2026-09-12
HomeEkintza SindikalaNafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Nafarroako Industriak izugarrizko erronkei aurre egiten ari diola eta hurrengo urteetan are erronka handiagoei erantzun behar diela ezin du inork ukatu. Nafar gizartearen azalean daude oraindik pasa den urteko prozesu traumatikoak: BSH, Sunsundegui, Tenerías Omega… dira horren adibide desberdinak.

Testuinguru horretan aurkeztu berri da Industriako Foru Lege proposamena eztabaidarako Nafarroako Parlamentuan. LABen iritziz, proposamen honek, asmoetan argi batzuk baldin baditu ere anbizio falta du estrategikoak diren bertze arlo batzuetan, batez ere Nafarroako industriaren errotzeari eta erabakiguneen presentzia lurraldean egoteari dagokionez.

Legearen titularretako bat “administrazioa sinplifikatzeko eta arintzeko neurriak” dira, helburu argi batekin, kanpoko inbertitzaileak; transnazionalak, funts putreak… erakartzea. Eredu horrekin bakarrik lortuko dena, etorkizunean BSH bezalako itxiera gehiago eta zer eta nola produzitu nahi dugun erabaki ahal ez izatea, izango da.

Legearen garapenean bertze eragile batzuekin batera parte hartu ahal izateak bertan agertzen diren eduki batzuk norabide onean joatea suposatu du, baina halere hainbat aldarrikapen garrantzitsu kanpo gelditu dira. 2025eko maiatzean salatu genuen moduan, prozesuan zehar LABek aurkeztutako alegazio gehienak atzera bota ziren: industriako eraldaketen plangintza handiagoa lortzera bideratuta zeudenak, proiektu industrialen titulartasun publikoarekin lotuta zeudenak edota enpleguaren kalitatea hobetzera, lanaldia murriztera, deskarbonizazio planen negoziazio kolektiboa ziurtatzera eta deslokalizazioen aurkako legedia indartzera bideratuak zeudenak adibidez.

Industria behar eta nahi dugu Nafarroan, baina ez edozein gauza egiteko, ez edozein modutan produzitzeko eta ez edozein lan baldintzekin. Zenbait elementu positiboki baloratzen ditugun arren, nola aplikatzen diren horien eragina asko baldintzatuko du. Horixe da Bidezko Trantsiziorako Estrategiarekin, industria suspertzeko mahaiekin edo kontratazioko diskriminazioari buruzko diagnostikoarekin egiten den koordinazioaren kasua.

Hurrengo hilabeteetan eztabaida emanen da, emendakinak egonen dira, ekarpenak, aldaketak, eta LABen, beti egin duen moduan, horretan eragiten segituko du, lege honek defendatu dezan jasangarritasunean eta langileen bizi baldintza duinetan oinarritutako Nafarroako industria.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.