2026-09-11
Blog Page 1059

Lakuak eskola-jantokietako beharrak aintzakotzat hartzen ez dituela salatu dugu


LABek, eskola-jantokien inguruen EAEko Hezkuntza Sailak agertzen dituen gaitasun eza eta nagikeria salatzen du. Jona den astelehenetik aurrera (irailak 19), Laukarizko eskolako cateringa ezarriko da. Cateringeko enpresa bat arduratuko da bigarren jakiaz hornitzeaz. Egoera honek ondorioak ekarri ditu langileentzat horregatik LABetik gaiari trataera egokia ematea eskatzen dugu.

Honen zergatia ulertzeko, jakin behar da Hezkuntza Sailak ez duela sukaldari baten lanpostua hornitu. Irailaren 7az geroztik Ikastetxeko zuzendaritza nahiz LAB arazo hau konpontzen saiatu diren arren, ezinezkoa izan zaigu Sailak gaiari irtenbide egokia ematea.

Sortu den egoera honen ondorioz, sukaldean aritu den sukaldari bakarrak, orain arte behintzat, dagokion ratioaren bikoitza bete eta horren ondorioak jasan behar izan ditu. Baldintza berdinetan jardun zuen iaz, sukaldean bi lagunek lan egin behar dutenean eta bazkaltiarren ratioa aldatu ez denean.

Eskolako guneetako bat zerbitzu osagarritzat hartzen da berriro. Langile osagarritzat jotzen da hartaz arduratzen den sukaldaria. Horrela, hitzarmen kolektiboa urratzen da, lanaldi amaiezinak eragiten dira eta laneko estresa jasateko arriskuan jartzen da langilea.

Bestalde, deigarria da hau Laukarizeko eskolan gertatzea. Gogora ekarri nahi dugu gurea lau ikastetxe pilotuetako bat dela (Urduña, Mungia, Gernika, Laukariz), non eskolaren auto-kudeaketa ahalbidetzen den ikasturte honetan, halaxe egitea adostu zelako Gasteizeko Legebiltzarrean.

LABen irudikoz, garaia da sistema honekin amai dezagun, heziketa-gune baten garapen egokiari kalte egiten diola agerikoa delako, eta hortaz, horrekiko egokia den trataera eman behar zaio.

Gogoan izan dezagun LAB lanean ari dela eredu berri bat proposatze aldera: sorospen kontzeptutik hezkuntza kontzeptura igaro nahi dugu, eta hiru printzipio hauetan oinarritu: eredu berria, elikadura eta burujabetza eta lan baldintza duinak.

 

 

 

Murrizketak salatzeko elkarretaratzeak burutu ditugu

0


SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok Gurutzeta, Txagorritxu eta Donostiako Ospitaleetan elkarretaratzeak egin ditugu, Osakidetzako lan-baldintzak eta arreta-kalitatea okertu dituzten murrizketak salatzen jarraitzeko. Bestetik, dei egiten diegu alderdi politikoei murrizketa horiek guztiak igandeko hauteskundeen ostean kentzeko konpromisoa har dezaten.

Euskal osasun publikoak mota guztietako murrizketak jasan ditu azken lau urteotan. Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu, pertsonaleko ordezpenak gutxitu, soldatak izugarri jaitsi, gaixotasuna zigortu… Eta, gainera, itxaron-zerrendak luzatu dira, lan-kargak handitzearen ondorioz arreta-kalitatea gutxitu da, oinarrizko zerbitzuak —larrialdiak, besteak beste— gainezka daude, edo txertoen hornikuntzan eskasiak gertatu dira…

Bidegabekeria horien aurka Gurutzetako, Txagorritxuko eta Donostiako ospitaleetan, irailaren 22an goizeko 11etan burutuko diren kontzentrazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Osakidetzako Zuzendaritzari joera hori zuzentzeko exijitzen diogu, eta batez ere, alderdi politikoei eskatu nahi diegu irailaren 25a baino lehen argitzeko, ea murrizketa-politika horrekin amaitzeko asmorik duten, edo osasun pribatuaren mesedetan gure osasun publikoa ahultzen jarraituko duten. Osakidetzako langileek ere merezi dute jakitea zer gertatuko zaien irailaren 25etik aurrera. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio-deia egin dugu, murrizketa horiei aurre egiteko, eta mobilizazioak bultzatzen jarraitzeko gure asmo irmoa azaldu nahi dugu, orain arte egindako murrizketak lehengoratzeko, eta murrizketa bakar bat ere gehiago egiten ez uzteko.

 

 

 

Unai Rementeria eta greba eskubidea

Unai Rementeria, Ahaldun nagusiak Bizkaiko Adineko Egoitzetako gatazkari zuzenduz, erabiltzaileen duintasuna bermatuko duen zerbitzu minimoak ezarri behar direla adierazi zuen komunikabideen aurrean, langileek duten greba eskubidearen gainetik. Berez, aurreko grebetan oinarrituta eta Aldundiak berak eginiko ikuskatze txosten batean agertutakoa konpontzeko bide bezala jartzen du mahai gainean exigentzia hau. Txostenak, erabiltzaileen oinarrizko arretan utzikeria egon zela adierazten ei zuen.

Txostenaren nondik norakoak ezagutu gabe eta greba horietan gertatutakoaren ustezko gertaera batzuk aztertuta, komunikabideetan zabaldu direnak, bertan lan egiten dugunok eta erabiltzaileen familiek, badakite zein den egoitza hauetako egoera, greba edo greba gabe!

Egun normal batean, langileen kopurua oso murritza da txanda bakoitzean, laneko antolakuntza eta lan baldintzen egoera erreala… Hauek dira benetan egoitzetako sistemaren arretan utzikeria bat sortzen duten elementuak. Beraz, sistema bera bihurtu da “desatentzio” sistema batean! Eta guzti honek, nola ez, langileon prekarizazio eta lan baldintzen urraketan sakontzen du etengabean.

Ahaldun Nagusiak, oso modu miserablean, hauteskunde kanpaina hau aprobetxatu du gezurrak esan eta bere partidua den EAJk, arlo honetan diseinatzen dituen politika eskasak justifikatzeko. Dependentzia sistema hau, zeinek izaera soziala eta titularitate publikoa duen, baina empresa pribatuek, batez ere merkantilek, kudeatzen duten, haien onura pertsonalak lehenetsi eta sistemak berak dituen gabezia guztiak aprobetxatuz. Enpresek, erreforma laboralak zabaltzen dituen aukerak bereganatzen dituzte zerbitzua antolatzeko eta haien poltsikoak betetzeko.

Guzti honek, langileengan arazo anitz sortzen ditu: bizitza pertsonala eta laborala ezin bateratu, lanaldi murriztuak eta egutegi oso ezegonkorrekin. Lansari miserableak egiten den lan guztirako eta jasaten dituzten karga fisiko zein emozionalentzako eta inolako prebentzio bitartekorik gabe langileon osasunerako.

Dependentzia egoeran dauden pertsonentzako arreta sistema bat eraiki dute inongo oinarri humanorik gabe eta ingeniaritza industriala izango balitz bezala. Metalezko piezak egiteko erabiltzen den produkzio kate bat izango balitz bezala antolatua, eta gelditu gabe. Azken finean, langileon lan baldintza prekarioen gainean eraikitzen den sistema oso bat.

Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, beste behin ere, bere etika falta eta miseria humanoa erakutsi dizkigu. Agian ez da kontziente, baina dimentsio oso handia hartzen ari den gatazka dago sortzen. Helduko da, eta lehertuko ere egingo da langile guztiok posizio bateratu bat hartzearekin batera. Luzera begira eta beldur tantarik gabe. Hau, langileok dugun erantzukizunarekin, profesionalak garen heinean, eta etorkizuneko erabiltzaile bezala.
 

 

 

71.724 sinadura pentsio duinen alde eta babes eta gizarte segurantza sistema propioaren alde


Eskubide Sozialen aldeko EAEko Pentsionisten Platatormek 71.724 sinadura aurkezten zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean pentsio duinen alde eta babes eta gizarte segurantza sistema propioa eskatuz (sinadura kopuru hau, Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko behar diren sinadura kopuruá baino zazpi aldiz handiagoa da). 

Eskubide Sozialen aldeko EAEko Pentsionisten Platatormen (Arabako Pentsionistak Lanean, Gipuzkoako Duintasuna Elkartea eta Sizkaiko Pentsionistak Martxan) irakurketa
PENTSIO DUINAK 1080€
BABES ETA GIZARTE SEGURANTZAREN SISTEMA PROPIOA

"Gaur, irailak 21, Eskubide Sozialen aldeko EAEko Pentsionisten Platatormek: Arabako Pentsionistak Lanean, Gipuzkoako Duintasuna Elkartea eta Sizkaiko Pentsionistak Martxan, gure Erkidegoan jasotako. 71.724 sinadura aurkezten ditugu Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean (Sinadura kopuru hau, Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko behar diren sinadura kopuruá baino zazpi aldiz handiagoa da).

Sinadura hauen bitartez zera eskatzen dugu: Gure Erkidegoan pentsio baxuenak jasotzen dituztenek, 1.0800 arteko osagarria jaso dezateía. Ezin dugu ahaztu EAEn 249.579 pertsona dagoela 700€z azpiko pentsioarekin eta horietatik gehienak emakumeak edo bizitzan zehar lan prekarioetan arituak direla.

Sinadura hauen indarraz baliatu nahi dugu, halaber, bigarren eskaera bultzatzeko, hain zuzen Sabes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa sortzea, horrela gaurko eta etorkizuneko pentsioak bermatuta izan ditzagun. Sistema horrek bere gain hartu beharko luke arloaren kudeaketa osoa.

Une honetan gogora ekarri nahi dugu Nafarroan sinadura bilketarekin aurrera doazela, joan zen udazkenean guk aurkeztutako Herri Ekimen Legegile bertako Foru Parlamentura eraman asmoz. Saina Nafarroako Legebiltzarrak Ekimen Herrikoia tramitera onartzea erabaki zuen bitartean Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak gure proposamena atzera bota zuen EAJ, PSE, PP eta UPDren bozkekín eta horrela, gizartean zegoen eta dagoen eztabaida sozialari atea itxi zitzaion.

Gaur entregatzen ditugun sinadurek, bere garaian aurkeztu genuen Herri Ekimen Legegilearen arrazoiak indartu eta bide horretatik jarraitzeko bultzada supcsatzen dute, hauteskunde hauetatik sortuko den Legebiltzar berriak beste jarrera bat erakutsiko itxaropena piztuz.

Diputazio Iraunkor honen eskuetan milaka sinadura aurkezten dugun unean, Alderdi Politikoak interpelatu nahi ditugu, beraien eskuetan izango dituzten baliabideak, ezertan baino lehen behartsuenen zerbitzura jar ditzaten.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bere sinadurekin eskaera hauek babestu dituzten guztiei eta hiri eta herri guztietan pentsiodunen oinarrizko eskubideen alde mobilizatzen jarrai dezatela eskatzen diegu, hori izango baita etorkizunean pentsio duinen bermea.

Eskubide Sozialen A1deko EAEko Pentsiodunen Plataformek jasotako babesarekin, zilegitasun osoz ikusten dugu geure burua, adineko pertsonen eta pentsiodunen beharren aldeko lanean jarraitzeko. Hainbesteko kalte egiten digun Kopagoa gaitzesten dugu, Mendekotasun egoerei aurre egingo dion Lege propioa aldarrikatzen dugu eta egunerokotasuneko bizi-baldintZak hobetzea exijitzen dugu, gure etxeetan zein kalean, beti ere geure iritzia eta geure parte hartzea bermatuz.

Gasteiz, 2016ko irailak 21"
 

 

 

LANBIDEko langileak greban


Atzo, LAB eta ELA sindikatuok deitutako 5 egunetako greba deialdiaren lehen egunak jarraipen zabala izan zuen. Orientazio lanak egiten dituzten 196 langileren kaleratze eta ordezkatze posibleak enplegu zerbitzuan izan dezakeen kolpe berri bat ekiditeko neurriak har ditzala eskatzen dizkiogu Eusko jaurlaritzari.

Gure datuen arabera, langilego osoaren %25ak baino gehiagok egin du greba, jarraipena ia erabatekoa izanik orientatzaileen artean.

Langileak zoriondu eta gaurko greban zein Bilboko Gran Via 85ean 10:00etan izango den elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditugu. Aldi berean, Eusko jaurlaritzari eskatzen diogu egonkortasun eta kalitatezko enplegu zerbitzu bat bermatzeko neurriak har ditzala.

GREBA EGUNAK
Gaur, hilak 22, eta urriaren 3, 4 eta 5ean.
 

 

Zerbitzu publikoetan dagoen prekarietatea mugatzeko baliatuko dugu Europako jurisprudentzia

Gure Zerbitzu Publikoetako langileen artean prekarietate aldagai nagusia lanaren behin-behinekotasuna da. Gai honen inguruan, Europatik heldu diren hainbat epairen berri jaso dugu berriki. LABek epai hau positiboki baloratzen du euskal administrazio gehienetan dagoen behin-behinekotasun tasa altuak ikusita, aldi baterako langileen egoeran honen aplikazioak ekar ditzakeen onurengatik.

LABek, epaion urjentziazko lehen irakurketaldian oinarrituta, eta egingo ditugun irakurketa xeheagoen zain, honako ondorio juridikoak ateratzen ditu:

  • Aldi baterako kontratua duten funtzionarioek, hau da, funtzionario interinoek, laboralek bezala EPEa egin bitartean, “funtzionario mugagabe ez finkoaren” izaera eskuratzeko eskubidea izango dute baldin eta haien kontratazioan iruzurrik izan bada.
  • Aldi baterako kontratua duen langile orok -laborala, estatutarioa edo funtzionarioa izan – bere aldi-baterako lan harremana etetean, kalteordaina jasotzeko eskubidea izango du.
  • Administrazioak ezin du beharrizan edo eginkizun estruktural bat betetzeko aldi baterako kontraturik egin. Hortaz, denboran zehar behin eta berriz errepikatzen den eginkizun baten kasuan, aldi baterako kontratazio asko eginez gero, dena delako eginkizun hori estrukturaltzat hartua izan beharko da, eta berau betetzeko dagokion lanpostu estrukturala sortu.

Epaiok bestalde, indarrean diren Europako zenbait zuzentarautan oinarrituz, bete beharrekoak dira, eta inongo legedik zein lan hitzarmenek ezin du ezer ezarri aplikazio zuzenekoak diren zuzentarau hauen kontrako norabidean.

LABek oso positiboki baloratzen ditu epaiok arrazoi birengatik:

  • Batetik, euskal administrazio gehienetan dagoen behin-behinekotasun tasa altuak ikusita, aldi baterako langileen egoeran honen aplikazioak ekar ditzakeen onurengatik (egonkortasuna sustatu, kalteordainak aitortu, …).
  • Bestetik, zerbitzu publikoen sistema egonkortu eta sendotzeko ekar dezakeenarengatik. Gure administrazio eta Zerbitzu Publikoen sistema gutxienekotzat jo liteke, hau da, gure agintari politikoek gutxieneko lanpostu batzuk baino ez dituzte egiturazkotzat jotzen, eta bestelako zeregin asko betetzeko aldi baterako kontratazioen bidea hautatzen dute. Epai honek praktika anker honen kontra egiten du, eta behin eta berriz errepikatzen diren zereginak administrazioaren funtzio estruktural bezala aitortuak izan eta lanpostu estruktural baten bidez beteak izateko aukerak irekitzen ditu. Gainera, zuzentarau hauek estatuen legedien gainetik daude, eta beraz, espainiar Estatuak birjartze tasaren inguruan ezarritako legedi murriztailea indargabetuta gera liteke honen aplikazioz.

Hala, azken urteotan kontratazio finkoak egiteko edota lanpostu publiko berriak sortzeko arazo edo oztopoak Estatuko legedian zein birjartze tasan kokatzen zuten alderdiek, badute arazo edota oztopook saihesteko bidea, eta orain badute erakustea ea Estatuko oinarrizko legedia kezka iturri ala aitzakia zuten. Nolanahi ere, LABek euskal administrazioak zuzentzen ari diren gobernu guztiei epai hauen bidez, europar direktibak aplikatuz, espainiar legediari bizkar eman eta zerbitzu publikoak eraikitzeko bide propioari ekin diezaioten aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du.

Datozen egunotan, LABek azterketa sakonagoa egingo du sententziok dakartzaten ondorio guztiak ahalik eta zehatzen ezagutzeko, eta honen arabera erabakiko ditu zer iniziatiba juridiko edota sindikal hartuko dituen aldi-baterakotasunaren ondorioak mugatzeko, zein epaiok zerbitzu publikoak sendotzeko baliatzeko.
 

 

 

Akordioa lortu da Donostiako parkingetan

0


Irailaren 1ean greba mugagabe bati ekin zioten Emparkeko langileek agerraldia egingo dute gaur enpresarekin lortutako akordioaren berri emateko. Borroka luze baten ostean eta eskatzen zituzten lan baldintzen hobekuntzak lortuta, atzo hilak 20, lanera itzuli ziren greban zeuden Emparkeko 7 langileak.

Greba honen ostean irakurketa baikorra egin behar dugu langileek jarritako helburuak lortu baitira. Hain zuzen ere, momentuz %8,6ko soldata igoera hitzartu dute eta datorren urtean beste 1,5eko igoera izango dute. Horrez gain urtean 10 ordu gutxiago egingo dute lan. Langile hauek oso baldintza txarretan daude eta lortutako oso garrantzitsua. Hala ere, borroka hau ez dugu amaitutzat ematen, lan baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu eta bide horretan zer esan handia du Udaletxeak.

Udaletxeak ardura zuzena du Donostiako parkingetan lan egiten dutenen baldintzetan eta ematen den zerbitzuan. Hala nola, Udaletxearen esku dago enpresak puntu zehatz batzuk errespetatzea. Administrazio kontratuetan azpikontrararik ez egotea, bezeroei arreta garaiz ematen zaiela bermatzea eta zerbitzua elebiduna (euskara – espainola) dela ziurtatzea Udaletxearen ardura da eta beraz, guzti hau betearaztea eskatzen diogu.

 

 

 

Guggenheimeko prekarietatearen mamuak Bizkaiko Foru Aldundian

0

Irailaren 5ean, Bilboko Guggenheim Museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dauden Gida eta Hezitzaileek greba mugagabea hasi zuten. 18 hezitzaileren kaleratzea salatu eta lan-baldintzak hobetzea ari dira eskatzen. Gaur langileek kontzentrazioa egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpokaldean. Guggenheimeko prekarietatearen mamuak ere bertaratu dira. 
 

 

 

LAB #ResisteSAT kanpainara gehitu da

0


LAB sindikatua Sindikatua Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kideek ekoiztutako olioarekin antolatu duten #ResisteSAT kanpainara gehitu da. Sevillako probintziako Moron de la Fronterako kooperatiban SATeko militante eta aktibistek produzituriko olio honen salmentarekin ateratzen den dirua, Estatu espainolak Sindicato Andaluz de Trabajadores-i (SAT) ezarritako isunak ordaintzera bideratuko da.

Estatuak SATen ekinbide sindikal eta soziala estrategia bikoitz batekin indargabetu nahi izan du; alde batetik kriminalizazioa SATeko kideak gaizkileak balira bezala azalduz iritzi publikoan eta errepresioa kriminalizazio horren aitzakia aprobetxatuz errepresio eta jazarpena inposatzeko. Ezin ahantzi daiteke SATeko kideei ezarritako isunez gain, estatuak pausu bat aurrera eman zuela bere estrategia errepresiboan SATeko kide ezberdinen atxiloketekin; hauen artean Andrés Bódalo gaur egun oraindik SATekiko bere konpromezuarengatik kartzelan dagoena.

Euskal Herrian hagitz ongi dakigu errepresioa zer den, atxiloketak, dispertsioa, isunak eta abar luze bat estatuak euskal disidentziaren kontra erabilitako armak izan direlako. Gogoratu behar da Euskal Herrian errepresio sindikala presente dagoen zerbait badela greba batean parte hartzeagatik kartzelaratuak izan ziren grebalariak kartzelan baitaude bertzeak bertze.

Aipatutako guztiarengatik LABen ezin dugu bertze alde batera begiratu Sindicato Andaluz de Trabajadoresek pairatzen duen jazarpenaren aurrean, eta beraien aldetik hainbertzetan iritsi zaigun elkartasuna bueltatu nahi dugu. Olio honen salmentan eta kanpainaren hedapenean lagunduz gure ekarpen txikia egin nahi diogu kanpaina honi injustizien aurrean daukagun armarik indartsuena klase elkartasuna dela uste baitugu.

Ezin dugu kanpaina honekiko gure atxikimendu mezua bukatu LABeko Idazkari Nagusi ohia den Rafa Diez eta SATeko kide den Andrés Bódalo aipatu gabe, biak espetxean eta biak ere bere jendearekiko militantzia eta konpromisoarengatik preso. Lerro hauen bitartez biei besarkada handi bat bidali nahi diegu, azkar elkar ikusteko desioarekin.