2026-10-30
HomeEkintza SindikalaEtxeko langileen negoziazio kolektiboari buruzko erantzunak eskatzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari

Etxeko langileen negoziazio kolektiboari buruzko erantzunak eskatzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmenean onetsi bazen ere, etxeko langileek artean ezin dute benetan egikaritu hitzarmen kolektibo propioa negoziatzeko eskubidea.

EH Bilduk, gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua interpelatuko du, Espainiako Gobernuari eska diezaion azaltzeko ea zein neurri hartzea aurreikusten duen etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko.

Zehazki, koalizioak galdetuko du ea zein neurri hartuko dituen Madrilgo gobernuak, adierazpen formaletatik harago, kolektibo horrek aitortuta dituen eskubideak benetan egikaritu ahal izango direla ziurtatzeko, bereziki negoziazio kolektiborako eskubidea.

LABentzako positiboa da gai hau eztabaida politiko eta instituzionalera iristea, lan merkatuko sektore prekarizatuenetako bati eragiten dio eta. Etxeko langileena sektore oso feminizatua eta arrazializatua da, eta bizitza eta zaintza sostengatzeko ezinbesteko funtzioa betetzen duen arren, desparekotasuna eta benetako babesik eza dira nagusi lan hori aurrera daramatenen artean.

Azken urteotan aurrerapen esanguratsuak lortu dira arauketari dagokionez, baina etxeko langileek artean ere ezin dituzte gainerako langileek dituzten eskubide berberak oso-osorik baliatu. Eskubide horiek egikaritu ahal izateko mekanismo eraginkorrik ez egoteak dakar arau horietako asko, praktikan, paper errea baino ez izatea.

Negoziazio kolektiborako eskubidearen egoera bereziki larria da. Espainiako Estatuak 2022an onetsi zuen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena, zeinak etxeko langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko beharra aitortzen baitzuen. Bada, hori horrela izanik ere, gaur-gaurkoz ez dira garatu sektoreko hitzarmen kolektiboa negoziatu ahal izateko beharrezko tresnak.

Etxeko langileek ez dute aitortza sinboliko gehiagoren beharrik; beren eskubideak aurrera eramateko benetako tresnak behar dituzte. Lan-baldintzak modu kolektiboan negoziatzeko egiazko aukerarik ez dagoen bitartean, kasu askotan migratuak eta arrazializatuak diren milaka emakumeri* eragiten dion egiturazko diskriminazioak bere horretan jarraituko du.

Gogorarazi behar dugu LABen urteak daramatzagula etxeko langileen antolaketa kolektiboa sustatzen eta haien lan-eskubideak osoki aitor daitezen eskatzen. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu Espainiako Gobernuak neurriak zehaztea negoziazio kolektiborako eskubidea benetan eraginkor bihurtzeko eta, hala, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmenetik eratorritako betebeharrak betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak horretarako presio egin beharko lukeela uste dugu. Gure ustez, EH Bilduren interpelazioak aukera emango du Madrilgo exekutiboak horri buruzko azalpen publikoak emateko.

Hala, etxeko lana duintzeko eta jendartearentzako funtsezkoa den zaintza sektore hau behar bezala aitortzeko borrokan segitzeko konpromisoan berresten gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....