2026-11-03
Blog Page 12

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

LABek balioan jarri nahi du joan den asteazkeneko Osakidetzako ospitaleetan, lehen arretako zentroetan eta bestelako lan zentroetan egin ziren kontzentrazioen arrakasta. Kategoria desberdinetako ehunka langile batu ziren, garbitzaileetatik falkultatiboetaraino, euren lan-baldintzen defentsan eta euskal osasun sistema publikoa indartzeko eskatzeko. Agerian geratu dira plantillaren nekea eta haserrea.

Greba eta mobilizazio dinamikaren hasierarekin batera, 18 urteren buruan Osakidetzako lan-baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroa eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren egituraren proposamena heldu dira.

LABek, lehen balorazio azkarra eginda, argi du proposamen hau greba eta mobilizazio dinamikaren iragarpenak bultzatu duela, gobernu hau soilik horrela mugitzen delako. Edukiari kasu eginez, LABek azterketa sakona egingo du ekarpen kualitatiboak egiteko, helburua izanda ereduaren aldaketa, pribatizazioaren lehengoratzea, unitate eta kategorien araberako ratioen hobetzea, langileen eta erabiltzaileen euskara eskubideak bermatzea, lana eta bizitza pertsonala uztartzea, guardiak eta formakuntza orduak urteko lanorduen barruan egotea, erosahalmena berreskuratzea eta abar.

Zoritxarrez, bidalitako proposamenean, LABek ez ditu gai hauek behar bezala garatuta ikusi: ez dago urteko lanaldiaren jaitsierarik eta ordainsarien inguruko proposamenik ez da garatu, osagarrien deskribapena egitera mugatzen baita. Euskarari dagokionez, asmoen adierazpen bat baino ez da jasotzen, eta berdin berdintasun planari dagokionean edo telelana arautzeko artikuluetan.

Bestalde, giza baliabideak antolatzeko plana garatu gabe bidali dutela adierazi du LABek, eta plan horretan izendatzen dituzten hainbat gai akordioaren negoziazioaren esparruan txertatzea eskatuko du; besteak beste, unitate eta kategorien araberako ratioen inguruko negoziazioa, behin-behinekotasunaren tasa, kontratazio-poltsak kudeatzeko irizpidea eta plantillaren gazteberritze plana, eta arrisku psikosozialak.

Era berean, lan osasunari lotutako absentismoari lotutako aipamenak oso larriak iruditzen zaizkio sindikatuari.

Beraz, gatazka konpontzeko lan asko dagoela azpimarratu du LABek, eta langileekin edukia konpartitu eta lanean jarraituko du, kalean zein negoziazio mahaietan. Sindikatuak argi du eredua eta egoera bideratzeko mobilizazio zein grebak giltzarria izango direla argi du.

Bestetik , LABek balioan jarri nahi du intersinkaleko greba eta mobilizazio dinamika hau martxan jartzeko SATSE, ELA, CCOO eta UGTk elkar ulertzeko izan duten gaitasuna, eta sinetsita dago guztiak batuta presio gehiago eta akordio hobea lortuko dutela.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena


Sindikatuak ez du babestu nazioarteko salgaien garraioaren logistikaren kudeaketan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten.

Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri.

Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan.

Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu.

Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Gaurko egunez bildu da Udalhitzeko mahai negoziatzailea. EAJk eta PSEk ateak itxi dizkiote negoziazioari hainbat gaietan ez dutelako inolako mugimendurik egin nahi izan. Udalhitzeko negoziazioari bukaera eman diote EAJk eta PSEk inolako mugimendurik egin gabe. Bi alderdi hauek garbi utzi dute ez direla mugituko proposamen horretatik.

EHBilduk, ordea, negoziazioak aurrera egiteko proposamenak jarri ditu mahai gainean; bereziki, euskararen alorrean eta azpikontrataturiko langileen subrogazioari dagokionean. Gainerako gaietan hitz egiteko prestutasuna adierazi du ere.

Bi urteko negoziazioaren ondoren, gai hauetan ez mugitzeagatik, EAJk eta PSEk blokeoa sortu dute eta negoziazioa itxitzat eman nahi izan dute. LABen ustez ezinbestekoa da grebaren bidez negoziazio mahai ez ixtea eta eduki hauek borrokatzea:

  • Publifikatuko diren zerbitzuetako langileen subrogazioa jasotzea. EAJ-PSEk ez dute subrogazioa bermatzen.
  • Euskararen gaian zaharrak berri. EAJ-PSEk aurkezturiko proposamenak ez du euskaraz lan eta bizi ahal izateko tokiko administrazioetan neurri gehigarririk hartu nahi, ez eta sarbidean euskara gaztelaniarekin parekatu nahi. LABetik behin eta berriz adierazi diegu euskara gaztelaniaren pare jartzeko garaia dela eta sarbidean euskararen hizkuntza-eskakizuna ere derrigorra izan behar dela, tokiko hizkuntza-plangintzaren arabera lanpostu batzuk salbuetsiz eta hizkuntza eskakizuna eskuratzea kasu horietan geroratuz; horretarako, udalek langileak euskalduntzeko baliabide eta liberazioak eskaini behar dituztelarik. Hori da hain zuzen ere EHBilduren proposamenak jasotzen duena.
  • Soldatak berreskuratzeko, zorra onartzeko eta erosahalmena bermatzeko igoerak zenbatekoak izango diren ez dute adostu nahi izan, ez eta horiek egiteko tresna ezberdinak nola baliatu.

EAJk eta PSEk, beraz, negoziazioari ateak itxi dizkiote urte luzeetako negoziazioa pikutara bidaliz. Orain da ordua borrokaren bidez langileak aktibatu eta urriaren 8ko grebaren bitartez ezinbestekoak falta diren edukiak borrokatu eta eskuratzeko. Langileon ordua da! Borrokatu dezagun dagokiguna!

Goizean eserialdia EUDELen

Gaurkoan, adostuta genuen azken mahaia negoziatzailea burutu baino lehen LABek eta ELAk protesta ekintza bat egin dugu. Kanpoan kontzentrazioa burutzeaz gain, beste pausu bat eman dugu eta Eudelera sartu gara bertan salaketa eserialdi bat egitera. Nazkatuta gaude mugimendurik gabeko mahaiez eta horregatik gaurko ekintzarekin LABetik eta ELAtik zuzen interpelatu nahi izan ditugu EUDEL osatzen duten alderdiak. Gogorarazten dugu, Udalhitzeko mahaian eduki nahikoa duen adostasuna lortu ezean, urriaren 8an egun osoko greba egingo dugula.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko asmoa iragarri dute. Hurrengo pausuen artean, astelehenean Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan bilera izango dute enpresarekin, eta Bergarako hurrengo Osoko Bilkuran mozioa landuko da gaiaz.

Erakutsitako elkartasunagatik eskerrak eman dizkiete herritarrei ITASUAko langileek:”Gure aldarrikapena Bergarako kaleetara zabaltzea erabaki dugu. 76. eguna greba mugagabean izanik, badakigu gure lanak, eskaintzen dugun zerbitzuan eragiten duela eta zuetako asko ere ondorioak jasaten ari zaretela. Gure asmoa enpresa mugiaraztea da gure lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Enpresaren blokeoak eta negoziatzeko benetako borondaterik ezak bide hau hartzera eraman gaitu Langileok gure lan baldintzak defendatzeko eskubidea dugu, eta horixe egiten ari gara”.

Langile hauek duela aste asko negoziazio prozesu bat abiatu zuten, helburu argi batekin: lan baldintzetan aurrerapauso garrantzitsu bat ekarriko zuen enpresa hitzarmen bat sinatzea. Eskaerak ez dira neurrigabeak; sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia bilatzen dute. Gipuzkoan dauden beste IAT/ITV enpresa bateko langileek baino 133 ordu gehiago egiten dituzte urtean, eta soldata askoz ere txikiagoak jasotzen dituzte.

ITASUAren jarduera berezia da. Herritar guztiak behartuta daude beren ibilgailuak aldizka IATra azterketa teknikoa egitera eramatera, segurtasuna bermatzeko. Neurri hori beharrezkoa eta egokia da, noski. Hala ere, ezin dugu ahaztu jarduera hau derrigorrezkoa dela herritarrentzat, eta, horregatik, interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko dituela.

Urtez urte, jarduera horrek etekin ekonomiko handiak sortzen ditu. Azken 5 urteetan, Larrauri familiak 5.000.000 € inguru eraman ditu etekinetan. Ezin da onartu zerbitzu honen etekinak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan baldintzak atzean uzten diren bitartean. Zerbitzu honek gizarte osoari mesede egin behar dio, eta horrek langileen baldintza duinak ere bermatzea esan nahi du.

Negoziazio prozesuan zehar, zoritxarrez, enpresak benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi du. Horren adibide da Gasteizko hiru ordezkarirekin sinatutako eraginkortasun mugatuko akordioa. Akordio hori ez da ITASUAko langile guztien ordezkaritzarekin adostu, eta ez du gatazka honi irtenbide orokorrik ematen. Hala ere, enpresak akordio hori baliatu nahi izan du negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko. Jarrera hori arduragabetzat jotzen dugu, langileen zati handi batek ez baitu akordio hori onartu eta negoziatzen jarraitzeko borondate argia erakutsi baitu.

Bergarako eta Zarauzko ordezkariek eta langileek ez dute akordio horrekin bat egin. Gure konpromisoa argia da: negoziazio mahaian benetako akordio justu bat lortzea. Enpresari luzatzen diogu dei hau, oraindik garaiz baitago gatazka honi konponbidea jartzeko. Baina horretarako, edukien inguruan seriotasunez joka dezaten ere eskatzen dugu, ez gara edozein akordiorekin konformatuko egoera honetan.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari ere dauzkan ardurak bere gain hartzea eskatzen diogu, Industria Sailetik ez-ikusiarenak egiten ari baitira gatazka hasikusiarenak egiten ari baitira gatazka hasi zenetik, eta egoera larritzen doa. Beraz, berririk ezean, langileek argi dute greban jarraituko dutela merezi dituzten lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.

Imanol Pradales lehendakariak Mikel Torres lehendakariorde eta lan sailburuari kargu hartu beharko lioke, uko egin baitio bi sindikatu nagusiekin biltzeari LGSri buruzko elkarrizketa eskatu diotenean.

CONFEBASK patronalak hirutan itxi dio atea LGSri buruzko negoziaketa irekitzeari. Eusko Jaurlaritzaren eta lan saila zuzentzen duen PSE-EEren bultzadaz, 145.000 sinadura jaso zituen herri-ekimen legegilea izapidetzea eta eztabaidatzea debekatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Erabaki antidemokratiko eta autoritario hauen aurrean LABek eta ELAk, beste sindikatu eta eragile batzuekin batera, greba orokor arrakastatsua egin zuten martxoaren 17an.

Ekimen hauek guztiek argiro erakutsi dute euskal herritarren artean gutxieneko soldata propio baten aldeko babes zabala eta hasteko 1.500 eurotan ezartzeko adostasuna dagoela. Bada garaia EAEko lehendakari Imanol Pradalesek ere dagokion lidergoa hartu dezan eta patronalari aurre egin diezaien elkarrizketari ezarri dion betoa gainditzeko. Era berean, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJ eta PSE-EEk legebiltzarrean emaniko ezekoaren norabidea aldatzeko lan egin beharko luke.

Patronalak langile prekarioak nahi ditu are diru gehiago irabazi ahal izateko eta EAJk zein PSE-EEk nahiago dute euskal langileei espainartasuna inposatzea langileen bizi-baldintzak hobetzea baino. EH-Bildu prest agertu da Espainiako Kongresuan LGSren aldeko iniziatiba hartzeko eta, publikoki ekimena babestuko duela esan arren, ikusteke dago EAJk azkenean babestuko ote duen. Bada, EAEko kargu instituzional nagusiak, lehendakariak, herritarren nahiari bide emateko LGSren aldeko ekimen politiko zehatzak jarri behar ditu martxan.

Mobilizazio ziklo indartsu baten ondoren, LAB eta ELA hainbat eragilerekin bilerak izaten ari dira LGS propioa gauzatu ahal izateko. Harreman horien artean Imanol Pradales lehendakariari ere eskaera egin diote hurrengo asteetan LGSri buruzko bilera monografiko bat izateko. Bileran, LGSren aldeko ekimen zehatzak eskatzeaz gain, Mikel Torres lehendakariorde eta lan sailburuari kargu hartzea eskatuko diote EAEko sindikatu nagusiek, honek uko egin baitio LABekin eta ELArekin biltzeari eta, gainera, mehatxu egin baitie Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen ez dutelako eta ez dituztelako bertan Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalak zuritu nahi.

Azkenik, LABek eta ELAk argi utzi nahi diote lehendakariari ez dutela amore emango LGS propioa lortu eta hasteko 1.500 eurotan kokatu arte.

Euskal sindikalismo eraldatzailea indartzeko deia egin du LABek, eragiteko gaitasuna biderkatzeko

Hauteskunde sindikaletan oldarraldi erreakzionarioari erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei: “Euskal Herritik ez dira pasako!”.

Euskal langileriaren alde eremu guztietan eragitea da LABen sindikalismo ereduaren oinarria, bai eremu sindikalean, baina baita sozialean eta politikoan ere. Langile sektore desberdinak antolatu eta aktibatu, eta haien lan eta bizi baldintzak duindu nahi ditu LABek, alde batetik, eta, bestetik, aldaketa handiagoak bultzatu nahi ditu: eraldaketa sozialerako eta nazionalerako agente aktiboa da.

Eragiteko gaitasuna handitu nahi du LABek, ez bere interes propioen mesederako, baizik eta langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko eta horien aldeko aldaketak bultzatzeko. Nazio Biltzarra egin zuen atzo LABek Arrasaten, eta sindikatuan eremuz eremu lanean ari diren dozenaka kide elkartu ziren bertan. Biltzarrean etengabe errepikatu zen aipatutako ideia hori: LAB zenbat eta indartsuago, orduan eta aukera handiagoa euskal langileon aldeko aldaketak eragiteko. Horregatik, hauteskunde sindikalen epe trinkoan bere indarra biderkatu nahi du LABek, hala, bere eragiteko gaitasuna handitzeko.

Langileei bizkar ematen dieten patronalei eta gobernuei mezu argia helarazteko aukera ezin hobea izango dira hauteskundeak, Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak gogora ekarri zuenez, eta ohartarazpen argia egin: “euskal langileriak borrokarako hautua egin du, eta hauteskunde sindikaletan hautu hori berretsiko du”.

Bestetik, indartzen ari den olatu erreakzionarioaren aurrean erantzun irmoa emateko aukera ere izango dira hauteskunde sindikalak, Arroyok gogora ekarri zuenez. Izan ere, oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modua eremu guztietan langileen aldeko neurriak hartzea da LABen ustez, eta, horiek aldarrikatzearekin batera, langileria lantokiz lantoki aktibatzea beharrezkoa ikusten du olatu erreakzionarioaren aurrean mezu argia emateko, Arroyok nabarmendu zuenez: “Euskal Herritik ez dira pasako”.

Los Ochoseko bizilagunen mezu argia, Erandioko herriaren babesarekin: “Ez gara joango”

“Etxebizitza eskubidea da, eta eskubideak defendatu egiten dira”, adierazi dute bizilagunek, eta euren bizi proiektua garatzeko eskubidea bermatu arte borrokan eta antolatuta jarraituko dutela berretsi dute. 

“Gaur ozen eta argi diogu: bota egin nahi gaituzte, baina ez gara joango”. Mezu ezin argiagoa eman dute Erandioko Los Ochos eraikinetako bizilagunek gaur Erandion, ehunka herritarren babespean. Izan ere, alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude La Caixa bankuak higiezin horiek Mosaic funts putreari saldu zizkionetik. Funts putre horrek uko egiten dio indarrean dauden alokairuak berritzeari. Maizterretako askorentzat ordainezina den prezioan saldu nahi ditu etxebizitzak funts putreak, eta, horrenbestez, gaur egun bertan bizi diren herritarrak etxerik gabe geratzeko arriskuan daude. Hurrengo astean bertan has daitezke kaleratzeak, bizilagunetako batzuei irailean amaitzen baitzaie kontratua. 

Bidegaberia hori eta etxebizitzarekin egiten ari den negozioa salatzeko, mobilizazioa egin dute ehunka lagunek gaur Erandion, Los Ochoseko bizilagunek eta LABek deituta. Hilaren 30ean, berriz, herri mailako batzarra egingo dute. Izan ere, bizilagunek salatu dute funts putreentzat etxeak finantza aktiboak baino ez direla, baina, izatez, etxebizitza eskubidea dela gogorarazi dute. “Baliteke legezkoa izatea alokairuan bizi diren 150 familia kalera bota nahi izatea; desokupazio enpresen bidez mehatxatzea; presioa egitea; alde egiteko dirua eskaintzea; gure etxeak salgai jartzea, nahiz eta gu bertan bizi. Hori guztia legezkoa izan liteke, baina guztiz bidegabea da, eta ezin dugu onartu”. 

Horregatik egin dute, LABekin batera, antolatzeko urratsa. “Etxe bakoitzaren errealitatea desberdina da, baina oinarrizko zerbaitek batzen gaitu: etxebizitza eskubidea da, eta eskubideak defendatu egiten dira”. Eta, horrekin batera, ohartarazpena: “Gaur Los Ochosen bizi garenak gara, baina etxebizitzaren negozioak guztiok mehatxatzen gaitu”. 

Antolatuta jarraituko dutela azpimarratu dute bizilagunek behin eta berriz, eta honako hauek exijitu dituzte:

  • -Euren etxeetatik alde egiteko mehatxuak eta presioak amaitu daitezela. 
  • -Mosaic-ek alokairu kontratu guztiak berritzea negoziatu dezala. 
  • -Udal gobernuak Erandio tentsio handiko eremu izendatu dezala eta Erandioko herritarren alde egin dezala.
  • -Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoena egin dezala horrelako funts putreek gisa honetako operazio espekulatiboak egiteari utz diezaioten. 

“Borroka hau ez da erraza izango”, aitortu dute bizilagunek, baina maizterrak elkartuta eta Erandioko herriaren laguntzarekin, borrokari eusteko determinazio osoa dutela nabarmendu dute. 

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak, bere aldetik, babes osoa adierazi die auzokideei. “120 familia baino gehiago borrokan daude, zer eta funts putre batek negozioa egin nahi duelako”, salatu du Perezek, eta auzokideen determinazioa txalotu du: “Argi eta garbi adierazi dute. Etxean geratuko dria alokairu kontratu guztiak berritu arte, eta alokairu duinak lortu arte, haien bizi proiektua bertan garatzeko eskubidea defendatuz, eta horretan LAB bidelagun dute. Hartu duten erabakia babesten dugu eta gure tresnak eskainiko dizkiegu borroka horretan”. 

50 mobilizazio baino gehiago egin ditugu EAEko udal sektorearen lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko

LABek eta ELAk deituta, milaka udal langilek EUDELi eta EAJri, EH Bilduri eta PSEri exijitu diete Udalhitzeko mahaiara edukiak behingoz ekartzeko.

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Alde batetik, Udalhitzeko mahaia duela ia bi urte aktibatu zen. Hainbat negoziazio mahai egin ondoren, oraindik oinarrizko aldarrikapenak falta dira mahai gainean. EUDEL eta berau osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSE alderdiak borondate falta itzela erakusten ari dira eta negoziazioa blokeatzear dago. Bestalde, udalez udal dauden negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak okertuz doaz urtez urte eta sektoreak hamarkada bat baino gehiago darama lan baldintzen okertzea pairatzen.

Analisi horren ondorioz, LABek eta ELAk dinamika mobilizatzaile iraunkorra abiarazi zuten apiriletik aurrera. Uda baino lehen paro, grebak eta mobilizazioak egin ziren eta nahiz eta aurrera pausu batzuk egon Udalhitzeko mahaian, aldarrikapen asko falta dira: eros ahalmenaren berreskurapena nola egingo den, euskeraz lan eta bizitzeko neurriak, gazteberritzeko neurria edota subrogazio eskubidea esaterako.

Zentzu horretan, uda eta gero negoziazioan aurrera pausu nahikorik ez zegoenez, LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri zuten pasa den irailean, apirilean hasitakoarekin jarraituz. Hala, gaur milaka udal langile EAEko 50 udal eta udal esparru baino gehiagotan mobilizatu dira. Kontzentrazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan zehar egin dira, besteak beste hurrengo udaletan: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo, Sestao, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Markina, Durango, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio, Basauri, Galdakao, Arrasate, Bergara, Zumarraga, Beasain, Anoeta, Andoain, Hernani, Usurbil, Errenteria, Irun, Zumaia, Eibar, Zarautz, Agurain eta Oion.

Gaurko mobilizazioekin argi geratu da udal langileek haien lan baldintzen alde borrokatzeko prest daudela. Beraz, pilota EUDEL eta alderdi politikoen teilatuan dago. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko. Bihar egingo den mahai negoziatzailean horretarako aukera daukate.

Mahai negoziatzailean alderdi politikoak ez badira mugitzen eta ez badituzte bertara falta diren eduki horiek eramaten, LAB eta ELAk urriaren 8an EAEko udal sektorean deituriko egun osoko grebari eustea beste aukerarik ez dugu izango.

Plenoetan ere mobilizatu dira udal langileak, Donostian, Bilbon, Getxon (atzo), Bermeon eta Amurrion.

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da.

Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea dugu. Hala ere, Nafarroan, eskubide hori ez dago bermatuta eta langile gehienei egunez egun ukatu egiten zaie lan harremanak euskaraz garatzeko edo hitzarmenak euskaraz negoziatzeko aukera. Lan mundua euskalduntzearen aldarria, beraz, hizkuntza eskubideak eta laneko eskubideak uztartzen dituen eskaera legitimoa da, eta LABen urteak daramatzagu eskubide horren alde lanean.

Gaur Nafarroan euskararen inguruan aritzeko bildu gara LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEN patronala, negoziazio kolektiboan euskarak behar duen tokiaz aritzeko ELAk deitutako bilera izan da, eta zabalagoa izango da LABen aldarrikapena: hitzarmenen negoziazioan bai, baina ez bakarrik, lan mundua euskalduntzeko, nafar langileei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu behar zaie, eta horrek eskatzen du elkarlan sakon eta zintzoa eragileon artean.

Euskara eremu guztietan bultzatzeko LABen konpromisoa argia da. Euskara larrialdi egoeran dago, Nafarroa osoan ez da ofiziala eta gure hizkuntzaren kontrako erasoaldi antolatua bizitzen ari gara. Egoera honek eragileon konpromiso zehatzak behar ditu; baita Nafarroako Gobernuarenak ere. Euskararekiko duen konpromiso politikoa handitzea behar dugu euskarak dagokion tokia har dezan.

LABen euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko indarrak biltzearen aldeko apustua egiten dugu. Euskarak elkarlana eta arduraz aritzea behar ditu. Horregatik, orain baino lehen ere LABen behin eta berriz luzatu diogu ELAri elkarlanerako eskua. LABentzat lehentasunezkoak dira ELArekin eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin elkarlanean orain arte hartutako konpromisoak eta sustatutako ekimenak:

Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, Batuz Aldatu dinamikaren baitan, euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzeko eta administrazioa euskalduntzeko beharrezkoak diren hainbat neurri bultzatu ditugu. Dinamika horren barruan, hainbat urrats egin ditugu LABen, ELArekin elkarlanean. Besteak beste, Confebaski lanbide arteko akordio bat proposatu genion, eta 50 langiletik gorako enpresetan euskararen normalizaziorako planak abian jartzeko konpromisoa eskatu. Akordiorik lortu ezean, 150 enpresatan euskara planak sustatzeko konpromisoa ere hartu genuen bi sindikatuek. Alabaina, adostutako urrats horiek praktikara eramateko unean ELAren konpromisoak falta izan dira.

Antzekoa gertatu da euskararen aurka bizitzen ari garen oldarraldiari dagokionez ere: epai eta eraso judizialen aurrean erantzun bateratua emateko adostasuna egon bazen ere, ezinezkoa izan da aurrera egitea, ELAk uko egin diolako.

Testuinguru horretan, alegia, aurretik euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidearen alde elkarlanean aritzeko zeuden hainbat zubi itxi ondoren deitu du ELAk Nafarroan negoziazio kolektiboa euskaraz gauzatzeko euren proposamena lantzeko bilera.

LABen ez dugu ulertzen euskararen aldeko lana norbere proiektua proiektatzeko lehia gisa. Euskarak elkarlanerako borondate zintzoa, konpromiso handiagoa eta urrats eraginkorragoak behar ditu. Horretarako, ezinbestekoa da sindikatuok elkarrekin lan egitea, bakoitzak bere protagonismoa bilatu beharrean.

Horregatik, LABen proposamen bikoitza egin dugu gaurkoan. Batetik, ELAri proposatu diogu berriro heltzeko elkarlanari, aurretik egindako bideari berriro helduz:

  • Berrartu ditzala Batuz Aldatu dinamikan harturiko konpromisoak.
  • Berrartu dezala EAEko Confebask patronalari lan mundua euskalduntzeko eginiko lanbide arteko akordio proposamena eta bi sindikatuok modu bateratuan Nafarroako CEN patronalari aurkeztea.
  • Aurreko bi puntuak onartuz gero, negoziazio kolektiboa euskaraz egin ahal izateko bidean modu bateratuan urratsak emateko konpromisoa.

Euskararen normalizazioan bi sindikatuak elkarrekin aritzeko prest dago LAB, are gehiago, uste dugu hori dela biderik eraginkorrena.

Bestetik, interpelazio zabalagoa ere egin dugu LABetik, sindikatu zein patronal, partaide guztiei zuzendua: elkarlan zintzorako deia egin diegu LABetik, eta elkarlanerako eskua luzatu, lan munduan euskararen normalizazioa sustatzeko. Euskararen berreskurapenak eragile guztion konpromiso sendoa eta elkarlan zintzoa ezinbestekoak dituelakoan.