2026-06-15
Blog

Primafrion jazarpen sindikalak ez du etenik

Gaur Durruman (Araba) kokatutako Primafrio enpresaren atean egindako elkarretaratzeak berriro erakutsi du LABen ez gaudela atzera pauso bakar bat ere emateko prest. Bere jarrera zuzendu beharrean, enpresak beste behin ere errepresio sindikalaren aldeko hautua egin du, eta joan den ostiralean beste langile bat kaleratu zuen, lan eskubideen alde egiteagatik.

Beldurra zabaltzeko saiakera horien gainetik, LABen borrokarekin dugun konpromisoari eusten diogu, eta mobilizatzen jarraituko dugu errepresioa eta eskubide urraketak amaitu arte. Horregatik, ekainaren 26rako lau orduko lanuztea deitu dugula gogorarazi nahi dugu, errepresioarekin amaitzeko eta enpresari lan baldintza duinak negoziatzera esertzea exijitzeko.

Navarrabiomedeko langileek aurrekontu-bermeak eskatu dituzte euren hitzarmen kolektiborako

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan hitzartutako akordioek aurrekontu-babesa izan dezaten eskatzeko.

Hitzarmenaren helburua osasun-ikerketa publikoaren errealitatera egokitutako lan-esparru bat langileei ematea da. Enpresa batzordearen arabera, negoziazio prozesu luze baten ondoren, testua zuzendaritzarekin adostu dute dagoeneko, eta Osasun Departamentuak balorazio positiboa egin du, baina oraindik ez dute aplikatu.

Hori dela eta, langileen ordezkaritzak ezinbestekotzat jotzen du akordioa irailean negoziatuko diren aurrekontuetan islatuta geratzea, orduan egiaztatu ahal izango baita “langileentzat hain beharrezkoa den akordio hau aurrera eramateko borondatea benetan dagoen”.

Era berean, batzordeak bilera eskatu dio Osasun Departamentuari, haren asmoen eta hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko hartuko dituen neurrien berri bertatik bertara izateko.

Langileen ordezkariek adierazi dutenez, akordioak errekonozimendua ekarriko lieke osasun-ikerketa publikoko langileei eta ahalbidetuko luke esparru arautzaile egonkorra eta sektorearen ezaugarrietara egokitua ezartzea. Hau oso garrantzitsutzat jotzen dute historikoki lan-prekaritatea eta ezegonkortasuna ezagutu dituen lan eremu honetan.

Batzordeak ikerketa biomedikoko fundazioek osasun-sisteman duten zeregina ere nabarmendu nahi izan du, gizakiekin egindako saiakuntza klinikoak bultzatuz, oinarrizko ikerketako, ikerketa translazionaleko eta ikerketa klinikoko proiektuak sustatuz eta sortutako ezagutza asistentzia-praktikara eramanez.

Langileen ordezkarien arabera, hitzarmena indarrean jartzeak sistema publikoak talentu ikertzailea erakartzeko eta atxikitzeko duen gaitasuna sendotzen ere lagunduko luke, baita Nafarroako osasungintzaren etorkizunerako estrategikoa den sektorea sendotzen.

Azkenik, batzordeak ohartarazi du, berehala aplikatzeko beharrezkoak diren konpromisoak zehazten ez badira, egokitzat jotzen dituen mobilizazio eta aldarrikapen ekintzekin jarraituko duela, beren eskaerak aintzat hartzea lortu arte.

Bizkaiko emaginen aldarrikapenekin bat egiten dugu

Emakumeen* kalitatezko osasun arreta bermatuko duen osasun sistema publikoa defendatzen dugu, eta negoziazio kolektibo integralaren alde egiten dugu.

LAB sindikatutik Gurutzetako ospitaleko eta Barrualde eskualdeko emaginen borrokari gure babesa erakusten diogu, eta adierazten dugu emaginen osasuna eta emakumeei* ematen zaien arreta guztiz kaltetuta daudela. Duela 2 urte piztu zen gatazkak ez du inongo hobekuntzarik lortu kontratazioan, ezta formatzen ari diren diren emagin kopuruan. Ordutik hona ez da egin zerbitzuen dimentsionamendu eta planifikazio egokirik, eta horrek zuzeneko eragina izan du EAEko emakumeen* sexu- eta ugalketa-osasunean. Gure iritziz, botere publikoek nahi duten osasun arretaren adierazlea da emaginen defizita. Emakumeen* bizi prozesuek, osasun prebentzioak eta bere sustapenak ez dute behar duten arreta jasotzen.

Oporraldietan larriagotu egiten den egiturazko arazo baten aurrean gaude. LABen ustez beharrezkoa da zerbitzu-zorroa, horren ondoriozko plantillaren dimentsionamendua eta BEE (Barne Erizain Egoiliar) prestakuntza plazen kopurua handitzea bezalako gaiei heltzea. Aparteko orduekin (autokontzertazioarekin) eta gehiegizko lan-kargekin bukatu behar da. Honen ondorioz, Osakidetzako profesionalen artean arrisku psikosozialak areagotu egin direla azpimarratzen dugu.

Guzti honengatik, Osakidetzako langileen lan baldintzen inguruko akordio arautzailearen negoziazioa premiaz irekitzea exijitzen dugu, kategoria eta unitate bakoitzaren beharren inguruan negoziatzea eta adostasunetara heltzeko.

Gauzak horrela, guztiz partekatzen dugu emaginen egoeraren larritasunaren diagnostikoa, arazoaren erroa egiturazkoa da eta irtenbidea klase ikuspegi kolektibotik landu behar da.

Osasun sistema publikoa indartzeko negoziazio kolektibo integral eta gardena defendatzen dugu. Lan-baldintzak hobetu behar dira egungo arreta beharrei eta plantilla osoaren interesei erantzuteko. Era berean, premiazkoa da kategoria eta unitate bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta plantilla behar bezala dimentsionatzea.

%100 publikoa, unibertsala, euskalduna eta komunitarioa izango den osasun eredua borrokatu eta defendatze aldera denon arteko batasuna beharrezkoa izango da.

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak


Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak.

Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio ziklo bati ekitea erabaki zen, benetako Telelan plana eta Akordio/Hitzarmenaren negoziazioen desblokeoa aldarrikatzeko.

Azken asteotan, LABek, BFAko Langileen Batzordea osatzen duten gainerako sindikatuekin batera, hainbat elkarretaratze egin ditu Ogasuneko, Foru Jauregiko eta Ugaskoko foru lantokien atean, Aldundiak bere langileei egiten dien inposizioa eta negoziazioaren blokeoa salatzeko. LABek uste du Aldundiak negoziazioan erakusten duen blokeoa eta inposaketa apurtzeko langileen mobilizazioa eta bultzada funtsezkoak direla.

Halaber, azken asteotan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, Elixabete Etxanobe buru zela, 2027 eta 2028 urteetarako Telelan Plana onartu zuen. Oso larria iruditzen zaigu. Planaren gaitzespen zabalaren aurrean eta mobilizazio eta lanuzteen iragarpenaren aurrean, BFAk telelan eredu hau inposatuz erantzun du, gutxienez 2029ra arte.

Hau da BFAk eskaintzen digun negoziazio eredua: Akordioa/Hitzarmena blokeatzea, plantillak baztertutako telelan eredua ezartzea, lan baldintzak hobetzen dituzten lege aldaketak aplikatzeko errezeloak…

Bada garaia Bizkaiko Foru Aldundiari mezu argia helarazteko: langileok ez gaude prest egoera honetan jarraitzeko, eta, horregatik, kalera irtetea erabaki dugu, gure eskubideak aldarrikatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak negoziatzeko borondaterik ez duela salatzeko.

Horregatik uste dugu mobilizazio hauek ezinbestekoak direla BFAk duen inposaketa jarrera aldatzea nahi badugu. Hala erakutsi dute euskal administrazio publikoko beste sektore batzuetan (Hezkuntza, Ertzaintza,…) mobilizazio ziklo batzuen ondorioz sinatu berri diren akordioek. Mobilizaziorik gabe, ez da egongo aurrerapausorik negoziazioan.

Hauek dira hurrengo egunetan burutuko ditugun mobilizazioak:

  • Astelehena, ekainak 15, 11:00etan, Maria Diaz de Haron dagoen Foru Artxibategian langileen batzarra eta ondoren manifestazioa Foru Jauregira.
  • Asteazkena, ekainak 17: bi orduko lanuztea (11:00etatik 13:00etara goizeko txandan eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldeko txandan) eta manifestazioa 11:30etan Foru Jauregitik.

Aldundiko langileok benetako telelan plan baten alde eta Hitzarmenaren blokeoa salatzeko PLANTO EGITEA erabaki dugu!

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Nafarroako Industriak izugarrizko erronkei aurre egiten ari diola eta hurrengo urteetan are erronka handiagoei erantzun behar diela ezin du inork ukatu. Nafar gizartearen azalean daude oraindik pasa den urteko prozesu traumatikoak: BSH, Sunsundegui, TenerĂ­as Omega… dira horren adibide desberdinak.

Testuinguru horretan aurkeztu berri da Industriako Foru Lege proposamena eztabaidarako Nafarroako Parlamentuan. LABen iritziz, proposamen honek, asmoetan argi batzuk baldin baditu ere anbizio falta du estrategikoak diren bertze arlo batzuetan, batez ere Nafarroako industriaren errotzeari eta erabakiguneen presentzia lurraldean egoteari dagokionez.

Legearen titularretako bat “administrazioa sinplifikatzeko eta arintzeko neurriak” dira, helburu argi batekin, kanpoko inbertitzaileak; transnazionalak, funts putreak… erakartzea. Eredu horrekin bakarrik lortuko dena, etorkizunean BSH bezalako itxiera gehiago eta zer eta nola produzitu nahi dugun erabaki ahal ez izatea, izango da.

Legearen garapenean bertze eragile batzuekin batera parte hartu ahal izateak bertan agertzen diren eduki batzuk norabide onean joatea suposatu du, baina halere hainbat aldarrikapen garrantzitsu kanpo gelditu dira. 2025eko maiatzean salatu genuen moduan, prozesuan zehar LABek aurkeztutako alegazio gehienak atzera bota ziren: industriako eraldaketen plangintza handiagoa lortzera bideratuta zeudenak, proiektu industrialen titulartasun publikoarekin lotuta zeudenak edota enpleguaren kalitatea hobetzera, lanaldia murriztera, deskarbonizazio planen negoziazio kolektiboa ziurtatzera eta deslokalizazioen aurkako legedia indartzera bideratuak zeudenak adibidez.

Industria behar eta nahi dugu Nafarroan, baina ez edozein gauza egiteko, ez edozein modutan produzitzeko eta ez edozein lan baldintzekin. Zenbait elementu positiboki baloratzen ditugun arren, nola aplikatzen diren horien eragina asko baldintzatuko du. Horixe da Bidezko Trantsiziorako Estrategiarekin, industria suspertzeko mahaiekin edo kontratazioko diskriminazioari buruzko diagnostikoarekin egiten den koordinazioaren kasua.

Hurrengo hilabeteetan eztabaida emanen da, emendakinak egonen dira, ekarpenak, aldaketak, eta LABen, beti egin duen moduan, horretan eragiten segituko du, lege honek defendatu dezan jasangarritasunean eta langileen bizi baldintza duinetan oinarritutako Nafarroako industria.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.

Beasaingo Fundiciones del Estandan enpresaren negoziaketarako borondatea oso eskasa izan da hasieratik, eta langile borroka ezinbestekoa izan da egoera iraultzeko. Hasieratik atzera pausuak proposatzen zituen enpresak langileen lan baldintzetan, eta ez zuen KPIa bermatu nahi, ez eta errelebo kontraturik egin ere.

Langileak greban zeudela enpresak esertzeko asmorik erakutsi ez bazuen ere, greba mugagabearen atarian hauek erakutsitako indarrari esker, negoziazioa mahaira ekartzea lortu dute.

Bada, aste honetan komitea (5 LAB, 2 ELA, 2 CCOO) deitu du enpresak, eta negoziaketa luze baten ondoren aurreakordioa erdietsi dute, gaur eguerdian langileen batzarrak berretsi duena. Hitzarmena lau urtetarako izango da. Horri esker, Fundiciones del Estandako langileek bermatua izango dituzte KPIa eta errelebo kontratua.

Borrokak merezi du!

EAJk eta PSEk ez dute ez seriotasunik ez gaitasunik erakutsi Udalhitzeko mahaian

%83tik gorako ordezkaritza duen gehiengo sindikalaren iritziaren kontra ari dira gatazka luzarazten.

LABek oso larritzat jotzen du EAJk eta PSEk euskararen eta zerbitzu publikoen kudeaketan gehiengo sindikalak babesten ez duen proposamena inposatu nahi izana eta mahaitik alde egin du proposamen hori atzera botatzea eskatuz.

Gaur bildu da berriz Udalhitz berria negoziatzeko mahaia, ekainaren 4an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako langileok greba egin ondotik. Ekainaren 4ko greban langileek argi utzi zuten aurreakordioa erdiesteko mahaian funtsezko eduki batzuk falta zirela eta beste eduki batzuetan zehaztasunak eskatzen zituztela.

Bada, EUDEL bere etxeko lanak egin gabe etorri da gaurko bilerara. Lehendakaritza duen EAJ orain hamabost egun eskaini zuen berdina errepikatzera etorri da gaurko mahaira. Ez du erabakirik hartu, seriotasunik gabe ari da eta badirudi negoziatzeko gaitasuna faltan duela. Batetik, atzo izan zuten Batzorde Exekutiboan ez zuten erabaki zein den EUDELen proposamen bateratua euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketarako eredu proposamenean Udalhitz berriaren aurreakordiorako. EH Bilduren proposamena mahaiaren ordezkaritzaren %83,4ak babesten duen arren, EUDELen ordezkaritza duten EAJk eta PSEek erabaki dute proposamen horren kontra bozkatzea eta horri biderik ez ematea, eta langileon hitza ez errespetatzea. Nahiago izan dute erabakirik ez hartzea eta gatazka bere horretan mantentzea eta luzatzea.

Bi gai hauetan, esan bezala, orain arte bi proposamen aurkeztu dituzte, bata EAJ-PSEk eta bestea EH Bilduk. Gaurko mahaian, EUDELen lehendakaritza duen EAJk bere proposamena berriro ere inposatu nahi izan du. Batetik, euskarari lotuta, hizkuntza-eskakizunak lanpostu berri guztiei eskatu ordez errealitate soziolinguistikoaren araberako derrigortasun indizea inposatzea gehienezko gisa. Eta bestetik, zerbitzu publikoen azpikontratazioa bultzatzen jarraitzea, publifikazioa eta zerbitzu horretako langileak subrogatzea onartu gabe. Gai hau hainbatetan eztabaidatu da, eta mahaian, gehiengo oso zabalak EH Bilduren proposamena negoziaziorako oinarritzat hartzearen alde egin du behin eta berriz. Badirudi EAJk gai hau baliatu nahi izan duela EUDELek erabakirik ez hartzeko, seriotasunik eta ardurarik gabe jokatzeko eta negoziaziorako gaitasun eza erakusteko.

LAB sindikatuak, aurreko mahai negoziatzailean eta ekainaren 4ko greba aurretik ere, proposamen oso zehatza egin zuen: EUDELen aurreakordioari proposamenak aurkeztu zizkion eta negoziazioari bide emateko beste bilera bat egitea eskatu zuen. EAJk bilerari ezezkoa eman zion mahaian, erabakia aste bat beranduago zuten Batzorde Exekutiboan hartu behar zutela argudiatuz.

Seriotasun eta gaitasun falta honen aurrean, LABek gaurko mahaia utzi duela jakinarazten du, eta adierazten du ez duela egoera larri honen aurrean mahaiak jarraitzeko baldintzarik ikusten. EUDELen lehendakaritza duen EAJri bi gai horiek langileon ordezkaritzaren gehiengoa errespetatuz ahalik eta azkarren ebazteko eskatzen dio. Horretaz gain, negoziatzeko borondate osoa zein uda bitarte biltzeko prestasuna duela adierazten du.

Gaurko mahaiaren iraupena oso laburra izan da, esan bezala, aurrera egiteko baldintzarik ez zegoelako. Gehiengo sindikaletik lortu da, bere eskariari jarraituz, EUDELek konpromisoa hartzea bi gai horietan datorren ekainaren 19an proposamen bateratua aurkezteko eta hurrengo mahai negoziatzailea biltzeko. Eta horretaz gain, beste bi bilera egiteko egutegia adostu da.

Gainera, aurreakordioari begira, gaur landu ez den arren, testuak oraingoz ez ditu jaso LABentzat ezinbestekoak diren eduki hauek:

  • Indarraldia: 6 urteko indarraldia oso luzea da eta murriztu behar da, neurri gehienak oso berandu aplikatzea ekarriko baitu horrek.
  • Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak egitea bertako langileak subrogatuz (EH Bilduren proposamenarekin bat eginez).
  • Enpleguari lotuta: langileen arteko mugikortasuna ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea hauek ordezkari sindikalekin adostuz.
  • Gazteberritze planak eta aurrez erretiratzeko neurriak zehaztea, langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago emanez.
  • Soldatak berreskuratzeko zorra onartzea eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak adostea. Horien artean karrera profesionala objektiboa eta langile guztiei aplikatzekoa eta ezartzekoa izan dadila.
  • Klausula bat ezartzea azpikontrataturiko langilerik ez dadin egon 1.500 €ren azpitik.
  • Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea (EHBilduren proposamenarekin bat eginez).

LABek benetan uste du oso momentu garrantzitsu batean gaudela. Udalhitzen lan-hitzarmen berria lortzeko zein Udalhitzetik kanpo dauden udalen negoziazioetan eragiteko ere momentu garrantzitsua da. Ezezko hauen eta seriotasun faltaren aurrean, langileen indarrarekin presionatzen jarraitu behar da. Horregatik LAB sindikatuak orain arteko borroka zikloaren inguruko hausnarketa egingo du bere udal ordezkari guztiekin eta aurrera begirako borroka planteamenduak zehaztuko ditu. Orain da momentua, borrokak merezi du eta alderdiak gehiago mugiarazi behar dira!

Zaintzaren eremuan arduragabekeriaz jokatzea leporatu diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

Helduen egoitzetako eta esku hartze sozialeko hitzarmenetan dagokion ardura hartzeko eskatu diogu LABeko kideok aldundiari. Zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak ere eskatu dizkiogu, hala nola zuzeneko langile publikoekin soldaten ekiparazioa, lan baldintzen homologazioa eta ratioen hobekuntza.

LABeko kideok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzaren esparruan duen jarrera salatzeko. Izan ere, zerbitzu publikoak ematen dituzten arren pribatizaturik dauden ehunka langileren egoeraren erantzule zuzena da aldundia, patronalarekin batera. Hori salatzeko eta zerbitzuen publifikazioaren eta soldaten ekiparazioaren bidean urratsak egin ditzan exijitzeko, zaintzaren eremuko hainbat langilek mobilizazioa egin dugu aldundiaren egoitzaren aurrean, Donostian. Aldundiaren barruan eserialdia egin dugu lehenik, eta elkarretaratzea kanpoaldean, ondoren.

Helduen egoitzetako eta esku hartze sozialeko herrialdeko hitzarmenak negoziatzen ari dira une honetan, eta testuinguru horretan egin dugu mobilizazioa. Izan ere, bi kasuetan, ematen den zerbitzua eta finantzazioa publikoa diren heinean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ardura zuzena du hitzarmen horietan, eta, beraz, langileen lan baldintzetan. Hala du aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten dutenen kasuan ere, eta baita, neurri txikiagoan bada ere, udalerrietako etxez etxeko laguntzan diharduten langileen kasuan ere.

Aipaturiko bi hitzarmenei dagokienez, salatzen dugu ez dagoela patronalaren aldetik negoziazio errealik langileentzat funtsezkoak diren soldata igoerei, ratioei eta partzialtasunari buruz, eta Gipuzkoako Foru Aldundia beste alde batera begiratzen ari dela, zerbitzu horiek bere ardura diren arren. LABen sektore horietan ekiparazioaren eta publifikazioaren bideak jorratu behar direla aldarrikatzen dugu. Hala ere, eskari horien norabidean egin beharreko pausoetan akordioetara iristeko prest gaude sindikatuan. Horregatik, aldundiari eskatu diogu ratioak hobetzeko eta diru gehiago inbertitzeko. Baldintzak eta zerbitzua benetan hobetu nahi badira, aldundiak jauzi bat eman behar duela gogorarazi dugu.

Urteetan zehar merkatuaren eta pribatizazioaren logikari erantzuten dion eredua garatu dela salatu dugu, eta eredu hori bera betikotu nahi dutela administrazioek: langileak prekaritatean lokaztuz, ratioak bere horretan utziz, zor patriarkala gutxietsiz, partzialtasuna areagotuz… Eredu hori alboratzeko eskatu, eta bestelako eredu bat aldarrikatzen dugu LABen. 2023ko Greba Feminista Orokorraren testuinguruan hainbat eragile sozial eta sindikalek egindako Denon Bizitzak Erdigunean herri akordioa plazaratu zen, eta bertan jasotzen dira LABentzat ipar diren aldarrikapenak, zaintza sistema publiko komunitarioaren norabidean jorratu beharrekoak: zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioaren eta negozioarekin amaitzea, zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea… Pribatizatutako zaintzako langileen publifikazioaren alde egiten dugu, eta norabide horretan urratsak egin behar direla aldarrikatzen dugu; zuzeneko langile publikoekin soldaten ekiparazioa, lan baldintzen homologazioa edo ratioen hobekuntza, esaterako.

Horrekin batera, zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko apustu argia egiteko exijitu diogu aldundiari: zaintzarekin negozioa egitea ahalbidetzen duen egungo egoera sostengatzeari utz diezaiola eta, publifikazioaren bidez langileen baldintzak duintzearekin batera, zaintza desfamiliarizatzeko, banatzeko eta demokratizatzeko neurriak har ditzala. Eredu aldaketa horren alde egiten dugu jada LABen, eta horrela egingo dugu aurrerantzean ere, langileekin batera borroka sindikalak aktibatuz, batetik, eta zaintza eraldatzeko lanean ari diren Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalekin aliantzan, bestetik.

Etxeko langileen negoziazio kolektiboari buruzko erantzunak eskatzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmenean onetsi bazen ere, etxeko langileek artean ezin dute benetan egikaritu hitzarmen kolektibo propioa negoziatzeko eskubidea.

EH Bilduk, gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua interpelatuko du, Espainiako Gobernuari eska diezaion azaltzeko ea zein neurri hartzea aurreikusten duen etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko.

Zehazki, koalizioak galdetuko du ea zein neurri hartuko dituen Madrilgo gobernuak, adierazpen formaletatik harago, kolektibo horrek aitortuta dituen eskubideak benetan egikaritu ahal izango direla ziurtatzeko, bereziki negoziazio kolektiborako eskubidea.

LABentzako positiboa da gai hau eztabaida politiko eta instituzionalera iristea, lan merkatuko sektore prekarizatuenetako bati eragiten dio eta. Etxeko langileena sektore oso feminizatua eta arrazializatua da, eta bizitza eta zaintza sostengatzeko ezinbesteko funtzioa betetzen duen arren, desparekotasuna eta benetako babesik eza dira nagusi lan hori aurrera daramatenen artean.

Azken urteotan aurrerapen esanguratsuak lortu dira arauketari dagokionez, baina etxeko langileek artean ere ezin dituzte gainerako langileek dituzten eskubide berberak oso-osorik baliatu. Eskubide horiek egikaritu ahal izateko mekanismo eraginkorrik ez egoteak dakar arau horietako asko, praktikan, paper errea baino ez izatea.

Negoziazio kolektiborako eskubidearen egoera bereziki larria da. Espainiako Estatuak 2022an onetsi zuen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena, zeinak etxeko langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko beharra aitortzen baitzuen. Bada, hori horrela izanik ere, gaur-gaurkoz ez dira garatu sektoreko hitzarmen kolektiboa negoziatu ahal izateko beharrezko tresnak.

Etxeko langileek ez dute aitortza sinboliko gehiagoren beharrik; beren eskubideak aurrera eramateko benetako tresnak behar dituzte. Lan-baldintzak modu kolektiboan negoziatzeko egiazko aukerarik ez dagoen bitartean, kasu askotan migratuak eta arrazializatuak diren milaka emakumeri* eragiten dion egiturazko diskriminazioak bere horretan jarraituko du.

Gogorarazi behar dugu LABen urteak daramatzagula etxeko langileen antolaketa kolektiboa sustatzen eta haien lan-eskubideak osoki aitor daitezen eskatzen. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu Espainiako Gobernuak neurriak zehaztea negoziazio kolektiborako eskubidea benetan eraginkor bihurtzeko eta, hala, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmenetik eratorritako betebeharrak betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak horretarako presio egin beharko lukeela uste dugu. Gure ustez, EH Bilduren interpelazioak aukera emango du Madrilgo exekutiboak horri buruzko azalpen publikoak emateko.

Hala, etxeko lana duintzeko eta jendartearentzako funtsezkoa den zaintza sektore hau behar bezala aitortzeko borrokan segitzeko konpromisoan berresten gara.