2026-09-10
Blog Page 1002

Neurri feminista ausartak har ditzatela eskatu diegu erakunde zein alderdiei

0

LABeko emakumeak Gasteizen bildu gara, sindikalgintza berriaz eta feminismoaren garrantziaz hitz egiteko. Topaketaren ostean, kalera irten gara "Egin kontu! Aurrekontu feministen garaia da" leloarekin, Martxoak 8ko Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira. Hala, instituzio zein alderdi politiko desberdinei eskatu diegu urteroko diskurtso formal eta hutsaletatik politika eta neurri feminista ausartetara jauzia eman dezaten.


LABeko emakumeok, sindikatuak maiatzaren 25 eta 26an burutu behar duen 9. Biltzar Nagusiaren testuinguruan bildu gara martxoaren 8 honetan, Gasteizen, sindikalgintzak eman beharreko eta LAB konkretuki ematera doan urrats feministaz gogoeta egiteko.

LABen eraldaketa feministari berrekin nahi diogu, gure eredu sindikalaren erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatuz eta bizitzaren prekarizazioari aurre egingo dion ekintza sindikal eta sozial berri bati bide emanez.

Norabide berdinean, martxoaren 8 honetan, instituzio zein alderdi politiko desberdinei urteroko diskurtso formal eta hutsaletatik, politika eta neurri feminista ausartetara jauzia eman dezaten eskatzen diegu.

Aukera paregabea dago zabalik, Eusko Jaurlaritza berriak bere lehenengo aurrekontuak negoziatu eta adostu behar baititu.

Aurrekontu hauek zein testuinguruan eztabaidatu eta onartuko diren ezin dugu ahaztu:

· Gehien dutenen eta gutxien dutenen aldea geroz eta handiagoa, eta arrakala hau estatuan baino gehiago indartzen ari denean.

· Lan munduan emakumeon egoeraren larritasuna erakusten duten datuak: soldata arrakala %33,6koa, behin behinekotasuna %26,1koa, lanaldi partzialen %78,3 emakumeongan…

· DSBEa jasotzen duten 63.797 pertsonetatik gehienak, 35.951, emakumeak dira eta Jaurlaritzak ez du DSBEaren legea betetzen, murrizketa berriak inposatzen dituelarik.

Egun jendartean zabaltzen ari den prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko enplegu plan berria eta egon badagoen aberastasunaren banaketa termino etikoetan bermatuko dituzten politika publikoak behar dira, hau da, aurrekontu sozialak eta feministak, behar dira.

Prekarietate eta pobreziaren kontrako plan integrala behar da, aberastasuna eta lanaren banaketa justu eta orekatua ahalbideratuko duena: enplegu plan berria, babes sistema aurrerakoia eta emakumeon egoera iraultzeko neurri eta estrategia zehatzak barnebildu behar dituenak. Honetarako noski, politika eta neurri fiskal berriak behar direlarik.

Aipatutako parametroetan kokatzen ez diren aurrekontuak antzuak eta emakumeontzat iruzur berri bat baino ez dira izango.

Mobilizazioak, arratsaldean

Bestalde, gaur arratsalderako iragarrita dauden mobilizazioetan parte hatzeko deia egin dugu. Hauek dira hitzordu nagusienak: Bilbon, Arriagan, 19:30ean; Iruñean, Gaztelu plazan, 20:00etan; Donostian, Bulebarrean, 19:00etan; Gasteizen, San Anton plazan, 20:00etan; eta Baionan, Herriko Etxean, 18:30ean.

 

 

Feminismoaren garaia da! Un paso feminista desde el sindicalismo

0

LAB sindikatutik urrats berria eman nahi dugu eraldaketa feministan. Gure ustez, bada garaia sistema kapitalista heteropatriarkalaren logikaren baitan kokatzen diren berdintasun lege, politika eta neurrietatik haratago benetako politika feminista ausartetara jauzia emateko.

Norabide horretan, Pikete Feminista, emakumeen aurkako diskriminazio egoerak salatzeko erabiliko dugun mobilizazio-tresna gisa aurkeztu berri dugu.

Emakume langileen egoerak ikustarazteko, protagonismoa emakume langileengan jartzeko, emakume langileak ahalduntzeko eta lan eremuan pairatzen dugun errealitatearen bozgorailu eta motorea izateko, PIKETE FEMINISTA bezalako tresna bat behar dugula uste dugu. Praktika feminista ekintza sindikalean txertatu eta emakume langileen arteko aliantza lortzeko tresna bat izatea nahi dugu. Baita mugimendu feministarekin elkarlana burutzeko ere. 
 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Feminismoak eman dizkigu sindikalgintza berria eraikitzeko erantzunak”

Martxoaren 8a da gaur, emakume langileen nazioarteko eguna. LABeko emakumeok solasaldi bat egin dugu sindikalgintzak eman beharreko eta LAB konkretuki ematera doan urrats feministaz gogoeta egiteko, maiatzaren 25 eta 26an egingo dugun 9. Biltzar Nagusiaren testuinguruan. Gasteizen izango da hitzordu garrantzitsu hori, eta Gasteizen bildu gara gaur ere.


Hain zuzen ere, sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek, Zeharlerro Politiketako idazkari Izaskun Garciak eta Emakume Idazkaritzako kide Eli Etxebarriak eta Maite Barreñak hartu dute hitza batzarrean.

Etxaidek nabarmendu du Biltzar Nagusiak garai berri bati bide emango diola, eta prozesu hori guztia feminismotik eraikitzen ari garela: “Ariketa hau ongi egiteko feminismotik egin behar genuen. Sindikalgintza berritzeko feminismoa dugu ardatz. Feminismoak eman dizkigu sindikalgintza berria eraikitzeko erantzunak”. LABeko idazkari nagusiak berretsi du “bizitzaren sostengarritasuna erdigunean” jartzea dela apustua, eta sindikatuak langile klasea batzeko, antolatzeko eta aktibatzeko tresna izan behar duela azpimarratu du.

Eli Etxebarriak kapitalak eta merkatuak sortutako bidegabekeriarekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu du. “Kapitalak ez ditu bakarrik lanarekin sortutako balore gehigarriak bereganatzen, emakumezkoek egindako doako lanak ere beretzat hartzen ditu, aitortza sozial eta ekonomikorik egin gabe”, esan du. Zentzu honetan, lanaren definizioa zabaldu behar dela nabarmendu du: “Lana esaten dugunean enpleguaren ideia daukagu buruan, eta horrek zaintza lan guztiak ezkutatzen ditu. Enplegua baino harago badago lana. Lan horiek ikusgarri egin behar ditugu: nork egiten dituen, zein baldintzetan eta nola kapitalismoak bereganatzen dituen, aitortzarik egin gabe ”. Kapitalismoak bizitza erasotu egiten duela salatu du: “Sistema honetan bizitzea ez da posible, edo posible da, baina gutxi batzuentzat eta besteen bitartez”. Hau guztia esanda, LABek ekintza sindikal sozial integral bat aurrera eramango duela azpimarratu du: “Sindikalismoa egiteko beste modu bat da”. Lanaren eta langile subjektuaren izaera zabaldu, publiko eta pribatuaren arteko dikotomia apurtu, zaintzaren garrantzia aitortu erantzukizun sozial gisa… hauek lirateke oinarrietako batzuk.

Hala, sindikatuaren apustua jauzi kualitatibo bat dela esan dute guztiek, eta balio feministetan oinarrituko direla jakinarazi dute.

Gaurko topaketa 9. Biltzar Nagusiaren harira antolatutako solasaldi zikloaren barruan antolatu dugu. Andoainen ekin genien hitzaldiei, eta burujabetza eta aldaketa sozialari buruz aritu gara, besteak beste.


 

 

 

Donuts-Bimboko banatzaile guztiak kaleratu dituzte

0

Langileak enpresari konponbide desberdinak proposatzen saiatu dira, baina honek entzungor egin du. Horrela, lanuzte eta mobilizazioak egitera behartuta ikusi dute euren burua langileek. Guztiz bortitza izan da enpresaren erreakzioa, langile guztiak kaleratu baititu. Gainera, banatzaile berrien kontratazioari ekin dio, greban dauden langileak ordezkatzeko. Enpresak egindako gehiegikerien aurrean, langileek mobilizazioak egingo dituzte LAB sindikatuaren laguntzarekin.

Pasa den otsailaren 15etik, EAE, Errioxa, Nafarroa eta Aragoan Bakery Donuts Iberiak autonomo moduan dituen 150 banatzaileak greban daude enpresak inposatu nahi dituen gehiegikerien aurka. Tuterako Mahaia deitutako plataforma osatzen dute langileek.

2013an, Panrico-Donutsek jasaten zuen salmente hondoratzearen aitzakiarekin, langileek kaleratzeak eta lan-baldintzen murrizketa larriak onartu zituzten, etorkizunean berreskuratzeko promesarekin. Enpresak aldiz, ez zuen agindutakoa bete.

2016an Grupo Bimbo SABek erosi zuen Panrico-Donuts. Eta berriro planteatzean da zuzendaritzetatik planifikatutako mugimenduen kostea, langileen lan-baldintzen kaltetzearen kontura izatea.

Puntu honetan, langileen %25a kaleratzea planteatu zen Bakery Donuts Iberia S.A.tik (Bimbo), banatzaile bakoitzaren lan-karga gehituz. Gainera, enpresak produktu baten banaketa eten du (ogi ingelesa), langileentzako fakturazioaren %40 suposatzen duena.
 

 

 

Gasteizko Bide Garbiketa kontratako egoera zuzentzeko lan egingo dugu

0

Gasteizko Bide Garbiketak egiteko azpikontratu den enpresan —FCC-GMSM enpresak kudeatua—, 2015. urteko urriaz geroztik indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboa behin eta berriz urratzen da. Enpresa batzordeak egoera hau salatu du Lan Ikuskaritzan zein Gasteizko Lan epaitegian, baina enpresak beste alde batera begiratu du. Gatazkaren unerik larriena zuzendaritzak 8 langile kaleratu zituenean izan zen. Zuzendaritzak egoera zuzentzeko egin proposamena gertutik jarraituko du LABek.

Ikusirik azken urte eta erdian, Hitzarmen Kolektiboa etengabe urratzen zutela eta honek langileen lan baldintzak okerrera egitea ekarri duela; galdutako bide judizialetik berreskuratzen saiatu gara. Baina enpresa esleipendunak entzungor egin die Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai irmo batzuei, uko egin dio haiek gauzatzeari.

Gobernu taldearen Ingurumen Kabineteak eta enpresa zuzendaritzak egin zituzten bileretan zehar agerian geratu zen zuzendaritzaren asmo bakarra, haren ekonomia-oreka eza kudeatzeko, askatasun osoz arintzea dela. Hau ikusirik langileek martxoak 6an greba egiteko asmoa adierazi zuten, baina otsailaren 28an egin zuten azken bileran, enpresako zuzendaritzak egindako proposameneean egin 8 langileak berriz hartuko zirela zehazten zen eta, zuzendaritzak argi eta garbi agindu zuen, gaur arte, Hitzarmen Kolektiboan eman diren ez-betetze guztiak desblokeatuko direla.

LABen sail sindikalak Aldi-baterako Enpresa-elkarteak egin duen proposamen hori gogo onez onartzen duen arren oso adi zainduko du hurrengo bi hilabeteetako bilakaera; egoera bideratuko ez balitz adierazi diren ildoetatik, ez dugu zalantzarik izango alerta jotzeko, eta horrela, kontrata honetako langileei dagozkien eskubideen aldeko borrokari eutsi diezaiogun.
 

 

 

Neurriak hartzeko exijitzen dugu EITBn zentsura gehiagorik ez onartzeko

0
«Euskalduna naiz eta zu?» programako langileekin eta kolaboratzaileekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu, pairatzen ari diren neurri gabeko jazarpen pertsonal eta profesionalaren aurrean.

Ohikoegi bihurtzen ari da hainbat alderdi eta komunikabide hartu duten kontrol ideologikoaren estrategia. Hau da, EITBk albiste edo programa baten ikuspegia gogoko ez dutenean jazarpen makineria martxan jarri, eta profesionalak erasotzeari ekiten diote helburu anitzarekin: langilea deuseztatu edo gutxienez autozentsurara bideratzea, eta arduradunak zentsurara jotzea. Kasu honetan testuingurutik ateratako programa baten irudien erabilera maltzurrarekin abiatu dute eraso zentsuratzailea.

Erasoaldi berri hau une delikatuan dator gainera, hain zuzen eragile politiko eta sozialok EITBren birpentsatze bat eskatzen ari garenean. Eztabaidan eragiteko modu onartezina erakusten ari dira berriro ere hainbat alderdi eta komunikazio talde.

EITBko LABek zentsura ahalegin guztiak salatzen jarraitzen du, kanpotik zein barrutik datozenak. Horrela, alderdi eta komunikabideei adierazpen eta informazio askatasuna ez urratzeko exijitzen diegu.

Era berean zuzendaritzari ere exijitzen diogu presio horien aurrean ez erortzeko eta alde batera uzteko zentsurarako edozein keinu, propio zein kanpotik eragindakoa. Ez dugu ulertzen zer esan nahi duen berriro ez gertatzeko neurriak hartuko dituela esaten duenean. EITBko LABen ustez zuzendaritzak hartu behar duen neurria langileoi askatasunean lan egin ahal izatea bermatzea da.
 

 

 

Enplegu publikorako sarbidea galarazi die emakumeei Cortesko alkateak

LAB sindikatuak berriro ere lan arloan bereizkeria matxista salatzen du. Oraingoan, Corteseko Udalaz ari gara. Herri honetako alkate andreak “gizonezkoa izatea” eta Cortesen bizitzea nahitaezko betekizuntzat jotzen dituen 4 brigadako peoi lanposturako LPEa sinatzen du.

Eskaintza hau Nafar Lansarek arauturikoa da eta interes orokorra duten obra eta zerbitzuak gauzatzearren zailtasun handiak dituzten langabetuen kontratazioa bultzatzea du xede, Europar Funtsa Sozialak kofinantziaturik. Alkate Andreak, berriz, edukia murriztu eta ebazpenean agertzen diren bestelako kolektiboak baztertzea erabaki du. Hala nola, %33tik gorako desgaitasuna dutenak, indarkeria matxistaren biktimak, emakumeak orokorrean, eta 30urtetik beherako gizonezko gazteak.

Ebazpen hori bete beharrekoa da eta alkateak, ezta edozein administrazioak ere, ezin die aipatu betekizunak betetzen dituztenei sarbidea galarazi, aldez aurretiko aukeraketa nahieran eginez eta lehiakortasun librea mugatuz. Halaber, ezin du ebazpenak jasotzen ez duen legez kanpoko betekizunik asmatu, Corteseko bizilagun izatearena kasu.

Begi bistakoa da eskaintza hau Konstituzioaren aurkakoa dela. Are larriagoa da agintari publiko batek entitate publiko baten izenean enplegu publikoa eskainiz matxismo islapen hau izenpetzea. Herritar guztion eskubideen bermatzaile izan beharko lukeenak horrelako praktikak betikotzea guztiz onartezina da. Feminismoak pertsona guztiondako harremanetan eta bizitza arlo guztietan eskubide eta aukera berdintasuna aldarrikatzen duen eraldaketa sozialaren kontrakoak baitira.

LAB sindikatutik eskaintza hau bertan behera utzi eta aukera berdintasuna bermatuko duen bat onartzea errekeritzen dugu.
 

 

 

“Konfrontazioaren bidea baino ez digu uzten Administrazioak”

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok grebara deitu dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, martxoaren 22rako, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Deialdi horren baitan, elkarretaratzeak egiten ari gara lan uzteen arrazoiak eta langileen aldarrikapenak kalera eramateko. Donostian egin dugu gaur protesta, Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, "Lan baldintzak hobetu, Hezkuntza eraiki" leloarekin.

Siundikatuon ordezkarien arabera, azken zortzi urteetan, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan aldaketak egon diren arren, hezkuntza irizpideak norabide berean joan dira: murrizketak aplikatu dira, hezkuntzarako diru inbertsioak txikitu dira eta inposaketaren bidea hartu dute, LOMCE eta Heziberri bezalakoak inposatuta. "Hemen gauden sindikatuok ekarpen eta proposamen ugari egin dizkiogu Administrazioari, eta Administrazioak entzungor jokatu eta gure ekarpen guztiak atzera bota ditu. Honi guztiari gehitu behar diogu hezkuntzaren kalitatea nabarmen jaitsi dela eta gure langilegoaren lan baldintzak okerragotu egin direla. Hala, konfrontazioaren bidea baino ez digu uzten Administrazioak, mobilizazio dinamikak piztea", azaldu dute.

Martxoaren 22ko greba iragartzeko dinamikaren baitan, Gasteizen eta Donostian egin bezala, Bilbon ere elkarretaratze bat egingo dugu datorren astean, martxoak 15. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean izango da, 11:00etan.


 

 

 

Osakidetzan, pribatizazioari ez esan diote

0

Sindikatuak pribatizazioen kontrako kanpainan murgilduta gaude eta hurrengo hilabeteetan ere mobilizazioekin jarraituko dugu. Maria Jesus Mugikaren arabera Osakidetzaren negozioa osasuna da. Hitz horiek agerian utzten dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia, osasuna negozio iturri izatea nahi dute. Langile zein erabiltzaileok borrokan jarraituko dugu osasun zerbitzu publiko baten alde.

Esku artean ditugun datuen arabera diru iturri emankorra da bertan aritzen diren enpresentzat, hiru adibide:

  • Garbialdi: Azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.
  • IMQ Zorrozaurre: Azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.
  • Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute gizartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa narriatzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eta gainera, jendaurrean pribatizaziorik egiten ez dutela diote. Sindikatuokin sinaturik dute ez dutela zerbitzu berririk pribatizatuko, baina Urdulizko Ospitalearen ondoren, orain Lezako garbitegiaren pribatizazioa dator.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.

Bien bitartean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu, ez diegu utziko modu baketsuan osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen utziko.

Hurrengo mobilizazioak:

  • Martxoaren 7an kontzentrazioak, goizeko 11etan, hurrengo Ospitaleetan: Gurutzeta, Galdakao-Usansolo, Basurtu, Santa Marina, Txagorritxu, Mendaro, Zumarraga eta Donostia.
  • Martxoaren 21ean mobilizazioa Lezako Ospitalean.
  • Apirilaren 4an kontzentrazioak Osasun Delegaritzen aurrean goizeko 11etan.