotrenek 2022an egindako lan-deialdi bateko hizkuntza-eskakizunen aurka UGT sindikatuak jarritako helegitea atzera bota du. Auzi hau hasieran EAEko Auzitegi Nagusiak aztertu zuen, eta honek ere UGTren eskaerak baztertu zituen. Auzitegi Gorenaren epai honek erabaki hori berresten du.

Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan, UGT sindikatuak Euskotrenek ezarritako euskarazko hizkuntza-eskakizunak inpugnatu zituen, azken hamarkadetan euskararen normalizazioa bultzatzeko egindako aurrerapenak deuseztatu nahi dituen oldarraldi judizialaren ildoarekin bat eginez, CCOO bezalako sindikatuak egiten ari diren moduan.

Bai bere garaian EAEko Auzitegi Nagusia, bai oraingoan Auzitegi Gorena, ez dira sartu hizkuntza-eskakizunen zilegitasunean, ezta UGTk salatzen zuen balizko desproportzioan edo ustezko “euskararen inposizioan” ere. Auzitegiek adierazi dutenez, lan-deialdi horretako hizkuntza-eskakizunak Euskotrenek onartutako euskara-planetik eta lan-hitzarmen kolektibotik eratortzen dira, eta hor dute beren zilegitasuna. Gainera, bi akordio horiek ez ziren bere garaian inpugnatu; are gehiago, UGTk berak onartu zituen. Ondorioz, auzitegiek diote UGTk ezin dituela epaitegietara eraman bere garaian ontzat eman zituen akordioen neurriak.

Halaber, Auzitegi Gorenak dio UGTk bere demandan hizkuntza-eskakizunen aurkako salaketa generikoa egin duela; izan ere, ezin dela modu zehaztugabean eskatu euskararen ezagutza derrigorrezkoa izateari uztea eta meritu huts gisa baloratzea. Horrez gain, UGTk berriro ere euskararen eskakizuna “inposizioarekin” lotzen du, eta euskara eskatzea baztertzailea dela iradokitzen du.

Oraingoan epaia aldekoa bada ere, tentuz baloratu behar da albistea; izan ere, ez da hizkuntza-eskakizunen muinean sartzen. Epaiak balio positiboa du, Euskotrenen hizkuntza-eskakizunen aurkako saiakera hau atzera botatzen duelako; hala ere, argi izan behar da epai honek ez duela administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikalaren muina zalantzan jartzen, eta ez duela oldarraldi hori geldituko.

Epai hau aldekoa bada, bere garaian langileen ekimenez —tartean LABeko sail sindikalaren ekimenez— Euskotreneko lan-hitzarmenean eta euskara-planean euskalduntzearen aldeko neurri egokiak jaso zirelako da. Hau da, neurri horiei araudien bidez babesa eman zitzaielako. Horregatik, oldarraldia behin betiko gelditzeko eta administrazioaren euskalduntzean jauzi kualitatiboa emateko, ezinbestekoa da prozesu horri lege-babes egokia eskaintzea. Eusko Legebiltzarrean irekita dagoen Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko prozesuak helburu hori izan behar du, eta lege-aldaketa norabide horretan egin behar dela aldarrikatzen du LABek beste behin. Euskararen estatusa eta administrazioan duen eskakizuna gaztelaniaren pare jarriko dituen lege-aldaketa beharrezkoa da.

Langabezia eta ezberdintasunak betikotzen ari dira; logika berdinak eta prekarizazio mota ezberdinak

Martxo honetan, Hego Euskal Herriko langabeziak behera egin du aurreko urtearekin konparatuta (1.863 langabe gutxiago), baina azken hilabetearekin alderatuta %0,02 igo da. Betiko logika jarraituz, emakumeak* eta migratuak dira langabezia gogorrago bizi dutenak (%58,99 emakumeak baitira, eta migratuek egoera zaurgarrian jarraitzen dute). Enpleguaren berreskuratzeak ahula eta eskasa izaten jarraitzen du eta prekaritateak kolpaturiko lan merkatua izaten jarraitzen dugu. Izan ere, ez da nahikoa enplegua sortzearekin bakarrik, berau duina, egonkorra eta eskubideduna dela bermatzea ezinbestekoa da.

Bereziki kezkagarritzat jotzen dugu martxoan erregistratutako kontratuen %25,4 soilik izan direla mugagabeak. Aurreko urtearekin alderatuta igoera txikia izan badute ere, lau kontratutik hiruk aldi baterakoak izaten jarraitzen dute. Horrek, hain zuzen ere, agerian uzten du prekaritateak egiturazkoa izaten jarraitzen duela euskal lan-merkatuan. Hori dela eta, kontratazioa handitzea ezin da hobekuntza-adierazle nahikotzat jo, kontratu gehienek aldi baterakoak izaten jarraitzen baitute.

Horrez gain, sektoreei dagokionez, enplegu industriala okertu egin dela ohartarazi nahi dugu, sektore horretan bakarrik igo baita langabezia, iazko datuekin konparatuta (%1,11). Industria funtsezko zutabea izan da historikoki gure herrialdean kalitatezko enplegua sortzeko. Horrexegatik, ezinbestekoa da ekoizpen-sarea indartuko duten eta enplegua eta lan-eskubideak suntsituko ez dituen trantsizio ekonomikoa bermatuko dituen politika publikoak bultzatzea, eta honen alde egitea.

Egiturazko lan ezegonkortasuna ekidingo duten politika eraginkorrak martxan jartzeko beharra ikusten ez duten bitartean, gazteek prekarizatuak izaten jarraituko dute. Datuak hala baitiote; %0,9 igo da langabezia aurreko lanik gabeko pertsonen artean, eta honek, lehen enplegua lortzeko zailtasunak adierazten ditu. Kolpatuenak gazteak izaten dira bereiziki, baina neurri txikiagoan, emakume* eta migranteen errealitatearen isla ere bada. 

Afiliazioari dagokionez, egonkortasun ahula erakusten dute datuek. Martxoko afiliazioa 1.087.943 pertsonatan kokatu da, aurreko hilabetean baino 274 afiliatu gutxiago. Urtean zehar, ordea, sektore guztietan igo da, bereziki zerbitzuetan (9.408 langile gehiago). Hala ere, 25 eta 50 urte artekoen afiliazioa jaitsi egin da azken urtean. 

Ondorio labur gisa, industriaren ahultasuna eta genero-arrakala dira kezkagarrienak, eta horiek ez diote soilik enplegu kopuruari eragiten; kalitatezko lanaren eta egonkortasunaren galera ere adierazten dute. Zoritxarrez, martxoko datuek ez dute aldaketa handirik ekarri, eta joera kezkagarriak berretsi dituzte. Besteak beste, industriaren gainbehera sotila bizi dugu, genero arrakalak bere horretan jarraitzen du, migratuen egoera oso zaurgarria da eta kontratu prekarioek ez dute behera egiten.

Ezinbestekoa da, beraz, lan- eta ekonomia-politiketan norabide aldaketa bultzatzea, enplegu duin, egonkor eta eskubideetan oinarritutako ekoizpen-eredua eraiki ahal izateko. Lehentasunezkoa da behin-behinekotasuna –eta honek dakarren egoera– geldiaraztea eta langile-klase osoarentzako lan-baldintza justuak ziurtatzea. Horregatik, LABek lan eskubideen aldeko konpromisoa berresten du, eta lanean jarraituko du adierazle ekonomikoen hobekuntzak Euskal Herriko langileon bizi baldintzetan benetako aurrerapausoak ekar ditzan. 

Bizkaiko Foru Aldundiko langileek ezezkoa eman diote foru erakundearen eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuen artean negoziatutako telelanaren proposamenari

Martxoaren amaieran, Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) 903 langilek (langile guztien ia herenak) kontsulta telematiko batean parte hartu zuten, administrazio honetan 3 urtez ezarri beharreko foru telelanaren proposamenari buruz, ELA, UGT eta CCOO sindikatuekin negoziatutakoa. Parte-hartzaileen %77k baino gehixeagok proposamen horren aurka bozkatu zuten, eta telelaneko astean egun bateko benetako programa baten alde agertu ziren, programa hori balia zezaketen lanpostu guztietan ezarri beharrekoa.

Era berean, foru langileen gehiengoaren sentipen hori LABek martxoaren 24an Bilbon antolatutako batzarrean jaso zen aho batez. Batzar horretan ehun langile baino gehiagok parte hartu zuten. Ekitaldi horretan, sindikatuko ordezkariok plan honen negoziazio-prozesu osoaren berri eman genuen, eta BFAk eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuek negoziatutako telelanaren proposamenaren aurka bozkatzera eta parte hartzera animatu genituen.

Partaidetza-prozesu horren emaitzek arrazoia eman digute LABi. Izan ere, programa honen inguruko negoziazio-prozesua ireki zenetik, telelanaren benetako plana defendatzearen alde egin dugu, baita mobilizazio-egutegia aktibatzearen alde ere, hori lortzeko.

Laburtzearren, urrian, 4 sindikatuok batu egin ginen, eta adostu genuen langileak mobilizatzeko deia egitea, gutxieneko proposamen bateratu baten inguruan: etxetik astean behin lan egiteko telelan-sistema bat. Aldundiak urtarrileko negoziazio-mahaian eman zien erantzuna proposamen bateratu horri eta langileen mobilizazioei: ez zuen proposamen bateratua onartzen, eta telelaneko urteko 12 lanalditik 16ra igarotzea eskaini zuten.

Urtarrileko negoziazio-mahaiaren ondoren, gure harridurarako, ELA, UGT eta CCOOk proposatu zuten ordura arte adostutako proposamen bateratua aldatzea: funtsean, Funtzio Publikoak eskaintzen zuen gauza bera onartzen zuten, hilean bi egun, baina udaldia eta gabonetako txanda kanpoan utzi gabe. Telelaneko 24 egunetan zehazten zen, eta Aldundiak ezarritako esparrua bere egiten zuten; hau da, urtean telelaneko lanaldi solte mordoa ematea.

LABen erantzuna izan zen ez genuela logikoa ikusten sindikatu guztiek aurretik adostutako gutxienekoen proposamen bat murriztea. Gainera, uste genuen horrelako mugimendu bat egiteko langileen batzar bat deitu behar zela, eta hala eskatu genien beste sindikatuei.

Otsaileko negoziazio-mahai monografikoan, ELAk eta UGTk Funtzio Publikoaren proposamenari buruzko negoziazioan sartzea erabaki zuten. Plan hori urtean 2 lanalditan gehitzea (16 egunetik 18ra) eta buruzagitzak sartzea proposatu zuten, eta argi eta garbi agertu ziren sinatzearen alde, Funtzio Publikoak horiek sartzea onartzen bazuen. LABek mahai horretan planteatu zuen astean egun bateko telelan-sistema defendatzen jarraitzen zuela, eta horren bidez mobilizatu genituen langileak. Eta langileei jakinarazi genien ELA, UGTk eta CCOOk eta BFAk akordio bat lor zezaketela arlo horretan. 

Martxoaren 18ko Mahaian, Aldundiak proposamen berri bat ekarri zuen, eta bertan onartu zuten ELAk eta UGTk eskatutakoa: eskaintza 16 egunetik 18ra igotzea eta buruzagitza- eta erantzukizun-postuak betetzen dituzten pertsonak barne hartzeko aukera ematea. Sindikatu horiek azken proposamen gisa definitzen zuten, ekintza sindikalak hasieran eskaintzen digutena baino haratago doazen lan-eskubideak lortzeko duen gaitasuna ukatuz.

Egoera horren aurrean, LABek lehentasunezkotzat jo zuen langileen batzarra egitea, egoerari buruz hitz egiteko eta langile guztien artean erabakiak hartzeko, enplegatuak proposamen hori onartzen dugun ala ez erabakitzera mugatu gabe. Aldi berean, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek (LAB kontuan hartu gabe, nahiz eta ados egon) azken proposamen horri buruzko kontsulta bat egitea bultzatu zuten.

Lehen aipatu dugun bezala, parte-hartze prozesu horren guztiaren emaitzak (kontsulta eta asanblada) gure jarrera berresten du, bi zentzutan: batetik, benetako telelan-programa baten alde borrokatzen jarraitzeko beharra, plantillak eskatzen dizkigun premiekin bat datorrena. Bestetik, dinamika mobilizatzailea aktibatzen jarraitzeko beharra, gure administrazioan eskubideak lortzeko bidean aurrera egiteko bide gisa.

Ondorioz, Funtzio Publikoari eskatzen diogu langileen borondatearekin bat datorren telelanaren inguruko negoziazio-prozesua berriro irekitzeko, eta, aldi berean, dei egiten diegu gainerako sindikatuei aldarrikapen horren inguruan ekintza sindikalaren batasuna berreskuratzeko. 

LABek Greziako PAME sindikatuaren kongresuan parte hartu du

Azken egunotan PAME Greziako sindikatuaren kongresua egin da Atenasen, Haien gerrekin eta irabaziekin sakrifiziorik ez. Antolakuntza eta borroka aldaketaren alde lelopean. Bertan egon da Unai Ekiza LABen Batzorde Exekutiboko kidea, mundu osotik etorritako hainbat kiderekin batera; hala nola, Italiako USB, Zipreko PEO, Palestinako National Union of Palestinian Workers (NUPW) sindikatuetako ordezkariak edo Pambis Kyritsis Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusia.

LABentzat, PAMEren borroka beti izan da eredugarria Europan. Ekizaren hitzetan, “zuek izan zarete eta zarete, greziar herri lan eta bizi-baldintza guztiz prekarioetara kondenatu zutenen aurrean, langile borrokaren abangoardia, eta zuek zarete, une zailenetan ere, aurpegia eman duzuenak eta ematen jarraitzen duzuenak”.

Gerra inperialistak, Europaren berrarmatzea eta ekonomiaren militarizazioa, Amerikako Estatu Batuen politika ekonomiko oldarkorra, Palestinako herriaren genozidioa, Iranen aurkako gerra eta Kubaren aurkako blokeoaren gogortzea salatu ditu LABeko ordezkariak, eta Europan nagusi den belizismoari aurre egingo dion paradigma aldaketa integrala beharrezkoa dela aldarrikatu du. Horrela, “beharrezkoa da nazioarteko harreman berriak eraikitzea, herri eta pertsona guztien eskubide guztien errespetuan oinarritua”, adierazi du Ekizak.

Nazioarteko testuinguru ilunaren aurrean, oraindik “alternatiba eta itxaropena” daudela adierazi du Ekizak, Munduko Sindikatuen Federazioak (MSF) eta bere barruan dauden LAB edo PAME sindikatuek erakusten duten moduan. MSFren sorrera-helburuak gogoratuz, “esplotazioaren, inperialismoaren, arrazakeriaren eta klima aldaketaren aurka borrokatzea; eta justizia soziala, nazioarteko elkartasuna, bake justu eta iraunkorra eta herrien autodeterminazio eskubidea defendatzea”, nabarmendu du printzipio horiek “zentzu osoa” mantentzen dutela gaur egun.

Langile klasearen arteko elkartasuna “konpromisoa eta ekintza” dela ere gogoratu du Ekizak. “Ulertzen dugu gure askatasuna, langile klase eta herri gisa, munduko herri guztien askatasunarekin eta esplotazio amaierarekin lotuta dagoela”, adierazi du LABeko ordezkariak.

Lehen alokairu greba egiteko kanpainari hasiera eman dio LABek, Alquiler Seguro etxe agentziak kudeatutako etxebizitzetako maizterrekin batera

Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin koordinatuta, LABek Alquiler Seguroren aurkako grebaren berri emango die etxe agentziak Hego Euskal Herrian dituen etxebizitzetako maizterrei, eta haien antolaketa sustatuko du. Sindikatuak ohartarazi du Alquiler Seguroren negozio ereduak ezingo duela horrelako grebarik jasan, eta bere funtzionamendua berrantolatu beharko duela.

LAB sindikatuko etxebizitza asanbladek kanpaina berria jarri dute martxan, Alquiler Seguro etxe agentziak kudeatutako alokairuzko etxebizitzetako maizterrekin batera eta Espainiako Estatuko Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin koordinatuta.

Kanpainaren helburua Alquiler Seguro etxe agentziaren aurkako alokairu greba egitea da, legezkoak ez diren egiturazko praktika sistematikoak baititu enpresa horrek. Gauzak horrela, etxe agentziak Hego Euskal Herrian dituen etxebizitzetako ateak joko ditu sindikatuak, maizterrak antolatzeko eta greba deialdiaz informatzeko. 

Sindikatuak hartutako erabakiekiko koherentzia ariketa bat da hau. Bizi baldintzen alde alor guztietan borrokatzearen aldeko apustua egiten du LABek, eta horregatik erabaki du bere esperientzia sindikala etxebizitzaren borrokaren zerbitzura jartzea. 

Deialdia urteetako gatazka, salaketa eta prozesu judizialen ondoren iritsi da. Legez kanpoko ordainsariak, talde bereko enpresekin aseguruak eta hornidurak ezartzea, mantentze-falta eta etxebizitza bat bisitatzeagatik 200 eurorainoko kobrantza dira enpresa horrek sistematikoki egiten dituen dozenaka gehiegikerietako batzuk. Praktika horiekin bukatu beharra dago, eta bide bakarra borroka kolektiboa da.

Grebarako abiapuntua Hego Euskal Herrian Alquiler Segurok kudeatutako 500 etxebizitza baino gehiagotan egingo diren bisitak izango dira; 16.000, Espainiako Estatu osoan. Dagoeneko ehunka bisita antolatu ditu LABek, eta, era berean, hainbat familiak sindikatura jo dute, beren ekimenez, bizitakoaren berri emateko. Maizterrak, hainbat urtez abusuak jasan ondoren, LABekin harremanetan jarri dira, egoeraz nazkatuta daudelako eta ekintzekin hasi nahi dutelako.

Alquiler Seguro enpresaren abusuzko praktika horiek agerikoak eta nabarmenak dira. Datozen egunetan Espainiako Kontsumo Ministerioak 3,6 milioi euroko zehapena ebatziko du. Erabaki horrek 2024ko otsailaren 1ean egindako salaketan du jatorria, Madrilgo Maizterren Sindikatuak salaketa bat aurkeztu zuenean Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian, besteak beste, ordainsariak legez kanpo kobratzeagatik, abusuzko klausulak ezartzeagatik edo atzera egiteko eskubidea urratzeagatik. Hala ere, ordainsarien ezkutuko kobrantzari eta gordailuen kudeaketa irregularrari buruzko epaiketa 2028ko otsailera arte ez da hasiko, eta horrek agerian uzten du justiziak ez duela gaitasunik etxebizitzen arloko gehiegikeriei eta egungo bizitegi larrialdiari erantzuteko.

LABek ohartarazi nahi du Alquiler Seguroren negozio ereduak ezingo duela horrelako grebarik jasan, eta bere funtzionamendua berrantolatu beharko duela. Ezin izango diote aurre egin eskaintzen duten ordainketa-bermeari, eta litekeena da higiezinen agentziak etxejabeekiko betebeharrak betetzeari uztea, maizterrekiko erantzukizunak sistematikoki urratzen dituen bezalaxe. Haien eredua abusuan eta desinformazioan oinarritzen da, eta maizterrak antolatzen direnean porrot egiten du.

Kanpaina hau Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin lankidetzan koordinatzen ari da, zeinarekin elkarlan estua baitu LABek. Espainiako Estatuko dozena bat hiri eta lurraldetako (Herrialde Katalanak, Madril, Malaga, Valentzia, Zaragoza, Eivissa, Cadiz, Asturias, Sevilla, Vigo, Guadalajara, Segovia…) sindikatuak batu dira kanpainara. LABek helburuak partekatzen ditu, eta maila berean erantzuteko erantzukizuna sentitzen du. Horregatik, beharrezkoak diren bitartekoak bermatuko ditu Hego Euskal Herriko kaltetuak modu kolektiboan antola daitezen, gehiegikerietatik defendatzeko eta eskubideak lortzeko. 

[IRITZIA]: Kuba, duintasunez beteriko irla

Hemen duzue Koldo Saenz de Benito Nazioarteko Harremanetarako arduradunaren iritzi artikulua.

Buenos Airesen 2003ko maiatzean emandako hitzaldi ezagun batean, Fidel Castrok adierazi zuen Kubak ez zituela bonbak beste herrien aurka jaurtitzen, ezta milaka hegazkin bidaltzen hiriak bonbardatzera; ez zuela arma nuklearrik, kimikorik ez biologikorik. Bere hitzaldiarekin jarraituz, herrialdeak dituen milaka zientzialari eta medikuak bizitzak salbatzeko ideian heziak izan direla azaldu zuen, eta guztiz kontraesankorra litzatekeela ezagutza hori suntsiketaren zerbitzura jartzea. Fidelek hiru hitzetan laburbildu zuen Kubako Iraultzak gizateriari eman diona: medikuak, ez bonbak.

Gaur egun Kubak azken hamarkadetako une konplexuenetako bat bizi duela ukaezina da. Karibeko uharteak, urte luzez osasun publikoan, hezkuntza unibertsalean edo nazioarteko lankidetzan erreferente izan denak, gaur egun bere biztanleen bizi-baldintzak okertzen dituen faktore multzo bati egin behar dio aurre.

Ameriketako Estatu Batuek ezarritako blokeo ekonomikoak −azken urteotan gogortu egin denak− egoera horren funtsezko elementua izaten jarraitzen du. Bere helburu historikoa argia izan da: Kubako herria itotzen duen presio ekonomiko jarraitu baten bidez iraultzarekiko herri-babesa ahultzea; hori guztia demokraziaren eta giza eskubideen izenean.

Zenbait datuk 1962az geroztik indarrean dagoen blokeoaren eragina neurtzen laguntzen dute. Uharteak izandako galerak 164.000 milioi dolar baino handiagoak izan dira; hau da, egunean 20 milioi baino gehiago. Horri nazioarteko merkataritzaren birkokapenetik eratorritako kostu gehigarriak eta ondasun nahiz zerbitzuen esportazioetan izandako galera handiak gehitu behar zaizkio.

Munduan gerrak ugaritzen ari dira, kapitalak erabaki duelako hori dela bere hegemonia mantentzeko bide bakarra. Gainera, ezegonkortasunak markatutako nazioarteko testuinguru batean bizi gara. Gatazkak ugaritu egiten dira, gerrak luzatu, eta langile klasearen prekarizazioa areagotu egiten da. Testuinguru horretan, ez da zaila logika global bat antzematea: kapital metaketa eta hegemonia geopolitikoa maiz herrien bizitzaren eta ongizatearen gainetik inposatzen dira.

Lokaztutako Ukrainako gerra, Gazako genozidioa, Venezuela bezalako herrialde burujabe baten aurkako operazio militarrak eta Nicolas Maduro presidente legitimoaren nahiz Cilia Floresen bahiketak, eta Ameriketako Estatu Batuen nahiz Israelen Iranen aurkako oldarraldiak ere, logika berari erantzuten diote: kapital metaketa eta Washingtonen aginduei aurrean makurtzen ez den edozein proiektu politiko indarraren bidez ezabatzea.

Ameriketako Estatu Batuek behin eta berriz diote Kuba mehatxu bat dela eta terrorismoa finantzatzen duela, baina Kubako Iraultza zerbaitek definitu badu, bizitza kapitalaren gainetik jartzen duen eta bakea, herrien burujabetza nahiz giza eskubideen errespetua defendatzen dituen eredu politiko eta ekonomiko bat garatu izanak da. Kuba zerrenda batean sartu beharko balitz, elkartasunaren, humanismoaren eta internazionalismoaren zerrendan izango litzateke.

Aipaturiko guztiagatik, Kuba alternatiba bidezkoagoak eraiki nahi dituzten munduko herri askorentzat faro bat izan da eta izaten jarraitzen du. Ondorioz, nazioarteko elkartasuna indartzea eta, ahal den neurrian, uharteak hamarkadetan zehar eskaini duen babesa itzultzea beharrezkoa da.

Kuba fronte guztietan babestea eta bakarrik ez dagoela munduari erakustea beharrezkoa da. Bai elkartasun keinuek bai isiltasunek ere asko esaten dute, batez ere, bere baliabideak munduarekin modu solidarioan partekatu dituen herri batez solasean ari garenean. Artikulu hau idazteko unean petrolioz betetako ontzi errusiar bat Kubako uretan egotea albiste bikaina da, eta, zalantzarik gabe, oxigeno-bonbona bat izango da Kubako herriarentzat. Mexikoren eta beste estatu batzuen babesa, nahiz beste batzuen isiltasuna ere, esanguratsua izaten ari da.

Esparru sindikalean ere ekimen garrantzitsuak izan dira. LAB afiliatuta dagoen Munduko Federazio Sindikalak, Central de Trabajadores de Cuba sindikatuarekin batera, mobilizazio eta elkartasun aste bat bultzatu du; beste erakunde sindikal batzuek, hala nola Nazioarteko Konfederazio Sindikalak, ziurrenik sindikatu estatubatuarren presioagatik, giza eskubideen eta nazioarteko legediaren urraketa honen aurrean isilik jarraitzen duten bitartean.

LABetik eta Euskal Herritik gure ekarpen xumea egiten saiatu gara, hainbat ekimen solidario garatuz, eta, asteetan zehar, Kubarekiko elkartasun elkarteekin batera, “Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi!” kanpaina abian izan dugu; horri esker, sei tona baino gehiago osasun-material, 185 kilo botika eta 36.000 eurotik gorako baliabideak bildu ditugu, baita taupada-markagailuak erosteko 12.366,40 euro bildu ere.

Ekintza hauekin, Euskal Herritik munduari hainbeste eman dion prozesu bati modu xumean lagundu nahi diogu. Gatazkek, desberdintasunek eta eskuin muturreko jarreren gorakadak markatutako testuinguru globalean, herrien arteko elkartasun-loturak indartzea inoiz baino beharrezkoagoa da. 

Gaur egun, inoiz baino gehiago, justizia sozialean, lankidetzan eta herrien duintasunean oinarritutako mundu baten alde egiten dutenentzat Kubak erreferente izaten jarraitzen du. 

Intersindikalarekin mobilizatuko da LAB Maiatzaren Lehenean Baionan

Aurten ere, LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuak elkarrekin mobilizatuko dira Maiatzaren Lehenean Lapurdiko hiriburuan. Langile klasea antolatua, borrokan batua! lemapean egingo dute manifestazioa, 11:00etan, Santa Ursula plazatik Gaskoinen plazara. Mobilizazioaren ondoren, herrixka militantea (hainbat borrokari buruz informazioa jasotzeko mahaiak) eta jatekoa eta edatekoa ere egongo dira.

Lau sindikatuek Baionan egindako agerraldian aurkeztu dute Maiatzaren Leheneko mobilizazioa. Adierazi dute Lecornuren gobernuak, patronala etea eskuin muturrarekin eskuz esku, Maiatzaren Lehenari “eraso” egin nahi diola, “100 urte baino gehiagoko borroka sozialaren historia zapalduz”. Dei egin dute “langile klasekoak garela harro aldarrikatzera” eta “gure eskubideen alde borroka egitera”. Enplegua dutenei eta ez dutenei, paperak dituztenei eta ez dituztenei, erretretadunei zein ikasleei egin diete egun horretan kalera ateratzeko deia.

Mobilizatzeko hamaika arrazoi daudela gogorarazi dute sindikatuek: lan baldintzen okertzea, ordaindu gabeko aparteko orduak, kanporatze bidegabeak, opor ordainduen lapurreta, lansarien izoztea, prekaritatea eta pobrezia, antolaketa sindikalerako oztopoak, presioak, jazarpena, diskriminazioa, lan istripuak eta laneko gaixotasunak… Patronalak, gobernuaren babesarekin, egiten dituen erasoen aurrean, “erantzun kolektiboa” eman beharra eta sindikatuetan afiliatzearen garrantzia azpimarratu dituzte, “laneko sufrimendua gainditzeko eta eskubidea berriak irabazteko”.

Antifaxismoa ere aldarrikatu dute, lantokietan ere eskuin muturreko diskurtsoak eta ideiak eta normalizatzen ari diren sasoi hauetan. Horrela, gogoratu dute eskuin muturra beti oldartzen dela askatasun sindikalen aurka, ordena sozial kapitalista hobeto babesteko, honen adibide zehatzak aipatuz: “sistematikoki bozkatzen du SMICaren igoeraren aurka, soldatak prezioen igoeraren arabera eguneratzearen aurka” edo “erregaiaren prezioa blokeatzearen aurka”. Langileen batasunerako deia ere egin dute: “ez dezagun utzi arrazakeriaren eta sexismoaren pozoiak langileen batasuna zatitzen”.

Era berean, elkartasunaren beharra ere nabarmendu dute, elkarrekin “eskuin muturraren aurka” altxatzeko deia eginez, “gure lorpen sozialak suntsitzea, aberastasunaren metaketa jarraitzea eta jatorriari edo generoari lotutako diskriminazioak saihesteko”. Honekin lotuta, “beste eredu bat” eskatu dute, “bizitza erdigunean jartzen duena, eta ez etekinak. Banakako defentsatik erantzun kolektibora jauzia egin dezagun, jendarte bidezko eta solidario baten alde”.

Aldarrikapenak

– Maiatzaren 1a besta egun gisa mantentzea.

– Emazteen* eta gizonen arteko lansari berdintasun erreal eta eraginkorra, eta laneko indarkeria sexistaren eta sexualaren aurkako benetako politika.

– SMICaren (gutxieneko soldataren), lansarien eta indize-puntuaren (funtzio publikoan soldatak igotzeko indizearen) balioaren igoera, eta hauek prezioen igoeraren araberakoak izatea.

– Erretreta osoa 60 urterekin, 37,5 kotizazio-urterekin, ikasketa urteak barne.

– Enpresa handi eta oso handientzako kotizazio sozialen salbuespenaren amaiera.

– 2019ko funtzio publikoaren legearen indargabetzea.

– Langileen babeserako urte anitzeko plan bat, lan baldintzen okertzea eta lan istripu larriak ugaritzea saihesteko.

Palestinarekin elkartasuna adierazteko eta esku hartze inperialistak salatzeko mobilizatzeko deia egiten du LABek

LAB sindikatuak Global Sumud Flotillan ordezkari bat izanen duela adierazten du, eta blokeoa hausteko nahiz Palestinarekin elkartasuna adierazteko deituko diren mobilizazioak indartzera deitzen du.

Munduan gerrak ugaritzen ari dira, kapitalak erabaki duelako hori dela bere hegemonia mantentzeko bide bakarra. Gainera, ezegonkortasunak markatutako nazioarteko testuinguru batean bizi gara. Gatazkak ugaritu egiten dira, gerrak luzatu, langile klasearen prekarizazioa areagotu egiten da eta eskuin muturra indartzen ari da. Testuinguru honetan, ez da zaila logika global bat antzematea: kapital metaketa eta hegemonia geopolitikoa maiz herrien bizitzaren eta ongizatearen gainetik inposatzen dira.

Palestinaren okupazioak eta Gazako genozidioak, nahiz eta orain ez dituen komunikabidetako azalak betetzen, bere horretan jarraitzen du. Gazaren kontrako blokeoak indarrean jarraitzen du, aspaldidanik lurralde hau mundu zabaleko kontzentrazio esparru handiena bilakatu duena. Zisjordanian kolonizazio sionistak aurrera darrai eta Palestinarren kontrako biolentzia egunez egun aregotzen ari da. Hori gutxi balitz, atzo Knessetean (Israelgo parlamentua), Palestinarren kontrako heriotza zigorra onartu egin zen, kolonizazioak, okupazioak eta apartheidak bere horretan jarraitzen duela erakutsiz.

LABek Gernika Palestinak apirilaren 25erako Donostian deitu duen mobilizazioa babesten du

Atzo egindako agerraldi batean, Gernika-Palestina ekimen herritarrak apirilaren 25ean (Gernikako bonbardaketaren bezeperan) mobilizazio bat iragarri zuen, Palestinak bizi duen genozidioari konponbide politiko bat ematen ari ez dela salatuz eta Euskal Herria eskuak gurutzatuta gelditu ezin dela adierazteko.

LABek, orain arte egin duen moduan Gernika Palestinaren mobilizazioa babesten du eta fronte guztietan Palestinaren aldeko elkartasuna indartzera deitzen du. Kolonizazioaren, okupazioaren eta apartheidaren aurrera, herrien arteko elkartasun internazionalista indartzea da egin dezakegun ekarpenik hoberena.

Herrien arteko elkartasuna ez da hitz hutsa; konpromisoa eta ekintza da. Ilunagoak diren goizetan ere aurrera jarraitzera bultzatzen gaituen indarra da. Horregatik sortu ginen; besteak beste, gure askatasuna, langile klase eta herri gisa, munduko herri guztien askatasunarekin lotuta dagoela ulertzen dugulako.

INTIAko batzordeak greba deitu du, enpresa publikoak bere azken proposamenari uko egin ostean

INTIAko enpresa-batzordeak (LAB, UGT) greba deialdia iragarri du, enpresa publikoak soldata-desberdintasuneko egoera konpontzeko sindikatuek aurkeztutako azken proposamenari uko egin ostean.

Asteazken honetan, batzordeko kideek eta kaltetutako langileek elkarretaratzea egin dute subrogatutako plantillaren soldata-parekatzea eskatzeko, eta zuzendaritzak soldata-taula aplikatzeari uko egin diola salatu dute.

Batzordeak azaldu du, hainbat hilabetetako elkarrizketa eta negoziazioaren ondoren, enpresak gainerako langileei aplikatzen zaizkien ordainsari-baldintza berak ez aplikatzeko jarrerari eusten diola, eta horrek soldaten %15 eta %20 arteko aldeak dakartzala kategoria eta funtzio bereko lanpostuetarako. “Honek izen bat du: diskriminazioa”, azpimarratu dute.

Egoera horren aurrean, batzordeak mobilizazioak areagotzea erabaki du. Fase berria grebarekin hasiko da, bidezko eta berdintasunezko konponbide bat lortzeko helburuarekin. “Lan bera, kategoria bera, soldata bera”, aldarrikatu dute, eta azpimarratu dute ez dutela tratu desberdina onartuko ezta beren eskubideei uko egingo.

Batzordeak langile guztientzako bidezko tratua bermatu arte mobilizazioei eusteko erabakia adierazi du ozen esanez: “berdintasuna ez da negoziatzen, berdintasuna defendatu egiten da”.