2026-08-01
HomeEkintza Politikoa"Ez da kasualitatea, borroka sindikal feminista gero eta indartsuagoa denean, erantzuna gogorra,...

“Ez da kasualitatea, borroka sindikal feminista gero eta indartsuagoa denean, erantzuna gogorra, bortitza eta muturrekoa izatea”

Iruñean LABen sindikalismo borrokalariaren kontra izandako polizia operazioaren harira, agerraldia egin dugu CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen aurrean, atxilotuek beraien eta sektore feminizatuetako zenbait delegatu eta langileen parte hartzearekin. Ostiralean hiriburu eta herrietan eta larunbatean Iruñean (17:00, Baluarte) mobilizatuko garela jakinarazi dute.

Hauxe da agerraldia dela-eta egindako adierazpena:

Behin eta berriz salatu dugun bezala, sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta ekozidak emakumeen lan prekarioa eta doakoa baliatzen du; bizirik irauten du eta betikotu egiten da gure esplotazioaren kontura. Emakumeok egiten ditugun lanak, bai enplegu formalaren esparruan, bai hortik kanpo, bizitzaren jasangarritasunerako ezinbestekoak direnak, ikusezin bihurtu, pribatizatu eta prekarizatu egin dira luzaroan.

Baina gero eta gehiago gara Euskal Herriko mugimendu feministak eta borroka sindikal feministek irekitako bidean aurrera egitea erabaki dugunok. Sektore feminizatu eta prekarizatuetako langileok ez gaude prest sistemaren jokoa egiten jarraitzeko, ez eta sistemarentzat doan edo gaizki ordainduta lan egiteko ere.

Planto egitea erabaki dugu; planto soldata-arrakalari; bizitza pertsonala, lanekoa, familiakoa eta militantea bateratzeko ezintasunari; lan-baldintzei, lanaldi amaigabeei, miseriako soldatei eta aitortza ezari; laneko segurtasunik ezari eta osasun-galerari; lanaldi bikoitz eta hirukoitzei; zaintza lanak modu zuzen eta parekidean banatzen ez dituen ereduari. 

Egunero-egunero geure lantokietan pairatzen ditugun diskriminazio-egoera guztiekin amaitzea eskatzen dugu: adineko egoitzetan, garbiketan, etxeko lanetan, bulegoetan, supermerkatuetan, kontserba lantegietan, jantokietan, telemarketinean, ospitaletan, merkataritzan… Leku hauetan guztietan baztertuak, diskriminatuak eta prekarizatuta gaude.

Zaintza lan guztiak berrantolatzea eskatzen dugu, pertsona guztien bizitza duina izan dadin. Eta eskatu ez ezik, ekin ere egiten dugu, mobilizatu egiten gara. Feministok, sindikalistok, antolatzen ari gara, ekintzak egiten ari gara, plazara ateratzen ari gara, gure ohiko genero-roletatik eta mugetatik irteten ari gara; eta aldaketa erradikalak sustatzen ari gara.

LABeko sindikalistok protesta-ekintza bat egin genuen CENen egoitzan, bai, ISN enpresa ustiatzaile bateko kamioi batera igo ginen, baita ere, Patronala emakume langileen diskriminazioaren eta esplotazioaren arduraduna dela salatzeko.

Bere garaian Emakunderen eta, helduen egoitzetako gatazkaren testuinguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza ere okupatu genituen; politikoki zuzenak diren diskurtsoak gorabehera, praktikan erakundeek politika diskriminatzaileak ontzat eman eta kasu askotan praktikan jartzen dituztela salatzeko.

Argi dago ezarritako boterea, Patronala, aparatu judiziala eta poliziala, gure ekintzak neutralizatzen eta zigortzen saiatzen ari direla, atxiloketen, isunen, grebak efekturik gabe uzteko %100eko gutxieneko zerbitzuen, eguneroko kaleratzeen bidez. Aste honetako polizia-muntaia, patronalaren eta haren zerbitzura dagoen aparatu judizial-polizialaren artean antolatua, horren erakusgarri da.

Ez da kasualitatea gure jarreraren aurrean sistemak erantzutea, eta egiten ari den bezala erantzutea. Gure borrokaren aurrean, sistema kapitalista heteropatriarkala berrarmatu egiten da. Zentsuratu egiten gaitu, atxilotu, zigortu, diziplinatu egin nahi gaitu, beldurra izan dezagun, isil gaitezen eta otzanak izan gaitezen. Izan ere, sistemari oso gogaikarria egiten zaio ezarri digun rolari guk uko egin eta errebelatzea.

Sistemari ez zaio interesatzen eta ezin du jasan gu, emakume langileok, aurrez aurre jartzea. Ez da kasualitatea borroka sindikal feminista gero eta indartsuagoa denean, oihartzun eta jarraipen handiagoa lortzen ari denean, “gugandik espero dena” alde batera uzten ari garenean, erreakzio gogor, bortitza eta muturrekoa izatea.

Ez da kasualitatea bi ekintza sindikal zehatzen inguruan antolatutako muntaia polizial hau Nafarroan gertatzea; izan ere, euskararekiko eta euskal kulturarekiko, aldarrikapen sozialekiko eta baita emakumeen* eskubideekiko ere izugarri oldarkorra izan den Erregimena jaun eta jabe izan baita lurralde honetan, eta oraindik ere Erregimenaren hainbat garrok bizirik baitiraute.

Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gara, eta garesti ordainduko dugula adierazi digute. Emakume eta langile gisa. Kapitalak ezin du jasan lan baldintza eta bizitza duinak eskuratzeko gure determinazioa; bere tresna guztiak jartzen ari da gure ildoa eragozteko. Alabaina, patroiek eta epaileek ez dakite beren erasoen aurrean indartsuago bihurtzen garela, elkartu egiten garela, antolatu egiten garela, babesa ematen diogula elkarri.

Sinetsarazi nahi digute emakumeok ez dugula zilegitasunik eta ez garela gure borroken subjektu politikoak, are gutxiago lan-arloan; ez gaudela baimenduta gure eskubideak eskatzeko. Bada, alferrik ari zarete, ez baitugu atzerapausorik emango, ez dugu aldarrikapen bat bera ere alde batera utziko, ez da kide bat ere geratuko bide ertzean; denak batera eta inoiz baino indar handiagoz borrokatzen jarraituko dugu.

Gora borroka feminista!

Gora sindikalismo feminista!


AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.