LAB SINDIKATUA

2017/06/27 :: 22:48

Azken Eguneraketa:2017/06/27 :: 10:56

HIZKUNTZA
Hemen zaude: LAB SINDIKATUA

"Estatu bat nahi dugu, baina proiektu konkretu baterako: euskal sozialismoa"

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea

b_345_148_16777215_0___materiala_argazkiak_labSindikatua_biltzarNagusia2017_2017_02_22Solasaldia_Katakrak.png

LABek solasaldia egin du Iruñean, burujabetza prozesuari zein ekarpen egingo dion ezagutzera emateko. Sindikatuak berretsi du Euskal Herriak estatu propio bat behar duela aldaketa soziala gauzatzeko, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela burujabetza maila guztietan berreskuratzea, Kapitalismotik haragoko alternatiba eraiki nahi bada.

LABek antolatutako solasaldi zikloak aurrera darrai, eta atzo Iruñean izan ginen, “Burujabetza garaia” lelodun hitzaldia eskaintzeko. Solasaldi bera Donostian egingo dugu bihar, 18:00etan, Egiako kultur etxean.

Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok hartu dute hitza Iruñean, eta euskal langileriak zein prozesu behar duen eta sindikalismoak zein ekarpen egin dezakeen azaldu dute, beti ere burujabetza aldaketa soziala gauzatzeko bidea dela nabarmenduta.

Arroyok adierazi du egungo egiturazko krisiari aurre egin behar diola prozesuak, herria egin beharrean, herria desegiten ari direla ohartarazi eta gero. Hala, des-herria kontzeptua jarri du mahai gainean; solasaldi zikloaren lehen mahai inguruan aipatutako gaia, hain zuzen ere. “Krisi garaian, ez da apusturik egin herri ikuspegi batetik. Eredu neoliberalaren alde egin dute nabarmen, bi arrazoi nagusiengatik: estatuei aurre egiteko borondate faltagatik eta, batez ere, kapitalaren proiektu ekonomiko eta sozialari aurre egin nahi izan ez diotelako”, esplikatu du LABeko ordezkariak.

Hortaz, bere iritziz, langileek behar duten prozesuak egiturazko ibilbide bat egin beharko luke, Kapitalismotik haragoko alternatiba eraiki nahi bada. Hortarako, eredu ekonomiko eta sozial berri baten eraikuntza ahalbidetzeko, burujabetza maila guztietan berreskuratzea ezinbestekoa dela azpimarratu du: “Elikadura, energia eta herri mailan behar dugu burujabetza. Elite trasnazionalek eta estatuek bahitutako burubajetza berreskuratu behar dugu Estatu propio bat eraikitzeko, eredu ekonomiko eta sozial berri horren tresna izango den estatu bat lortzeko. Bide hori egin behar dugu, gaurtik hasita, Euskal Herria banatzen duten hiru errealitate instituzionaletatik abiatuta, Estatu Konfederal batekin lotzeko”, esan du Arroyok. LABek prozesu egituratzaile eta eraldatzaile bat defendatzen duela berretsi du, eta esparru berriak langileen gehiengoaren gizarte eskakizunei erantzun beharko liekeela azpimarratu du: “Aldaketa politiko eta soziala txanpon bereko bi aurpegi dira. Hala ulertzen dugu guk”, erantsi du.

Garbiñe Aranburuk Euskal Estatuaren proiektuari buruz hitz egin du: “Ez dago herri proiekturik egitasmo sozioekonomikorik gabe. Estatu bat nahi dugu, baina proiektu konkretu baterako: euskal sozialismoa. Hau da Euskal Herriko gehiengo sozialari egiten diogun eskaintza, prozesuarekin bat egin dezaten”.

Sindikatuak proiektu hori lortzeko ekimena hartu duela azaldu du, eta konpromiso hori 9. Biltzar Nagusian berretsiko duela jakinarazi du.

Era berean, LABek kontraboterearen paperean sakonduko duela adierazi du, kapitala eta erakundeen aurrean, aipatutako proiektua garatzeko egungo eredu ekonomiko eta soziala defendatzen dutenekin borrokatzea baino beste biderik ez dagoelako. “Gure eredu sindikala berritu dugu bizitzaren prekarizazioa geldiarazteko eta kapitalaren aurkako borrokan eraginkortasuna irabazteko”, aipatu du Aranburuk. “Patronala eta erakundeen arteko sinbiosia puskatu behar da. Instituzioek langileen gehiengo sozialaren zerbitzura egon behar dute”, esan du.

Burujabetza lortzeko prozesuak aliantzak behar dituela azpimarratu du. Zentzu honetan, adierazi du “logikoa eta beharrezkoa” dela beste gizarte sektore batzuekin herri akordioak lortzea. Gurpil-zoro batean gaudela onartu du, non EAJri interpelazioak egitera mugatu garen, jeltzaleek aldaketarako borondaterik ez dutenean. “Sindikatu, alderdi eta ezkerreko indarren artean zein akordio mota behar dugun planteatzeko ordua da, gurpil-zoro horrekin amaitzeko”, erantsi du.

Iruñeko solasaldia osorik