2026-09-25
HomeEkintza SozialaLos Ochoseko bizilagunen mezu argia, Erandioko herriaren babesarekin: “Ez gara joango"

Los Ochoseko bizilagunen mezu argia, Erandioko herriaren babesarekin: “Ez gara joango”

“Etxebizitza eskubidea da, eta eskubideak defendatu egiten dira”, adierazi dute bizilagunek, eta euren bizi proiektua garatzeko eskubidea bermatu arte borrokan eta antolatuta jarraituko dutela berretsi dute. 

“Gaur ozen eta argi diogu: bota egin nahi gaituzte, baina ez gara joango”. Mezu ezin argiagoa eman dute Erandioko Los Ochos eraikinetako bizilagunek gaur Erandion, ehunka herritarren babespean. Izan ere, alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude La Caixa bankuak higiezin horiek Mosaic funts putreari saldu zizkionetik. Funts putre horrek uko egiten dio indarrean dauden alokairuak berritzeari. Maizterretako askorentzat ordainezina den prezioan saldu nahi ditu etxebizitzak funts putreak, eta, horrenbestez, gaur egun bertan bizi diren herritarrak etxerik gabe geratzeko arriskuan daude. Hurrengo astean bertan has daitezke kaleratzeak, bizilagunetako batzuei irailean amaitzen baitzaie kontratua. 

Bidegaberia hori eta etxebizitzarekin egiten ari den negozioa salatzeko, mobilizazioa egin dute ehunka lagunek gaur Erandion, Los Ochoseko bizilagunek eta LABek deituta. Hilaren 30ean, berriz, herri mailako batzarra egingo dute. Izan ere, bizilagunek salatu dute funts putreentzat etxeak finantza aktiboak baino ez direla, baina, izatez, etxebizitza eskubidea dela gogorarazi dute. “Baliteke legezkoa izatea alokairuan bizi diren 150 familia kalera bota nahi izatea; desokupazio enpresen bidez mehatxatzea; presioa egitea; alde egiteko dirua eskaintzea; gure etxeak salgai jartzea, nahiz eta gu bertan bizi. Hori guztia legezkoa izan liteke, baina guztiz bidegabea da, eta ezin dugu onartu”. 

Horregatik egin dute, LABekin batera, antolatzeko urratsa. “Etxe bakoitzaren errealitatea desberdina da, baina oinarrizko zerbaitek batzen gaitu: etxebizitza eskubidea da, eta eskubideak defendatu egiten dira”. Eta, horrekin batera, ohartarazpena: “Gaur Los Ochosen bizi garenak gara, baina etxebizitzaren negozioak guztiok mehatxatzen gaitu”. 

Antolatuta jarraituko dutela azpimarratu dute bizilagunek behin eta berriz, eta honako hauek exijitu dituzte:

  • -Euren etxeetatik alde egiteko mehatxuak eta presioak amaitu daitezela. 
  • -Mosaic-ek alokairu kontratu guztiak berritzea negoziatu dezala. 
  • -Udal gobernuak Erandio tentsio handiko eremu izendatu dezala eta Erandioko herritarren alde egin dezala.
  • -Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoena egin dezala horrelako funts putreek gisa honetako operazio espekulatiboak egiteari utz diezaioten. 

“Borroka hau ez da erraza izango”, aitortu dute bizilagunek, baina maizterrak elkartuta eta Erandioko herriaren laguntzarekin, borrokari eusteko determinazio osoa dutela nabarmendu dute. 

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak, bere aldetik, babes osoa adierazi die auzokideei. “120 familia baino gehiago borrokan daude, zer eta funts putre batek negozioa egin nahi duelako”, salatu du Perezek, eta auzokideen determinazioa txalotu du: “Argi eta garbi adierazi dute. Etxean geratuko dria alokairu kontratu guztiak berritu arte, eta alokairu duinak lortu arte, haien bizi proiektua bertan garatzeko eskubidea defendatuz, eta horretan LAB bidelagun dute. Hartu duten erabakia babesten dugu eta gure tresnak eskainiko dizkiegu borroka horretan”. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal sindikalismo eraldatzailea indartzeko deia egin du LABek, eragiteko gaitasuna biderkatzeko

Hauteskunde sindikaletan oldarraldi erreakzionarioari erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei: “Euskal Herritik ez dira pasako!”. Euskal langileriaren aldeeremu guztietan eragitea da LABen...

50 mobilizazio baino gehiago egin ditugu EAEko udal sektorearen lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko

LABek eta ELAk deituta, milaka udal langilek EUDELi eta EAJri, EH Bilduri eta PSEri exijitu diete Udalhitzeko mahaiara edukiak behingoz ekartzeko. EAEko udaletan urte asko...

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da. Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea...