Salatu egiten dugu ordezko irakasleek pairatzen zuten egoera larria zuzentzeko hartutako erabakiak bertan behera uzteko UGTk hasitako bidea.
Aurreko errektoretza taldeak egiten zuen USLO Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren interpretazio murriztaileak EHUko ordezko irakasleek lanaldi partzialean kontratatuak izatera eraman ditu urtetan (ordezkatutako irakasleak jardunaldi osoa izanda ere), horrek eragiten duen egoera prekarioa bultzatuz (adibidez, ordezko irakasleek gehienez 800€-ko soldatak izatea eta gainerako kredituak betetzeko beste irakasle batzuen lan zama areagotzea).
Aurreko errektoretza taldeak eragindako egoera tamalgarri horren aurrean, EHUko sindikatu ia guztiek (UGTk ez) eta prekaritatearen kontrako plataformak bultzatutako borroka jarri zen abian, eta hainbat ekimen egin ziren; horien artean, bi greba egun, egoera hori guztia salatzeko eta bere amaiera aldarrikatzeko.
Egungo errektoretza taldeak ordezko langileen egoeraren inguruan beste ikuspuntu eta borondate bat erakutsi zuen lehen momentutik, eta egoerari beste irtenbide bat bazegoela planteatzen zuen informe juridiko bat oinarri, negoziazioak abiatu ziren errektoretzaren eta sindikatuon artean egoera zuzentzeko. Horren ondorioz, 2025eko maiatzean, langileen ordezkaritzaren %73 batzen dugun LAB, Steilas eta CCOO sindikatuok akordio bat sinatu genuen unibertsitateko errektoretza berriarekin, ordezko langileak jardunaldi osoan kontratatzeari bide emanez eta ordura arte existitzen zen egoera guztiz prekarioarekin amaituz.
Hilabeteetan mehatxuka ibili ondoren, azkenean, UGTk salatu egin du akordio hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta bertan behera uzteko eskatu du, ordezko irakasleen egoera berriz prekarioa izan dadin bultzatu nahian. Horretarako, UGTk argudiatzen du gehiengoa osatzen dugun sindikatuon eta errektoretzaren arteko akordioak Espainiako Estatuko araudia urratzen duela.
Gaur izango da UGTk bultzaturiko epaiketa, langileen prerkarizazioa bilatzen duena, eta LAB bertan aurkeztuko da sinatutako akordioaren defentsan. Izan ere, LABetik 2025eko maiatzeko akordioa defendatuko dugu, langileen prekarizazio egoerarekin amaitzeko tresna legal eta eraginkor moduan.
LABen ez dugu ulertzen langileen lan baldintzak hobetzea helburu izan beharko lukeen sindikatu batek nola egin dezakeen horrelako mugimendu bat lan baldintza prekarioak izaten jarraitzeko, EHUko negoziazio markoaren kontra egitearekin batera. UGTk ez du Euskal Herrian lortutako akordioa errespetatu nahi, bertako unibertsitate publikoak duen autonomia eta borondatea murriztu nahi ditu eta estatu mailako araudiaren bere interpretazioa inposatu nahi du. Hori gutxi ez, eta gehiengoak ere ez ditu errespetatzen.
LABetik ozen aldarrikatzen dugu Euskal Herriko langileen, eta konkretuki EHUko irakasle ordezkoen, lan baldintzek ezin dutela prekarioak izan, eta baita lan baldintza horiek Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea ere, Espainiako Estatutik inposatu nahi duten prekarizazioaren eta homogeneizazioaren aurrean.

