2026-05-02
InicioMujeresMartxoak 8"Greba politiko bat da, kapitalismoaren kontrakoa"

«Greba politiko bat da, kapitalismoaren kontrakoa»

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak ostegunerako deitutako greba feministarekin. Lantokietan lanuzteak deitzea erabaki dugu, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Helburua da egunean bertan egingo diren deialdi nagusiak (12:00etan eta 20:00etan) babestea eta lantokietan dauden emakumeak deialdietan parte har dezaten kalera ateratzea. Hori bai, LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak azaldu bezala, “lan merkatutik harago doan iniziatiba bat da. Planto eginez, gure lanak duen balioa aldarrikatzea eta emakumeok debalde egiten dugun zaintza lanak aitortzea bilatzen dugu. Erakutsiko dugu emakumeak behar beharrezkoak garela eredu sozioekonomikoa aurrera eramateko eta guztion bizimodua sostengatzeko. Eta bidezkoa dena eskatuko dugu: lan hori guztia aitortzea eta eskubideak lortzeko bidea izatea; zor zaizkigun eskubideak aitortzea, alegia”.

“Aurtengo martxoaren 8a ez da aurrekoak bezalakoa; ez etxeetan, kaleetan, lantokietan, ikasgelan, azokan, tabernetan, kafe baten inguruko solasaldietan, zaintzan, ezta desio eta emozioetan ere. Greba politiko bat da, kapitalismoaren kontrakoa. Greba feminista bat da”.

LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriaren hitzak dira hauek, martxoaren 8ko greba feministaren atarian egindakoak. Hain zuzen ere, milaka emakume irtengo dira ostegunean kalera, egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka borrokatzeko. Arrazoiak soberan dituzte horretarako, egunerokoa lekuko.

Elixabete Etxeberriaren hitzetan, “kontzeptu guztiek gainezka egin dute; lana, greba, zaintza, identitatea… kalean daude galderak, eztabaidak, mantalak, more koloredun banderak, indarra, pankartak, erratzak, pegatinak, aldarrikapenak… balkoi bakoitzean, paretetan, enpresa guztietan…”.

Azken finean, emakumeek planto egitea erabaki dute. “Emakumeok planto egingo dugu, matxinatu, sumindu eta desobeditu. Elkarrekin, anitzak, konplize eta aliatu. Guk, betidanik bizitzaren arlo guztietako langileok, elkarrekin jarraituko dugu lanean guztia eraldatzeko”, erantsi du.

LABeko kide ere bada Donostiako mugimendu feministako Haizea Nuñez. Greba egiteko arrazoiak laburtu ditu: “Hasteko, eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, gure lanak ikusezinak direlako eta ez direlako ordaintzen. Emakumeok lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egiten ditugu, prekarietateak guri eragiten digu gehiago: langile asko ez daude erregimen orokorrean –etxeko langileak, autonomoak eta nekazariak, kasu–, amatasuna aipatzen da, baina zigortzen da”.

Indarkeria matxista ere aipatu du. “Emakume guztiak ez daude gurekin, ez da baliabide nahikorik jartzen indarkeria honi aurre egiteko. Jazarpena eta sexu erasoak pairatzen ditugu esparru intimoan, ez bakarrik gauez eta jaietan. Eta neskok txikitatik beldurrez hezten gaituzte, gure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala”.

Arrazakeriak ere bazterketa eragiten duela adierazi du: “Emakume askok pairatzen du egunero, Europako mugen eta migrazio politika hiltzaileen ondorioz. Migrazio legeak guztiz babesgabe uzten ditu emakume etorkinak eta errefuxiatuak”.

Azkenik, greba egiteko arrazoien artean, kultura patriarkalak emakumeak kontsumorako objektu bilakatzen dituela salatu du: “Zenbait lekuetan ikusezinak gara, nahiz eta bertan egon. Emakume oso gutxi dira liburuetan agertzen direnak. Genero estereotipoak ikusten dira hedabideetan, sare sozialetan, publizitatean. Gure gorputzen gain erabakitzeko eskubiderik ez daukagula ematen du, eta estatua eta hierarkiak gure gain daudela”.

LABeko Idazkaritza Juridikoko arduraduna da Ainhize Muniozguren. Osteguneko greba lau ardatzetan banatuko dela azaldu du: kontsumoan, zaintzan, lanean eta hezkuntzan. Emakumeek lan arloan pairatzen duten prekarietatea eta ordaindu gabeko lanetan duten ardura ikusgarri egin nahi dute martxoaren 8an. Zaintza lana izango da helburu horren erakusgarri. “ Emakume batek, beharbada, ezingo du lanuzterik egin egun horretan. Eta agian etxeko lanak ere ezingo ditu delegatu eta berak egin beharko ditu. Baina egoera horretaz konturatzeko balio badio, horretaz pentsatzen badu, hori garrantzitsua da guretzat”.

Emakumeek egun batez planto egiterakoan zer gerta daitekeen gizartea ohartzea da xedeetako bat. “Kaosa eragitea ere bada egun horretako helburuetako bat”, berretsi du Ainhize Muniozgurenek.

Emakumeak nagusi diren kolektibo asko daude borrokan, eta horietako batzuk martxoaren 8aren atarian ere atera dituzte kalera euren aldarrikapenak. Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten Garbialdi enpresako langileen kasua da hau.

Joan den abenduaren 5az geroztik astero mobilizatu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta gaur berriro egin dute. Azpimarratu dute euren lan gatazkak lotura zuzena duela osteguneko aldarriekin. Hain zuzen ere, hitzarmena negoziatzen bost urte eman dituzte dagoeneko, eta enpresatik ia proposamenik ez dutela jaso salatu dute; soldata igoera ziztrin bat besterik ez. Emakumeak direlako ez dituztela kontutan hartzen adierazi dute: “Enpresak ez dizkigu gure eskubide sindikalak aitortzen eta mobilizazioak egiteko modua ere kritikatzen du. Errespetu falta islatzeaz gain, jarrera honek erakusten du ez gaituela legitimitaterik aitortzen negoziatzeko. Ia bere osotasunean emakumeez osatuta dago negoziazio mahaia, eta enpresak ez digu 14 zentimoko igoera ez den beste proposamenik egin”.

Garbialdiko langileen esanetan, “ez gaituzte entzun nahi, baina entzun, entzungo gaituzte. Horregatik, martxoaren 8ko plantoarekin egiten dugu bat. Gure eskubideen alde mobilizatuko gara”.

Bestalde, martxoaren 8ko aurreko egunetan egin bezala, mobilizazioak izaten ari dira egunotan Euskal Herri osoan. Bizkaiko mugimendu feministak, esaterako, Lanbideren aurrean egin du protesta gaur Bilbon. Era berean, ostegunerako prestatutako mobilizazioen berri eman dute komunikabideen aurrean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[GALERÍA DE FOTOS]: Hemos reivindicado políticas de redistribución y medidas a favor de los trabajadores y las trabajadoras en 26 manifestaciones por toda Euskal...

Este Primero de Mayo en el cual las movilizaciones se han llevado a cabo por comarcas las reivindicaciones del sindicato se han centrado en el derecho a la vivienda, en los servicios públicos de calidad y en pensiones y salarios dignos.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: «La mejor manera de responder al fascismo y a la ofensiva reaccionaria es no dejar a nadie atrás»

El lema de este año es “Langileok eragin”. Estamos impulsando cambios. Hoy volvemos a estar en las calles en toda Euskal Herria, comarca a comarca. Una mención especial a nuestra militancia de Ipar Euskal Herria, el incansable trabajo de años ha dado sus frutos y, junto con los sindicatos de la intersindical, también nos hemos movilizado en Baiona y Maule.

LAB firma el primer preacuerdo de residencias de Navarra tras seis años de lucha sindical

El sindicato LAB ha firmado el primer preacuerdo del convenio colectivo de residencias de Navarra, un acuerdo que llega tras seis años de movilización...