2026-11-01
Blog Page 9

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Lehenik eta behin, LABek azpimarratu nahi du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, etxebizitza larrialdi betean, neurri berriak bozkatzeko aukera egon bada antolatutako borroka sindikalari esker izan dela. Maizterrek, sindikalki antolatuta, aldaketa politiko legalak eragiteko gaitasuna erakutsi dute, eskubide berriak legez jasotzeko aukera irekiz.

LABentzat oso larria da gaur Espainiako Kongresuan gertaturikoa. Etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko eta eskubide berriak irabazteko borroka gai izan da azken hilabeteotan areagotutako agenda erreakzionarioari galga jartzeko, eta eskuin muturrak ezarri nahi izan duen elkarrizketa goitik behera aldatzeko aukera eman du. Junts-en eta EAJren zuzendaritzak, ordea, etekinak lortzeko helburuz etxebizitzak erosi eta metatu dituzten errentistekin eta etxebizitza espekulazioarako erabiltzen dutenekin lerratu dira beste behin, kalean borrokatutako agenda sozialari muzin eginez eta ultraeskuinari oxigenoa emanez.

Horrela, EAJk argi erakutsi du Madrilen noren interesak defendatzen dituen: higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde aritu dira jeltzaleak, UPN bezala. Izan ere, funts putreen eta etxejabe txikien arteko dikotomia faltsua saldu nahi izan dute Aitor Estebanen alderdikoek haien jarrera antisoziala justifikatzeko. Zoritxarrez, sindikatuarentzat ez da sorpresa izan, hamarkadetan zehar EAJ eta PSE higiezin politikak egiten ibili direlako: gehiago eraiki, fiskalki etxejabeak saritu eta banketxeek hipotekekin dirua irabaz dezaten diru laguntzak ezarri. Horrela heldu gara egungo larrrialdi egoerara.

LABek argi du etxebizitzaren arazoaren oinarrian ez dagoela funts putreen eta etxejabeen arteko asmatutako dikotomia, ezta etxejabe txikien ustezko segurtasuna ere. Errentismoaren aldeko politikak egitea da arazoa. Funts putreek eta etxejabe handiek geroz eta etxe gehiago dituzte, baita Euskal Herrian ere, azken hamarkadan haien eragina laukoiztu dutelako. Modu berean, bada uste duenik zilegia dela alokairuan duen etxebizitzarekin negozioa egitea. Horrela, aberastasuna modu gero eta bidegabeagoan banatzen ari da eta arrakala soziala handitzen: gazte, emakume*, pertsona arrazializatu eta migratu, familia monomarental eta sektore prekarioetan ari direnen kopurua handitzen ari da, eta egoera okertzen.

Horregatik, LABek aldiro defendatu du etxebizitza merkatuan esku hartu behar dela, eta eredua errotik aldatu. Negozioa bada, ez da eskubidea. Etxebizitza langileak prekarizatzeko arrazoi nagusi bilakatu denez, sindikatua maizterrak antolatzeko erabakia garatzen ari da eta dagoeneko hainbat gatazka sindikal ireki ditu: Hego Euskal Herriko etxejabe handienaren aurka (Adania) eta munduko handienaren filialaren aurka (Blackstone-Testa), adibidez.

Era berean, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakonean birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa, bestetik.

LABek dei egiten du kalean presioa areagotzeko, eta langileon bizitza duinen alde eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prest dagoela adierazten du. Madrilen, borrokari esker, lege bihurtu zitezkeen aldi baterako prorrogak, funts putreen erosketa espekulatiboei urte batzuetarako debekuak ezarri edo etxegabetzeak mugatu. Horiek Euskal Herrian posible egin eta alokairu mugagabeak eta prezioen jaitsierak ere lege bihurtzeko borrokari ekiteko deia egiten du sindikatuak, baita funts putreak joan daitezen, etxegabetzeak amaitu daitezen eta parke publiko zabal sendo eta iraunkorra lor dezagun ere.

LABek lanean jarraituko du langile guztiek haien bizi proiektua garatzeko aukera duina ahalbidetuko duen etxebizitza eskubidearen alde, maizterrak antolatuz, eta lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatuz. Norabide horretan, Espainiako Estatuko maizterren sindikatuekin koordinatuta, bihar larunbaterako eta etzi iganderako Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon, borrokan diren maizterrekin batera, antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die Euskal Herriko langileei.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Lan harremanen egoera ulertzeko, begirada atzera bota eta apirilean kokatu behar gara. Funtsean, espainiar estatuan abiarazitako erregularizazio prozesuak, migratuen egoera lan harremanetako datuetan agertzea ekarri du. Hala, langabezia igo egin da, erregularizazioaren ostean migratzaile guztiek ez dutelako lortu ezkutuko lan merkatutik ateratzea eta Gizarte Segurantzako afiliaziora sarbidea izatea. Migratzaileak lana lapurtzera datozenaren mitotik oso urrun, migratuak dira langabezia handiena pairatzen dutenak. Are gehiago, migratuak ez direnen artean langabeziak behera egin du, migranteak egoera zaurgarrienean kokatuz.

Hile honetan langabeziak gogor kolpatu du jendartea, beti ere egoera zaurgarrian dauden pertsonak kaltetuenak izanik. Alegia, genero aldetik sektore guztietan igo da langabezia eta gazteen artean %12,80 igo da aurreko urtearekin alderatuta (ahaztu gabe migratuen egoera). Izan ere, ikasturte hasierarekin gaztea asko lan prekarioak utzi eta ikastera bueltatzen dira.

Horrez gain, aurreko enplegurik gabekoak %23,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta. Gainera, kontratu motari dagokionez, behin behineko 29.650 kontratu gehiago egin dira abuztuarekin alderatuta. Bi gauza adierazgarri daude salatzeko; alde batetik, kontratu kantitate hori ez da nahikoa langabezia gutxitzeko, eta beste aldetik, prekarietatearen zantzuak nabari dira kontratuen %74,60 behin behinekoak badira.

Afiliazioari dagokionez, 31.428 afiliatu gehiago daude, erregularizazioarengatik itzalpeko ekonomian zeudenak lan harremanetan sartu direlako. Ikasturtea hasierarekin aldizkako finkoko kontratuak gora egin dute bereziki sektore feminizatuetan (%112, zeudenaren bikoitza). Hala ere, salatzekoa da sortu diren lanpostuetatik 28.890 zerbitzu sektorean izatea. LAB sindikatuak ez du soilik enpleguaren kantitatean fokua jartzen, kalitateari ere erreparatzen dio. Jakin badakigu zerbitzu sektorea dela lanpostu prekarioenak eskaintzen dituena; ordutegi ez finkoak, ordu estrak, soldata gutxituak… Hortaz, lanpostu gehienak zerbitzu sektorean sortzea kezkagarria da. Horren irtenbide bakarra zerbitzu sektoreen baldintzak duintzea da.

Langile klaseak bizi duen egoerak ez dira soilik lanpostuarekin lotutakoa. Egoera sozioekonomikoak eta norberaren egoera lan harremanetan bizitzako hainbat eremuetara heltzen da. Adibide argiena etxebizitzaren auzia. LAB sindikatutik urteak daramatza auzia bera ezbaian jartzen. Egungo datuek azaleratzen dute soldatek ez dutela bizitza duina garatzeko ematen, eta bereziki etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik uzten. Etxebizitza prekarizazio adierazle determinantea bihurtu da, eta hori zeharo lotuta dago bai lanpostuaren prekarizazioarekin, baita kapitalismo finantziarioarekin ere. Horrexegatik, asteburu honetan etxebizitzaren eskubidearen aldeko mobilizazioetara deitzen dugu.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik gabekoa da, argi eta garbi, eta bere benetako motibazioa ezkutatzen du: emakume* migratu, arrazializatu, magrebtar eta islam sinismendunen aurkako lan-diskriminazioa.

Basquevolt ez da edozein enpresa. Europako lider bihurtu nahi duen korporazioa da, I+Gn aitzindaria, egoera solidoko litiozko bateriak ekoizten dituena, zeinak funtsezko osagaia baitira garraio elektrikorako, energia geldikorreko biltegiratzerako eta gailu eramangarri aurreratuetarako. Horregatik, tokiko, estatuko eta Europako erakundeen babes handia du. Eta, horrela, dirulaguntza publiko mamitsuak jasotzen ditu, funtsezkoak direnak bere jarduera ziurtatzeko.

Enpresa kosmopolita dela dirudi, 20 nazionalitate baino gehiagoko pertsonak egiten baitute lan bertako instalazioetan, hizkuntza, kultura eta erlijio ugarik elkar topo egiten duten giroan. Baina Basquevolt ez dago arrazakeriaz salbu. Kasu honek baieztatu egiten du. Enpresa horrek tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko oinarrizko eskubidea urratu die bi langileri.

Kalitatea kontrolatzeko laborategietako batean gelaxka batean eztanda gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresako zuzendaritzak barne-prozedura bat aktibatu zuen, aurreiritziz betea eta formaren aldetik ere funtsezko baldintzak betetzen ez zituena, enplegu-zentro horretan zuzeneko lan diskriminazioa legitimatzeko. Hala, bere diziplina-ahalmena arbitrarioki, neurriz kanpo eta justifikaziorik gabe ezarriz, langile horien babesgabetasuna eta estigmatizazioa eragin duten jokabideak izan ditu. Erabakiak inolako zehaztasunik ez duten ustezko gertaeren deskribapenean oinarrituta hartu ditu, eta horrek ondorio larriak ekarri ditu; izan ere, ez da ustezko gertaeren datarik ageri, eta ez da behar bezala frogatutako justifikazio objektibo eta arrazoizkorik aurkeztu. Istripu hori ezkutatzen saiatu dira zigor-espedientea martxan jarrita; izan ere, zigorra jaso duten pertsonek ez zuten gertaerarekin zerikusirik izan. Eztandaren unean laborategian inor ez zegoela baieztatzera iritsi zen enpresa. Bada, hori gezurra da, bi pertsona horiek une horretan bertan baitzeuden.

Horrela, Basquevolt-ek, zabarkeriaz jokatu eta leherketa larria gertatu izanaren aurrean duen erantzukizuna saihesteaz gain, benetan egin nahi zuena egiteko aitzakia gisa erabili du gertakaria. “Kulturarteko enpresa” bere erantzukizuna ezkutatzen saiatu da eta Jazarpen Protokoloa aktibatu du bi emakume langileri diziplina-zehapenak ezartzeko, hain zuzen emakume horiek beraiek direnean benetan jazartuak izaten ari direnak.

Sindikatu honek argi dauka zigor hori ez dela kasualitatea. Biek laborategi horretan egiten zuten lan, eta horietako batek eman dio leherketaren berri enpresari. Era berean, ez da kasualitatea espedienteak zuzenean eta bakarrik haiek seinalatzea. Emakume langileak, migratuak, mairuak eta musulmanak dira. Honek izen bat du: Lan arrazakeria, kasu honetan, gainera, morofobiaz eta islamofobiaz betea.

Hori dela eta, LABek kanpaina bati ekingo dio arrazakeria laboral, matxista, morofobiko eta islamofobiko hori salatzeko. Era berean, dei egiten du datorren urriaren 28an (kaleratzeagatiko epaiketaren egunean), 11:30ean, Gasteizko Epaitegien aurrean egingo den kontzentraziora joateko eta
kaleratutako pertsonari babesa eman eta erasoa salatze aldera.

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independienteei exijitu dietenak Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan-hitzarmen integralak adostu eta lan baldintzak hobetzea.

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian 2 urteko negoziazioen ondoren, pasa den ostiraleko mahai negoziatzailean, EUDELen gehiengoa duten alderdi politikoek mahai negoziatzaileari bukaera ematea erabaki zuten, oinarrizko aldarrikapenetan bestelako mugimendurik egiteko prest ez zeudela argudiatua. Udalhitzeko negoziazioek emango zutenaren esperoan, hortik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa geldi dago eta udal mailan dauden negoziazio esparruak orokorrean ez daude aktibo.

Ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertuz doaz urtez urte. Udalhitzeko mahai negoziatzailea hasi eta ia bi urte pasa direnean EUDELen gehiengoa duten alderdiek negoziazioa blokeora eraman dute. Era berean, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek funtsezko gai guztiak barnebiltzen dituen proposamen integralik aurkeztu gabe jarraitzen dute eta Madriletik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurriak gainditu gabe mantentzen dira.

Zentzu horretan, uda eta gero negoziazioan aurrera pausu nahikorik ez zegodenez, LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri genuen pasa den irailean. Mobilizazio kanpaina hau apirilean hasitakoaren jarraipena da. Gogora dezagun EAEko udal langileek jada 2 orduko paroak egin zituztela apirilaren 23an, eta egun osoko bi greba egun maiatzean eta ekainean. Orduan egindako lanuzte eta greba horien ondorioz Udalhitzeko mahaian eduki berriak ekartzea lortu genuen, baina gatazkari bukaera emateko funtsezko aldarrikapen batzuk falta izan dira.

Udatik bueltan izan ditugun bi mahaietan negoziazioek ez dute aurrera egin, alderdi politikoek ez dute borondate politiko nahikoa erakutsi, eta gainera, aurreko ostiralean mahaia guztiz blokeatu eta negoziazioa bukatutzat eman zuten. Horren aurrean, LABek eta ELAk urriaren 8ko greba deialdiari eusten diogu eta udal langileak grebara eta kalera deitzen ditugu.

Bide horretan, azken astean bi sindikatuak udalez udal atxikimenduak biltzen egon gara. Orain arte EAEko 125 udaletan baino gehiago lortu dugu bertako langile batzordearen babesa LABek eta ELAk aurkeztu dugun mozioari. Esaterako, hiru hiriburuetan, Getxon, Barakaldon, Portugaleten, Basaurin, Durangon, Laudion, Eibarren, Zarautzen, Azpeitian, Tolosan eta Errenterian lortu dugu babes hori. Langileak argi eta garbi adierazten ari dira lan baldintzen hobekuntza nahi dutela eta horregatik urriaren 8an greba egingo dutela aldarrikapenak mahaian egon eta adostu arte.

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Hau ez da kasualitatea, ezta gertaera isolatu bat ere. Dinamika horren helburua beldurra sortzea da, antolakuntza zigortzea eta langileek beren eskubideak kolektiboki defenda ditzaten eragoztea.

Antolatu, mobilizatu eta lankideak defendatzen dituen langilea ezin da enpresaren jo-puntuan egon. Lan baldintza eta eskubide sindikalak ez dira negoziatzen mehatxupean, zigorrekin edo kaleratzeekin.

Presio politika hori salatzen dugu eta dinamika horri berehala amaiera emateko exijitzen diogu enpresari. Langileek antolatzeko, mobilizatzeko eta lan-baldintza duinak defendatzeko eskubidea dute. Eta ordezkaritza sindikalak hori egiteko betebeharra du.

Argi gera dadila: ordezkari edo langile bat zigortzea edota bere eskubideak defendatzeagatik langile bat kaleratzea plantilla osoari erasotzea da. Eta pertsona baten aurkako erasoen aurrean, kolektibo gisa erantzungo dugu.

Enpresak jakin behar du kaleratze eta zigor bakoitzak erantzun sindikala izango duela. Ez dugu onartuko enpresa-diziplina erabiltzea borroka sindikala desaktibatzen saiatzeko tresna gisa.

Langileak pairatzen ari diren lan baldintzak salatzen jarraituko dgu, erantzuna antolatzen jarraituko dugu eta gure esku dauden tresna sindikal eta legal guztiak erabiliko ditu kaltetutako pertsonak defendatzeko.

Izan ere, jokoan dagoena ez da soilik delegatu baten lanpostua. Jokoan dagoena langile guztiek antolatzeko, aldarrikatzeko eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko duten eskubidea da, horregatik errepresaliarik jasan gabe. Kaleratzeen aurrean: antolakuntza. Zigorren aurrean: elkartasuna. Presioaren aurrean: mobilizazioa.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Nafarroako Parlamentuan etxebizitzaren inguruko mozioa eztabaidatu eta onartu da gaur eta LABek argi adierazi nahi du Nafarroak ez dituela etxebizitza horiek bi aldiz ordaindu behar. Sindikatuarentzat funts putreei aurre egiteko “neurri sakonak eta ausartak behar dira eta horregatik, nafarrok ordaindu ditugun etxebizitza batzuk desjabetzeko unea iritsi da”. LABek defendatu du Testa inbertsio funtsaren jabetzako 507 etxebizitzak berreskuratu behar direla eta nafar alokairuko parke publikora bideratu, “horixe baita maizterrentzat aterabide iraunkorra emateko dagoen aukerarik onena”.

LABek adierazi du egungo etxebizitza egoerari aurre egiteko egiturazko aldaketak behar direla eta errentismoarekin amaitu. LABek antolatutako maizterrei eta egindako ekintza sindikala goraipatu ditu ere: “Orain arte egindako borroka eta urriaren 17rako deituriko manifestazioa nahikoa izan da Parlamentuko adierazpen politiko hau lortzeko”. Hala ere, hitzak baino, ekintzak dira sindikatuarentzat beharrezkoak. Horregatik, kalean presioa biderkatzeko beharra azpimarratu du sindikatuak eta larunbat honetarako lehenik eta urriaren 17rako antolatu dituen manifestazioetan parte hartzera deitu ditu Nafarroako langileak. “Higiezinen Patronalari ozen adierazi behar zaio ez diogula negozioa egiten jarrai dezaten utziko eta maizterren boterearen antolakuntzarekin ekintza sindikalaren bidez etxebizitza eskubide bat izatea lortu daitekeela”.

Kalean egindako presioari esker, Madrilen hainbat neurri eztabaidagai daudela ere nabarmendu du LABek. Sindikatuak Maricarmen jatorrizko dekretuan jasotako neurriekin bat egiten du, baina lege-dekretua bitan zatitzea kritikatu du, bereziki “edukiak lausotzeko” bada. LABen arabera, dekretuan jasotako neurriek maizterren egoera arindu dezaketen arren, ez dira nahiko. “Gertatzen dena gertatzen dela, kalean presioa egiten jarraitu behar dugu, alokairu mugagabeak lortu eta prezioen izoztearekin batera jaitsiera errealak lortu arte”.

Azkenik, LABek bizi baldintza duinen defentsan kalera ateratzera deitu ditu herritar eta eragileak. Asteburu honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo dira “Etxebizitzaren negozioari ez. Borroka da giltza” lelopean. Larunbatean Merindades Plazan 12:00etan eta urriaren 17an Baluartetik 17:30ean aterako den manifestazio jendetsuan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote langilegoari, “etxebizitzaren negozioaren aurka, etxebizitza eskubidea delako”.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

Errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu LABek administrazioetara eta enpresa publikoetara.

LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz.

  • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea.
  • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du.
  • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia.
  • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu.
  • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin.

Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu:

1. Lehen aukera

LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke.

Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago:

2. Bigarren aukera

Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean.

Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du.

3. Azken bidea

2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea.

LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko.

LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.

LABen eta ESKren iritziz, hitzarmenak alde onartezinak betikotzen ditu sektoreko langileen eta lan bera sektore publikoan zuzenean kontratatutako langileen artean. ELAren eta CCOOren jarrera salatzen dugu: negoziazioa amaitutzat eman dute, langileen mobilizazio-ibilbidea moztuz eta sektore publikoarekiko aldeak murrizteari uko eginez.

Langileen borrokari esker lortutako hobekuntzak
Testuak hobekuntzak jasotzen ditu lanaldian, baimenetan, zaintza- eta kontziliazio-eskubideetan, bajen osagarrietan, gaueko langileentzako eta 60 urtetik gorakoentzako lanaldi-murrizketetan, laneko osasun eta segurtasunean, eta LGTBiQ+fobiaren aurkako neurrietan. Horrez gain, loturagrama ere jasotzen du; eragin mugatua duen arren, berritzailea da, eta sektorearen aldarrikapen bati erantzuten dio: baimenak egungo gizarte-harremanetara egokitzea eta zaintza familia-eredu bakarra izatearen eredua gaindituz.

Hobekuntza horiek guztiak langileek ia urtebetez egindako borrokaren emaitza dira: 7 greba-egun, lanuzte partzialen egun bat eta mobilizazio zein ekintza ugari egin dituzte; halaber, LABek eta ESK-k intersindikalean adostutako aldarrikapenei eusteko erakutsitako irmotasunarena ere. Mobilizazio iraunkor hori funtsezkoa izan da hitzarmena baldintza okerragoetan sina ez zedin.

Akordiotik kanpo geratu direnak.
Igandeetan lan egiten duten langile guztiek igandeko plusa kobratzeko eskubidea izatea, beste plus batzuk kobratzearen mende jarri gabe.
Igande eta jaiegunengatiko ordain eskasak hobetzea; 2028an nekez gainditzen dituzte 5 €/orduko.

Lanaldi partzialetan plusak % 100ean kobratzea.

Intentsitate handiko zentroetako baldintzak hobetzea.

Barne sustapenerako prozedura arautzea, diskriminaziorik eza bermatuz.

Gainera, hitzarmenak gehien eta gutxien kobratzen dutenen arteko arrakala handitzen du: indarraldian zehar, 1. taldearen eta 5. taldearen igoeren arteko aldea hilean 100 eurotik gorakoa da, nahiz eta bizi-kostua berdin igo langile-klase osoarentzat.

Soldatak: ezetzaren arrazoi nagusia.

Ezezkoaren arrazoi nagusia soldata-hobekuntza nahikorik ez egotea da, ez baitira nahikoak ez intersindikalean helburutzat hartu genuen ekiparazioa lortzeko, ezta hitzarmenaren indarraldi osoan erosteko ahalmenari eusteko ere. Izan ere, iraileko KPI aurreratua % 4,9koa da, eta 2027rako adostutako soldata-igoera, berriz, % 4,5ekoa; gainera, ez da urteko KPIaren araberako eguneratzerik bermatzen.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin (GOFE) alderatutako datuek agerian uzten dute sinatutakoaren larritasuna. Akordioak 2027rako eta 2028rako igoera handiagoak jasotzen baditu ere, 2026ko datuek argi uzten dute zenbatekoa den hasierako arrakala:

  1. taldea: arrakala 3.462,66 euro handitu da bi urtetan bakarrik, 2024ko % 26,33tik (5.880,21 €) 2026ko % 38,60ra (urtean 9.342,87 € gutxiago).
  2. taldea: langileek 2024arekin alderatuta parekatzeko 145,57 euroko tarte gehigarria galtzen dute, eta urteko arrakala 10.400 eurotik gorakoa da 2026an.
    1., 2. eta 3. taldeak: aldeek izugarriak izaten jarraitzen dute 2026an: 29.160,37 euro 1. taldean (% 75,76 gutxiago), 16.311,86 euro 2. taldean (% 47,99 gutxiago) eta 10.851,31 euro 3. taldean (% 35,47 gutxiago).
    2026ko arrakalak ia ez dira murriztu 2024koen aldean. 4. eta 5. taldeentzat 2028rako adostutako igoerak bereziak oso txikiak dira: hilean 10 eta 30 euro hurrenez hurren. Neurri horiek sinbolikoak baino ez dira, eta ez dute betetzen intersindikalean adostutako gutxienekoa.

Oztopoz betetako prozesua.

Negoziazioan eragin handia izan dute, batetik, sindikatu sinatzaileek ekiparazioa epe egoki baten barruan lortzeko aldarrikapenari eusteko behin eta berriz jarritako oztopoek; eta, bestetik, LABen eta ESKren babesarekin, langileek beren aldarrikapenei eusteko egindako ahaleginak. Langileek erantzukizunez jokatzeko eskatu diete bai erakundeei, bai hasieratik bere helburuak jarrera xantaiazale eta onartezinarekin inposatu dituen patronalari.

ELAk, mahaiko ordezkaritzaren % 50 baino gehiago izanik, lidergorik ez erakustea funtsezkoa izan da hasieran partekatutako helburuak ez lortzeko. CCOOren ekarpena ia hutsala izan da. Uztailaren amaieran, bi sindikatuek ekintza-batasuna hautsi eta LABek eta ESK-k partekatzen ez zituzten baldintzetan aurreakordioa sinatu zuten.
Gasteizko Udalaren jazarpena protestarako eskubidearen aurka.

Erakundeek ekiparazioaren aldeko konpromisorik ez izateari Gasteizko Udalaren jarrera gehitu behar zaio: hilabeteak daramatza LABen eta ESKren aurkako zigor ekonomiko bat izapidetzen tematzen, greba-egun batean ustez «bide publikoa zikintzeagatik». Onartezina da Udalak isunean adierazitako egunean, sektorean greba-deialdirik ere ez egotea. LABek eta ESK-k ez dugu amore emango: ibilbide legala azken muturreraino jorratuko dugu, mobilizazio sindikala isilarazi eta oztopatu nahi duen Udalaren aurrean.

Borrokak aurrera darrai.

LABek eta ESK-k pozik hartu dugu negoziazioaren hasieran jarritako helburu nagusietako bat lortu izana: ekiparazioaren aldarri ozena izan da mobilizatutako pertsonen artean, eta gaur egun inork ezin du exijentzia horren zilegitasuna ukatu.

Mezu argia helarazten diegu administrazioei eta patronalari: ez LABek ez ESK-k ez dugu pribatizazioan eta gure lan-eskubideen etengabeko prekarizazioan oinarritutako eredurik babestuko.

Sinadurak ez du gatazkaren amaiera ekartzen, fase berri baten hasiera baizik. Hitzarmenaren bi urteko indarraldian zehar, borroka-dinamikak aktibo mantenduko ditugu, sektorearekin eta gainerako gizartearekin lan egingo dugu, eta langileak antolatzera gonbidatzen ditugu sektoreko V. hitzarmenaren negoziaziora indar handiagoz iristeko; horrela ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak ahalbidetuko ditugu.

Zaintza-sistema publikoarekin dugun konpromisoa irmoa eta ukaezina da. Ez dago jada aitzakiarik Arabako gizarte-esku-hartzeko sektorearen ekiparazioa ukatzeko. Ez dugu etsiko zaintza-lana langile hauek merezi duten duintasun, justizi eta balorea aitortu arte.

Borrokak aurrera darrai!

Kategoria2024ko hitzarmena(III)GOFE 20242024ko aldea(€ / %)2026ko hitzarmena(IV)GOFE 20262026ko aldea(€ / %)Arrakalarenmurrizketa (€)
1. taldea35.429,43 €67.213,10 €+31.783,67 € (+%89,71)38.492,74 €67.653,11 €+29.160,37 € (+%75,76)– 2.623,30 €
2. taldea31.261,26 €48.215,44 €+16.954,18 € (+%54,23)33.992,40 €50.304,26 €+16.311,86 € (+%47,99)– 642,32 €
3. taldea28.135,14 €40.897,96 €+12.762,82 € (+%45,36)30.593,17 €41.444,48 €+10.851,31 € (+%35,47)– 1.911,51 €
4. taldea25.634,23 €35.926,94 €+10.292,71 € (+%40,15)27.873,77 €38.312,05 €+10.438,28 € (+%37,45)+ 145,57 € (Handituegin da) 
5. taldea22.329,47 €28.209,68 €+5.880,21 € (+%26,33)24.205,66 €33.548,53 €+9.342,87 € (+%38,60)+ 3.462,66 € (Handituegin da)

Busturialdea eta Lea-Artibai inguruan etxeko langileek bizi duten egoeraz ohartarazi dugu

Eskualde horietan gero eta gehiago dira etxeko langileen lan eta bizi baldintza kaxkarrengatiko salaketak. Azken lau hilabeteetan 32 kasu baino gehiago artatu ditugu LABen. Azkena Gernikako uniformez jantzitako udaltzain batek etxeko langile batekin izandako jarrera salagarria izan da.

Etxeko langileen egoera kezkagarria da. Hau ez da kontu berria ez eskualdean, ez Euskal Herrian. LAB sindikatuan urteak daramatzagu etxeko langileak antolatzen, batzen eta saretzen, helburu argiekin: batetik, langile horiek jasaten duten esplotazio egoera salatzea, baita egunerokoan instituzio zein administrazioetatik jasaten duten arrazakeria eta klasismoa ere (etxeko langileen gehiengoa emakume* migratuak dira eta horrek esplotazioa, arrazakeria eta klasismoa areagotzen ditu); bestetik, euren lan eta bizi baldintzen defentsa, etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokak artikulatuz.

Busturialdeko eta Lea-Artibaiko kasuetan, dispertsio geografikoak egoera lazgarri hau are konplikatuago bihurtzen du, etxeko langileak herriguneetatik urrun dauden etxe isolatuetan lan egitera behartuak baitaude. Hurbileko komunitate edo talde bat izatea galarazi edo zailtzen die horrek, barne-erregimenean daudenen kasuan bereziki. Hala, faktore horrek jasaten duten esplotazio egoera okertu egiten du.

Kasu gehienetan, kobratu gabe egiten dute lan eta milaka euro zor zaizkie langileei. Eta honelako egoerak bizi behar izaten dituzte: kontratu eta lan baldintzen erregularizazio falta, opor egunik gabe edota deskantsurik gabe pasatako urteak eta hilabeteak, egunean 12-15 orduko lan ordutegiak edota langile hauen egun (bizi) orduen inguruko erabateko kontrola enplegatzaileen partetik. Egoera honetan, euren bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko aukerarik ez izatera kondenatzen dituzte.

Etxeko langileek beren egoera salatzeko urratsa ematen dutenean, enplegatzaileen partetik mehatxuak, iruzurrak edota kaleratzeak jasotzen dituzte (batez ere, barne-erregimenean jarduten dutenek). Adibidez, LABen oso larritzat jotzen dugu azken hilabetean etxeko langile baten enplegatzaileak, Gernikako uniformez jantzitako udaltzain batek, langilearen arropa etxetik atera izana eta Gernikako udaltzaingoaren bulegoetan botata utzi izana.

Etxeko langileen lan baldintzen urraketa sistematikoak gizarte-politiken krudelkeria agerian uzten du, politika hauek aplikatzeak areagotzen dituen desberdintasunak ere begi-bistakoak direlarik. Etxeko langileen eskubideak bermatu eta babestu beharko lituzketen erakundeek beste aldera begiratzen dute.

Horregatik, LAB sindikatutik etxeko langile guztiei eskua luzatzen diegu eta borrokarako eta antolakuntzarako urratsa eman dezaten animatzen ditugu.

Eskubideak guztiontzat!