LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.
Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasuna adierazi nahi die bere senide, lankide eta gertukoei.
Garraio sektorearen prekarizazio maila handituz doa etengabe. Adibide gogorra da maiatzaren 19ko heriotza, S.S langileak datorren hilean 67 urte beteko bailituzke.
Ez da onargarria adin horrekin lanean jarraitu behar izatea, are gehiago honelako jarduera arriskutsu batean. Administrazioak sektoreko prekarizazio joera bortitzari mugak ipini behar dizkio, erretiro adina jaistetik hasita.
Bestalde, azken aldian LAB azpimarratzen ari den bezala, ez da kasualitatea sektore honetan heriotza ez traumatikoen presentzia altuagoa izatea, honen atzean estresa, lan karga, erritmoak, eta finean, bizitza osasuntsua eramateko zailtasunak bezalako kausak baitaude. Hauek prebenitzeko neurriak hartu behar dira ,eta gobernuek dute horren giltza.
Bitartean, Osalan bezalako erakundeek plan antzuak egiten dituzte, eraginkorra izango den neurri bakar bat ere eskeini gabe. Iritsi da garaia politika hauek iraultzeko.
LABek dei egin nahi du lan osasuneko intersindikaletik heriotza honen aurrean antolatuko den mobilizazioan parte hartzera.
Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.
Pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko konpromisoan, eta, era berean, zaintza sistema publiko komunitario bateranzko trantsizioan, lehentasunezko premia da LABentzat pribatizatuta dauden zaintzako langileen aitortza publikoa eta horien borroka sindikala lehen lerroan kokatzea. Izan ere, zaintza lanetan aritzen diren milaka langile prekarizazio egoerara kondentzen ditu zaintza erregimenak Euskal Herri osoan; Bidasoa ibaiaren bi aldeetan gailentzen den zaintza sistema esku pribatuetan dago.
Hori salatzeko, eta, era berean, aipatutako langileen izaera publikoa aldarrikatzeko eta aitortza horretara bidean urratsak egiteko, mobilizaziora deitu ditu LABek sektoreko langileak ekainaren 11rako, Donostian.
Administrazio publikoari eta agintean diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egingo die LABek: zaintza langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, eta, beraz, langile publikoak izan behar dute. Izan ere, zerbitzu publiko indartsuak eta duinak defendatzen ditu LABek. Pribatizatuta dauden zaintza sektoreko langileak zerbitzu publiko horietako langileak dira, eta, beraz, zerbitzu horien publifikazioa du jomugan sindikatuak; langile horiek langile publikoak, administrazioaren zuzeneko langileak, izatea.
Aipatutako langileek urte gehiegi daramatzate enpresa pribatuekin negoziazio kolektiboaren bitartez lan baldintzak hobetzera behartuta; behartuta, administrazio publikoek, zerbitzu horiek enpresa pribatuei esleitzerakoan, ez dutelako beste biderik uzten. Erabaki politikoek eta gutxi batzuen diru goseak sortu dute egoera hau. Izan ere, LABentzat, negoziazio horiek negozio izateari uzteko, instituzioek ere langileen interlokutore izan behar dute, euren erabakiek eta politikek miseria honetara kondenatu dituztelako. LABentzat, administrazio publikoaren lan hitzarmenak dira erreferentzia, baina, gaur egun, lan berdina egiten dute pribatizatutako sektoreetako langileek baldintza okerragotan. Horregatik, lan baldintzak parekatzearen aldeko apustu politiko eta sindikalaren alde borroka egingo du LABek.
Norabide horretan, hain justu, eta publifikazioa helburu, LABek lan baldintzen ekiparazioaren aldeko borroka sindikala martxan jarriko du eremu guztietan, eta herrialdeko hitzarmenetako plataformetan parekatzea proposatuko du. Udaletan ere zaintza langileen lan baldintzen ekiparazioa eskatuko du. Zaintzako langileak langile publiko diren heinean, Udalhitz, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea eta PAGNArenak dira haien erreferentziazko hitzarmenak. Ipar Euskal Herrian, berriz, Frantziako legediak funtzio publikoari buruz finkatutako xedapenen esparruan, udaletxeka negoziazio kolektiboa bultzatzeko ahalegina egingo du sindikatuak.
Badira, dena den, oso premiazkoak diren konpromiso batzuk, eta horiek lehentasunezkotzat jotzen ditu LABek:
– Etxeko Laguntza Zerbitzua berehala publifikatzea, enpresa pribatuekin egindako kontratuak iraungi ahala.
– Ratioei buruzko dekretu berri bat, batez ere zaharren egoitzentzat, egungo ratioek dakartzaten baldintza kaskarrekin amaitzeko, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat.
– Zahar egoitzetako, aniztasun funtzionaleko eta esku-hartze sozialeko eta osasungintza pribatuko langileen lan baldintzak langile publikoenekin parekatzea, dagozkien publifikatze prozesuak hasi bitartean.
Enpresaz enpresa, sektorez sektore eta kalean, inurri lana egin eta langileak pribatizazioaren kontra lerratzeko eta merezi duten aitortza publikoa jaso dezaten lanean jarraituko du LABek.
LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.
LABen iritziz, gainera, onartezina da kanpaina horrek Nafarroako Gobernuaren babesa izatea eta ideia horiek Enplegu Planaren eszenaratzearen parte izatea. Eta hori guztia egin dute Nafarroa Garaiak oso egoera latza bizi duelarik: iragan urtean 26.000 lan-istripu aitortu zituzten, horietatik 26 hilgarriak, eta aurten dagoeneko 12 langile hil dira lanean.
CEN patronalak bertzeren erantzukizun gisa ikusten du laneko arriskuen prebentzioa. Nahiz eta enpresen zuzendaritzek erabakitzen dituzten lan eta enplegu baldintzak. Espainiako Estatuari egokitutako Europako lan-osasunaren araudiak hiru hamarkada daramatza hori argi eta garbi uzten: “enpresaburuari dagokio bere langileen segurtasunaren eta osasunaren bermatzaile izatea”.
Legeak enpresariari ematen dio erantzukizuna eta, aldi berean, hori aurrera eramateko tresnak ematen dizkio. Hala, enpresaburuak langileak zigortu ditzake segurtasun arauak betetzen ez badituzte; langileek, berriz, ez dute inolako tresnarik enpresaburuei lan baldintza seguruak berma diezazkieten eskatzeko. Azken batean, Espainiako Lan Ikuskaritza bat dute, 9 ikuskariz osatua, Nafarroan lan egiten duen 311.400 pertsonako biztanleria batendako; bistan denez, baliabide horiek oso urriak dira.
Kanpaina propagandistiko hori akatsez jositako agerraldi batean aurkeztu zuten. “Ví ve te” leloa baloratzen hasi gabe –beraiek jakinen dute zer erran nahi duten–, LABen iritziz, amorragarria da CENek prebentzioaren ardura langileei egoztea, ebidentzia zientifikoak eta arauak seinalatzen dituzten arriskuen jatorriko neurri kolektiboen aurrean. Enpresarien betebeharrei buruz eta langileen eskubideei buruz hitz egiteari uko egiten diote. CEN ohiko jokabidea da hori, erruz erabiltzen duena, fokua kalteen benetako sorburutik aldentzeko.
Zergatik daude lan istripu gehiago Nafarroan?
Oso deigarria da kanpainak totum revolutum batean istripu zergatien inguruan egiten dituen balorazioetan –batzuk zuzenak, bertze batzuk okerrak eta bertze batzuk zuzenean gaizki planteatuak– ez aipatzea lan prekaritate orokortua, ezta enpresek prebentzio legea ez betetzeko duten ohitura ere.
Lan arloan Nafarroako Gobernuak alderdikeriaz jokatzeari utzi behar dio, CEN, UGT eta CCOOren Gobernua izateari utzi behar dio. Diagnostiko eta eztabaida zintzorik gabe ezinezkoa da egoera aldatu eta hobetzea. Elkarrizketa Sozialak ez du balio. Ezin da izan Iñaki Mendioroz Lan zuzendaria enpresaburuen dogmaren morroi izatea eta bere diskurtsoa zapuzten duen errealitate batekin akritiko izatea. Izan ere, nola kalkulatu du 2028. urterako istripu-tasa %20 murrizteko helburua? Zer diote azken bi urteetako «Prebentzioko Lurralde Ordezkaria» programaren eraginkortasunari buruzko ebaluazio-txostenek?
Enpresarien kanpainak proposatzen dituen neurri guztiek egungoaren antzeko agertokia sortzen jarraituko dute. Enpresariek araudia betetzen ez duten bitartean, eta Maria Txibite lehendakariak Lan Ikuskaritza propio baterako eskumenak eskatzen ez dituen bitartean, erakusten jarraituko dute Nafarroako langileen bizitzek bortz axola zaizkiela.
LAB sindikatuak irmoki salatu nahi du, hirugarren aldiz, Enplegu Zentro Berezietako patronalek uko egin diotela sektoreko EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahai negoziatzailea eratzeari. BEREZILAN, CONNACE eta EHLABE aniztasun funtzionala duten 13.000 langile baino gehiagoren patronalak dira, izan ere, sektoreko langileon aniztasun funtzionalaz baliatzen dira etekin ekonomikoak lortzeko, hauek esplotatuz.
Patronalek ez dute haien burua halakotzat aitortzen, nahiz eta negozioa egin eta etengabe etekinak lortzen ari diren. Abenduaren 3an LAB EAEko lehen mahai negoziatzailearen deitzaile izan zen, eta abenduan bezain indartsu dago borroka honi ekiteko.
Patronalek zein administrazio publikoek ez dituzte aintzat hartzen sektoreko langileen beharrak ezta aldarrikapenak. Honen aurrean LAB sindikatuak antolatzera eta borrokara batzeko dei egiten die sektoreko langileei. Izan ere, euren lan eta bizi baldintzak duintzeko eta Euskal Herrian erabakitzeko borroka hau beharrezkoa delako.
Lan-baldintzak defendatzeko konpromisoa hartu duten langileen garaipentzat hartzen dute LAB, ELA eta CGT sindikatuek.
Sindikatuok egindako ekintzen lehen helburua bete da zuzendaritzak muntaketa-tailerreko garraiatzaileetan geometria berriaren inplementazioa bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin.
Erakunde publikoekin aholkularitza bilerak, hala nola NOPLOIrekin, prentsaurrekoak edo hilaren 28rako deitutako grebak berez, ez zuketen balioko hiru indar sindikalek lanpostuetan egin duten eguneroko lanik gabe. Langileak informatzea eta kontzientziatzea funtsezko faktorea izan da hiru sindikatuek arazoa konpontzeko lehen pausotzat jotzen dutena lortzeko.
Zuzendaritzak berehala egin behar duena da, alde sozialarekin adostutako plangintza baten bidez, muntaketa-lerroetan lanean ari diren olagarro eraldatuen % 10 ordeztea, lantegiko langileen osasuna behin betiko babesteko
Sindikatuek beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen dute plangintza berri hau behin betiko helaraztea. Bizi izandako gatazka egoeran sakontzea litzateke kontrakoa.
Krisi berri baterako oinarriak ezartzen ari dira, eta 24 eta 65 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran dago.
Langileon lan eta bizi baldintzak aztertzen dituen 20. Ikusmiran txostena publikatu du Ipar Hegoa fundazioak. Egoera ekonomikoa lehen mailako kezka da euskal jendartearentzat eta gerta daitekeenaren gaineko galderak ugaldu dira.
Azterlanarekin (Hego) Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzen argazki ahalik eta osatuena eskaini nahi izan du fundazioak. Argazkiak erakusten duena argia da: sistema kapitalistak langileon lan eta bizi baldintzak gero eta oinarri prekarioagoetara eraman ditu.
Azterketatik 4 ondorio nagusi nabarmentzen dira:
24 eta 65 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua eduki arren diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. Azterketa lan honetan prekaritate indizea eguneratu du fundazioak. %49an mantentzen da, eta, langabeziak behera egin arren eta aktibo kopuruak gora, 1.600 €tik beherako diru-sarrerak dituzten langileak ugaritzen ari dira.
Sortzen ari den enplegua prekarioa da eta lan baldintza duinagoak dituen enplegua suntsitzen ari da. Azken hilabeteetan gero eta herritar gutxiago daude langabezian, eta erregimen orokorrean afiliazioa gora egiten ari da. Azken urtean sortu den afiliazioaren %89 zerbitzuen sektorean kokatu da, industria sektoreko enpresen itxiera edota langileen kaleratze kolektiboak ugaritzen ari diren bitartean. Datuek, ordea, ez dute industria sektoreko egoera irudikatzen, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente asko daudelako indarrean. Bestalde, aldizkako kontratu finkoak igotzen ari dira, 4 emakumetik* batek jardunaldi partzialean egiten du lan eta kontratuen %76 inguruk behin-behinekoa izaten jarraitzen du.
Bizi baldintza gero eta traketsagoak eskaintzen dizkio langile klaseari sistema kapitalistak.
Eguneroko bizitza etengabe garestitzen ari den bitartean, langile klasearen erosahalmena galtzen ari da. 2009-2022 urteen artean 5.194 € galdu ditugu, azken bi urteetako hiper-inflazioaren eragina kontutan hartu gabe (ez daudelako datuak).
Politika publikoek ez dute aberastasunaren birbanaketa funtzioa betetzen, soldatek BPGean gero eta pisu gutxiago izateak adierazten duen bezala. Horrek, era berean, pobrezia eta ezberdintasun sozialak areagotzen ditu, lanaren eta kapitalaren arteko arrakalak iraunaraziz.
Osasun sistema publikoa gero eta ahulagoa da, merkantilizazioaren eta pribatizazioaren eraginez. Horren erakusle da Osakidetzan zein Osasunbidean ohe kopuruak izaniko beherakada esponentziala.
Azkenik, etxebizitzari erreparatuta, prezioak izaniko gorakada langileon prekarizazioaren aldagai nagusi bilakatu da. Alokairuaren prezioa da gehien igo dena eta soldataren gero eta proportzio handiagoa bideratzen dugu berau ordaintzera. Era berean, etxebizitza soziala edota babes ofiziala eskuratzeko duela urtebete baino 8 urte gehiago beharko lirateke gaur egun.
Beraz, ate aurrean dugun krisira nola, zein baldintzatan, iristen garen erakusten digu azterlanak. Krisi berri baterako oinarriak emanak daude orain arteko egoera kudeatu dutenen aldetik; kezkagarria da prekaritatearen hedaduraren dimentsioa, eta kezkagarria, prekaritate maila horrekin heldu behar izatea etorriko denari. Gauzak ez dira horrela: erabakiak hartu dituzte horrela izan daitezen. Euskal Sindikalismo Eraldatzaileak eremu guztietan lanean jarraituko du, aldaketaren alde.
Gaur, LABeko hainbat kide bildu dira Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean, GUREAK enpresako LABeko bi ordezkarik, barnean, batzarkideen aurrean agerraldia egin duten bitartean.
Izan ere, duela aste batzuk LABek salatu zuen GUREAK enpresan langileek bizi duten errealitate gordina. Izan ere, enpresaren eta mutualitateen arteko harremanak langileak kaltetu, diskriminatu eta prekaritatera kondenatzen ditu. Aniztasun funtzionala duten langileei ez dizkiete lan istripuak aitortzen mutualitateek, aniztasun funtzionala aitzakitzat erabilita. Mutualitateekin laneko kontingentziekin dituzten arazoak aspalditik datozen arren, azken denboran okerrera jo duen jarrera eta praktika azaleratzeko helburuarekin, eta, bide batez, jasaten ari diren diskriminazioari amaiera eman eta soluziobideak eskatzeko, hitza hartu dute LABeko ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hitzartzea, ordea, ez da mutualitateekiko salaketa hutsera mugatu, enpresak ere ardura zuzenak baititu langileek bizi duten egoera jasangaitz honetan, eta ez txikiak.
Enpresa eta mutualitateen jarduerak langileak, kaltetzen, diskriminatzen eta prekaritatera kondenatzen ditu. Aniztasun funtzionala duten langileak ere lan istripuen minbiziak erasaten ditu, nahiz eta batzuen iritziz hala ez izan eta duten praktikak haien bizitzetan sekulako ondorioak eduki.
LAB saiatu da enpresarekin nahiz mutualitatearekin egoera honi aterabidea ematen; hau da, laneko kontingentziak hala izan daitezela aitortu dezaten eta ez langileen aniztasun funtzionalaren ondorio, baina ez da ezertxo ere konpondu. Ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiko batzar nagusietako alderdi politiko ezberdinekin bildu zen LAB, arazo honen berri emateko. Gaur, batzar nagusietako bozgorailua baliatu nahi izan du langileek arazoari konponbidea eman behar zaiola eskatzeko eta aniztasun funtzionala duten langileen egoera lehen lerrora ekartzeko.
Horrenbestez, bi eskaera nagusi eraman ditu LABek batzar nagusietara:
-Kontingentzia guztiak, izan laboralak nahiz arruntak, biak ala biak, gizarte segurantzaren bitartez egitea; jarraipena gizarte segurantzak egin diezaiela.
-Gipuzkoako Foru Aldundiak, GUREAK enpresaren jabe den heinean, egoera hau konponbidean jartzeko dagozkion ardurak har ditzala.
Gaur, maiatzak 16, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai izan dute Bilbon, 100 pertsonatik gora bildu dituen mintegian.
Gaian adituak eta arituak direnak izan dira mintegian, baita, euren esperientzia propioetatik, testigantzak eman dituztenak ere. Hiru ondorio nagusi hauek nabarmenduko daitezke haien hitzartzeetatik:
Egingarria da, badirelako esperientziak mundu luze-zabalean eta bertako egoera juridiko-politikoak aukerak ematen baituelako, Iñaki Lasagabasterrek adierazi bezala, Herri Ekimen Legegileak bidea urratzeko ematen dituen aukerak nabarmenduz. Burujabetza ariketa praktiko gisa ulertu behar da, borondate politikoen gainetik, politika publikoen bidez gauzagarria baita. Bide horretan, Jule Goikoetxeak ohartarazi du “demokraziak hemen ekoiztutako eta banatutako gaitasun politiko zein ekonomikoak eskatzen dituela”. Eta erantsi:“Edozein borroka eta negoziazioetan indar korrelazioak garrantzia du, borroka eta negoziazio oro daukagun boterearen araberakoak izango baitirelako”.
LGS propio bat ezartzeak onurak ekarriko lituzke bizi-eremu ezberdinetan. Hitzartze guztietan presente egon da LGS propioa aberastasunaren banaketarako tresna eraginkorra dela eta pobrezia-atalasearen azpitik dagoen pertsona kopurua murrizteko mekanismoa. Jon Ormaetxeak gazteen bizitzak hobetuko lituzkeela ondorioztatu du, eta Xiomara Suazak atzerritartasun araudian inpaktu zuzena izango lukeela, erregularizazioa lortzeko baldintzak erraztuz. Txefi Roco bide beretik aritu da, langile migratu edota arrazializatuentzat arnas eta babes marjen bat ekarriko lukeela nabarmenduz. Jabier Sáenzek pobrezia egoeran dauden eta DSBE jasotzeko eskubidea duten herritarrak ekarri ditu erdigunera, LGS propio batek jasotzen duten prestazioaren igoera ekarriko lukeela azpimarratuz. Andoni Garciak nekazaritza jarduera laguntzeko dagoen sistema errotik aldatu beharra aldarrikatu du, eta LGS propioak jende gaztea nekazal jardueretara eramango lukeela nabarmendu. Jon Bernat Zubirik egungo LGS eta 1.500 euroko LGS propioa kobratuko luketen langileen arteko azterketa enpirikoa ekarri du lehen planora, gazte, emakume, estatutik kanpo jaiotako langile edota ikasketa mailaren araberako onuradunak zenbakietara ekarriz. Sexu-genero arrakalari dagokionean, ildo beretik jo dute. Izan ere, egungo soldata arrakala ezbaian jarri eta negoziazio kolektiboaren estaldurarik gabeko sektoreetan (emakumeak gehiengoa direnetan, etxeko langile migratuak, kasurako) LGS propioa arrakalari aurre egiteko tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute.
Ez gara hutsetik abiatzen, ibilbide baten ondorio da egungo aldarrikapena. Proposamenak badaude; ELA eta LAB sindikatuek gaur aurkeztu dituztenak, kasurako. Luze eta zabal aritu dira. Roser Espeltek xehetu duen proposamenak honako hiru ondorio hauek ekarriko lituzkeela adierazi du: “soldata maila kokatzea negoziazio kolektiboarekiko independienteki”, “bizitza erreproduzitzeko nahikotasun-maila kokatzea” eta “banaketa hobetzea zein kapitala disziplinatzea”. LGS propioaren zenbatekoa zehazteko Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina jarri du irizpide moduan. Martin Arbeok LGS propioaren aldeko borrokak epe motzean irabazteko batailak eta eredu sozioekonomiko berri baterako proposamen estrategikoak barnebiltzearen garrantzia azpimarratu ditu. Epe motzean, larrialdi sozialak eragindako urgentziari erantzungo lioke, klase subjektua berrosatzen lagunduko luke eta burujabetzan jauzia ematea ahalbideratuko luke, hemen ezarriz klase borrokaren markoa. LGS propioaren proposamen estrategikoa, aldiz, hitz bakarrean laburbildu du (banaketa hirukoitza; hau da, lanaren, ondasunaren eta zaintzen banaketa), xehetasun ugari eman baditu ere.
Gaurkoa Manu-Robles Aranjiz eta Ipar Hegoa Fundazioek LGS propioaren aldeko bideari egindako ekarpena izan da, ezberdinen arteko eztabaida zein iritzi espazioa zabalduz. Bidea, ordea, ez da hemen bukatzen. Izan ere, batetik, sinadura bilketa masibo bat martxan dago, zeinaren bidez Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko den LGS propioa hemen ezartzeko eskumena eskuratu ahal izateko; eta, bestetik, negoziazio kolektiboaren esparruan, akordio interprofesional baten bidez langile guztiei LGS propioa ezartzeko, patronalak interpelatzen jarraituko dugu. Beraz, LGS propioaren alde esparru sindikalean, sozialean, politikoan zein instituzionalean lanean jarraituko dugu, gaurko mintegiak eskaini dizkigun ekarpenak presente izanik.
2023ko uztailaren 21ean Asteasuko BOST enpresako arduradunen enpresa politikak, prebentzio faltak, 33 urteko langile gaztea hil zuen. Heriotza aurreikusi egin behar zen, makina batek harrapatuta hil baitzen.
Gertakari horren ostean, enpresa LABeko ordezkariei jazarpena egiten hasi zitzaien argudio ezberdinak erabiliz, istripuaren beraren ardura egozteraino.
Enpresaren aldetik jazarpena jarraitua eta etengabea izan da gerora ere. Mehatxuak, kaleratze saiakerak, kargu gogorrak egozteko ahaleginak eta beste egin ditu enpresak. Horren aurrean, LABek enpresaren kontrako salaketa jarri du, kide hauek jazartzeagatik, eta Donostiako epaitegian auzi saioa izan da gaur.
LAB sindikatuak BOST enpresako bere delegatuei erabateko babesa erakutsi die, eta ohartarazi du beharrezkoak diren bideak jorratuko dituela bere ordezkarien eta afiliatuen defentsan.
2024 urtean, 102.000 istripu gertatu dira Euskal Herrian, eta horietarik 64 hilgarriak izan dira. Hauen faktore eragileen atzean honelako jarrera enpresarialak daude, politika enpresarial jakin batzuk egiten dituzten enpresaburuak; prebentzioa gauzatzeko betebeharrak onartu beharrean, lan osasuna langileen ardurapean uzten duten enpresariak. Jarrera hau, zitala izateaz gain, legearen aurka doa modu zuzenean. Izan ere, araudiak argi dio enpresariak berak izan behar duela lan osasunaren bermeak emango dituena, eta horretarako, gainera, legeak hainbat baliabide eskaintzen dizkiola.
BOSTeko jabeak aldiz, nahigo du jarrera oldarkor eta bortitza erabili eta LABeko ordezkariak jazarri. Helburua argia da: langile baten heriotza estaltzea zalaparta zabalduz. LABek argi adierazi nahi du heriotz horren ardura bakarra enpresa politika jakin batena dela, prebentzio faltarena hain zuzen, eta horren arduradun bakarrak enpresaren arduradunak direla.
Era berean, dei egiten die instituzioei, horrelako jarrerak dituzten enpresa jabeak gertutik jarrai ditzaten, horiek zigortu ezean laneko osasuna ez delako bermatuko, eta langileek egun pairatzen dituzten datu beldurgarriak pairatzen jarraituko dutelako.