2025-06-16
HomeEkintza PolitikoaBorroka sindikal feministarako inoiz baino arrazoi gehiago ditugula berretsi dugu

Borroka sindikal feministarako inoiz baino arrazoi gehiago ditugula berretsi dugu

Mobilizazio eguna izan dugu Euskal Herriko hiriburu eta herrietan (irudi galeria), larunbatean Iruñean (17:00, Baluarte) egingo dugun manifestazioaren bezperan, aste honetan gure sindikalismo borrokalariaren kontrako polizia operazioa salatzeko. Gasteizko mobilizazioan, Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak hartu du hitza, eta gobernuei eta patronalari mezu garbia luzatu die, polizia operazioa borroka sindikal feminista jopuntuan izan duela kontutan hartuta: “Ez duzue lortuko guk borroka uztea. Borrokan jarraituko dugu emakume guztiok lan baldintza eta bizi baldintza duinak izan arte”.

Hain zuzen ere, mobilizazioa eta borroka bidea direla berretsi besterik ez dute egin egunotako gertakariek. Zentzu honetan, Iruñeko mobilizazioa izango dugu larunbatean, eta Maiatzaren Lehenaren atarian gaude ere, gure borroka sindikal guztien topagune izango den eguna, “Aldaketa da aukera. Por un cambio de rumbo” leloarekin. Inoiz baino arrazoi gehiago ditugu mobilizatzeko.

Inoiz baino indartsuago

Eli Etxeberriak adierazi du ez dela kasualitatea atxilotutako gehienak emakumeak izatea eta sektore feminizatuen eta prekarioenen egoera salatzearekin lotutako ekintzengatik atzeman izatea; Martxoaren 8ko inguruan eta generoagatiko soldata arrakalaren salaketaren testuinguruan egin ziren ekintzengatik, alegia.

Hortaz, berretsi du atxiloketekin borroka sindikal feminista erasotu nahi izan dutela, “Euskal Herriko Mugimendu Feminista inoiz baino indartsuago dagoenean, eta sistema kapitalista heteropatriarkal arrazista kolonialista eta ekozida salatzen ari garenean; bizitza erdigunean jartzeaz ari garenean; feminizatutako sektore guztietako emakumeen lan baldintzak duintzea aldarrikatzen ari garenean, oinarrizkoak garelako, frogatu den bezala. Argi geratu denean bizitzarako beharrezkoak diren zaintzak ezin direla dauden bezala banatuta jarraitu, emakumeon* bizkar utzita”.

Eli Etxeberria.

Mezu bat helarazi nahi izan digute polizia operazioarekin, baina guk borrokarekin erantzuten jarraituko dugu. Hain justu, Sistema gure aldarrikapenak neutralizatzen eta zigortzen saiatzen ari da. LAB sindikatuaren aurkako eraso bat izan da. Erantzunaren kriminalizazioa bilatu da, baita sindikalismoaren kriminalizazioa ere. Gainera, emakume sindikalistek hasitako borrokei zilegitasuna kentzeko asmoarekin egin dira atxiloketak. Zigorra, errepresioa eta diziplinamendua izan da erantzuna, eskubideak aldarrikatzera, hitza hartzera edo egunero lan munduan aurre egiten diegun diskrimazioei salatzeko ekintzak egitera ausartzen garen emakumeontzat.

Eli Etxeberriaren hitzetan, “diziplinatu nahi gaituzte, beldurra izan dezagun, isilik egon gaitezen eta sumisoak izan gaitezen. Sistemari ez zaio batere gustatzen nahi gaituzten lekuetatik ateratzen garenean eta errebelatzen garenean. Emakume langileen aurkako erasoak ugaltzen ari dira: atxiloketak, isunak, grebak eraginik gabe uzteko %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, eguneroko kaleratzeak… Ez da kasualitatea, gobernuak eta patronala feministez mozorrotzen direnean, beraien berdintasun politiken porrota irudikatzen eta salatzen ditugunoi errotik isilarazten saiatzea, horretarako edozein errepresioarako medioa erabiliz. Gure presentziak kaleetan berarien porrota agerian uzten du. Hori ezin dute jasan”.

Hala, mezu garbi bat helarazi nahi diegu “isilik eta esklabo” nahi gaituzten patronalari eta gobernuei: “Ez duzue lortuko guk borroka uztea. Borrokan jarraituko dugu emakume guztiok lan baldintza eta bizi baldintza duinak izan arte. Zuen erasoek ez gaituzte geldiaraziko, ez gaituzte ahultzen, indartsuago egiten gaituzte. Ez dugu onartuko bidegabekerien eta diskriminazioen aurrean borrokatzeko eta erantzuteko moduak zein izan behar diren zuek esatea. Guk aukeratzen dugu nola borrokatu nahi dugun”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Marsellan egon da LAB, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxako beste hainbat kiderekin batera, Nazioarteko VI. ekintzan

“Nous resistons pour vivre, nous luttons pour exister!” (“Bizitzeko erresistitzen dugu, existitzeko borrokatzen dugu!”) lelopean abiatu ziren ostiralean Emakumeen* Mundu Martxak bost urtean behin...

LABek exijitzen du Nafarroako basoetako suhiltzaileei 115 eguneko kontratua errespetatzeko

Aurten ere, udako kanpaina iritsi denerako, langileen % 25 oraindik kontratatu gabe dago. Arrisku ikaragarria sortzen duen arazo larria da eta, tamalez, urtero errepikatzen...

Gasteizko Udalak konponbideak bilatu behar ditu eta Enviser-eko grebalariei beren bidezko aldarrikapenei uko egin diezaieten inposatzen saiatzeari utzi behar dio

Gaur 80 egun betetzen dira Gasteizko parke eta lorategiak eta eraztun berdea mantentzeaz arduratzen den eta Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek greba mugagabea...