2026-07-05
Blog Page 204

LABek Nafarroa Garaian inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2023ko hauteskunde sindikaletan: 1.223 delegatu ditu eta %18tik hurbil dago

Nafarroako Gobernuak azkenean zabaldu dituen emaitza ofizialen arabera, LAB sindikatuak maximo historikoak lortu zituen 2023ko hauteskunde sindikaletan. Azken datuen arabera, LABek 1.223 delegatu ditu Nafarroa Garaian, eta %17,96ko ordezkaritza. Lau sindikatu nagusien artean, azken urtean LAB izan da delegatu kopuru gehien lortu dituena, bai eta ehunekoan gora egitea lortu duen bakarra ere.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta ‒enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza‒, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketa nabarmenak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Adibidez, 2008an 827 delegatu zituen (%12,48) eta 2023. urtea 1.223 delegaturekin bukatu zuen (%17,96).

2021 eta 2022 urteetan LABek halako geldialdi bat izan zuen bere hazkundean eta, delegatu kopuruari eutsi bazion ere, ehunekoan behera egin zuen. 2023an, hauteskundeak dituzten enpresetako delegatu multzoak handitzen ari diren testuinguru batean, lau sindikatu nagusiek lortu zuten delegatu kopuru absolutuan gora egitea, baina LAB izan da kopururik handiena erdietsi duena (+113); horregatik egin du, hain zuzen ere, halako jauzia bere ehunekoan: 1.110 delegaturekin eta %17,16rekin bukatu zuen 2022. urtea; 1.223 delegaturekin eta %17,96rekin bukatu zuen 2023. urtea.

2023an UGTk 59 delegatutan egin du gora, baina -0,38 puntu ehunekoan; CCOOk 67 delegatutan gora, baina -0,21 puntu ehunekoan; ELAk 58 delegatutan gora, baina -0,31 puntu ehunekoan; aitzitik, LABek 113 delegatutan gora eta +0,8 puntu ehunekoan.

LABek badaki Nafarroako lau sindikatu nagusien artean laugarrena dela, eta puxka batera dituela bertze hirurak. Baina, era berean, jakin badaki orokorrean bere indarra oso beharrezkoa dela eta anitzetan nahitaezkoa ere izaten dela enpresetan edo sektoreetan gehiengoak osatzeko. Nabarmentzekoa da, konparazio batera, Foru Administrazioko lehen sindikatua dela 77 delegaturekin, Nafarroako ikastoletan delegatu guztiak dituela, Esku-hartze Sozialean ordezkaritza osoaren %70 duela, Laneratze eta Gizarteratze enpresen sektorean delegatuen %63 duela, edo sektore agropekuarioan lehen indarra izatetik 3-4 delegatura dagoela (botoetan lehena da gaurgero).

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borrokak bulkatzen.

Nafarroako ordezkaritza sindikalaren bilakaera 2008-2023 urteetan

  • Nafarroa Garaiko lau sindikatu nagusiek ordezkaritza sindikal osoaren ia %90 izan dute azken hamasei urteetan. UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek ordezkaritzaren %89,67 zuten 2008 urtean, eta 2023. urtea %88,92rekin bukatu zuten. Hau da, hamasei urtetan bakarrik 0,75 puntu portzentual jaitsi da haien ordezkaritza. Alegia, lau sindikatu horien zenbakietan izan diren aldaketak, batez ere, haien arteko zenbaki trukaketak izan dira; bertze sindikatu txikiagoetara apenas mugitu baitira ehuneko horiek.
  • UGT-k beherakada nabarmena izan du azken urteetan. 2008an Nafarroako ordezkaritza osoaren herena izatetik hurbil zegoen, eta bigarren sindikatua ia zazpi puntura zuen. Baina 2023 bukaerarako 6,57 puntu galduak zituen eta CCOO puntu bat baino gutxiagora zuen (0,73).
  • 2020ko azaroan CCOO-k Nafarroako lehen postua kendu zion UGTri lehenbizikoz. Baina une txiki bateko kontua baino ez zen izan; urte hura lehen indar sindikal gisa itxi baitzuen UGT-k berriz. Dena dela, arestian erran bezala, CCOO lehen postutik oso gertu dago. Baina hori hala bada ez da izan ikaragarri igo delako, baizik eta UGTren beheraka oso handia izan delako. Berez, 2008tik 2023ra CCOOk 0,83 puntu portzentual galdu ditu.
  • ELAk 2022ko abuztuan 1.500 delegaturen langa gainditu zuen lehenbiziko aldiz eta, uneko arrakastaz hordituta, lau haizetara zabaldu zuen Nafarroan lehen sindikatua izatetik 90 delegatu baino gutxiagora zegoela. Eta egia da hurbil dagoela (113 delegatura), baina koska handi samarra falta zaio oraindik. Bere igoera ez baita espektakularra izan: 2023an 2008an baino 1,17 puntu portzentual gehiago zuen.
  • 2008an LABek 18,54 puntura zuen UGT. Aitzitik, 2023an, 6,49ra. Hau da, 12 puntuko tartea jan dio azken hamasei urteetan. LAB izan baita, alde handiz, 2008tik 2023ra gehien hazi den sindikatua: 5,58 puntu egin ditu gora.
  • Obedientzia espainoleko sindikatuak (UGT eta CCOO) eta kontraboterezko sindikatuak (ELA eta LAB) blokeetan jarriz gero, oso azpimarratzekoa da Nafarroako eremu sindikalean gertatu den aldaketa. UGTk eta CCOOk 2016an utzi zioten ordezkaritza osoaren erdia baino gehiago izateari, eta 2023. urtea %48,17rekin bukatu zuten. Kontrako noranzkoan, ELAren eta LABen blokeak hamar urte daramatza gorakada etengabean: 2023. urtea %40,75ekin bukatu zuten. Izan ere, 2008tik 14 puntu laburtu da bi blokeen arteko aldea.

Bizkaiko grafikagintzako patronalak atzerapauso gehiago dituen proposamena egin berri du

Otsailaren 22an, Bizkaiko grafikagintzako hitzarmeneko bederatzigarren negoziazio bilera egin da. Patronalak proposamen berri bat aurkeztu du, aurretik aurkeztutakoak baino baldintza txarragoekin honeko edukietan: iraunaldian, soldata igoeretan eta oporretan. Era berean, atzerapausoak mantentzen jarraitzen dute honako gaietan: lanaldiaren banaketa irregularrean, antzinatasuna, aldi baterako ezintasunen osagarriak, etab.

Horregatik, LABen, CEBEKek mahai gainean jarri duen proposamenaz balorazio negatiboa egiten dugu. Parte sozialetik sektoreko langileen lan baldintzak duintzen dituzten akordioak lortu ahal izateko gai ezberdinetan mugimenduak egiten ari garen bitartean, sektoreko langileek patronaletik jasotzen duten erantzun bakarra prekaritatea sustatzen jarraitzea da.

LABek berretsi du aliantzak sortzeko garaia dela, baita sektoreko langileak antolatzeko eta aktibatzeko ere. Aktibazio hori izango baita patronala egungo posiziotik mugiaraziko duena. Bizkaiko grafikagintza sektoreko langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetu zein duinduko dituen akordioa lortzea helburu bakarra duen borrokari ekiteko garaian gaude.

Guzti horrengatik, LABek, Bizkaiko grafikagintza hitzarmenaren negoziazio mahaian ordezkaritza duten gainerako sindikatuekin batera, elkarretaratzea deitu du Biolid enpresaren aurrean, Basaurin, otsailaren 26an, 09:15etan. Borrokatzeak merezi duelako. LAB borrokarako prest dago Bizkaiko grafikagintzan.

Mecanerreko trantsizio ekosozialerako plana aurkeztu dugu

Enpresa-batzordean gehiengoa dugun LAB eta ESKk enpresaren trantsizio-planaren jendaurreko aurkezpena egin dugu Urdulizko Kultur Etxean. Enpresaren itxiera saihesteko eta haren etorkizuna ziurtatzeko egindako txostena eta trantsizio ekosozialerako proposamenak ezagutarazi ditugu. Plana enpresa batzordeak egin du Garua kooperatibaren eskutik, eta Urdulizko Udalaren laguntza izan du.

Stellantis multinazionalak 2023ko irailean Mecaner ixteko erabakia jakinarazi zien langileei, eta orain, martxoaren hasieran hasiko den kontsultaldiaren zain daude.

Hilabete hauetan hainbat mobilizazio egiteaz gainera, txosten tekniko bat egin dute sektorean aditua den Martin Lallana ikerlariarekin eta trantsizio ekologiko eta sozialeko planak egiten dituen Garua kooperatibarekin.

Planaren helburua, enpresa itxieraren aurrean, enpresaren oraina eta etorkizuna bermatuko duen prozesu bat egitea da. Prozesu hau aurrera eramateko, langileen konpromisoaz gain, Stellantisen jarrera aldaketa bat eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa beharko dela.

Aurkeztutako planak, sektorearen eta enpresaren analisia egin du, eta dagoen jakintzarekin eta instalazio eta makinariarekin ekoitzi ahalko liratekeen produktuen katalogo bat osatu dute, automobilgintzaren merkatuan eta hortik kanpo trantsizio justuaren logikan egon ahal diren aukerak mahai gainean jartzeko.

CGTPren Nazioarteko Konferentzia Sindikalean parte hartzen ari gara, Portugalen

Bere XV. Kongresuaren bezperan, CGTP sindikatu portugaldarra Nazioarteko Konferentzia Sindikala egiten ari da Seixalen. Bertan, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak hitzaldi bat egin du, eta nabarmendu du sindikalismoak alternatibak eskaini behar dizkiola langile klaseari, egoera zehatzei lotuta egongo diren eta pertsonen bizitza hobetuko duten proposamen eraldatzaileak eginez.

Ildo horretan, herrien Europa soziala lortzeko bidean ahaleginak egitearen aldeko apustua egin du Aranburuk. Pertsona eta herri guztien eskubideak bere jardun politikoaren erdigunean izango dituen Europa.

Era berean, sindikalismo borrokalaria eta klasekoa indartzeko beharra baztertu du; izan ere, “indartsu gauden lekuetan, eskuinaren eta faxismoaren planteamenduek sartzeko gaitasun askoz txikiagoa dute”. Sindikalismoak langileen zerbitzurako tresna erabilgarria izan behar du. Sindikalismo feminista eta arrazakeriaren aurkakoa praktikatuz eta trantsizio ekosozialaren aldeko apustua eginez. Gizartea eraldatzeko aldaketak eta aldaketa politikoak bultzatzen dituen sindikalismoa defendatu du, eta, gainera, proposamenak egiten dituena.

Hala, LABek banaketa hirukoitzaren alde egindako apustua gogorarazi du: zainketen banaketa, enplegua eta aberastasuna. “Lan guztiak aitortu eta banatu behar dira, zaintzakoak barne; enplegua eta soldatak duindu behar dira, eta prestazio eta zerbitzu publiko duinak bermatu”, adierazi du.

Gainera, sektore eta enpresetan borroka sindikal eta sozialak, grebak eta mobilizazioak bultzatzeko beharra azpimarratu du. Halaber, langileen aldeko indar korrelazioa hobetuko duen sindikalismoari ekin behar zaiola adierazi du. Mezu hori iritsi egiten zaio jendeari, langile klaseak argi baitu antolaketa eta borrokaren balioa. Horrela, gogoratu du azken bi ikasturteetan Euskal Herrian izan diren greba eta mobilizazio kopuruak gora egin duela, joan den azaroaren 30eko Greba Orokor Feministari aipamen berezia eginez.

Aranburuk adierazi duenez, langile klaseak eta kontra-botere mugimendu sindikalak beti egin dute gerren aurka eta justizia soziala duen bakearen alde. Horrela, LABen uste dugu sindikalismoak rol hori betetzen jarraitu behar duela, konponbide diplomatikoak, elkarrizketatuak eta negoziatuak bultzatuz, nagusi den olatu belizista alde batera utzita.

Azkenik, Palestinak pairatzen duen genozidioa salatu du, eta Abdullah Ocalan duela 25 urtetik kartzelan dagoen buruzagi kurdua gogoratu du.

Bilera bat eskatu diogu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari, bi urteko haurren gelak nola eta non ezarriko diren argitzeko

Bileraren helburu nagusia da Departamentuak orain airean dauden hainbat galderari erantzutea: gela horiek zein ikastetxetan ezarriko diren, ikastetxe horiek nola moldatu behar diren, langileen baldintzak, haur-eskola batzuk nola geldituko diren…

Joan den astean, Hezkuntza departamentuak iragarri zuen, ustekabean, 2024-2025 ikasturtean bi urteko haurren zenbait gela txertatuko direla ikastetxe publiko batzuetan. Berri hori entzunda, LAB sindikatuak premiazko bilera bat egiteko edo sektoreko mahaia biltzeko eskaera egin die bai Departamentuari, bai Haur Eskolen Zerbitzuari. Helburua da sektoreko langileak larriki kezkatzen dituzten zenbait gai argitzea.

LAB sindikatuan, beharrezkoa ikusten dugu langileek jakitea Departamentuak zer ikastetxetan sartu nahi dituen 2 urteko haurren gela horiek, eta, halaber, noiz eta nola egokituko diren ikastetxe horien instalazioak bai adin horretako haurren ezaugarri psiko-ebolutiboetara, baita haurren beharretara ere. Departamentuak argitu beharra du nola egingo diren kontratazioak, kontratatutako hezitzaileak B mailakoak izango ote diren (ikastetxeetako irakasleak bezala) edo C mailakoak (haur-hezitzaileak bezala), eta kontratazio horiek arrakala bat sortuko ote duten ikastetxe publikoetako 2 urtekoen geletan arituko diren langileen eta haur-eskoletako langileen artean.

Horrez gainera, landa-eremuek bereziki kezkatzen gaituzte; izan ere, azken urteotan, eremu horietan unitateak murrizten ari dira hainbat arrazoirengatik. LABen espero genuen, duela aste batzuk etapa honetarako iragarri zuten doakotasunari esker, matrikulen kopuruak gora egingo zuela landa-eremuetako eskoletan. Horregatik, uste dugu Departamentuak azaldu beharko lukeela zer plan duen haur-eskola horiek sustatzeko, egungo egoerari kalte gehiago egin gabe.

Horrela, bada, LABek aditzera eman nahi du behar-beharrezkoa dela Hezkuntza Departamentuak bilera bat egitea gurekin lehenbailehen, galdera asko erantzun gabe daudelako eta denbora aurrera doalako etengabe. Hurrengo ikasturtearen hasiera bertan da, eta ezinbestekoa da Departamentuak langileen ahotsa entzutea, ikasturtea behar diren berme guztiekin hasi ahal izateko.

Soldata-arrakalarekin amaitzeko, zaintza lanak aitortu eta banatzearen alde egiten dugu

Gaur da otsailaren 22a, soldata-arrakalaren aurkako eguna, eta Donostia eta Iruñean mobilizatu gara. Donostian, pankarta erraldoi bat eskegi dute sindikatuko kideek Bretxako merkatuko teilatutik, eta Iruñean, elkarretaratzea egin dugu Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean, Merindadeen plazan.

Soldata-arrakala sexuaren araberako enplegu eta lanaren banaketa desorekatuaren ondorio da. Emakumeok* egiten dugun lana debaluatuta dago eta soldata-arrakala egiturazkoa da. Iturri ofizialek emandako datu orokorrek ez digute errealitate gordina ikusten uzten. Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da.

Emakumeok* egiten ditugun lanak zaintzari loturikoak dira hein handi batean, eta hor dago gakoa: ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari edo gurpilak ekoizteari.

Emakumeoi* ematen diguten zaintzaile rola enpleguaren eremutik harago doa: zaintzari lotutako lanpostuak guztiz feminizatuak daude eta enplegutik kanpoko zaintza lanak ere emakumeei* egozten dizkigute. Horrek prekaritatean eta soldata arrakalan eragin zuzena dauka: zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak…) onartu behar izatera garamatza; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek gero penalizazioak dakartza emakumeentzat*.

Zaintza lanek ez daukate inolako aitortza ekonomikorik eta sozialik, eta ez dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitariorik. Emakumeon* lanari esker sostengatzen dira, eta, bitartean, gizonek ez zaintzeko pribilejioari eusten diote.

Patronalak zein instituzioek honetan duten erantzukizuna seinalatu behar dugu: instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira; zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean zaintza lanekin negozioa egitea sustatzen dute. Erantzukidetasun politikak bultzatzeari uko egiten ari dira, gainera.


Horren aurrean, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea. Hori horrela ez den bitartean, soldata arrakala mantendu egingo da.
  • Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzea.
  • Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien birbalorizazio bat egitea. Horretarako, bizitzaren sostengarritasun faktorea aplikatuko genuke.
  • Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea.
  • Zaintza eta bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren lan guztiak emakumeon* gain jarri dituzte eta doakoak dira; sistema kapitalistak eta jendarte osoak atera dio horri probetxua. Horren aurrean, zor patriarkala deitu diogun zuzenketa faktorea aplikatzea proposatzen dugu.
  • Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatu.
  • Zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea.

Unibertsitate publikoarekin duen erantzunkizunari aurre egiteko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

Ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan. Horrela, mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Parlamentuaren aurrean.

Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula eta EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, finantzaketa falta izanik erroko arazoa. Gure aldarrikapen nagusiak irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, eta, oro har, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea izan ziren.

Gure eskaeren inguruan hitz egiteko biltzeko eskari bana erregistratu genuen, Hezkuntza sailburuari zein EHUko errektoreari zuzenduta. Azken honen kasuan, ia 3 hilabete beranduago izan genuen bilera irakasle eta ikertzaileen errektoreordearekin. Hala ere, aitzakiak medio, jasotako erantzunek ez zuten arazoa errotik konpontzen, kasu gehienetan arazoen muina ekiditen duten aldaketa minimo batzuetara mugatuta.

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, ez dugu oraindik erantzunik jaso. EHUko sindikatuok ez omen gara EHUko langileen baliozko hizketakideak… EHUko zuzendaritzaren ardura ahaztu gabe, Eusko Jaurlaritzaren esku ere badago EHUn eta EHUko langileen baldintzetan eragin zuzena daukaten erabakiak hartzea:

Eusko Jaurlaritzaren esku dago unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea (azken urte hauetan BPGren % 0,4 inguruan egon dena, eta, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren arabera, 2030erako BPGren %1era heldu behar dena…), unibertsitate publikoak behar duen moduan hornitu ahal izateko, unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jarri ordez.

Eusko Jaurlaritzaren esku dago EHUko langileok erosahalmena berreskuratzea, baita irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarriak eguneratzea ere (% 30etik gorako balioaren galera izan dugu).

Eusko Jaurlaritzaren esku dago langileen alde irabazitako epaiei helegiteak ez jartzea. Azken adibidea, sindikatuen ekimenez aldi baterako irakasleikertzaileek ikerketa seiurtekoak eskatzeko eta jaso ahal izateko izandako aldeko sententzian daukagu, non ebazpenaren kontra helegitea jarri duten, kolektibo honek pairatzen duen diskriminazioa mantentzeko.

Eusko Jaurlaritzaren esku dago 41/2008 Dekretua aldatzea. Izan ere, Dekretu horrek ezartzen ditu arduraldi partzialeko irakasleen miseriazko soldatak (400 eta 800 euroren artekoak, arduraldiaren arabera). USLO indarrean sartzean, egoera okertu da. Izan ere, arduraldi osoko irakasleen baimen, baja edo eszedentziak ordezkatzeko arduraldi partzialeko kontratuak baino ez dituzte egiten. Irakasle horiei klase eta tutoretza orduak baino ez zaizkie ordaintzen, eta klaseak prestatzeko, formaziorako, irakaskuntzaren kudeaketarako lanerako edota irakaskuntzari lotutako ikerketarako orduak ez zaizkie aitortzen. Klaseak emateko lan-esku merke moduan erabiltzen dituzte ordezkoak. Langile horien lan-baldintzez gain, sailen antolaketan eta ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatean ondorio negatiboak dauzka. 41/2008 Dekretua aldatzea, arazo honi eta beste batzuei konponbidea jar diezaieke, baina, horretaz kontzientea izan arren, Eusko Jaurlaritzak aukera horri uko egiten jarraitzen du.

Errektoretza-taldea eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera murriztaile eta immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraituko dugu lan-baldintza egokien eta kalitatezko unibertsitate publikoaren defentsan. Horregatik, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituta, martxoaren 6an, EHUko irakasle eta ikertzaileok greba egingo dugu. Horregatik, martxoaren 12an, EHUko langile guztiok sektore publikoan deitutako grebara gehituko gara.

Eusko Jaurlaritza, ez ezkutatu eta beharrezko neurriak hartu unibertsitate publikoaren alde!

Prekarizazio eta diskriminaziorik ez!

Grebara deitu duten Nafarroako eskola-jantokietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu

Kontzentrazioa egin dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean. Lanaldi txikiak dituen eta feminizatuta dagoen sektore batean, grebara deitu duten eskola-jantokietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu, zerbitzuak eta lan-baldintzek okerrera egiteko arriskua dagoelako.

Azpimarratu dute, greba dela, askotan bezala, langile guisa duten azken aukera. Azken ordu hauetan babes handia eta kritika gutxi batzuk jaso dituzte, baina badaude. Gaur hirugarren greba eguna da Zizurreko ikastetxeetan eta gaur Patxi Larraintzar eta Bernart Etxepare zentroak gehitu dira.

Jardunaldi jarraituaren prozesuarekin, urteak daramatzate adierazten ikusezinak eta baztertuak direla Nafarroako Gobernuak antolatzen duen prozesu batetik, familien eta irakasleen esku utziz ikastetxeen etorkizuna eta eurena aukeratzea.

Baztertutako jantokietan langileak, ahotsik eta botorik gabe, ikusezinak dira prozesu honetan eta beste hainbatetan. “Eta orain funtsezkoak gara?”, galdetu dute.

Zerbait historikoa eta etorkizunerako ondorioak izan ditzakeena da Gobernuak lehen aldiz ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak kudeatzen ez dituen zentroetan, hala nola Patxi Larraintzar eta Bernart Etxeparen, langile horien grebarako eskubidea urratuz.

Beste behin ere, hezkuntza-komunitatetik kanpo geratzen dira jadunaldi jarraituak eurei eta zerbitzuari zuzenenean eragiten dienean.

Adierazi dute gezrurra dirudiela hezkuntza-komunitatean sar ditzaten eskatzea baina hala da, komunitate horren barruan funtsezko zerbitzua baitira. Txikiei arreta egokia emateko borrokan jarraituko dute, lanaldi duinak, guztiondako eskola publikoa, kalitatezkoa eta inklusiboaren alde.

Arabako CEAReko langileek esku hartze sozialeko herrialdeko hitzarmena aplika diezaietela eskatu dute

Arabako CEAReko langileek 3 orduko lanuztea eta mobilizazioa egin dituzte Gasteizko egoitzaren aurrean, erakundeak behin eta berriz uko egin baitio 2023ko maiatzean onartu zen Arabako Esku-hartze Sozialerako III. Hitzarmenaren aplikazioari buruz hitz egiteari.

Hilabeteotan langileen lan-baldintzak hobetzea negoziatzeari uko egin dioten bitartean, erakundeak jakinarazi zuen alde bakarreko erabakia hartu duela %23rainoko erantzukizuna duten lanpostuei zuzendutako soldata-igoera bat egiteko, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin. Neurri hori, besteak beste, talentua atxikitzeko eta erantzukizuneko postuetako soldatak hirugarren sektoreko gainerako erakundeen soldatetara egokitzeko premian oinarrituta argudiatu da, eta hausnarketa horretatik atera da talentu hori erantzukizuneko postuetan baino ez dagoela.

Soldaten alde bakarreko igoera hori kategoria altuenetan kontzentratzen da, erakundearen barruan soldata-arrakala areagotuz; beheragoko kategorietan, berriz, prekarietate ekonomikoko egoeran daude. Hori guztia erakundeak sustatzen dituen berdintasun eta justizia sozialaren printzipioen aurka doala uste dugu.

Arabako CEAR zentroetako langileak diskriminazio-egoeran daude esku-hartze sozialeko gainerako erakundeekin alderatuta, horiei probintziako hitzarmena aplikatzen baitzaie. Horrek esan nahi du lan-baldintzak, oro har, okerragoak direla, batez ere esparru ekonomikoan, eta urtean 5.000 € arteko soldata-aldeak daudela.

Horrez gain, lantaldeak indartzeari, oporren estaldurari eta abarri dagokienez argudio ekonomiko batean oinarrituta etengabe jaso diren ezezkoak kontuan hartuta, plantilla tentsionatu egin da, lantalde eta zerbitzu guztiak gehiegi kargatuta baitaude, eta, ondorioz, CEAR zentroen erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du, zuzenean jasotzen duten esku-hartzearen kalitatea jaitsi delako. Hala ere, ez dugu ahaztu behar CEAR zentroetan artatzen diren pertsonak jada zaurgarritasun-egoera batean dauden pertsonak direla, eta egoera hori larriagotu egiten dela erakundeko langileok ditugun lan-baldintzen ondorioz.

Horregatik guztiagatik, Gasteizko eta Langraizko lantokietako langileak kalera atera dira, Estatuko gainerako zentroetan bezala, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko: euren kasuan, Esku-hartze Sozialeko Hitzarmen Probintziala aplikatzea eskatzeko.