2026-11-18
HomeEkintza SindikalaAzken 24 orduotan bi lan-heriotza gertatu izana salatzen dugu

Azken 24 orduotan bi lan-heriotza gertatu izana salatzen dugu

Elkartasuna adierazi nahi diegu Adunan traktorea gidatzean izandako istripuaren ondorioz zendutako emakumearen eta bere lan saiotik etxera bueltan in itinere istripua izan zuen Haurreskolak Partzuergoko langilearen familiakoei, lagunei eta lankideei.

2023an, gutxienez 38 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian dagoeneko. Lehen sektorea da, behin eta berriz, hilkortasun tasa altuena pairatzen duena, eta oraingoan ere, beste heriotza bat gertatu da sektore honetan, kasu honetan Adunan.

Atzo arratsaldean hil zen 35 urteko emakumea, malda handi batean traktore bat gidatzen ari zela istripua izan zuelarik. Salatu dugu lehen sektoreko sasoi bilketa lanetan diharduten langileek ez dutela lan-osasuneko bermerik izaten. Modu honetan, ez patronalak eta ez administrazioak ez dituzte beharrekoak diren neurriak hartzen, eta gabezia hauen emaitzak eragiten dituzte istripuak.

Jakinik aldikako lan hauetan ingurunea, makinaria eta batzuetan, prozesua bera ez ezagutzeak arriskuak biderkatzen dituela, Osalani eta lan-ikuskaritzari eskatzen diegu plangintza espezifikoa egin dezatela langile kolektibo hau artatzeko. Hala, formakuntza  eta eskuragarri jartzen zaien makinariaren kontrola egingo litzateke, beste prebentzio neurrien artean, beti ere patronalaren kontura.

Haur eskolako langilea hilik in itinere istripuan

Atzo, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile ordezko bat in itinere izandako auto istripuan hil zen lanetik bueltan zela, Amurrion.

Partzuergoko langileen desplazamentu kopuru handiari aurre egiteko berehalako neurriak behar direla nabarmendu dugu. Hala, desplazamenduak murrizteko egindako proposamenak berehala martxan jartzeko eskatzen dugu: ordezkagunea, permutak, leku aldatzeak.

Amaitzeko, bi heriotza hauek salatzeko intersindikaletik egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hala, ostiralean, hilak 22, 12:00etan elkarretaratzea egingo da Adunako herriko enparantzan. Amurrion gertatutako in itinere heriotzari dagokionez, Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean mobilizatuko gara ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera, Eibarren (Otaola hiribidea, 29). Irailaren 22an izango da azken mobilizazio hau, 11:00etan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eskatzen du BFAko eta GUFEko plantilla handitzea zenbait unitatetan, ez baitago langile kopuru nahikorik

Bizkaiko Foru Aldundiko-GUFEko LABen atal sindikalak proposamen bat aurkeztu zuen joan den astean Batzar Nagusietan, bi erakundeen Lanpostuen Zerrenda (LPZ) handitzeko eskatuz, Bizkaiko aurrekontu-proiektuan bertan 2027an ezartzen diren langile-hazkundearen aurreikuspenetatik harago.

Lan eremuan indarkeria matxistaren aurkako konpromisoak behar direla aldarrikatzera kalera aterako gara azaroaren 25ean

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira, LABetik mobilizazio bana deitu dugu Gasteizen eta Iruñean.

Salatzen dugu Correoseko bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela kontrataziorik egin ez delako

Posta bidezko botoa onartzeko azken eguna bihar izango da, eta LABen atal sindikalak salatu du bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela, hauteskunde-kanpainak eragindako jarduera-igoeraren eta kontratazio faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du, beste behin ere, enpresaren aurreikuspen eta plangintza falta.