Urriaren 5aren etorrerarekin, greba eta mobilizazio eguna antolatu dute Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan, eta LAB sindikatuak sektore pribatu eta publikoko langileak deitu ditu mobilizatzera. «Sektore pribatuko zein publikoko langileak, prekario daudenak, langabeak, erretiratuak eta ikasleak, batera, elkartu eta blokea osatu behar dugu», adierazi dugu.

Hala, Baionan egindako manifestazioan hartu dugu parte, eskubide sozialen alde eta Frantziako Gobernuak gauzatutako politiken aurka. Zerbitzu publikoak indartzeko eta pentsio eta langabeziaren erreformak eteteko exijitu dugu, baita Euskal Herrian erabaki behar dugula aldarrikatu ere. Aberastasuna eta lana banatzea guztientzako enplegu eta errenta duinak bermatzeko aterabidea dela nabarmendu dugu. Bestalde, osasun ziurtagiriaren eta txertaketaren derrigorrezkotasuna bertan behera uztea eskatu dugu.