2024-05-05
InicioSecretaríasSecretaría FeministaJaiak, erasoak eta erantzunak

Jaiak, erasoak eta erantzunak

Amaia Zufia eta Kattalin Miner.- Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa

Aurtengo uda, eta honekin batera herri eta auzoetako jaiak amaitzear direla, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik hainbat irakurketa plazaratzeko beharra sumatu dugu. Hainbat dira ukitu nahi ditugun kontuak, baina lehenik eta behin guztiz kezkatuta eta haserre gaudela adierazi nahi dugu, hain zuzen, beste uda bat joan zaigulako eraso sexistaz betea. Larrituta gaude, jai eta gau testuinguruaz baliatuta, aurten berri izan dugun eraso sexista eta sexualen kopuruaz. Gaitzesteaz gain, arduradun desberdinei, behar diren neurriak hartzeko eskatzen diegu berriro ere.

Honek guztiak noski, badu bere alde gazi-gozoa, erasoei egindako erantzunena hain zuzen ere. Pozarren ikusi dugu, herri, hiri eta auzoetan mugimendu feminista zein jai eta auzo elkarteek izan duten erantzun eta deialdi gaitasuna. Honekin argi geratu da sarri, jendarteak, eragile sozial zein kasu batzuetan instituzionalek ezezko irmoa ematen dietela halako erasoei, eta honek berebiziko garrantzia duela azpimarratu nahi dugu. Besteak beste, aipatzekoa izan da, Iruñean hainbeste urtetan erasoen berri izan dugun arren, eta erantzun diegun arren, aurten ikusi dugun erantzun erraldoia.

Hau, ez dugu ahaztu behar, mugimendu feministak musu-truk, borondatez eta sarri oztopo handien gainetik egindako kontzientziazio, formakuntza eta zabaltze lan baten ondorio dela. Ez egun batetik bestera egiten den borroka. Beraz, zoriondu egin nahi ditugu bide honetan, erasoak zer diren, horiek salatzen eta inguruan hartu beharreko ardurak har daitezen herri eta auzoetatik hasita, edozein mailatan lanean diharduten guztiak.

Dena ez da garaipena, ordea, uda honetan ikusi baititugu aldarrikapen eta ahots feministak altxatzearen beste ondorio batzuk. Hain zuzen ere, burura datorkigu zaratatsuena izan den Gasteizko Blusa eta Nesken afera, non beste behin, mugimendu feministaren lana zalantzan jarria izan den. Zoritxarrez, ohituta gaude borroka feminista deslegitimatu nahi duten ahotsak entzutera. Baina argi dugu, beldurrik gabe bizitzeko hautua egin genuela aspaldi eta horretarako lanean jarraituko dugu, gurekin bidea egin nahi duten guztiekin. Eta ez, ez gaude prest erasoen aurkako protokoloak betetzen ez direla onartzeko, ez indarkeria sexista salatzeagatik irainduak eta deslegitimatuak izateko.

Gasteizko kasua ikusgarriena eta gatazkatsuena izan bada ere, jakin badakigu jaiak antolatzen diren espazioetan, oraindik bestelako egoerak izaten direla maiz, eta aurten ere hala jaso dugu, eraso sexisten inguruko zalantzan jartze bat, feminismoarekiko errezeloak, eta ezjakintasunean edo antifeminismoan oinarritutako jarrera nahikoa matxistak ere bai. Antolakundeetatik hasi (dela jai batzordea, dela konpartsa bat, dela auzo elkarte bat), jaietan izaten diren jarreretaraino. Gizonen nagusigoan, bazterketa anitzetan, oinarritutako kultur adierazpen eta fenomenoak irauli behar ditugu, hauek baitira indarkeria sexistaren erroa.

Guk argi diogu: izaera, espazio eta lanketa feministak oinarri ez dituzten jai ereduak ez dira sekula emakume, lesbiana edota transentzako askeak izango. Ez dira izan eta ez dira izango, eta puntu. Denak ez du balio, jaietan ere ez. Batzuk irainduak, erasoak, gutxietsiak edo bortxatuak izateak, beste batzuek beren boterea finkatzeko, horrela gozatzeko, ez du balio.

Eraso sexistarik gabeko jaietan sinisten dugu, noski, baina ahaztu gabe, mugimendu feministak urteak daramatzala honetan lanean, eta beraz, hemendik merezitako aitortza ez ezik, gai hauen inguruan duen autoritatea behingoz onartzea eskatzen dugu. Guztion ardura da honen lanketa egitea, aitzakiarik gabe eta erasotzaileekiko konplizitaterik gabe. Feminismo hitza eta ekintzak ez onartzeko dauden erresistentziak alde batera utzi, eta behingoz gaiari heltzeko ordua da. Jaien antolaketa eredua honen adierazle bihurtu beharra dugu, elkarlanaz, hitz-erdika aritu gabe eta tinkotasunez. Gainera, gai honen lanketan komunikabideen garrantzia azpimarratu nahi dugu: berriak ematerakoan, lehentasunak jartzerakoan edota informazioaren tratamenduan.

Azkenik, erradikaltasunaren gaiari eutsi nahi diogu. Dirudienez, orain mugimendu feministari tokatzen zaio erradikalitatearen zama lepoan eramatea. Dirudienez, akabatzen, bortxatzen, erasotzen ari zaizkigun honetan, buru-berokiak jarrita irtetea, erradikaltasun biolentoena da. Emakumeen Mundu Martxatik baietz diogu, erradikalak garela, feminismoa beti izan den bezala; izan ere, sustraitik eraikitako berdintasun hutsa ideia oso erradikala delakoan gaude, honek batzuek duten boterea lagatzea (edo lagaraztea) dakarrelako. Erradikala ez da guretzat mespretxua, ez dugu horrek arrazoirik kentzen digunik sentitzen, jakin baitakigu, gure aurretik borrokatu ziren feminista guztiei deitu izan dietela erradikal. Botoa eskatzen zuten horietatik hasi, eta erailketa matxistak «pasio krimenak» ez zirela oihukatu zuten horietaraino.

Dena den, guk dakigula, bizkarrean hainbeste eraildako, bortxatutako, erasotako daramatzagun artean, guk oraindik buruak estali eta beldurrez bizitzeaz nazkatuta gaudela eta erantzuteko prest gaudela besterik ez dugu oihukatu, lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena. Eta ez dugu inoren baimenik behar, legitimitate osoa dugu horretarako, gure bizitzak baitira jokoan daudenak. Beraz, kontuz biolentzia desitxuratzen duten diskurtsoekin: indarkeria matxista da hemen bortitza eta muturrekoa dena.

Beraz bai, inflexio puntua dugu Euskal Herrian udan honetan, erasoz, erantzunez, eta erantzun horiei erantzunez beterik izan baitugu. Hemendik lanean jarraitzeko deia zabaltzen dugu, besterik ez, gure esparru eta inguruetan protokolo feministak sortu eta aktibatuz, konpromisoak bilatuz, kaleak eta gauak berreskuratuz, eta feminismoa berdintasun erradikalenean oinarritzen den hori aldarrikatuz.

Euskal Herriko Mundu Martxatik emakumeon indarkeriarik gabeko bizitzaren alde martxan jarraituko dugu, gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko martxan… Datorren irailaren 28an martxoan Kurdistanetik abiatutako karabana helduko da Euskal Herrira. Mundu Martxaren nazioarteko IV. ekintza izango da, eta honen harira Euskal Herriko bazter guztiak aldarrikapen, ekintza, mobilizazio eta animazioz betetzeko deia zabaltzen dugu. Denak aske izan arte martxa jarraituko dugu!

Erasorik ez, erantzunik gabe! Gora borroka feminista!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea, ¡te estás metiendo en un jardín!

Los trabajadores y las trabajadoras de la empresa Endanea Garden de Hondarribia están en huelga desde hoy (3 de mayo) hasta el domingo. Llevan un mes de movilizaciones y la empresa, en vez de atenderlas y asumir la responsabilidad que le corresponde, ejerce acoso contra estos trabajadores y trabajadoras.

Más de 60 organizaciones sociales y sindicales se han adherido a las movilizaciones del 11 de mayo

El 11 de mayo se celebrarán manifestaciones tanto en Bilbo como en Iruñea para reivindicar una transición ecosocial justa, convocadas por la Carta de derechos sociales de Euskal Herria, Emakumeen Mundu Martxa y la organización ecologista Gune Ecosozialista. Las manifestaciones partirán a las 12.00h desde la Plaza del Castillo en el caso de Iruñea y a las 17.00h desde el Sagrado Corazón en Bilbo. Además, antes de las movilizaciones hemos organizado espacios de encuentro para compartir luchas, con ferias de colectivos sociales y programa de radio en directo con entrevistas a colectivos y mesas redondondas. En Iruñea será a las 10h en la Plaza del Castillo y en Bilbo a partir de las 12:00 en el Arenal.

La plataforma de sindicatos de Naciones sin Estado abre una nueva fase en Iruñea

Hoy, 2 de mayo, se ha celebrado en la sede de LAB en Iruñea una reunión de sindicatos de naciones sin Estado en la que han participado, además de LAB, STC de Córsega, SAVT de Aosta, USTKE de Kanakia, SLB de Bretaña, CSS de Cerdeña, Intersindical Catalana y CUT de Galicia. Telemáticamente también han estado presentes en la reunión Intersindical Canarias, UGTG de Guadalupe y UGTM de Martinica.