2026-09-12
HomeEkintza SindikalaEkainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko...

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak


Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak.

Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio ziklo bati ekitea erabaki zen, benetako Telelan plana eta Akordio/Hitzarmenaren negoziazioen desblokeoa aldarrikatzeko.

Azken asteotan, LABek, BFAko Langileen Batzordea osatzen duten gainerako sindikatuekin batera, hainbat elkarretaratze egin ditu Ogasuneko, Foru Jauregiko eta Ugaskoko foru lantokien atean, Aldundiak bere langileei egiten dien inposizioa eta negoziazioaren blokeoa salatzeko. LABek uste du Aldundiak negoziazioan erakusten duen blokeoa eta inposaketa apurtzeko langileen mobilizazioa eta bultzada funtsezkoak direla.

Halaber, azken asteotan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, Elixabete Etxanobe buru zela, 2027 eta 2028 urteetarako Telelan Plana onartu zuen. Oso larria iruditzen zaigu. Planaren gaitzespen zabalaren aurrean eta mobilizazio eta lanuzteen iragarpenaren aurrean, BFAk telelan eredu hau inposatuz erantzun du, gutxienez 2029ra arte.

Hau da BFAk eskaintzen digun negoziazio eredua: Akordioa/Hitzarmena blokeatzea, plantillak baztertutako telelan eredua ezartzea, lan baldintzak hobetzen dituzten lege aldaketak aplikatzeko errezeloak…

Bada garaia Bizkaiko Foru Aldundiari mezu argia helarazteko: langileok ez gaude prest egoera honetan jarraitzeko, eta, horregatik, kalera irtetea erabaki dugu, gure eskubideak aldarrikatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak negoziatzeko borondaterik ez duela salatzeko.

Horregatik uste dugu mobilizazio hauek ezinbestekoak direla BFAk duen inposaketa jarrera aldatzea nahi badugu. Hala erakutsi dute euskal administrazio publikoko beste sektore batzuetan (Hezkuntza, Ertzaintza,…) mobilizazio ziklo batzuen ondorioz sinatu berri diren akordioek. Mobilizaziorik gabe, ez da egongo aurrerapausorik negoziazioan.

Hauek dira hurrengo egunetan burutuko ditugun mobilizazioak:

  • Astelehena, ekainak 15, 11:00etan, Maria Diaz de Haron dagoen Foru Artxibategian langileen batzarra eta ondoren manifestazioa Foru Jauregira.
  • Asteazkena, ekainak 17: bi orduko lanuztea (11:00etatik 13:00etara goizeko txandan eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldeko txandan) eta manifestazioa 11:30etan Foru Jauregitik.

Aldundiko langileok benetako telelan plan baten alde eta Hitzarmenaren blokeoa salatzeko PLANTO EGITEA erabaki dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.