2026-11-02
HomeEkintza SozialaEuskal Herrian justizia, erreparazioa eta errekonozimendua oinarri izango dituen harrera baten alde

Euskal Herrian justizia, erreparazioa eta errekonozimendua oinarri izango dituen harrera baten alde

LAB sindikatutik, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren bueltan, errefuxiatuen eta desplazatuen eskubideak, beharrak eta aukerak defendatzeko apustuan sakondu nahi dugu. Asilo-eskubidea nazioarteko giza eskubidea da; Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Genevako Konbentzioan eta Espainiako Konstituzioan jasota dago. Arrazoi desberdinak tarteko, jazarpen edo indarkeria mehatxupean dauden pertsona jakin batzuei babesa emateko konpromisoan datza.

114 milioi pertsona baino gehiago bizi dira mundu osoan gerraren, indarkeriaren eta oinarrizko eskubideen urraketa larrien ondorioz beren lurraldeetatik bortxaz aldenduta. Inoiz erregistratu den zenbakirik altuena. 2023an, 163.220 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainiar estatuan. Bada, 8 eskaeratik bakarra onartu da. Ukrainarrak dira “onuradunen” suertatu direnak, % 98,9ko onarpena izan baitute beren eskariek. Hego Euskal Herrian 8.324 asilo-eskaera erregistratu dira, baina 1.732 plaza baino ez daude harrerarako. Eta larrialdie egoeretarako udal-zerbitzuetan hitzordu bat izateko bi edo hiru hilabeteko itxaronaldia egoten da, batez beste. Zerbitzu horietan premia handiko egoerak kudeatzen dira, jantokietara edo aterpetxeetara joateko txartelak, kasurako.

Zifra horien atzean nazioarteko babes-sistema kolapsatu eta defizitario batean harrapatuta dauden pertsonak daude. Hala, sistema horiek pertsona errefuxiatuen, desplazatuen eta migratuen babes eraginkorra oztopatzen duten trabaz josita daude, eta pertsona horiek ez dira zuzenbideko subjektu gisa aitortzen..

Hau ez da kasualitatea. Europa gotortuaren gidalerroak argiak dira: mugen sekuritizazioa, nekropolitika eta mehatxutzat jotako pertsona horien estigmatizazioa eta jazarpena lurraldeen barnealdean. Migrazio eta Asilorako Europako Itun berriak joera hori berresten du, oinarrizko eskubideak urratzen dituzten hainbat egoera ahalbidetzen dituelako, hala nola pertsonak berehala itzularaztearena, edo mugetan kartzela gisakoak ezartzearena, zeintzuetan trantsitoan dauden pertsonak bertan hainbat egunez atxiki ahal izango diren (umeak barne) eta screening motako kontrolak egin ahal izango zaizkien inolako kontrol judizialik gabe eta osasun arretarik eman gabe. Zer esanik ez haien herrialdeetarako sarbidea ukatzen duten herrialdeen eta “birkokatzen” duten pertsona bakoitzeko 20.000 euro jasotzea onartzen dutenen arteko akordio opakuez. Halakoetan, gainera, ez da aurreikusten birkokatutako pertsona horiei ematen zaien tratuari buruzko jarraipenik egitea.

Premiazkoa da egungo eredua desmuntatzea, heriotzaren eredua baita: elkartasuna kriminalizatzen du salbamendu operazioak oztopatuz eta ez ditu barne hartzen bisa humanitarioen, pasabide seguruen edota sarbide legalen aukerak; Frontex bezalako polizia-agentzia baten eskuetan uzten du mugak knotrolatzeko boterea, baliabideak eta aurrekontua; arraza nahiz etnia profiletan oinarritutako kontrolak, polizia gehiegikeriak eta Atzerritarren Barneratze Zentroak areagotzearen bitartez pertsona horiek jazarri, kriminalizatu eta estigmatizaten ditu; diskriminazioa darabil eta enplegu, etxebizitza eta osasun baldintza duinak eskuratzeko eskubidea ukatzen du.

Gaurkoa bezalako egun batean, LAB sindikatutik uste dugu premiazkoa dela birpentsatzea zer ulertzen dugun babesleku, asilo eta harrera gisa. Egin dezagun posible Euskal Herrian justizia, erreparazioa eta errekonozimendua oinarri dituen harrera-lurralde bat. Gu, gure tokitik eta posiziotik, dagokiguna lantzen ari gara: arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren aldeko apustua egiten, guztiontzako etxe izan dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....