2026-04-21
Blog Page 131

Gizarte Segurantzak eta bi enpresatako osasun zaintza zerbitzuek bi garbitzaile lan egitera behartu dituzte nahiz eta mugitzeko eskorgen laguntza behar duten

Mugikortasun arazo nabarmenak izanagatik ere lan egitera behartu dituzten bi garbitzaile nafarren kasua ezagutarazi dugu gaur LAB sindikatutik. Lacera eta Zaintzen izeneko garbiketa enpresetako enplegatuak dira, batek taka-taka baten laguntza behar du eta bertzeak gurpil-aulki batena, eta hala ere Gizarte Segurantzak eta enpresen osasun zaintza zerbitzuek ezintasun iraunkorreko aitortzak eta bajak ukatu dizkiete. LABen uste dugu erakunde horiek tratu ankerra eta iraingarria eman dietela langileei, eta pertsonen osasunerako eta osotasun fisikorako eskubidearen aurka zuzenean egin dutela.

Nafarroan LABen bozeramaile den Imanol Karrerak adierazi duenez, Gizarte Segurantzako eta enpresen osasun zaintza zerbitzuetako arduradunak ez ziren burutik sano egonen bi garbitzaileak taka-taka baten eta gurpil-aulki baten laguntzaz lan egitera behartzeko erabakia hartu zutelarik. Karrerak jokabide “gizagabe, lotsagarri eta iragan mendeetako berezko” horren erantzule egin du CENeko enpresaburu nafarrek lan absentismoari buruz egiten duten diskurtso “manipulatua”, “lan osasunari dagozkion eskubideetan atzera egitea” helburu duena.

Diskurtso “atzerakoi” horren aitzinean, Karrerak ziurtatu du LABek, bere ekintza sindikal eta juridikoaren bidez, beti defendatuko duela Nafarroako langileen lan osasunaren eta bizi baldintzen inguruko eskubideak zabaltzea. Karreraz gain, gaurko prentsaurrekoan bi langileen ondoan izan dira Yolanda Forcelledo LABeko Garbiketa sektoreko arduraduna eta sindikatuko aholkulari bat.

LAB sindikatutik ohartarazi dugunez, Gizarte Segurantza langileen bizi kalitatea okertzen ari da, egoera tamalgarrietan lan egitera behartu arte, bi garbitzaile hauen kasuan bezalaxe. “Arrazoi ekonomiko hutsek gidatuta, Gizarte Segurantzaren ikuskaritza medikoak ezintasunak ez errazteko agindua du, eta, beraz, urtetik urtera langileen bizitza okertzen ari da”, gaineratu du Karrerak.

Taka-taka eta gurpil-aulkia

Lacera enpresako 56 urteko langilearen kasuan, Osasunbideko 2024ko irailaren 17ko txosten medikoak aitortzen du “patologia osteoartikularra dela-eta eguneroko bizitzan mobilizatzeko eta jarduerak egiteko muga garrantzitsuak dituen pazientea” dela, eta ohartarazten du “ibiltzeko eskorga behar duela” (taka-taka). Langile honek %56ko desgaitasun aitortua du. Hala ere, Osasunbidearen ebidentzia medikoaren aurka, aldi baterako ezintasuneko aldia bukatu ondoren, Gizarte Segurantzaren ikuskaritza medikoak ez zion ezgaitasun pertzeptiboa eman irizpide ekonomizista hutsengatik, eta, jarraian, Quirón Prevención osasun zaintza zerbitzuak, 2024ko abuztuaren 19ko txosten baten bidez, garbiketako langilea bere lanpostura itzultzera behartu zuen, “mugekin gai” zela deklaratuz.

Eta hori hala egin zuen, nahiz eta zinizmo ariketa ikaragarrian zera aitortu zuen: langileak “kargak manipulatzea saihestu behar du (altxatzea, trakzioa eta bultzada) > 5 kg; ezin ditu konkortzeak egin (bizkarrezur lunbarra) modu jarraituan; ez du egin behar goiko bi gorputz-adarrak sorbaldaren gainetik behin eta berriz altxatzeko mugimendu errepikakorrak eraginen dituen lanik; ez du egon behar bipedestazio estatikoan, bipedestazio dinamikoarekin tartekatu behar du; ezin da sedestazio luzean egon, bipedestazio estatikoarekin/dinamikoarekin tartekatu behar du”. Muga horiek guztiek objektiboki eragozten diote garbitzaile gisa dituen eginkizunak betetzea, eta, hala eta guztiz ere, Arrotxapeko (Iruñea) Patxi Larrainzar ikasketxean ari da lanean, garbitzen.

Zaintzen izeneko enpresako bertze langileak ere 56 urte ditu eta %49ko ezgaitasun aitortua du. Osasunbidearen 2022ko abuztuaren 25eko txosten mediko batean jasotzen denez, “diagnostikoak, gehienak izaera kronikokoak dira, eta bertze batzuk espezialitate desberdineko jarraipena egiteko zain daude (Barne Medikuntza), eguneroko jarduera gehienetarako oso muga garrantzitsuak dira. Bertzeak bertze, ibileran egondako aldaketa bat nabarmentzen da, eskorga erabiltzera behartzen duena, eta euskarririk/laguntzarik gabeko jarrera finkoetan egoteko mugatzen duena. Era berean, patologia horiek etengabe minez bizitzea eta maila emozionalean ere funtsezko eragina izatea dakarte”. Osasunbideak 2022ko azaroaren 7an egindako bertze txosten mediko batean jasotzen denez, “duela bi hilabete inguru, pazienteak, oinarrizko sintomei dagokienez, gurpil-aulkian laguntza behar du oinez 10-15 minututik gorako joan-etorrietarako”.

Bigarren kasu horretan, langileak oraindik ez du enpresaren osasun zaintza zerbitzuaren txostena jaso. Hala ere, horren faltan, urriaren 2an (bihar) lanera joan beharko du Mendillorriko Mendigoiti ikastetxera (Iruñea). Bere gurpil-aulkiaren laguntzarekin joanen da, noski.

Zuzeneko diskriminazio kasu batengatiko kexa helarazi diogu Arartekoari

Enplegua egonkortzeko prozesu bateko azterketa erditze egunarekin bat zetorrela eta, proba modu duinean egin ahal izateko alternatibarik ez zitzaion eskaini emakume bati.

Z.G.G. Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen. Pertsona horrek azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan.

Z.G.G.k bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, bai eta erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.

Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.

Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k.

LABen uste dugu egoera hori diskriminazio zuzeneko kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz.

Hori dela eta, kexa bat helarazi diogu Arartekoari, Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan: deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke.

Adinekoen nazioarteko egunean, LABek justizia eta duintasuna aldarrikatzen ditu pentsioen sistema publiko eta propio baten bidez

Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna da, eta LABetik gogorarazi nahi dugu gure kide horiek aspaldidanik bizi eta lan baldintza justuen alde daramaten ezinbesteko borroka. Kolektibo anitza, konpromiso nekaezina duena eta klase-elkartasunaren eta ekintza batasunaren eredu dena. Adinekoen eskubideak ukatzen dituzten botere publikoen eta ordezkari politiko eta sindikalen aurrean, berriro diogu ez dugula atzera egingo Euskal Herrian zahartzaro duina izateko eskubidea gauzatu arte.

Norabide horretan aurrera joateko, LABek arlo zehatz batean antolatzen ditu lan-bizitza amaitu duten pertsonak, eta hilabete honen amaieran egingo da LAB Helduak-en hurrengo batzar nazionala. Gure analisiak eta ekarpen propioak egiten ditugu pentsioen arloan, eta sintonian gaude Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) aldarrikapenekin.

Borroka izugarria egin arren, ezin dugu ahaztu gero eta adineko eta pentsiodun gehiago direla ez daukatenak aukerarik bizitza duina izateko beharrezko zenbait baliabide eskuratzeko, hala nola etxebizitza duin bat, neguan energia nahikoa, elikadura egokia eta kalitatezko zaintzako zerbitzu publiko eta komunitarioak, besteren esplotaziorik sortzen ez dutenak. Oinarrizko ondasunen pribatizazio eta prekarizazio gero eta handiagoaz gain, hori gertatzen da pertsona askok, bizitza osoan lan egin badute ere, ez dutelako lortzen pentsio propio duina jasotzea.

Hego Euskal Herrian 200.000 pentsiodun baino gehiago ez dira 1.080 euroko pentsiora iristen, eta horien artean %68,8 emakumeak* dira. Gainera, Espainiako estatuak ematen dituen pentsioak urriak direnez, pentsio propioa eskuratzeko gutxieneko kotizazioa betetzeko oztopoak gainditu arren, hilaren amaierara iristeko EAEn Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bezalako prestazio sozialekin edo Nafarroan kenkari fiskalen bidez osatu behar duten pertsonak ere badaude. Oso larria da bizi-gutxienekora iristeko pentsioa osatu behar duten 80 mila pertsonatik %76 emakumeak* izatea.

Alarguntasun-pentsioak eta kotizazio gabekoak dira Gizarte Segurantzako egungo sistemen alderdirik gaiztoena, enplegu duina izateko eskubidearen urraketa sistematikoa ezkutatzen baitute. Errealitate horrek batez ere emakumeei* eragiten die. Alde batetik, bizitzaren zaintzaren arduradun nagusiak izan dira eta dira oraindik ere, aintzatespenik eta ordainsaririk gabeko lanak eginez, eta, beste alde batetik, ezkutuko ekonomiaren zatirik garrantzitsuena ordezkatzen duen kolektiboa izan da, arautu gabeko, fiskalizatu gabeko eta ikusezin bihurtutako lanak eginez.

LABen defendatzen dugu pentsioak eta soldatak ezin direla bereizi. Horregatik, azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela gutxieneko pentsioaren zenbatekoak hemengo LGS-aren (Lanbidearteko Gutxieneko Soldata) erreferentzia izatea. Horrela, EHPMk 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko premia handia dago; izan ere, aipatutako LGSaren erreferentziaren arabera, pentsio horrek are handiagoa izan beharko luke. Hori dela eta, irailaren 26an MPEHk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearekin bat egiten dugu.

Adinekoen Nazioarteko Egunean agerian jartzen dugu bizi dugun pobretzearen eta prekarietatearen hedapenak modu espezifikoan eragiten digula bizitzako une ezberdinetan. Funtsezkoa da gogoeta egitea, gizarte gisa, ikusteko ea nola antolatu nahi dugun gure etorkizuna eta adinekoen oraina. Horrek eskatzen digu eredu kapitalista, etnozida eta patriarkalaren muga kontzeptual batzuk haustea pentsio-sistemak birdefinitzeko.

Horregatik guztiagatik, LABen uste dugu garaia iritsi dela pentsio-sistema publikoa, solidarioa, kontribuziozkoa eta banaketakoa eraikitzeko premiari heltzeko, lan-harremanen eta babes sozialaren berezko esparrua garatuz. Hori lortzeko apustu irmoa egiteko unea da, Euskal Herriko langileei bidezkoa eta birbanatzailea izango den sistema bat bermatzeko, adineko emakumeekiko zor patriarkala ordainduko duena eta hemen bizi garen pertsonen errealitate espezifikoari kasu egingo diona. Borrokak merezi du! Pentsionistak aurrera!

Elkarretaratzea egingo dugu asteazkenean Hendaiako komisaldegiaren aurrean, deklaratzera deituak izan diren militanteekin elkartasunez

Joan den astean, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko LABeko bozeramaileak eta Eñaut Aramendi sindikatuko Ekintza Sozialeko kideak frantses poliziaren deialdi bat jaso zuten, beste eragile batzuetako 5 pertsonekin batera, urriaren 2an Hendaiako komisaldegian deklaratzera joateko.

Leporatzen diete poliziaren hitzetan “irregularrak” diren pertsonei laguntza ematea. Honen aurrean, Dufauk adierazi du “jarraitzen dugu erraiten eta ozenik errepikatzen elkartasuna ez dela delitua eta inor ez dela ilegala”, bideo honetan ikus dezakegun moduan.

LABek, beste hainbat eragilerekin batera, elkarretaratzea deitu du Hendaiako komisaldegiaren aurrean, urriaren 2an, 8:45ean. Aramendik, “jendarte guztia eta bereziki langile guztiak” deitu ditu mobilizazio honetan parte hartzera, deklaratu behar duten kideei “sustengua erakusteko eta Europatik datozen migrazio politiken kontra mobilizatzeko”.

LABen uste dugu Nafarroako Gobernuak huts egin duela Industria legearen proposamenean, anbizio eskasa erakutsi duelako eta ez dituelako sindikatuaren ekarpenak aintzat hartu

Nafarroako Gobernuak, Maria Txibite lehendakaria buru duela, sektorerako foru lege proposamena aurkeztu du gaur Industria Foroan; proposamen hori, teorian bederen, hainbat elkarte, patronal, kluster eta sindikaturen parte-hartzearekin idatzi dute. Hala ere, aurkeztu dutena ikusita, LABen haserrea adierazi nahi dugu, ez dituelako kontuan hartu sindikatu honek egindako ekarpenak, kalitatezko enpleguari eta aberastasunaren banaketa defendatuko dituen trantsizio ekologikoari begira.

Nafarroako Industriari buruzko lege proposamena idazteko prozesu osoan zehar, LABetik behin eta berriz adierazi dugu sektorean egiturazko aldaketak egiteko beharra dagoela, etorkizuneko erronka handien aitzinean eta Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak duintzeko bidean aurrera egiteko. Hala, bertzeak bertze, proposatu dugu trantsizio ekologikoaren prozesuetan langileen parte-hartzea bermatzea, enpleguei eustea erdigunean jarriz; proposatu du enpleguaren banaketan eta kalitatean sakontzea, lanaldia astean 30 ordura murriztuz; eta proposatu dugu enpresei sustraitzearen aldeko eta deslokalizazioaren aurkako konpromiso bat ezartzea.

Baina LABen irudikoz, Nafarroako Gobernuak huts egin du. Gobernuak ez die gai horiei heldu nahi izan. Kontrara, patronalaren pribilegioak handitu nahi izan ditu, adibidez, Industriako leihatila bakarrarekin, administrazio-izapideak eta zerga-hobekuntzak alde batera uzteko pribilegioa baino ez dena. Hori ez da gehiengo soziala osatzen duten sektoreko langileek espero zuten mugarria. Ildo horretan oso sintomatikoa da legeari eman nahi dioten azken izena: “Industriaren eta Enpresa Sustapenaren Legea”.

LABen gure oinarriak aktibatuta ditugu Nafarroako Industriaren etorkizun iraunkor baten alde, lan baldintza duinak dituen etorkizun baten alde eta langile klasea etxera bizirik itzultzea ahalbidetuko duen etorkizun baten alde. Eta noski, sindikatu honek oinarri horiek aktibatuko ditu lege honek sektorerako nahitaezkoak diren erronkei aurre egin diezaien.

Lege proposamenaren erakusketa publikoan, LABetik beharrezkotzat jotzen ditugun ekarpenak egiten jarraituko dugu eta beharrezko estamentu guztiak interpelatuko ditugu horiek kontuan har ditzaten, eta, jakina, Gobernuari anbizio handiagoa eskatuko diogu etorkizuneko legea Nafarroako gehiengo sozialaren interesetara hurbil dadin.

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Akordioak onartu egiten ditu behin-behinekotasun tasa altua murrizteko neurri batzuk. Batetik, Europak zehazturiko behin-behinekotasun tasa %8ra iristeko 2024ko abenduaren 31 baino lehen burutu behar diren egonkortze prozesuak bukatzea; eta bestetik, mahai sektorialean negoziatzea Enplegu Publikoaren Eskaintzaren ereduaren aldaketa eta langileen egonkortasunerako formula berriak.

LABek adierazi izan du %8ko behin-behinekotasun tasaren helburu hori oso urrun dagoela gaur egun, eta berariaz eta urgentziaz negoziatu behar direla salbuespenezko enplegu publikoaren eskaintzak zein egonkortze neurri gehigarriak, arreta berezia jarriz Lehen Mailako Arretako langileengan. Alta, LABentzat gai honi heltzeko ezinbestekoa da Osakidetzak behingoz aitortzea estrukturalak direla urteetan zehar langile kategoria ezberdinetan sortu dituen koderik gabeko lanpostuak, hauek Lanpostu Zerrendan txertatuz.

Aurrekoaz gain, akordioak agerian uzten du ESI bakoitzeko asistentzia-premiak eta beharrezko langileen estaldura ez direla nahikoa. LABek uste du gai honi heltzeko ezinbestekoa dela pribatizatu eta azpikontratu den asistentzia sanitario osoaren diagnostikoa egitea, gerora Osasun Sistema Publiko indartsu batetik eskaintzeko neurri eraginkorrak har daitezen.

LABen iritziz hartu beharreko neurri eraginkor hauen artean badaude berehalako erantzuna behar duten adibide batzuk, hala nola Iurretako plataforma logistikoaren proiektuaren moratoria. Plataforma hori Osakidetzako langileekin proiektatu behar da. Osakidetzak bere barneko mantentze-lanak zuzenean kudeatzeko beharrezkoa den habilitazio edo gaikuntza eskuratu behar du, plantillako langileek lan horiek burutu ahal izan ditzaten, eta horretarako plantila egokitu behar da; izan ere, lan hori kanpoko hamarnaka enpresen egitea ezin da inondik inora onartu. Beste adibide bat Bizkaiako ikuztegien afera da. Osakidetzako lan-baldintzen akordioak (2008koak) garbi dio pleguak bukatzen joan ahala Osakidetzak ikuztegi zerbitzu propioa gauzatu behar zuela, baina oraindik ez da norabide horretan pausorik eman, alderantziz. Ikuztegien eta aipatutako gaikuntzen kasuan, hain zuzen ere, EAEko Auzitegi Nagusiak LABen aldeko bi epai eman ditu, zerbitzuok Osakidetzak zuzenean kudeatu beharrekoak direla berresten dutenak.

Gainera, ESIetatik zein gainerako osasun-zentroetatik lan mediku asko pribatizatu dira, fakultatiboen autokontzertazioa bultzatu da, zerbitzu-zorroan eskaini beharko liratekeen hainbat zerbitzu pribatizatu dira edota zuzenean ESI batzuek osasun-zentro pribatuekin zerbitzuak hitzartu dituzte. Pribatizazio eredu hori errotik eraldatu behar da eta pribatizazioarekin amaitzeko erabaki politikoak hartu behar dira.

Bestalde, sindikatuaren ustez ezinbestekoa da, pribatizazioaren gaiarekin batera, langileen ordezkariekin langileen estaldura orokorrari heltzea, ESIetatik haratago, osasun-zentro guztietan dagoen estaldura aztertuz. Gainera, langileen estaldura orokorra aztertu eta negoziatzeko langile kategoria guztietan dauden lan-kargak aztertu behar dira, eta murriztu. Hau da, ratioak aztertu eta jaitsi behar dira.

Guzti hau esanda, ikusteko dago akordio honek onartzen dituen eta mahai-sektorialera eramango diren eduki hauek eta beste batzuk negoziatu eta adosteko Osasun Sailak izango duen borondatea. LABek indarra egingo du asmo hutsetatik pasa eta Osakidetzaren eraldaketarako neurriak eskuratzeko, zer esanik ez, langileen lan-baldintzei dagokienean.

Garraiolari bat hil da lan-istripuz Nafarroan

Gaur goizean langile gipuzkoar bat zendu da gai arriskutsuak garraiatzen ari zela Lodosan. 2024an dagoeneko 10 garraiolari hil dira Euskal Herrian. Orotara, 43 langile hil dira lan istripuz, laneko gaitzak aintzat hartu gabe.

Azken urteotan LABetik bereziki salatzen ari garen moduan, garraio sektorean istripuen inzidentzia oso altua da. Hainbat faktore daude guzti honen atzean, baina bada guztiei gailentzen zaien arrazoi bat: prekaritatea gero eta hedatuagoa dagoela sektorean. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, eta abar. Horrek guztiak istripuak sortzeko aukerak areagotzen ditu eta, era berean, arazo kardiobaskularrak eragiteko “koktel perfektua” sortzen du, azken kasu honetakoa bezalako emaitzekin.

Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak ekidin daitezkeela, eta borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango baitira.

Azken heriotza hau salatzeko asmoz, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGTk osatzen dugun intersindikaletik ekimenak deituko ditugu datorren astean.

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.

LABetik salatu nahi dugu administrazioek aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazio soziolaboralari buruz hitz egiten duten bitartean, enplegu zentro berezietako langileek akordio horien eraginkortasunik eza eta hauen atzean dagoen negozioa salatzen jarraitzen dutela. Berriro ere errepikatu nahi dugu urteak aldarrikatzen daramaguna, aniztasun funtzionalaren sektoreko lan- eta bizi-baldintzak benetan hobetzea ekarriko duten proiektuak eta akordioak behar ditugu.

Lan Aukera proiektuak ez die erantzuten gure sindikatuaren aldarrikapen historikoei. Eusko Jaurlaritza zein Aldundiei benetako neurriak eta politikak eskatu dizkiegu enplegu-zentro berezietako lan-baldintzak hobetzeko, enplegu arrunterako benetako trantsizioa sustatzeko, LGSari lotutako soldaten prekaritatea gainditzeko, behin-behinekotasuna murrizteko, eskulan merkea izateari uzteko, soldata-eskala desberdinak gainditzeko (soldata txikiagoarekin lan bera egiten baidugu), gure aldi baterako ezgaitasunen osagarriak hobetzeko, eta abar. Horren aurrean ikusezin mantendu dituzte beti sektoreko langileak eta entzun ere ez diete egin.

LABetik inplikatutako eragileekin, hau da, erakundeak eta patronalarekin, benetako elkarrizketa eraginkorra izatea eskatzen dugu. Enplegu-zentro berezien sektoreak milioiak mugitzen ditu, eta aniztasun funtzionala duten pertsonen prekarizazioan eta bazterketan oinarritzen da.

LABen borrokan jarraituko dugu honako aldarrikapenen alde:

Eredu eta politika aldaketa. Enpresen onura ekonomikoa bultzatzen duten eta neurri baztertzaileak sustatzen dituzten erakundeen aurrean borrokatu behar dugu. Haien legeek betikotzen dutelako langile hauen diskriminazioa.

Estatalizazioari aurre egitea eta lan-baldintzak parekatzea. Hego Euskal Herrian ez dago erreferentziazko lan-hitzarmenik sektorean. Aniztasun funtzionala duten langileen lan eta bizi-baldintzak hemen erabakitzeko eta adosteko, EAEko eta Nafarroako enplegu zentro berezietako lan hitzarmen baten alde borrokatu behar dugu. Izan ere, lan-baldintzak oso desberdinak dira enpresaz enpresa, eta alde handiak daude sektoreko langileen artean.

Enplegu arrunterako igarobidea bermatzea. Horrek gizarteratzeko eta laneratzeko benetako aukera izan behar du.

Premiazkoa da enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea.

Mobilizazioa egingo dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean Zubietxe Elkarteko langile batek jasandako erasoaren ondoren

Atzo, Gizardatz patronalaren parte den Zubietxe Elkarteko langile batek eraso bat jasan zuen bere lanpostuan. Elkartea Bilbon kokatuta dago, eta arrisku edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonekin egiten du lan. Besarkada bat bidali nahi diogu erasoa izan zuen langileari, eta lehenbailehen sendatu ahal izatea espero dugu.

Era berean, jakinarazi nahi dugu erakundeko zuzendaritzarekin bilduko garela eta Lan Ikuskaritzara ere joko dugula horrelako erasoak berriro gerta ez daitezen neurriak eskatzeko.

Gainera, Gizardatz patronala eta Bizkaiko Foru Aldundia salatu nahi ditugu, eraso horien erantzule direlako. Ez dira soilik eraso fisikoak, kasu honetan bezala, baizik eta Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileen kolektiboak bere lanpostuetan egunero jasaten dituen arrisku psikosozialak. Errealitate hori ezkutatzen eta gutxiesten saiatzen dira Gizardatz eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Zerbitzu publiko hauek azpikontratatzeko eta pribatizatzeko egungo eredua, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek inposatzen dutena, agortuta dago. Honek, gaur egun egiten den bezala, prekaritate- eta kalteberatasun-espazioak sortzen ditu langileentzat, eta, gainera, zerbitzuaren kalitatea okertzen du.

Ezinbestekoa da zerbitzu publiko horiek pribatizatzeko egungo eredua gaindituko duen eztabaidari berehala ekitea. Esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak dira.

Erasoa eta esku-hartze sozialeko langileek ematen dituzten zerbitzu publikoen pribatizazioa salatzeko, mobilizazioa egingo dugu urriaren 1ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Bilboko Kale Nagusiaren 25.ean, goizeko 12:00etan.