2024-05-24
Blog

Matia Fundazioko langileek hitzarmena negoziatu ahal izateko blokeoa etetea exijitu dute

Gaur kontzentrazioa egin dugu Matia Fundazioko langileekin batera, fundazioko zuzendaritza salatzeko asmoz, 2024. urtean hasitako negoziazio kolektiboa izoztuta dauka eta.

Zentro berriak eraiki eta bere ondarea handitzen jarraitzen duen fundazioa da Matia; horren adibide dira Usurbilko Egurtzegi eta Lugaritzeko zentroak. Horrez gain, Foru Aldundiaren eta Osasun Sailaren babesarekin jarduera handitzen ere jarraitzen du fundazioak.

Oparoaldi honetan aitzakiatzat jartzen dute Osasun Sailak ez duela akordiorik bete eta Foru Aldundiaren tarifak ez datozela bat emandako zerbitzuekin. Ezer berririk ez guretzat, eta gure erantzunak berbera izaten segitzen du: ez da langileen erantzukizuna. Eginkizun hori Matiako Zuzendaritzari dagokio, eta bere erantzukizuna Fundazioaren iraunkortasunari (noski, hitzarmena barne hartzen duenari) eusteko diru-sarrera nahikoa bermatzea da.

KPIaren bermea eskatzen dugu, eta langileen batzarrak onartutako proposamenean planteatutako gainerako aldarrikapenak jorratzea.

Kalera irteten jarraituko dugu hau dena salatzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko, egoera honen arduradunak seinalatuz.

Jarraipen zabala Bizkaiko grafikagintza sektorearen grebaren laugarren egunean

Laugarren greba eguna Cebek-en egoitzaren aurrean amaitu den manifestazio jendetsu batekin amaitu da. Hain zuzen ere, patronala da maiatzaren 27an sektoreko gatazka desblokeatzeko aukera duena. Bestela, Bizkaiko grafikagintza sektoreko borrokak aurrera jarraituko du

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok 4 eguneko greba deialdia egin genuen Bizkaiko grafikagintza sektorean, apirilaren 29rako eta 30erako, eta maiatzaren 22rako eta 23rako. Greben arrazoia da sektoreko patronala, CEBEK, ez dela serio ari sektoreko hitzarmena negoziatzen. Planteatzen dituzten edukiak ez dira nahikoa inondik inora ere.

Maiatzaren 22ko eta 23ko greba behar bezala atera da, jarraipena garrantzitsua izaten ari baita. Sektoreko enpresa erreferentzialak, hala nola Cartonajes Erabil, Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño, geldirik eta produkziorik gabe daude.

Maiatzaren 23ko mobilizazioei amaiera emateko, manifestazioa egin da Bilbon, Bizkaia plazatik CEBEK patronalak Mazarredo zumarkalean duen egoitza berrira arte.

Sektoreko sindikatuek hitzarmen sektorial bat berreskuratzea eskatzen dute, 2011tik amaitua, baina hobekuntzak izango dituena eta ez murrizketak, patronalak nahi duen bezala. Sektoreko langileen erosteko ahalmena, hitzarmena aplikatzeko bermeak eta lanaldi-murrizketa handiagoarekin lotutako hobekuntzak bermatzea eskatzen dute; prekarietateari eta lizentziei eta kontziliazioari mugak jartzea, besteak beste.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuOk CEBEK patronalari eskatu dioGU negoziazioaren blokeo-jarrera bertan behera uzteko, eta sindikatu-plataforman oinarrituta negoziatzeko. Maiatzaren 27an, arratsaldean, negoziazio-mahaiaren beste bilera bat deitu da, eta Cebekek beste planteamendu batzuekin joan behar du, negoziazioa desblokeatzeko. Nolanahi ere, sindikatuOk uste dugu sektoreko plantillak oso mobilizatuta daudela eta borrokan jarraitzeko prest daudela.

Errepide mozketa egin dugu Iruñean salatzeko patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako Kimiketako hitzarmena guztiz blokeatu dutela

LAB sindikatuko zenbait kidek eta Kimiketako zenbait langilek Iruñeko errepide bat moztu dugu gaur goizean, irudikatzeko eta salatzeko patronalak zein UGT eta CCOO sindikatuek erabat blokeatu dutela Nafarroan sektoreko hitzarmen probintziala izateko aukera. Iragan urteko ekainean abiatu genuen halako hitzarmen bat negoziatu ahal izateko lanketa, baina aipaturiko eragile horiek guztiz moztu dute bide hori.

CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitza eta UGT zein CCOO sindikatuen egoitzak metro gutxiko tartean daude Iruñean. Bi gune horien arteko errepidea moztu dugu gaur. Sindikatu honen ustez, Nafarroako patronalaren jarrera guztiz salagarria eta kritigarria da, baina ez da harritzekoa izan, bere ohiko jokabidearekin bat egiten baitu. Baina UGT eta CCOOren jarrera, berriz, benetan kezkatzekoa izan da.

Bi sindikatu horiek intersindikalean batzeari ere uko egin diote. Patronalak, aldiz, bai egin du hori. Eta, bilerarik egin gabe, UGT eta CCOO publikoki atera dira Kimiketako Nafarroako hitzarmena izatearen kontra daudela adieraztera. Eta kontrakotasun horrek guztiz baldintzatu du aipaturiko hitzarmena negoziatu ahal izatea, ordezkaritzaren gehiengorik gabe ez delako negoziazio eremu berririk irekitzen ahal -bi sindikatu horiek ordezkaritza osoaren %55 dute-.

Gainera, Madrilen UGT eta CCOO negoziatzen ari diren Kimiketako hitzarmen estatalean, propio adostu dute hitzarmen probintzialak egon ahal ez izatea, nahiz eta aste honetan berean adostu den euskal hitzarmenen lehentasunak neurri hori bertan behera uzten duen.

Ikuspegi sindikaletik ulertezina da jarrera hori, Nafarroako hitzarmena izanda objektiboki sektoreko langileen lan baldintzak hobetuko zirelako; are gehiago bi sindikatu horiek EAE-n, aldarrikapen berdinaren aitzinean, intersindikalaren aldeko jarrera dutenean.

Dena dela, ardura osoa ez da UGT eta CCOOrena. CENek ere ardura zuzena du. Eroso baitago sektoreko langileen prekarizazioan eta entzungor egin dio 25 lantegitako enpresa batzordeek egindako Nafarroako hitzarmenaren aldeko eskakizunari.

LAB sindikatuan irmoki jarraituko dugu lanean, Nafarroako Kimiketako hitzarmena negoziatu ahal izatearen alde. Baina argi adierazi nahi dugu, egun, helburu hori gauzatu ahal izateko sektoreak duen ordezkaritza gehiengoa oztopo bat dela eta, horregatik, langileen konfiantza beharrezkoa duela LABek, lanpostuak prekarizatu nahi duen patronalari aurre egin ahal izateko.

Uliazpiko epai euskarafoboaren errekurtsoa onartu ez izana salatzera aterako gara kalera

Ostiralean, hilak 24, enpresa batzordearen gehiengoak elkarretaratzea deitu du, Auzitegi Gorenak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoa ez baitu izapidetzeko onartu.

Epai horrek zaintzaile-lanpostuetarako 34 lanposturen deialdia baliogabetu zuen, zerbitzua ematen
diegun pertsonen hizkuntza-eskubideak gutxietsiz, eta, gainera, zalantzan jarriz deialdi horren babesean lanpostua lortu zuten langileak.

Gauzak horrela, ostiral honetan, maiatzak 24, elkarretaratzea egingo dugu
11:00etatik 11:30era Uliazpik Antiguan duen Zerbitzu Nagusien sarreran, Oihenart kalearen eta Sert plazaren arteko izkinan, erabaki horren aurka gaudela adierazteko.

Gure ustez, errekurtsoa ez onartzea guztiz bidegabea da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginarekin, LEPa egiteko 15 urte baino
gehiago itxaroten egon ondoren, eta, gainera, erakunde publikoko erabiltzaileen, senideen eta langileen eskubideen aurkako eraso larria da.

Uliazpi adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea garatzen laguntzeko laguntzak ematen dituen erakundea da, eta hizkuntza-eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, erabiltzaileek behar dituzten laguntzei dagokienez lanpostuaren ezaugarrien ondorio dira. Hori dela eta, uste dugu epaiak akats larria egiten duela, pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen eskubide orokorra lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharrarekin nahasten baitu, eta astungarria da, Uliazpik agindutako zereginak betetzeko, hizkuntza jakitea funtsezkoa dela langileentzat.

Epaimahaiak deialdia baliogabetzen duenean, hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua gehiegizkoa dela iritzita, ez du soilik langileek
plaza lortzeko egindako ahalegina urratzen, erakundeen betebeharra urratzen du herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, eta urratu
egiten ditu gure erakundeek euskararen normalizazioan aurrera egiteko duela 30 urte baino gehiagotik adostutako hizkuntza-planak;
horrez gain, urratu egiten du Uliazpiko erabiltzaileek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea, behar dituzten laguntzak jasotzeko.

Legutioko Sidenorreko grebaldia jarraipen zabala izaten ari da

Enpresak bi greba egun arrakastatsu hauei buruzko gogoeta egin behar du, jarrera aldatuz.

Enpresa Batzordeak Sidenor Legutioko langileak zoriondu ditu aste honetako bi greba-egunen jarraipen zabala egiteagatik. Hitzarmenetik kanpo dauden pertsonak baino ez dira joan lanera, eta horrek agerian utzi du lantoki horretan lan egiten duten pertsonek beren lan-baldintzei buruz duten kezka eta konpromisoa. Hau da, hitzarmenari buruzko kezka.

Gogoan izan behar da bizi dugun egoera enpresak eragin duela; izan ere, negoziazio-bilera batzuen ondoren, aurrerapauso gutxi eman baziren ere, ultimatum onartezina planteatu zuen: batzordeak taldearen malgutasuna onartu behar zuen negoziazioarekin jarraitzeko baldintza gisa. ELAk, LABek eta ESK-k osatzen duten langileen ordezkaritzak enpresari jakinarazten dio gaur egun araututa dagoen malgutasuna nahikoa dela, eta behar izan denean ez dela inoiz arazorik izan. Baina enpresak prest nahi gaitu edozein egunetan, igandea, jaieguna edo zubia izan.

Beraz, egoera hori plantilari aurkeztu zitzaion, eta hark ezezko biribila eman zion lan-baldintzak okertzeari, negoziatu ahal izateko baldintza bazen ere. Jarrera totalitarioa da, pertsonen bizitzen prekarizazioa baino ez dakarrena. Berriro diogu Sidenor bezalako talde batentzat egungo baldintzak ez okertzeak eta erosteko ahalmena bermatzeak ez dakarrela arazorik. Gehiago erantzuten dio pertsonak edozein unetan baliatu ahal izateko enpresa-politika bati.

Espero dugu enpresak gogoan hartzea grebaren bi egunak, eta bere jarrera berriz aztertzea. Batzordearen ateak irekita jarraitzen du negoziatzeko, baina ez du xantaiarik edo ultimatumik onartzen. Eta langileek argi utzi dute beraiek ere ez dutela halakorik onartuko. Orain enpresari dagokio fitxa mugitzea. Alde horretatik, langileei elkarrizketen garapenaren berri ematen jarraituko dugu, eta Sidenorrek ezarritako blokeoa gainditzeko eman beharreko hurrengo pausu guztiak guztien artean erabakiko ditugu. Datorren astean enpresaren aurrean astearte eta ostegunetan egingo diren kontzentrazioak errepikatuko ditugu txanda-aldaketan, eta asteazkenean auto-karabana egingo dugu Goiaingo industrialdetik Gasteizeraino.

Euskal hitzarmenen lehentasuna bermatuta, esparru propioaren eraikuntzan urrats gehiago eskatu ditugu

Aurreko erredakzioa hobetzeko LABetik egin genituen eskarietako batzuk aintzat hartu dira; ondorioz, Euskal Herriko langileek bertako hitzarmenen lehentasuna bermatu ahal izango dute.

GEspainiako Ministroen Kontseiluak bertako hitzarmenen lehentasuna ekarriko duen lege aldaketa adostu du. Ez da zerbait berria, 2023ko abenduko akordioa, beste neurri batzuen artean, Kongresuak atzera bota ostean orain onartuko baita. Orduan, testuaren erredakzioak zalantzak sortu zizkigun, herrialdeko hitzarmenen lehentasuna ezartzeko helburua lortuko ote zuen, eta aurrerapausoak onartu arren, ilunak ere bazituela esan genuen. Ondorengo hilabeteetan LABek interpelazio eta proposamen zehatzak helarazi ditu, bai Lan Ministerioari, baita alderdi politiko desberdinei ere, testu hori hobetzeko bidean jarriz. Orain, herrialdeko hitzarmenak blindatzeko erredakzio egokiago bat jasotzen duela ikusten dugu. Gure irakurketa kritikoak eta proposamenek ondorio positiboa izan dute, aurreko testuak izan zitzakeen ahulguneak hobetuz.

Euskal sindikalismoak urte luzez aldarrikatu duen afera da. Gure aldarrikapena da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntza, gure aldarrikapena bertako hitzarmen kolektiboak blindatzearen beharra. Bide horretan, balioan jarri beharra daukagu euskal langileriak marko propioaren defentsan eginiko ibilbidea eta borroka, baita euskal agente sindikal eta patronal anitzek 2017an erdietsiko akordio interprofesionala ere. Azken akordio hori historikoa izan zen, lurraldeko hitzarmenei lehentasuna ezartzea adostu baigenuen, bai esparru negoziatzailean zein legalean. Eta akordio hori izango da etorkizunean herrialdeko hitzarmenek lehentasuna izateko bermea ere.

Edonola ere, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua ez da mugatzen bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzera: gaur onartuko dela iragarri duten neurriak 2012 aurreko egoera juridikora bueltatzen du negoziazio kolektiboa, alegia, 1994ean bertako esparruaren defentsan nazio manifestazioa egin genuenean indarrean zegoen estatusera. Eta orduan esaten genuen bezala, gure helburua ez da mugatzen Espainiako Langileen Estatutuak ezarritako jokalekuan bertako hitzarmenek lehentasuna izatera, baizik eta Euskal Herrian jokaleku berri bat ezartzera, Euskal Lan Kode baten bidez. Era berean, gure helburua ez da mugatzen Gizarte Segurantza kudeatzeko eskumena izatera, hori lehen urratsa da guretzat Euskal Gizarte Segurantza eratzeko ibilbidean. Horrenbestez, LAB beti egon da eta egongo da Euskal Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan, bertako hitzarmen sektorialen aldeko borrokan. Hain zuzen, ezinbesteko baliabide eta tresna baita bertako negoziazio esparruarena tokian tokiko egoera anitz eta propioari erantzuteko zein estatalizazioari eta zentralizazioari aurre eginez burujabetza esparru soziolaboralera eramateko.

Osakidetzako zuzendaritzak eta Osasun Sailak ikuztegiak publifikatzeari ekin behar diote, LABek lortutako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren

Eskaera formal bat aurkeztu dugu Osasun Sailean, Osakidetzan ikuztegi lanak publifikatzeko behar diren elkarrizketei ekiteko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak argi utzi zuen emandako epaian: Santa Marinako ikuztegia pribatizatzen jarraitzeko ahalegina bertan behera utzi eta 2008an sinatutako konpromisoa bete behar du Osakidetzak. Konpromiso horren arabera, pribatizatutako zerbitzuen kontratuak agortu ahala, bere gain hartu behar zituen Osakidetzak. 15 urte joan dira Osakidetzak konpromiso hori hartu zuenetik, baina epe horretan ez du deus ere egin, ezta akordioa aurrera nola aterako duen planifikatu ere.

Pribatizazioa eragotzi zuen KEAO Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoaren lehen ebazpenaren ondoren, Osakidetzak errekurtsoa jarri zuen, agerian utziz akordioak betetzeko duen asmo eskasa eta pribatizatzen jarraitzeko duen intentzioa. Izan ere, Osakidetzaren zuzendaritzak azken hamarkada hauetan ikuztegietan lan egiten duten kategoriak pribatizatzeko apustu argia egin du.

Zuzendaritzak lan horiek pribatizatzen jarraitzeko erabiltzen dituen argudioen artean daude zerbitzua publifikatuz gero egin beharko lukeen “gastu” handia eta kontratatu beharreko langileen kopuru handia (Bizkaian bakarrik ehunka, zuzendaritzaren arabera). Ez gaitu harritzen, baina berriro salatzen dugu nola erabiltzen dituzten gastua bezalako terminoak akordio bat bete behar denean, eta nola erabiltzen duten inbertsioa terminoa erakunde edo enpresa pribatu batek parte hartzen duen lanetan.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak errefusatu egin zituen argudio horiek; izan ere, hitzarmenean hartutako konpromiso hura askatasunez sinatua izan zela argitu zuen, eta hitzarmena gauzatzeko inbertitu behar zen zenbatekoa sinatzeko unean aztertu beharreko gauza zela.

Garrantzitsua iruditzen zaigu zuzendaritzak horrelako pribatizazioetan erabiltzen duen argudioetako bat azpimarratzea: langileen espezializazio beharra. Argudio horrekin gure lankideen gaitasun eza ziurtzat jotzen dute. Osakidetzako profesionalek egunero erakusten dute bere gaitasuna, baita pandemia moduko egoera latzenetan ere. Agerikoa dirudiena zuzendaritzaren  gaitasun eza da, bai bere erantzukizunak onartzeko eta baita akordioak betetzeko ere. Egunero ikusten da argi zuzendaritzaren ezgaitasuna eta baita ere gure lankideen profesionaltasuna eta gaitasuna, mantenimendu, informatika, elektromedikuntza, garbiketa, ikuzketa, sukaldaritza, call-center eta bestelako hainbat zerbitzutan. Ezinbesteko zerbitzuak dira osasun-eredu integrala eta kalitatezkoa izateko, eta zuzendaritzak, bere pribatizazioekin, agerian uzten du bere gaitasun eza, edo are okerrago, interes orokorretik kanpoko interesak, lan horiek egiteko kualifikatutako milaka pertsonarekin egindako kontratazio-zerrendak baititu.

Dinamika horri aurre egiteko, gaur, LABek bilera-eskaera bat helarazi die Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari, osasun-arretan garrantzi handia duen ikuztegi zerbitzuaren publifikazioaz hitz egiteko.

Badakigu erronka handia dela, baina osasun publikoak goitik beherako aldaketa behar du “ez sanitarioak” deritzen kategorien kudeaketan, eta premiazkoa da horiek indartzea.

Konpromisoa, sinatuta

Langileak ditugu, kontratazio-zerrendak ditugu, aurrekontua dago, sinatutako konpromiso bat dago eta herritarrek osasun publikoa defendatzeko eta indartzeko eskatzen dute. Gaur, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai bat mahai gainean edukita, ulertezina litzateke zuzendaritzak ikuztegiko lanak pribatizatzen jarraitzeko estrategiara jotzen jarraitzea, eta are gutxiago zerbitzu publikoak indartzeaz hitz egin den hauteskunde kanpaina baten ondoren.

Plataforma Logistikoa bezalako azpiegituran egin duen bezela, zuzendaritzak argi uzten du behin eta berriz osasun inguruko jardueren ustiapena enpresa pribatuei oparitzeko duen grina (130 miloi, kasu honetan). Biltegietako langileek hamarkadak daramatzate lan hori aurrera ateratzen. Zuzendaritzak osasun-eredu klientelarra eta baztertzailea sendotu nahi du, eta bide horretan plantillaren % 15 pribatizazio arrisku zuzenean dago.

Une erabakigarri honetan, zuzendaritzak oso aukera argia du osasun-sistema publiko eta integral baten alde apustu egiteko edo zatiketaren eta pribatizazioaren alde jarraitzeko.

Horregatik guztiagatik, eta gogo onenarekin, LAB sindikatuak elkarrizketa bat irekitzeko eskatu du, Bizkaiko ikuztegiak publiko bihurtuko dituen egutegi/estrategia bat diseinatzeko eta gainerako lurraldeetan izan daitekeen publifikazioa aztertzeko.

Gasteizko Francisco Vitoria institutuan lan-osasun arloko prebentzioa bermatzeko exijitu dugu

Ikastetxeko langileek eta sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Hezkuntza Sailak eta ikastetxeko zuzendaritzak uko egin diote arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteari.

Ikasturte hasieratik hainbat hilabete daramatzagu institutuan bizi den egoerari buruzko kexak jasotzen. Zuzendaritza-taldearen zati batek bere klaustroarekin tratatzerakoan eta eguneroko zereginak kudeatzerakoan erabiltzen duen gerentzia-modua da arazoaren funtsean dagoena. Gainera, lan-osasuneko prebentziorik eta arrisku psikosozialei buruzko ebaluaziorik eza kontuan hartuta, plantillako kide asko emozionalki eta lanaren aldetik eutsiezina den egoera batera eraman ditu, eta, kasu askotan, lanerako ezintasunera. Horregatik guztiagatik, gaur, 2024ko maiatzaren 20an, elkarretaratzea egin dugu Arabako hiriburuko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, norabide horretan neurri eraginkorrak eskatzeko.

Gasteizko IES Francisco de Vitoria BHI institutuko langileek aspalditik bizi dituzte egoera onartezinak, arestian azaldutakoari eta arrisku psikosozialen aurreko ebaluaziorik eta neurririk ezari lotuta. Langileen osasun mentalari eta emozionalari eragiten dioten muga-egoerak, gehienak behin-behineko langileak.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta haren hezkuntza-ikuskaritzak muzin egin diote egindako eskaerak betetzeari. Hezkuntza Sailak ezagutzen ditu gertakari horiek eta Institutuan bizi den errealitatea, baina ez du neurri sakonik aplikatu nahi, hala nola, langileentzat ikerketa erreal, objektibo eta segurua egitea eta lehen aipatutako arriskuen ebaluazioa. Horrek agerian uzten du Hezkuntza Sailak ez duela konpromisorik langileen lan-osasunarekin.

Zentzu horretan, azken hilabeteetan egindako lanketaren parte bat sinadura bilketa izan da. Hala, 50 langile baino gehiagok Hezkuntza Sailari lan osasuna bermatzeko behar diren neurriak ezartzeko exijitzen zion dokumentua sinatu dute. Francisco de Vitoriako langileen zati nabarmen bat da hori. Gainera, gaur egun institutuan lanean dauden eta iraganean lan egin duten pertsona askoren testigantzak ditugu. Argi dago beraz gatazka hau ez dela aurtengoa soilik eta lehenbailehen neurriak ezarri behar direla.

Gauzak horrela, elkarretaratzea egin dugu ikastetxean bizi den prekarietate-egoera salatzeko. Arrisku psikosozialak berehala ebaluatzea eta lan-giroa hobetzeko neurri egokiak hartzea eskatzen dugu. Langileen mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu, guztion lan-osasuna bermatzeko.

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako hitzarmena sinatzea #LortuDugu

35 orduko lanaldiaren aldarrikapen historikoa eskuratu ahal izan dugu.

Ia bi urteko negoziazioaren eta 20 greba egunen ondoren, aurreakordioa lortu da. Egindako borrokari esker, 35 orduko lanaldiaren aldarrikapen historikoa lortu dute langileek. Soldata igoerei dagokienez, iraunaldian zehar lanorduak, gutxienez, %20,8 egingo du gora.

Borrokak merezi duela argi geratu da berriz ere. Aurreko negoziazioan bezala, sektorea antolaketa eredu izan da, eta horrek uzta oparoa ekarri du. 20 greba egunen ostean, aurreakordioa lortu da gaur.

Oinarrizko aldarrikapena, 35 orduko astea (68 orduko jaitsiera) lortu egin da, 1710 orduetatik 1592era pasaz. Kiroldegiena bezain sektore partzializatu batean, izugarrizko aurrera urratsa da hau, eta lanordua izugarri birbalorizatzen du. Adostutako soldata igoerez gain, soldata handiagoarekin, ordu gutxiago lan egingo direla aintzat hartu behar dugu. Kontratu gehienak ordu gutxikoak izanik, berebiziko garrantzia du honek. Gainera, LABen erronka nagusietakoa zaintza eta bizitza erdigunean jartzea izanik, lanaldi murrizketa ezinbestekoa da bide horretan.

Soldata igoerei dagokienez, azken urteetan sinatu diren hitzarmenen aldean, eskuratze ahalmenaren berreskuratze handia du: aurreikusitako atzerapenez gain, 2024ko abenduaren 31n egingo den KPIaren errebisioaren bidez, soldatak azken urteetako KPIra eguneratuko dira. Era berean, bi urtero errebisioak egingo dira, igoerak azpitik baleude, eskuratze ahalmena eguneratzeko.

Eduki berriak ere sartu dira hitzarmenean; besteak beste, igandeetan lan egiteagatik konpentsazio plusa, ultraaktibitate mugagabea, gaueko plusa, nominen erregulazioa edota erretiro behartua. Bestalde, sektoreak aspalditik arrastaka dakartzan hainbat kontu hurrengo hilabeteetan itxi ahal izateko negoziazio batzordeak sortzeko konpromisoa lortu da, tartean, kategorien funtzioen argipenak.

Hau dena borrokak egin du posible, CEBEK patronala posizio hauetatik erabat aldentuta baitzegoen negoziazioaren hasieran, eta mugimenduak oso geldoak izan dira. Zentzu horretan, sektoreko langileen irmotasuna funtsezkoa izan da, grebek jarraipen zabala izan baitute.