2026-06-20
HomeEkintza SindikalaErrepide mozketa egin dugu Iruñean salatzeko patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek...

Errepide mozketa egin dugu Iruñean salatzeko patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako Kimiketako hitzarmena guztiz blokeatu dutela

LAB sindikatuko zenbait kidek eta Kimiketako zenbait langilek Iruñeko errepide bat moztu dugu gaur goizean, irudikatzeko eta salatzeko patronalak zein UGT eta CCOO sindikatuek erabat blokeatu dutela Nafarroan sektoreko hitzarmen probintziala izateko aukera. Iragan urteko ekainean abiatu genuen halako hitzarmen bat negoziatu ahal izateko lanketa, baina aipaturiko eragile horiek guztiz moztu dute bide hori.

CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitza eta UGT zein CCOO sindikatuen egoitzak metro gutxiko tartean daude Iruñean. Bi gune horien arteko errepidea moztu dugu gaur. Sindikatu honen ustez, Nafarroako patronalaren jarrera guztiz salagarria eta kritigarria da, baina ez da harritzekoa izan, bere ohiko jokabidearekin bat egiten baitu. Baina UGT eta CCOOren jarrera, berriz, benetan kezkatzekoa izan da.

Bi sindikatu horiek intersindikalean batzeari ere uko egin diote. Patronalak, aldiz, bai egin du hori. Eta, bilerarik egin gabe, UGT eta CCOO publikoki atera dira Kimiketako Nafarroako hitzarmena izatearen kontra daudela adieraztera. Eta kontrakotasun horrek guztiz baldintzatu du aipaturiko hitzarmena negoziatu ahal izatea, ordezkaritzaren gehiengorik gabe ez delako negoziazio eremu berririk irekitzen ahal -bi sindikatu horiek ordezkaritza osoaren %55 dute-.

Gainera, Madrilen UGT eta CCOO negoziatzen ari diren Kimiketako hitzarmen estatalean, propio adostu dute hitzarmen probintzialak egon ahal ez izatea, nahiz eta aste honetan berean adostu den euskal hitzarmenen lehentasunak neurri hori bertan behera uzten duen.

Ikuspegi sindikaletik ulertezina da jarrera hori, Nafarroako hitzarmena izanda objektiboki sektoreko langileen lan baldintzak hobetuko zirelako; are gehiago bi sindikatu horiek EAE-n, aldarrikapen berdinaren aitzinean, intersindikalaren aldeko jarrera dutenean.

Dena dela, ardura osoa ez da UGT eta CCOOrena. CENek ere ardura zuzena du. Eroso baitago sektoreko langileen prekarizazioan eta entzungor egin dio 25 lantegitako enpresa batzordeek egindako Nafarroako hitzarmenaren aldeko eskakizunari.

LAB sindikatuan irmoki jarraituko dugu lanean, Nafarroako Kimiketako hitzarmena negoziatu ahal izatearen alde. Baina argi adierazi nahi dugu, egun, helburu hori gauzatu ahal izateko sektoreak duen ordezkaritza gehiengoa oztopo bat dela eta, horregatik, langileen konfiantza beharrezkoa duela LABek, lanpostuak prekarizatu nahi duen patronalari aurre egin ahal izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.