2025-12-25
Blog Page 171

Amazoneko langileak greban daude, negoziazioa ahalbidetzen ez dela ikusteaz nazkatuta

Konpainiaren irabaziak erraldoiak izan arren, Trapagarango lantegiko arduradunek ez dute inolako borondaterik erakusten beharginak aspaldidanik eskatzen ari diren lan-baldintzen hobekuntza negoziatzeko.

Bada, asteburuan grebari ekin diogu, eta jarraipen zabala izan du deialdiak. Azken bileran jarrera ezin itxiagoa erakutsi zuen enpresak eta, ondorioz, Aldi Baterako Laneko Enpresetako langileak ere batu dira grebara. Dena den, salatu behar dugu erabaki horren aurrean enpresaren presioak eta mehatxuak jaso dituztela.

Hala ere, grebari esker lortu dugu oztopo nabarmenak eragitea lantegiaren ohiko funtzionamenduari; esate baterako, ez dira kamioiak kargatzen eta deskargatzen ari, noiz eta Gabonen atarian gauden honetan.

Bada, gaur, astelehena, lantegia geldirik utzi eta manifestazioa egin dugu Trapagaranen barrena, nazkatuta gaudela adierazi eta negoziazioa behingoz ahalbidetu dadila exijitzeko.

Gauzak horrela, atzo eta gaur egin bezala, urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ere greba deialdiak ditugu, behingoz entzun gaitzaten.

%100eko jarraipena izan dute TUVISAn bigarren egunez deitutako lanuzteek

Gaur lanuzteen bigarren eguna izan da TUVISAn, eta berriro ere, erakutsi diote inoiz baino elkartuago daudela eta kudeaketa txarrak sortutako gatazka errealitate bat dela erakutsi diote langileek zuzendaritzari. Erabateko jarraipena izan dute dute goizeko 5:00etatik 9:00etara deitutako lau orduko lanuztearekin.

Enpresa-batzordeak eskerrak eman dizkie “lankide guztiei, gaur goizean erakutsitako babesagatik”, eta baita Gasteizko herritarrei ere, “asko sentitzen dugu gaur jasan dituzten ondorioak, baina ezinbesteko eta beharrezko urratsa dira kalitatezko zerbitzu seguru bat berreskuratzeko”.

Berriro ere, langileen % 100ak egin du bat lanuzteekin, eta zifra horrek agerian uzten du, berriz ere, TUVISAko plantillak bizi izan duen gatazkaren seriotasuna. Enpresa-batzordearen hitzetan, “joan den ostegunean Gurtubay jaunarekin eta TUVISAko zuzendaritzarekin izandako bileran ez zen seriotzat jo zitekeen proposamenik egin, eta horrek amaiera eman ahal zion gatazka honi. Gaur egun, batzorde honek eduki egokia izango duen bilera baten zain jarraitzen du, benetako proposamen zehatzekin, gatazka honen konponbidean aurrera egin ahal izateko “.

Hala, mobilizazioen egutegiarekin jarraituko dutela iragarri dute. Bihar, hilak 19, 24 orduko greba egingo dute. Eta 21ean, 24 orduko beste greba egun bat egingo dute, 8:30ean Agirrelandako kotxetegietatik abiatuko den eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko den manifestazioarekin batera.

Ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzan grebak eta mobilizazioak iragarri ditugu gabonetan, Nafarroako sektoreko hitzarmena lortzeko

Txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu ditugu abenduaren 23an, eta egun osoko greba abenduaren 24an, enpresek Nafarroako sektoreko hitzarmena negoziatzeari uko egin diotelako estatu mailakoa ezartzeko.

LAB eta ELA sindikatuok Nafarroako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko ordezkaritza sindikalaren %50 baino gehiago batzen dugu. Sektore hau duela 14 urte dago hitzarmena iraungita, eta langileek jasaten duten prekarietatea eta erosahalmenaren galera izugarria da.

Jadanik martxan dauden mobilizazioen eta greben helburua Nafarroa mailako hitzarmen sektoriala lortzea da, baino enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik.

Hitzarmena ez negoziatzea ez da patronalaren legezko legitimazio arazo baten ondorio, enpresen borondaterik ezaren ondorio baizik. Estatuko hitzarmenaren helburua lan baldintzak berdintzeko elementu gisa jardutea dela, eta berdintasuna, jakina, beherantz.

Eta ez hori bakarrik, bere proposamenaren helburua berez oso araututa ez dagoen sektorea muturrera malgutzea da: lanaldia handitzea, lanaldiaren banaketa irregularra % 25eraino (PPren lan-erreformak % 10 ezarri zuen), ordutegi-malgutasuna, igande eta jaiegunetako nahitaezko lana, oporrak hartzeko aldiak mugatzea… Hori guztia milioi askoko irabaziak dituzten enpresa handiek bultzatuta.

Egoera honen aurrean, LABek eta ELAk mobilizaziora eta grebara deitzen dugu: Grebaren arrazoia negoziazio mahai bat eratzea eta negoziazioei hasiera ematea da. Nafarroako hitzarmena ezinbesteko tresna da sektoreko lan-baldintzak duintzeko. Nafarroako hitzarmenik gabe, azaldu den bezala, prekarietatea arau izango da.

Enpresak negoziatzera esertzea lehen helburua da, baina, horrez gain, gure lanarekin sortzen den aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea eta 14 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren erabat zaharkituta dauden baldintzak eguneratzea eskatzen dugu. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: denbora horretan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, asteko benetako atsedena eta 5 eguneko asteko lanaldiak, igande eta jaiegunetan lanik ez egitea, lanaldi partzialen ordu osagarriak finkatzea, online salmentak dakarren karga-gehikuntzagatiko plus ekonomikoa, larunbat libreak…

Horregatik, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzterako deia egin dugu abenduaren 23an (12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara), eta lanaldi osoko grebarako deia egin dugu abenduaren 24rako, igandea baita egun hori, egun horretan hala adierazi arren.

Eta iragarri nahi dugu, halaber, blokeo horri eutsiz gero, mobilizazio gehiago deituko ditugula urtarrileko lehen egunetan, errege-kanpainarekin eta merkealdiaren hasierarekin batera.

Egungo zerga sistema patronalaren neurrira egina dago eta zerbitzu publikoak nahiz herritarrak babesteko sakoneko aldaketa beharrezkoa da

Hego Euskal Herriko zerga sistemaren inguruko txostena publiko egin dugu, eta bertan adabakiak alboratu eta sakoneko erreformaren beharra azpimarratu dugu. Azken hamarkadetan kapital errenten ekarpena mantendu den bitartean langileok jasandako presio fiskala biderkatu da. Garaia da balantza aldatu eta gehien duenak gehiago ordain dezan bermatzeko.

Aipaturiko txostena, Ikusmiranen 15. alea, esteka honetan eskura daiteke: https://www.iparhegoa.eus/wp-content/uploads/2023/12/Ikusmiran15_2023_12_EUS.pdf

Ogasunen bilketan hazkundea iragarri berri dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Baita aldi baterako Fortuna Handien Gaineko Zerga adostu berri ere azken bi hauetan. Nafarroa Garaiko Parlamentuan aldiz, abenduaren 21ean zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk hartzeko Foru Legea onartuko da. Batean zein bestean adabakiak eta aldaketa txikiak baino ez ditugu ikusten, norabide aldaketarik gabe eta benetako eztabaidaren muinera jotzeko aukerarik eman gabe.

Eztabaida konplexu gisa saldu ohi digute zergei dagokiena, baina oinarrian dagoena sinplea da. Patronalaren aldeko politika fiskala egiten da edo langile jendearen interes eta beharrak lehenesten dira. Hamarkadetan zehar lehenari bide eman zaio, eta horrek egun dugun egoera lazgarrira ekarri gaitu.

Arnas luzeko eraldaketak behar ditu gure herriak hurrengo hamarkadetan. Pandemia eta haren ondorioen erdian, gerra testuinguruak biderkatzen ari dira, larrialdi ekologikoaren eraginak handitu eta arrakala sozialak areagotzen ari diren unean gaude. Herritarrak zaindu eta babesteko, kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak beharrezkoak ditugu. Ehun sozioproduktiboan eman beharreko aldaketak egiteko, esku hartze publikoa funtsezkoa izango da, eta pentsioetan, osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan nahiz zaintza krisiari erantzuna emateko sistema publiko komunitarioaren eraikuntzari bide emateko inbertsio publikoa nahitaezkoa zaigu.

Guzti horretarako, gure lurraldean sortzen den aberastasuna modu justuan bildu eta birbanatzeak lehentasun politikoa behar du izan. Europar Batasuneko presio fiskaletik urrun gaude oraindik eta horrek gure eremu publikoa ahultzen du. Baina ez da hori bakarrik, hemen dagoen arazo nagusiena da gehien dutenek egiten duten ekarpena oso murritza dela, eta egindako azterketan argi ikusi daiteke kapital errentei presio fiskala biderkatzeko aukera eta tartea egon badagoela.

Borondate politiko kontua da. Zerga sistemaren erreformari heldu behar zaio, ez dago aitzakiarik. LABen egin dugun azterketan bildu ditugu azken hamarkadetako joera nagusiak, eta baita sindikatuaren proposamenak ere.

Hipokrisia gutxiago eta konpromiso erreal gehiago

Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna da. 2000. urteaz geroztik, NBEk egun hori izendatu zuen, eta dei egin zuen estatuek migrazioa prozesua segurua, erregularra eta duina izan dadin lagun zezaten. Langile migratzaileen eskubideak babesteari buruzko Nazioarteko Konbentzioa (1990) izan zen aurrekarietako bat. Hainbat hamarkada igaro dira adierazpen horietatik, eta ez Nazio Batuen Erakundeakk, ez Lanaren Nazioarteko Erakundeak, ez Europar Batasunak ez dute agindutakoa bete. Aitzitik, arrazakeria eta gorrotoa bere DNAn txertatuta daraman Europaren gotorleku izaera berresten dute, eta horixe bera egikaritzeko tresnak dira Erkidegoko estatuen atzerritartasun, asilo eta muga-kontroleko politiken multzoa.

Hego EHn 324.000 migratzaile baino gehiago bizi dira, hau da, biztanleria osoaren % 10-11 inguru. Hainbat lan esparrutan diharduten langileak dira, hala nola nekazaritzan eta abeltzaintzan, arrantzan, elikagaien eta kontserben industrian, ostalaritzan, zaintzan, baso-mozketan… Esplotazioa, diskriminazioa, desberdintasuna, abusuak, xantaiak, esklabismoa, engainuak, desinformazioa, deshumanizazioa, injustizia, errespetu falta, lehen egunetik arbuiatzea, tratu txar psikologikoa, umiliazioa, atsedenak ez betetzea, gehiegizko lanaldiak, kontratu faltsuak, Norbere Babeserako Ekipamenduak eta lan-osasunerako eskubidea ukatzea, errepresaliak, beldurra, presioa, ezintasuna, amorrua, ziurgabetasuna. Hori ez dugu asmatu, laneko arrazakeriaren inguruko bizipen esplizituak dira, eta LABek 2023ko urrian egindako lan-eskubideei buruzko prestakuntza saioetan parte hartzen duten langile migratuek partekatu dituzte.

Langileak gara, eta ez biktimak edota subjektu pasiboak. Aldiz, sindikatuaren parte aktibo gara, gero eta gehiago, antolatzeko modu eta tresna berriak ekartzen ditugularik. Une honetan, gure presentzia erabakigarria izaten ari den borrokak piztuta daude, hala nola nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorekoa Nafarroako erriberan; Amazoneko banaketa-langileen greba, Eroskiko Bizkaiko biltegietakoa, eta etxeko eta zaintzako langileena, zeintzuek azaroaren 30eko Euskal Herriko Greba Feminista Orokorrean erdigunean egotea lortu baitute.

Lan-arrazakeria gorrotoaren eta desparekotasun sistemikoaren adierazpen bat da, eta enpleguaren munduan ahalik eta etekinik handiena ateratzea ahalbidetzen du beren burua defendatzeko aukera gutxien daukaten gorputz eta lan-indarretatik. Guri dagokigunez, sindikatu-tresna gisa, LABetik arrazismoa borrokatu nahi badugu Euskal Herrian, arraza-diskriminazioagatiko lan-abusuzko egoera horiek izendatu eta jorratu behar ditugu. Migratzaileak aintzat hartzea egun zehatz batetik harago doa. Zera eskatzen dugu: borondate politikoa, egikaritzeko moduko konpromisoak, neurri zehatzak, aurrekontua eta hemen finkatzea erabakitzen dutelako edo beste lurralde batzuetarako bidean daudelako Euskal Herrira iristen diren migratzaileek dituzten (eta eskaintzen zaizkien) bizitza- eta enplegu-baldintzen jarraipena.

Amaitzeko, LABek bat egiten du Euskal Herriko hainbat gizarte taldek abenduaren 18an eskubideak exigitzeko egindako deialdiekin.

Datorren igandean, hilak 17, bost greba egunei ekingo diegu, Amazonek ez baititu gure aldarrikapenak entzuten

Gaur, abenduak 15, Greba Batzordea enpresa-zuzendaritzarekin bildu da, eta ez dugu gatazka konpontzea lortu; are, ez dira gure proposamenetako bat bera ere eztabaidatzen hasi.

Laburbilduz, hauek dira enpresako zuzendaritzari helarazi dizkiogun eskaerak 5 greba egunak hasi baino lehen akordioa lortzen saiatzeko.

Soldatak

Datozen urteetarako eros ahalmenari eustea bermatuko duten soldata igoerak, KPIaren igoerei lotuta.

Larunbatak eta igandeak

Jaiegunetan, larunbatetan edo igandetan emandako zerbitzua soldata errealaren gaineko % 75eko igoera ordainduz konpentsatu dadin.

Lanaldia

Atsedenaldia benetako lan-denboratzat hartu dadin.

Kontratu partzialak. Lanaldi partzialeko kontratazioek gutxienez asteko 24 orduko lanaldi arrunta edo hileko 96 orduko lanaldia izan dezaten.

Lanaldi partzialeko kontratua duten langileek jasotzen duten soldata honela kalkulatzea: % 10eko igoera aplikatzea dagokien soldatari kategoriaren eta lanaldiaren arabera.

Enpresak kontratu finko etenak erabiltzean uztea eskatzen dugu, eta 6 hilabeteko epean modalitate horrekin kontratatutakoak mugagabe bihurtzea.

Oporrak

Urtean gutxienez 22 laneguneko oporraldia ezartzea da.

Antzinatasuna

Hirurteko bakoitzeko tauletako oinarrizko soldataren % 3ko zenbatekoa ezartzea, enpresa-hitzarmenaren urte bakoitzean indarrean dagoen lanbide-kategoria bakoitzean.

Joan-etorrien gastuak

Enpresak langileen garraio-gastuak ordaindu ditzan..

Azpikontratatutako enpresentzako subrogazioa

Aberastasuna langile guztiek sortzen dute. Banaketa enpresetako langileek egindako lanik gabe, ezinezkoa izango litzateke gure jarduera aurrera eramatea.

300 pertsona baino gehiagok banatzen dituzte egunero biltegitik ateratzen diren produktuak. Horregatik, funtsezkoa da subrogazioa eskatzea Amazonek azpikontratatutako enpresetan.

Blindaje hori gabe, langileak erabat arriskuan daude; izan ere, sindikatu-mobilizaziorako ahalegin txikiena egiten denean, Amazonek azpikontratatutako enpresarekin kontratua ez berritzeko aukera du, mobilizatu diren langileek Amazonentzat lanean jarrai ez dezaten.

Lanpostuen subrogazioa bermatuz, banaketa-enpresetan borroka sindikalaren aukera bermatzen dugu; izan ere, zerbitzua egiten duen enpresa aldatzen bada, aurreko enpresako langileak bere gain hartu beharko ditu.

Sindikatuek Amazonen Zuzendaritzari aurkeztutako proposamenak, zakarrontzira bota dituztela esan genezake, bake soziala eskatzen jarraitzen dute ezeren truke.

Amazonen jarrera oso larria iruditzen zaigu, arduragabeak izan dira eta dira, eta ez dute gatazkari irtenbidea ematen saiatu nahi.

Datorren abenduaren 17an eta 18an, eta urtarrilaren 3, 4 eta 5ean, Amazoneko langileak grebara joango dira berriro. Enpresari negoziatzeko eseri behar dutela esan, langileen lan baldintzak hobetzeko.

CAFeko amiantoaren aferan protokoloek porrot egin dutela eta sistema goitik behera egokitu behar dela salatu dugu Osalanen kontseilu nagusian

Gaur Osalanen kontseilu nagusia egin da Barakaldon. Berriki Beasaingo CAF enpresan desamiantatze prozesu batean gertatutako egoera larria salatzeko aukera izan du LABek bertan, non enpresaren jarrerak, Osalanen huts egite larriek eta langileek ordezkaritzari jaramon ez egin izanak, hamarnaka langile amiantopean lanean eduki dituen hainbat egunez.

Desamiantatze prozesu baten ostean LABeko ordezkariek amianto hautsen zantzuak topatu zituzten eta berehala enpresari eta Osalani adierazi, ez batak eta ez besteak ez zituzten beharreko neurriak hartu egoerari aurre egiteko eta produkzioak aurrera jarraitu zuen. Osalanen kasuan, gainera, langileei jaramonik egin gabe enpresaren kriterioa aintzat hartu eta prozesua behar bezala egiten ari zirela adierazi zuen. Egun batzuk beranduago neurketa higienikoek erakutsi zuten amiantoa eremu guztitik hedatua zegoela eta honela, hamarnaka langilek egunak zeramatzetala kontaktu zuzena pairatzen.

Adierazgarria da, halaber, lehenbizi egin ziren neurketek, enpresaren irizpideetan oinarrituek, emaitza negatiboa eman zutela amiantoarekiko esposizioari dagokionez. Aldiz, LABeko delegatuek exijitu zuten bestelako irizpide batzuen araberakoak egiteko, hau da, CAFeko errealitateari egokitutako laginketak oinarri izango zituztenak. Bada, kasu horretan, eginiko 12 probatan 10 positiboak izan ziren. Horrek agerian uzten du Osalanen neurketak azalekoak izan zirela eta ez dutela balio lan-osasuna benetan bermatzeko, eta langileen ordezkarien jakintzari eta ardurari esker soilik azaleratu dela lantegiko arrisku-egoera.

Nabarmen geratu da desamiantatze planen kontrolean Osalanek egiten den hutsegite larria, kontrol eza alegia. Plan hauek ikuspegi dokumentaletik soilik dira ikuskatuak, gero prozesuen ikuskatze errealik ez dagoelarik. Honi erantsi behar zaio, langileen ordezkaritzaren salaketak ere ez dituela aintzat hartzen eta honela, ekintza sindikalari esker lortu dugula langileak babestea, batzuentzako berandu izan den arren.

Praktikan beraz, lantoki eta eraikin askotan horrelako desamientatze prozesuak egiten direnean langile eta erabiltzaileak amiantopean egon ohi dira inongo babes neurririk hartu gabe. Nabarmena da protokoloek porrot egin dutela eta sistema goitik behera egokitu behar dela. Kontuan izan behar dugu gainera, datorren hamarkadetan araudiak desamiantatze orokor batetara behartuko gaituela eta horren aurrean tresna egoki eta eraginkorrak ipini behar dituela administrazioak. Tamalez une honetan badirudi ez Osalan eta ez ikuskaritzak ez dutela gaitasunik erronkari aurre egiteko.

LAB pozik agertu da Osasunbideko karrera profesionalak aurrera jarraitzen duelako eta gainkargari buruzko taldeak martxan jarri direlako

Aste honetan, LAB sindikatuak eta Osasun Departamentuak sinaturiko akordioaren ondorioz, martxan jarri dira Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargari buruzko lan mahaiak, bai eta oraindik onartua ez duten Osasunbideko langileen karrera profesionala garatzeko mahaia ere. LABek begi onez ikusten du hitzarturikoa betetzen ari dela, eta buru-belarri ari da lanean mahai horietatik atera daitezen Osasunbideko langile guztien lan-baldintzak hobetzeko neurriak.

Aste honetan abiatu dira Osasunbideko Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargari buruzko mahaiak, bilera kronograma bat planteatuta eta prebentzio zerbitzuak egoeraren diagnostikoa eginda. LABen ustez mahai horiek izan behar dute lan baldintzei, langile eskasiari, arrisku psikosozialen igoerari (barneko eta kanpoko erasoak) eta ebazpenik gabe dauden arazo ugariei irtenbidea bilatzeko beharrezko proposamenak egiteko tresna. Ildo horretan, LABek Osasunbideko langile guztiak animatu nahi ditu beren lanpostuen erronkak, arazoak eta konponbideak sindikatuari helaraz diezazkioten, talde horietan landu eta transmititu ahal izateko.

Hasierako eszeptizismoa gorabehera, sindikatu honek jarrera propositiboa eta salaketak egitekoa izanen du, lan talde horiek arazo kronikoei konponbide errealak eman diezazkieten, Osasunbideko langile guztiei mesede eginen dieten proposamen zehatzekin. Halaber, eskatuko du lan talde horiek sorturiko neurriak benetan ezartzea gainkargaren eta/edo funtzionamendu txarraren arazoak detektatu diren zerbitzuetan.

Nabarmentzekoa da Lehen Arretako lan mahaian agertu den arazo orokorra, berehala konpondu behar diren arazo ugari barnebiltzen dituena: nahikoa langilerik ez dagoela, eta badaudela arazoak arreta behar bezala bermatzea uzten ez dutenak, eta horrek okerrerako eragiten diola langileen lan baldintzei, prozesuak behar bezala burutu ahal izateari eta Arreta Espezializatuaren jarduerari.

Karrera profesionalari buruzko legea, “lehenbailehen”

Karrera profesionalari buruzko lan mahaiari dagokionez, aipatzekoa da Osasun Departamentuak asmoa duela legea “lehenbailehen” prestatuta izateko. Administrazioak aurkezturiko proposamenari lehen ekarpenak egin zaizkio gaurgero. LABek Espainiako estatuan dauden karreren azterketa bat egin du, bere plantillaren behar eta errealitateetara egokituko den eta kalitatezko prestakuntza garapena bermatuko duen Osasunbideko karrera profesionala diseinatu ahal izateko.

LAB sindikatuarendako funtsezkoa da karrera profesional honetan Osasunbideko langile batzuk ez diskriminatzea. Hala, eskatu du karrera profesionala aitortzea Osasunbideko langile guzti-guztiei, izan osasun arlokoak ala ez, funtzionarioak ala lan-kontratudunak, den-denak ere baldintza beretan. Gainera, LABek lanbide kategoria guztien aintzatespen profesionalaren aldeko apustua egin du, eta, horregatik, erdi-mailako teknikarien aitortza espezifikoa eskatu du (erizaintzako zainketako teknikari laguntzaileak, farmaziako teknikariak eta osasun larrialdietako teknikariak), Espainiako estatuan gertatzen den bezala.

Karrera profesionalari loturiko prestakuntza ibilbideari dagokionez, LABen ustez, prestakuntza eskubide bat izanik, arlo publikotik antolatu, sustatu eta kudeatu behar da, eta egokia eta adostua izan behar du. Administrazioak errespetatu egin behar du urteko prestakuntza-kreditua, eragozpenik gabe, eta ikastaro enpresa pribatuen eta prestakuntza lobby-en merkatua behingoz bukatu. Era berean, garapen profesionalak izan behar du maila guztietara egokitua, irisgarria eta arina.

LABen argi daukagu lantalde horien garrantzia. Erabakietan profesionalek parte hartzea funtsezkoa izanen da akordioak lortzeko; beraz, uneoro emanen dizuegu horren berri. Lanetik, mobilizaziotik eta irmotasunetik soilik lortzen dira erronkak. Aurrerapen horiek ez ziren posible izanen Administrazioarekin sinaturiko konpromisorik gabe.

ELAk Gipuzkoako kale garbiketako langileak saldu ditu

Atzo, abenduak 14, Gipuzkoako Kale Garbiketako beste negoziaketa bilera bat izan dugu. Astebeteko epean greba mugagabea iragarrita, patronalak “azken proposamena” aurkeztu du eta gaurko bilerarako erantzun bat izateko konpromisoz amaitu zen bilera. LAB sindikatuko kideok proposamena nahikoa ez dela aurreratu dugun bitartean, ELA sindikatuak prentsa bidez iragarri du akordioa lortu dela. Sektoreko langileak saldu dituztela iritzi dugu.

LAB sindikatukatuko delegatu, afiliatu eta hurbileko kideekinbilduta, goizeko lehen balorazioan berretsi eta proposamena nahikoa ez dela baloratzen dugu. Hobekuntzak badaude ere, egun sektoreak dituen hainbat aldarriri entzungor egiten zaiela uste dugu, eta greba mugagabe batean atarietan, benetan, gehiago lortu genezakela uste dugu. Horregatik, LAB sindikatutik ez dugu akordioa sinatuko.

Urtebete badaramagu ere bilerekin, negoziaketak azken hilabetean langileon presioari esker hasi dira. Iraileko agerraldia, azaroko manifestazio eta abenduko greba mugagabearen deialdia klabea izan dira, edukia mahai gainean jartzeko, izan ere, patronalak orain arte atzerapausoak eta baloraziorik ere merezi ez zuten proposamenak egin baititu.

Zoritxarrez ordea, azken asteetako negoziaketaren eduki guztia sindikatu batek markatutako lehentasunetara mugatu da, eta elkarrekin eraikitako 28 aldarri jasotzen zituen plataforma, ezerezean geratu da.

Erosteko ahalmena bermatzen dela iragarri bat bada ere, ez da urte bakoitzean, KPI osoa bermatzen. Honek eros ahalmena kentzen digu, ez baita berdina 5’4% igoera edo 3’5ekoa. Ulertzen genuen guztiontzat marra gorria zela hau, baina ematen duenez ez. Errelebo kontratua egiteko enpresen derrigorrezkotasuna 13 urtetara murriztea oso positiboa da, eta baita administrazio zein erraustegietako langileek kategoriak jasota izatea ere. Azken puntu honetan ordea, ez dugu uste langileen lana eta baldintzak balioan jartzen direnik. Erraustegian NON STOP turnoan dauden langileak daude, astelehenik igandera, goiz, arratsalde eta gaueko turnoetan lan egiten dutenak. Sektorean beste inork ez ditu baldintza horiek guk dakigula, eta hori, balioan jarri behar dela uste dugu. Mantenimenduko langileei berriz, guardia/disponibilitatea eskatzen bazaie ere, plus honen baldintza eta prezioa airean geratu dira. Azkenik, lehen aldiz Geroa sartzea onartu da. Gako polemikoa dela ulertzen dugu, langile asko ez daudelako ados, eta lehentasuna berriz, inor gutxirentzat.

LAB sindikatutik aldarrikapen asko airean geratu direla uste dugu. Plusetan hobekuntzak eskatzen ziren, baita errealitate berrietara egokitzen ziren konpentsazioak. Bajak 100% osagarritzea beti, lan fisiko handia dagoelako sektorean, baina zoritxarrez, ez da ezer aldatu. Beste aldarrikapen franko ere bazterrean gelditu dira, askok gainera, kostu ekonomikorik suposatzen ez dutenak enpresentzat, eta onura handia berriz, langileentzat. Esaterako, partzialitatean dauden langileek bi egunetako atsedena noiz duten aurrez jakitea.

ELAk langileen baldintzak saldu dituela uste dugu.
Sektorean indarra eta nahia badago, eta hitzarmena ekonomikoki zein sozialki duintzeko aukerak zeudela benetan sinisten dugu. Tristuraz eta haserre hartu dugu gehiengoa duen sindikatuaren erabakia, aldarri sindikalak, langileen beharren gainetik lehenetsi direla ikusten dugulako. Gainera, negoziaketa zehar, gainontzeko sindikatuokin, baina bereziki, langile kolektiboarekin kontatu ez duela uste dugu.Bigarren negoziaketa da aho zapore bera uzten diguna, eta beraz, zalantzak sortzen dizkigu borrokaz hitz egiten badute ere, sindikaturen benetako asmoak zeintzuk diren. Negoziaketa honetan argi geratu da, hitzarmen duin bat lortzeko ezinbestekoa dela borroka, eta beraz, ezinbestekoa da egungo indar korrelazioa aldatzea, hau da, ELA sindikatuari gehiengo absolutua kentzea. Hau bai, langieen eskuetan dago.