Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.
Imanol Pradales lehendakariak Mikel Torres lehendakariorde eta lan sailburuari kargu hartu beharko lioke, uko egin baitio bi sindikatu nagusiekin biltzeari LGSri buruzko elkarrizketa eskatu diotenean.
CONFEBASK patronalak hirutan itxi dio atea LGSri buruzko negoziaketa irekitzeari. Eusko Jaurlaritzaren eta lan saila zuzentzen duen PSE-EEren bultzadaz, 145.000 sinadura jaso zituen herri-ekimen legegilea izapidetzea eta eztabaidatzea debekatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Erabaki antidemokratiko eta autoritario hauen aurrean LABek eta ELAk, beste sindikatu eta eragile batzuekin batera, greba orokor arrakastatsua egin zuten martxoaren 17an.
Ekimen hauek guztiek argiro erakutsi dute euskal herritarren artean gutxieneko soldata propio baten aldeko babes zabala eta hasteko 1.500 eurotan ezartzeko adostasuna dagoela. Bada garaia EAEko lehendakari Imanol Pradalesek ere dagokion lidergoa hartu dezan eta patronalari aurre egin diezaien elkarrizketari ezarri dion betoa gainditzeko. Era berean, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJ eta PSE-EEk legebiltzarrean emaniko ezekoaren norabidea aldatzeko lan egin beharko luke.
Patronalak langile prekarioak nahi ditu are diru gehiago irabazi ahal izateko eta EAJk zein PSE-EEk nahiago dute euskal langileei espainartasuna inposatzea langileen bizi-baldintzak hobetzea baino. EH-Bildu prest agertu da Espainiako Kongresuan LGSren aldeko iniziatiba hartzeko eta, publikoki ekimena babestuko duela esan arren, ikusteke dago EAJk azkenean babestuko ote duen. Bada, EAEko kargu instituzional nagusiak, lehendakariak, herritarren nahiari bide emateko LGSren aldeko ekimen politiko zehatzak jarri behar ditu martxan.
Mobilizazio ziklo indartsu baten ondoren, LAB eta ELA hainbat eragilerekin bilerak izaten ari dira LGS propioa gauzatu ahal izateko. Harreman horien artean Imanol Pradales lehendakariari ere eskaera egin diote hurrengo asteetan LGSri buruzko bilera monografiko bat izateko. Bileran, LGSren aldeko ekimen zehatzak eskatzeaz gain, Mikel Torres lehendakariorde eta lan sailburuari kargu hartzea eskatuko diote EAEko sindikatu nagusiek, honek uko egin baitio LABekin eta ELArekin biltzeari eta, gainera, mehatxu egin baitie Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen ez dutelako eta ez dituztelako bertan Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalak zuritu nahi.
Azkenik, LABek eta ELAk argi utzi nahi diote lehendakariari ez dutela amore emango LGS propioa lortu eta hasteko 1.500 eurotan kokatu arte.

