2026-11-15
HomeEkintza SindikalaEz dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena


Sindikatuak ez du babestu nazioarteko salgaien garraioaren logistikaren kudeaketan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten.

Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri.

Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan.

Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu.

Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...