2026-09-21
HomeEkintza SindikalaLABen uste dugu Nafarroako Gobernuak huts egin duela Industria legearen proposamenean, anbizio...

LABen uste dugu Nafarroako Gobernuak huts egin duela Industria legearen proposamenean, anbizio eskasa erakutsi duelako eta ez dituelako sindikatuaren ekarpenak aintzat hartu

Nafarroako Gobernuak, Maria Txibite lehendakaria buru duela, sektorerako foru lege proposamena aurkeztu du gaur Industria Foroan; proposamen hori, teorian bederen, hainbat elkarte, patronal, kluster eta sindikaturen parte-hartzearekin idatzi dute. Hala ere, aurkeztu dutena ikusita, LABen haserrea adierazi nahi dugu, ez dituelako kontuan hartu sindikatu honek egindako ekarpenak, kalitatezko enpleguari eta aberastasunaren banaketa defendatuko dituen trantsizio ekologikoari begira.

Nafarroako Industriari buruzko lege proposamena idazteko prozesu osoan zehar, LABetik behin eta berriz adierazi dugu sektorean egiturazko aldaketak egiteko beharra dagoela, etorkizuneko erronka handien aitzinean eta Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak duintzeko bidean aurrera egiteko. Hala, bertzeak bertze, proposatu dugu trantsizio ekologikoaren prozesuetan langileen parte-hartzea bermatzea, enpleguei eustea erdigunean jarriz; proposatu du enpleguaren banaketan eta kalitatean sakontzea, lanaldia astean 30 ordura murriztuz; eta proposatu dugu enpresei sustraitzearen aldeko eta deslokalizazioaren aurkako konpromiso bat ezartzea.

Baina LABen irudikoz, Nafarroako Gobernuak huts egin du. Gobernuak ez die gai horiei heldu nahi izan. Kontrara, patronalaren pribilegioak handitu nahi izan ditu, adibidez, Industriako leihatila bakarrarekin, administrazio-izapideak eta zerga-hobekuntzak alde batera uzteko pribilegioa baino ez dena. Hori ez da gehiengo soziala osatzen duten sektoreko langileek espero zuten mugarria. Ildo horretan oso sintomatikoa da legeari eman nahi dioten azken izena: “Industriaren eta Enpresa Sustapenaren Legea”.

LABen gure oinarriak aktibatuta ditugu Nafarroako Industriaren etorkizun iraunkor baten alde, lan baldintza duinak dituen etorkizun baten alde eta langile klasea etxera bizirik itzultzea ahalbidetuko duen etorkizun baten alde. Eta noski, sindikatu honek oinarri horiek aktibatuko ditu lege honek sektorerako nahitaezkoak diren erronkei aurre egin diezaien.

Lege proposamenaren erakusketa publikoan, LABetik beharrezkotzat jotzen ditugun ekarpenak egiten jarraituko dugu eta beharrezko estamentu guztiak interpelatuko ditugu horiek kontuan har ditzaten, eta, jakina, Gobernuari anbizio handiagoa eskatuko diogu etorkizuneko legea Nafarroako gehiengo sozialaren interesetara hurbil dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.