2025-12-27
Blog Page 1016

Gaur gaurkoz Hezkuntza Sailak ez du bermatzen murrizketa gehiagorik izango ez denik

0

Sindikatuok ezinbestean lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea eskatu diogu gobernuari, baina honek asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” ahaleginez harago ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.

Gogoratu beharrean gaude azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dizkigula Jaurlaritzak. Milaka lanpostu aurreztu ditu geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez, erretiroa atzeratu eta oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu… Honek gogor eraso die lanpostuei, lan-baldintzei eta hezkuntza kalitateari.

Orain irakastorduak gehitzeak eta ordezkapenak atzeratzeak milaka lanpostu desegitea eta lan-kargak biderkatzea eragingo luke, eta kinka larrian jarriko lituzke hezkuntza berdintasuna eta kalitatea.

Hau guztia kontuan harturik, sindikatuok Jaurlaritzari eskatu diogu ezinbestean inolako lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea.
Gobernuak ordea, asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” proposamenez harago, ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.

Sindikatuok inola ez dugu onartuko lanpostuetan, lan-kargetan edota ordezkapenen atzeratzean ondoriorik izango duen murrizketarik, ez Jaurlaritzak errege-dekretua eta Auzitegi Konstituzionalaren murrizketak osotasunean ezartzen dituelako, ezta modu partzialean edo “arinagoan” ezartzen dituelako ere.

Prest gaude honen guztiaren inguruan hitz egiteko eta neurri hauek indargabetzeko moduak bilatzeko, baina Jaurlaritzak murrizketa neurri berri hauek inolako ondoriorik izango ez dutela bermatzen ez duen bitartean, pasa den astelehenean iragarritako mobilizazio eta greba proposamenak bere horretan mantenduko ditugu. Gaur bertan, ikastetxeetan goiz osoan zehar eta 12:45etan lurraldeetako hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratzeak egin ditugu, eta irailerako, ikasturte hasierarekin batera, greba egunak deituko ditugu.

 

 

 

Lotsagarria eta itxurakeria hutsa dira Tapia eta Urkulluk GRI enpresara egindako bisita

0


GRI enpresa berria, TS Fundiciones zenaren likidaziotik sortua da. Likidazioa eman zenean, une zailak bizi izan zituzten kaleratutako langileek. Hainbat eta hainbat dei eta inplikazio eskaera egin zizkieten langileek, baina eskari guztiei muzin egin zieten! Arantza Tapia, Urkullu eta konpainiak TSko langileak baztertu egin zituzten eta ez zuten langileekin biltzeko interes minimorik ere azalduGaur Tapia Sailburuak eta Urkullu Lehendakariak enpresara egin duten bisitan argi geratu da duten helburu bakarra konpromisorik gabeko argazkiekin etekin politikoak ateratzea dela.

LAB eta ELAren oharra:

GRI enpresa berria, TS Fundiciones zenaren likidaziotik sortua dela. Likidazioa eman zenean, une zailak bizi izan zituzten kaleratutako langileek. Euren lanpostuen defentsan borroka eredugarri bat egin ostean kaleratuak izanda ere, espekulatzaileak uxatzeko eta etorkizunera begirako plan industrial sendo eta egonkor baten bila borrokan jarraitu zuten. Eta egun, sortzen ari diren eta sortuko diren lanpostuen lan baldintza duinak bermatzeko lanean burubelarri ari dira.

Langileek enpresaren bideragarritasunean eta etorkizunean sinisten zuten, orain Gestamp bezalako taldeak egin duen moduan. Langileen borrokak fondo espekulatzaileek eskua sartzea majo gelditu du eta gaur arte lorturikoa neurri haundi batean, langileen borrokari esker izan dela azpimarratu nahi dugu.

Eta bide luze eta gogor honetan non egon da Arantza Tapia? Non Eusko Jaurlaritza? Hainbat eta hainbat dei eta inplikazio eskaera egin zizkieten langileek, baina eskari guztiei muzin egin zieten! Arantza Tapia, Urkullu eta konpainiak TSko langileak baztertu egin zituzten eta ez zuten langileekin biltzeko interes minimorik ere azaldu! Orain zertara dator argazki hau atera nahi hau? Etekin elektoralak atera nahi hutsa al da? Hori al da Eusko Jaurlaritzaren interes bakarra?

Langileek eragile eta herritar ezberdinen babesa jaso dute, elkartasun ikaragarriarekin batera, baina konpromisoak eskatu zirenean, ez Eusko Jaurlaritzak ez gaur argazkira azaldu direnek ez zuten maila eman.

Gaur ere argi geratu zaigu Urkullu eta Tapiak duten helburu bakarra konpromisorik gabeko argazkiekin etekin politikoak ateratzea dela! Oportunismoa eta protagonismoa baino, konpromiso garbia erakutsi behar dela pentsatzen dugu

Oztopoak oztopo, langileok jarraituko dugu herria eraikitzen.

 

 

 

Giroa-Veolian mobilizazioak hasiko ditu lan-baldintzak hobetzeko

0

Giroa-Veoliako langileek, joan den maiatzaren 12an deitutako Asanbladaren ondoren, gehiengoz erabaki dute Enpresak aurkeztutako azken eta behin betiko proposamena baztertzea eta mobilizazioen prozesua hastea, Enpresa Hitzarmen propioaren eta lan baldintzak hobetzearen alde.

Hilabete ugari pasa dituzte Enpresarean Zuzendaritzarekin negoziatzen aurreko Ituna berritzeko, eta prozesu negoziatzaileari borondatez ekiteko erakutsi duten pasibitate eta interes faltaren nabariak izan dira, Batzordeak aurkeztutako proposamenari kasurik egin gabe, Zuzendaritzak azken proposamen bat egin du bere azterketa eta onarpenerako. Azken honek eskubideen galera eta lan-baldintzak kaltetzea besterik ez dakar. Honen aurrean, langileek behartuta ikusi dute euren burua erabaki hau hartzera, euren egoera sozializatu eta ezagutzera emateko, egungo lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko.

 

 

 

Zerbitzu sozialetan pairatzen diren eraso eta estresaren aurrean neurri prebentiboak bultzatzeko dinamika martxan da

LABek dinamika berria jarri du martxan zerbitzu sozialetan pairatzen diren eraso eta estresaren aurrean neurri prebentiboak bultzatzeko asmoz. Dinamika honen helburua bikoitza da. Alde batetik inkesta batzuen bidez, gizarte zerbitzuetako langilek pairatzen dituzten arriskuak identifikatzea eta kuantifikatzea, eta bestaldetik, arrisku horien aurrean neurriak proposatzen saiatzea lan duin eta osasungarriago baten alde egiteko.

Zerbitzu sozialetako hainbat baliabidetan, jarduerari nahiz lanaren antolamendu ezegokiari loturiko hamaika arriskuekin bizi ohi gara langileok.

Zereginak eskakizun maila handiaz egiteaz ari gara, lan-zama zein langile kopurua urriaz ari gara, ordezkatuak ez izateaz, eskatzen zaigun erabateko konpromisoaz ari gara, oso emozio biziak kudeatu beharraz ari gara, zereginak eta aldiak antolatzeko autonomia urriaz, erasoez,… Honelako arriskuekin bizi beharrak arriskuan jartzen ditu sektoreko langileen eta erabiltzaileen ongizatea, osasuna edota segurtasuna.

Gisa honetako arrisku egoeretan lan egitearen ondorioak ugariak dira: motibazioa galtzea, estres sintomak edo depresioa, beldurra, autoestimua galtzea, lesio fisikoak jasateagatik osasun-laguntza,… Lan arloan, gaixotasunak eragindako absentismoaren eta lana utzi behar izatearen artean ibiltzen dira ondorioak. Honek, berriz, kaltetutako pertsonaren familiarengan zein pertsona esparruan izan ditzake ondorio kaltegarriak; erabiltzaileei eskainitako zerbitzuaren kalitatean ere izan dezake eragin kaltegarria.

Erabiltzaileak izan ditzakeen premiei aurre egiteko eskaintzen diren zerbitzuen ezegokitasunak, eskaintzen diren zerbitzuen kalitate eznahikoak, pertsonal eskasia izateak eta lanaren antolamendu kaskarrak ondorio kaltegarriak dakarzkio gure osasunari; horrengatik, prebenitu daitezkeen arazoak dira. Hala ere, arrisku ebaluazioek eta prebentzio plangintzek maiz ahazten dituzte arazo hauek.

Gizarte zerbitzuetako langileen osasunari kalte egin diezaiokeen egoera zehatz hauek ezagutzeko asmoz, eta batik bat, hauek konpondu aldera, animatu nahi ditugu sektoreko langile guztiak, gizarte zerbitzuetako hainbat errekurtsoetan banatuko dugun inkestatxoa betetzera.

 

 

 

Indarkeriaren alternatiba beste jendarte bat eraikitzea da


Azken bi egunetan lau emakume hil dituzte Euskal Herrian, bat Gasteizen eta hiru Angelun. Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren azken biktimak izan dira. LAB sindikatutik indarkeria sexista egungo sistema heteropatriarkarraren izozmendiaren muturra dela adierazi nahi dugu, erro sakon eta zabalak dituen matxismoaren adierazpiderik bortitzena, baina ez bakarra.

Hala ere, ez gara istripuez edo saihestu ezin diren dramaz ari, arazo sozial eta politiko batez baino, alternatibak dituena. Egungo ereduak bultzatzen dituen botere harremanak iraulita zein harreman parekide eta justuagoetan oinarrituko den jendarte bat eraikita egingo diogu aurre indarkeriari modurik eraginkorrenean.

Honekin lotuta, ezinbestekoa da erasoak ozen salatu eta jendarte mobilizazioa hauspotzea. Horrela, Emakumeen Mundu Martxatik deitu diren deialdi desberdinetan parte hartzeko deia egin nahi die LAB sindikatuak langile eta herritarrei. Mobilizazioak “Eraso sexistarik ez” lemapean egingo dira.

Emakumeen Mundu Martxaren deialdiak:

Gaur, ekainak 22, asteazkena
– Gasteiz. Manifestazioa Andra Mari Zuritik 20:00etan

Bihar, ekainak 23, osteguna
– Mobilizazioak Hegoaldean (ohiko toki eta orduetan). Adib. Donostia. 19:00etan Bulebarrean; Bilbon. 19:30ean Arriagan…

Etzi, ekainak 24, ostirala
– Angelu. 18:00etan Angeluko Herriko Etxearen.

 

 

 

GUFE-Aldundiako langileak mobilizatu dira enplegu suntsiketa salatzeko

0


GUFEk/Aldundiak pribatizazio politikekin eta enplegu publikoaren suntsipenarekin jarraitzea erabaki du, astiro baina gelditu gabe. Lanpostuak ez dira betetzen, zerbitzuak ixten dira, ireki behar direnak ez dira irekitzen. Egoeraren larritasunaren aurrean sindikatuok kalera irtetea erabaki dugu eta hala jarraituko dugu egoera aldatu ezean.

LAB, ELA, UGT eta CCOOren oharra

GUFEk/Aldundiak pribatizazio politikekin eta enplegu publikoaren suntsipenarekin jarraitzea erabaki du, astiro baina gelditu gabe. Aldundiak lanpostu kopuru handi bat du bete gabe eta GUFEk ildo berean dabil, baina are eta larriago, asistentzia-zerbitzutan aritzen baita eta neurri hauek arrisku larrian jartzen dituzte.

GUFEko gaurko egoera zehaztu dezagun: Leioako egoitzaren zerbitzari garbitzaileen hornidura 58tik 53ra jaitsi egiten da, Zuzendaritzak antolaketa arrazoiak argudiatuz. Bost lanpostu gutxiago. Horretaz gain, oraindik ez dituzte bete Zubieteko Sukaldari-Etxe zerbitzari 4 lanpostu, sukalde eta garbiketa zerbitzuen errebersioen zain.

Maiatzaren 28ko Aldundiko Negoziazio Mahaian, GUFEko Zuzendaritzak argi utzi du beraien jarrera eta jokaera zein izango den: ez dute Leioako lanpostu horiek beteko. Gure irakurketa, lehen urratsa dela eta kategoria bera arriskuan dagoela.

Ordua da serio hartzeko. Lanpostuak ez dira betetzen, zerbitzuak ixten dira, ireki behar direnak ez dira irekitzen… eta bitartean: langabezian dauden pertsonak lan egiteko deiaren zain, gero eta langile gutxiagorekin eman omen diren zerbitzuak… erabiltzaileengan honek daukan eragina kontutan hartuta.

Azaldutakoagatik, zuen Batzar Taldeari, Aldundiko eta GUFEko zerbitzu eta enplegu publikoaren defentsan jardutea eskatzen dizuegu.

 

 

 

Roal CB enpresako langileak hitzarmena aplikatzea lortu dute

Cikautxoko azpikontratetan, prekarietatea borrokatuz, lan baldintzak hobetzea lortu dute. Orain arte 900 euro gordin kobratu dute gaur egun arte (800 euro garbi) 12 hiletan aparteko pagak barne. Egindako borrokari esker, akordioa lortu dute eta uztailean, hitzarmenak ezartzen duen soldata jasoko dute.

Kimiketako estatu mailako hitzarmenak 1.300 eurotako soldata gordina ezartzen du 12 hiletan (pagak barne). Soldata prekarioa, kontuan hartzen baditugu ezarri behar zaizkien kenkariak (PFEZ, gizarte segurantza). Hori horrela izanik, hitzarmenak ezartzen duena ere kobratzen ez duten langileen egoera zein da? Ze egoeratan egon dira orain arte Roal CB enpresako langileak eta beste azpikontrata batzuetakoak langileak? Pobreziara kondenatuta egon dira, eta oraindik horrela daude langile asko eskualdean, gure auzokideak, herritarrak, lankideak,..

Apirila eta maiatzean egin zuten publiko beraien egoera Roal CB enpresako langileek, baina urteak daramatzate pobreziara kondenatuta. 900 euro gordin kobratu dute gaur egun arte (800 euro garbi) 12 hiletan aparteko pagak barne. Errentako aitorpenik ere ez dute egin behar izan! Orain, borrokaren ondorioz, akordioa lortu dute eta uztailean, hitzarmenak ezartzen duen soldata jasoko dute. Gainera, azken hileetan enpresak dagokiena ez ordaintzeagatik sortutako zorra ere hilerik hile kobratzen joango dira, soldatarekin batera.

Zorionak Roal CBko langileei. Zorionak, zuen borrokarekin prekarietateari zaplazteko ederra eman diozuelako. Zorionak enpresari haginak erakusteagatik, nahiz eta horrek egunerokotasunean ondorio larriak izan dituen zuentzat. Zorionak batu izangatik, zuen arteko elkartasunak eman dizuelako indarra eta garaipena.

Zorionak eta eskerrik asko! Sarri ahaztu egiten zaigu eta zuek berriro erakutsi diguzue: borroka ezinbestekoa da, eta gainera, balio du. Gure eskubideen alde borrokatzeak merezi du. Duintasunez, harrotasunez, elkarrekin… dena dugu irabazteko. Eta lor daiteke!

Baina oraingoan, ezin ahaztu, gaur egun ere, badagoela langile mordoa Cikautxoko hainbat azpikontratetan etxera 800 eurotako soldatak eramaten, oporretarako eskubidea mugaturik, ebentualtasunera kondenatuta, lan-osasunerako eskubidea hutsaren hurrena bihurtuta, etab. luzea. Roal CB enpresan ikusi dugu aldaketa posiblea dela. Langileen erabakia da horretarako beharrezkoa: erabakia hartu eta bideratzea.

Lagunonbi, Azken Ikutu, Aurrez eta beste enpresa batzutatako langileak animatu nahi ditugu. Hartu erabakia eta esan ozen: “Nahikoa da! Ez dut nahi gehiago lapurtzerik!” LAB sindikatua, Roal CBko langileak eta beste hainbat azpikontratetakoak eurekin izango ditugu bidean laguntzeko, gutxienezko lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena eurek ere lortzeko.

 

 

 

Arzu Çerkezoğlu, DISKeko Idazkari Nagusiaren atxiloketa sindikalgintza eskubidearen kontrako eraso argia da

0

Mundu osoko langile eta sindikatuok errepresioaren gorakada paiaratzen ari gara eta hilaren 17an Turkiako DISK sindikatuko Idazkari Nagusiaren atxiloketa estrategia horretan kokatzen da. LABek atxiloketa hau sindikatuen eskubideen aurkako eraso argia dela salatzearekin batera, Turkiako Gobernuaren demokrazia eza agerian geratzen dela adierazi nahi du. LABetik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu DISKeko kideei eta bereziki Arzu Çerkezoğlu kideari eta Turkiako langile guztiei.

LAB denounces the arrest of Arzu Çerkezoğlu, General Secretary of DISK

LAB wants to denunce the arrest of Arzu Çerkezoğlu, General Secretary of DISK. Trade Unions around the World are facing the repressive escalating and the last simple is the arrest of our colleague Arzu Çerkezoğlu. It is a clear attack against trade unions rights, included freedom of speech.

The General Secretary of DISK was arrested last 17th of June in the airport of Istanbul and charged of having insulted the President Receb Tayyip Erdogan during a speech.

This arrest is other example that shows Turkish government no democratic quality.

For this reason, LAB wants to show our support and solidarity with our colleagues of DISK, in special with their General Secretary and the working people of Turkey.

Bilbo, 20th June 2016

 

 

 

Osakidetzako langileon kontzentrazioa Santiago Ospitalean lapurtutako eskubideak berreskuratzea eskatzeko

0


Osakidetzako Sindikatu gehienek konzentrazioa egin genuen atzo Santiago Ospitalean, azken urteotan Osakidetzako langileei lapurtutako eskubideen berreskuratzea eskatzeko. Azken urte hauetan egindako murrizketak bertan behera uztea exijitu diogu Osakidetzari. 

Halaber, Mahai Sektorialean benetako negoziazio ematea eskatu dugu, izan ere, sindikatuok komunikabideen bitartez jasotzen ditugu Osakidetzak hartutako erabakiak.

Santiagoko langileok ospitalaren inguruko kaleetatik manifestazioa egin dugu eta Olagibel kaleko anbulategitik pasa direnean kartelekin hor zeuden langileei elkartasuna adierazi diete.

Olagibeleko teknikariak borrokan daude Osakidetzak X Izpi Zerbitzua ixtea erabaki duelako. Olagibeleko Zerbitzu honek Arabako osasun zentrotako plakak egiten ditu eta itxiko balitz, momentu honetan ziurtatzen duen azkartasuna eta diagnosiaren bizkortasuna galdu egingo litzateke, Arabako ospitalak lanaz betez.

LAB sindikatuaren ustez X Izpiak ixteak adierazten du Osakidetzak, ESIen sorrerarekin, Lehenengo Arretari ematen dion garrantzi eskasa.