2026-08-01
HomeEkintza SindikalaOntzat jo dugu Iruñeko eremu urdinean lorturiko akordioa, bertze sindikatuek sinatutako aurreko...

Ontzat jo dugu Iruñeko eremu urdinean lorturiko akordioa, bertze sindikatuek sinatutako aurreko hitzarmena nabarmen hobetuko baitu

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok akordio bat sinatu genuen atzo Dornier enpresako hitzarmena berritzeko. Iruñean araututako aparkaleku zerbitzuaren enpresa esleipenduna da Dornier —“eremu urdina” izenez ezaguna—. LABen iritziz, positiboa da atzo sinaturiko akordioa, aurreko hitzarmena nabarmen hobetzen duelako. Orduko hura bertze hiru sindikatuek babestu zuten, baina ez LABek, egiaztatu ahal izan denez, erosahalmena galtzea ekarri baitzuen.

ELAk, UGTk eta CCOOk 2020an sinatutako Dornier-en hitzarmenaren ondorioz, Iruñeko eremu urdineko langileek % 7,2ko erosahalmena galdu zuten. Orain, lau zentral sindikalek sinatutako hitzarmen berriarekin, eta hiru urteko indarraldiarekin, soldata igoerak gutxienez % 10ekoak izanen dira; eta KPIaren berme-klausulari esker —aurreko hitzarmenean ez zegoena—, langileek ziurtaturik dute ez dela gertatuko aurreko hitzarmenarekin gertatu zen erosahalmenaren galera penagarria.

Negoziazioa zaila izan da, bai borrokako batasun sindikalari eusteari dagokionez, bai patronalari aurre egiteari dagokionez. Baina langileek azken hauteskundeetan LAB sindikatuari eman zioten babesari esker —lehen indarra izatera pasatu baitzen—, eta markaturiko helburuak lortzeko plantillak erakutsi duen irmotasunari ezker, azkenean, borrokak bere fruituak ekarri ditu. Gogoan izan behar da langileen gehiengo zabal batek lanuzte partzial eta greba ugari egin dituela; gainera, ekainaren 24tik uztailaren 7ra greba egiteko deialdia egin zen. Hori guztia erabakigarria izan da patronala langileen jarreretara eramateko orduan.

Soldata igoerez gain, akordioak bertze bi hobekuntza ere jasotzen ditu: norberaren aukerako sei egun (indarraldian) eta egun horietako bat finkatzea 2027tik aurrera.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.