Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko asmoa iragarri dute. Hurrengo pausuen artean, astelehenean Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan bilera izango dute enpresarekin, eta Bergarako hurrengo Osoko Bilkuran mozioa landuko da gaiaz.
Erakutsitako elkartasunagatik eskerrak eman dizkiete herritarrei ITASUAko langileek:”Gure aldarrikapena Bergarako kaleetara zabaltzea erabaki dugu. 76. eguna greba mugagabean izanik, badakigu gure lanak, eskaintzen dugun zerbitzuan eragiten duela eta zuetako asko ere ondorioak jasaten ari zaretela. Gure asmoa enpresa mugiaraztea da gure lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Enpresaren blokeoak eta negoziatzeko benetako borondaterik ezak bide hau hartzera eraman gaitu Langileok gure lan baldintzak defendatzeko eskubidea dugu, eta horixe egiten ari gara”.
Langile hauek duela aste asko negoziazio prozesu bat abiatu zuten, helburu argi batekin: lan baldintzetan aurrerapauso garrantzitsu bat ekarriko zuen enpresa hitzarmen bat sinatzea. Eskaerak ez dira neurrigabeak; sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia bilatzen dute. Gipuzkoan dauden beste IAT/ITV enpresa bateko langileek baino 133 ordu gehiago egiten dituzte urtean, eta soldata askoz ere txikiagoak jasotzen dituzte.
ITASUAren jarduera berezia da. Herritar guztiak behartuta daude beren ibilgailuak aldizka IATra azterketa teknikoa egitera eramatera, segurtasuna bermatzeko. Neurri hori beharrezkoa eta egokia da, noski. Hala ere, ezin dugu ahaztu jarduera hau derrigorrezkoa dela herritarrentzat, eta, horregatik, interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko dituela.
Urtez urte, jarduera horrek etekin ekonomiko handiak sortzen ditu. Azken 5 urteetan, Larrauri familiak 5.000.000 € inguru eraman ditu etekinetan. Ezin da onartu zerbitzu honen etekinak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan baldintzak atzean uzten diren bitartean. Zerbitzu honek gizarte osoari mesede egin behar dio, eta horrek langileen baldintza duinak ere bermatzea esan nahi du.
Negoziazio prozesuan zehar, zoritxarrez, enpresak benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi du. Horren adibide da Gasteizko hiru ordezkarirekin sinatutako eraginkortasun mugatuko akordioa. Akordio hori ez da ITASUAko langile guztien ordezkaritzarekin adostu, eta ez du gatazka honi irtenbide orokorrik ematen. Hala ere, enpresak akordio hori baliatu nahi izan du negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko. Jarrera hori arduragabetzat jotzen dugu, langileen zati handi batek ez baitu akordio hori onartu eta negoziatzen jarraitzeko borondate argia erakutsi baitu.
Bergarako eta Zarauzko ordezkariek eta langileek ez dute akordio horrekin bat egin. Gure konpromisoa argia da: negoziazio mahaian benetako akordio justu bat lortzea. Enpresari luzatzen diogu dei hau, oraindik garaiz baitago gatazka honi konponbidea jartzeko. Baina horretarako, edukien inguruan seriotasunez joka dezaten ere eskatzen dugu, ez gara edozein akordiorekin konformatuko egoera honetan.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari ere dauzkan ardurak bere gain hartzea eskatzen diogu, Industria Sailetik ez-ikusiarenak egiten ari baitira gatazka hasikusiarenak egiten ari baitira gatazka hasi zenetik, eta egoera larritzen doa. Beraz, berririk ezean, langileek argi dute greban jarraituko dutela merezi dituzten lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte.

