LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da.
Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea dugu. Hala ere, Nafarroan, eskubide hori ez dago bermatuta eta langile gehienei egunez egun ukatu egiten zaie lan harremanak euskaraz garatzeko edo hitzarmenak euskaraz negoziatzeko aukera. Lan mundua euskalduntzearen aldarria, beraz, hizkuntza eskubideak eta laneko eskubideak uztartzen dituen eskaera legitimoa da, eta LABen urteak daramatzagu eskubide horren alde lanean.
Gaur Nafarroan euskararen inguruan aritzeko bildu gara LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEN patronala, negoziazio kolektiboan euskarak behar duen tokiaz aritzeko ELAk deitutako bilera izan da, eta zabalagoa izango da LABen aldarrikapena: hitzarmenen negoziazioan bai, baina ez bakarrik, lan mundua euskalduntzeko, nafar langileei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu behar zaie, eta horrek eskatzen du elkarlan sakon eta zintzoa eragileon artean.
Euskara eremu guztietan bultzatzeko LABen konpromisoa argia da. Euskara larrialdi egoeran dago, Nafarroa osoan ez da ofiziala eta gure hizkuntzaren kontrako erasoaldi antolatua bizitzen ari gara. Egoera honek eragileon konpromiso zehatzak behar ditu; baita Nafarroako Gobernuarenak ere. Euskararekiko duen konpromiso politikoa handitzea behar dugu euskarak dagokion tokia har dezan.
LABen euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko indarrak biltzearen aldeko apustua egiten dugu. Euskarak elkarlana eta arduraz aritzea behar ditu. Horregatik, orain baino lehen ere LABen behin eta berriz luzatu diogu ELAri elkarlanerako eskua. LABentzat lehentasunezkoak dira ELArekin eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin elkarlanean orain arte hartutako konpromisoak eta sustatutako ekimenak:
Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, Batuz Aldatu dinamikaren baitan, euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzeko eta administrazioa euskalduntzeko beharrezkoak diren hainbat neurri bultzatu ditugu. Dinamika horren barruan, hainbat urrats egin ditugu LABen, ELArekin elkarlanean. Besteak beste, Confebaski lanbide arteko akordio bat proposatu genion, eta 50 langiletik gorako enpresetan euskararen normalizaziorako planak abian jartzeko konpromisoa eskatu. Akordiorik lortu ezean, 150 enpresatan euskara planak sustatzeko konpromisoa ere hartu genuen bi sindikatuek. Alabaina, adostutako urrats horiek praktikara eramateko unean ELAren konpromisoak falta izan dira.
Antzekoa gertatu da euskararen aurka bizitzen ari garen oldarraldiari dagokionez ere: epai eta eraso judizialen aurrean erantzun bateratua emateko adostasuna egon bazen ere, ezinezkoa izan da aurrera egitea, ELAk uko egin diolako.
Testuinguru horretan, alegia, aurretik euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidearen alde elkarlanean aritzeko zeuden hainbat zubi itxi ondoren deitu du ELAk Nafarroan negoziazio kolektiboa euskaraz gauzatzeko euren proposamena lantzeko bilera.
LABen ez dugu ulertzen euskararen aldeko lana norbere proiektua proiektatzeko lehia gisa. Euskarak elkarlanerako borondate zintzoa, konpromiso handiagoa eta urrats eraginkorragoak behar ditu. Horretarako, ezinbestekoa da sindikatuok elkarrekin lan egitea, bakoitzak bere protagonismoa bilatu beharrean.
Horregatik, LABen proposamen bikoitza egin dugu gaurkoan. Batetik, ELAri proposatu diogu berriro heltzeko elkarlanari, aurretik egindako bideari berriro helduz:
- Berrartu ditzala Batuz Aldatu dinamikan harturiko konpromisoak.
- Berrartu dezala EAEko Confebask patronalari lan mundua euskalduntzeko eginiko lanbide arteko akordio proposamena eta bi sindikatuok modu bateratuan Nafarroako CEN patronalari aurkeztea.
- Aurreko bi puntuak onartuz gero, negoziazio kolektiboa euskaraz egin ahal izateko bidean modu bateratuan urratsak emateko konpromisoa.
Euskararen normalizazioan bi sindikatuak elkarrekin aritzeko prest dago LAB, are gehiago, uste dugu hori dela biderik eraginkorrena.
Bestetik, interpelazio zabalagoa ere egin dugu LABetik, sindikatu zein patronal, partaide guztiei zuzendua: elkarlan zintzorako deia egin diegu LABetik, eta elkarlanerako eskua luzatu, lan munduan euskararen normalizazioa sustatzeko. Euskararen berreskurapenak eragile guztion konpromiso sendoa eta elkarlan zintzoa ezinbestekoak dituelakoan.

