2026-09-12
HomeEkintza SindikalaZaintzaren eremuan arduragabekeriaz jokatzea leporatu diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

Zaintzaren eremuan arduragabekeriaz jokatzea leporatu diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

Helduen egoitzetako eta esku hartze sozialeko hitzarmenetan dagokion ardura hartzeko eskatu diogu LABeko kideok aldundiari. Zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak ere eskatu dizkiogu, hala nola zuzeneko langile publikoekin soldaten ekiparazioa, lan baldintzen homologazioa eta ratioen hobekuntza.

LABeko kideok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzaren esparruan duen jarrera salatzeko. Izan ere, zerbitzu publikoak ematen dituzten arren pribatizaturik dauden ehunka langileren egoeraren erantzule zuzena da aldundia, patronalarekin batera. Hori salatzeko eta zerbitzuen publifikazioaren eta soldaten ekiparazioaren bidean urratsak egin ditzan exijitzeko, zaintzaren eremuko hainbat langilek mobilizazioa egin dugu aldundiaren egoitzaren aurrean, Donostian. Aldundiaren barruan eserialdia egin dugu lehenik, eta elkarretaratzea kanpoaldean, ondoren.

Helduen egoitzetako eta esku hartze sozialeko herrialdeko hitzarmenak negoziatzen ari dira une honetan, eta testuinguru horretan egin dugu mobilizazioa. Izan ere, bi kasuetan, ematen den zerbitzua eta finantzazioa publikoa diren heinean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ardura zuzena du hitzarmen horietan, eta, beraz, langileen lan baldintzetan. Hala du aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten dutenen kasuan ere, eta baita, neurri txikiagoan bada ere, udalerrietako etxez etxeko laguntzan diharduten langileen kasuan ere.

Aipaturiko bi hitzarmenei dagokienez, salatzen dugu ez dagoela patronalaren aldetik negoziazio errealik langileentzat funtsezkoak diren soldata igoerei, ratioei eta partzialtasunari buruz, eta Gipuzkoako Foru Aldundia beste alde batera begiratzen ari dela, zerbitzu horiek bere ardura diren arren. LABen sektore horietan ekiparazioaren eta publifikazioaren bideak jorratu behar direla aldarrikatzen dugu. Hala ere, eskari horien norabidean egin beharreko pausoetan akordioetara iristeko prest gaude sindikatuan. Horregatik, aldundiari eskatu diogu ratioak hobetzeko eta diru gehiago inbertitzeko. Baldintzak eta zerbitzua benetan hobetu nahi badira, aldundiak jauzi bat eman behar duela gogorarazi dugu.

Urteetan zehar merkatuaren eta pribatizazioaren logikari erantzuten dion eredua garatu dela salatu dugu, eta eredu hori bera betikotu nahi dutela administrazioek: langileak prekaritatean lokaztuz, ratioak bere horretan utziz, zor patriarkala gutxietsiz, partzialtasuna areagotuz… Eredu hori alboratzeko eskatu, eta bestelako eredu bat aldarrikatzen dugu LABen. 2023ko Greba Feminista Orokorraren testuinguruan hainbat eragile sozial eta sindikalek egindako Denon Bizitzak Erdigunean herri akordioa plazaratu zen, eta bertan jasotzen dira LABentzat ipar diren aldarrikapenak, zaintza sistema publiko komunitarioaren norabidean jorratu beharrekoak: zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioaren eta negozioarekin amaitzea, zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea… Pribatizatutako zaintzako langileen publifikazioaren alde egiten dugu, eta norabide horretan urratsak egin behar direla aldarrikatzen dugu; zuzeneko langile publikoekin soldaten ekiparazioa, lan baldintzen homologazioa edo ratioen hobekuntza, esaterako.

Horrekin batera, zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko apustu argia egiteko exijitu diogu aldundiari: zaintzarekin negozioa egitea ahalbidetzen duen egungo egoera sostengatzeari utz diezaiola eta, publifikazioaren bidez langileen baldintzak duintzearekin batera, zaintza desfamiliarizatzeko, banatzeko eta demokratizatzeko neurriak har ditzala. Eredu aldaketa horren alde egiten dugu jada LABen, eta horrela egingo dugu aurrerantzean ere, langileekin batera borroka sindikalak aktibatuz, batetik, eta zaintza eraldatzeko lanean ari diren Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalekin aliantzan, bestetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.