Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.
LABen eta ESKren iritziz, hitzarmenak alde onartezinak betikotzen ditu sektoreko langileen eta lan bera sektore publikoan zuzenean kontratatutako langileen artean. ELAren eta CCOOren jarrera salatzen dugu: negoziazioa amaitutzat eman dute, langileen mobilizazio-ibilbidea moztuz eta sektore publikoarekiko aldeak murrizteari uko eginez.
Langileen borrokari esker lortutako hobekuntzak
Testuak hobekuntzak jasotzen ditu lanaldian, baimenetan, zaintza- eta kontziliazio-eskubideetan, bajen osagarrietan, gaueko langileentzako eta 60 urtetik gorakoentzako lanaldi-murrizketetan, laneko osasun eta segurtasunean, eta LGTBiQ+fobiaren aurkako neurrietan. Horrez gain, loturagrama ere jasotzen du; eragin mugatua duen arren, berritzailea da, eta sektorearen aldarrikapen bati erantzuten dio: baimenak egungo gizarte-harremanetara egokitzea eta zaintza familia-eredu bakarra izatearen eredua gaindituz.
Hobekuntza horiek guztiak langileek ia urtebetez egindako borrokaren emaitza dira: 7 greba-egun, lanuzte partzialen egun bat eta mobilizazio zein ekintza ugari egin dituzte; halaber, LABek eta ESK-k intersindikalean adostutako aldarrikapenei eusteko erakutsitako irmotasunarena ere. Mobilizazio iraunkor hori funtsezkoa izan da hitzarmena baldintza okerragoetan sina ez zedin.
Akordiotik kanpo geratu direnak.
Igandeetan lan egiten duten langile guztiek igandeko plusa kobratzeko eskubidea izatea, beste plus batzuk kobratzearen mende jarri gabe.
Igande eta jaiegunengatiko ordain eskasak hobetzea; 2028an nekez gainditzen dituzte 5 €/orduko.
Lanaldi partzialetan plusak % 100ean kobratzea.
Intentsitate handiko zentroetako baldintzak hobetzea.
Barne sustapenerako prozedura arautzea, diskriminaziorik eza bermatuz.
Gainera, hitzarmenak gehien eta gutxien kobratzen dutenen arteko arrakala handitzen du: indarraldian zehar, 1. taldearen eta 5. taldearen igoeren arteko aldea hilean 100 eurotik gorakoa da, nahiz eta bizi-kostua berdin igo langile-klase osoarentzat.
Soldatak: ezetzaren arrazoi nagusia.
Ezezkoaren arrazoi nagusia soldata-hobekuntza nahikorik ez egotea da, ez baitira nahikoak ez intersindikalean helburutzat hartu genuen ekiparazioa lortzeko, ezta hitzarmenaren indarraldi osoan erosteko ahalmenari eusteko ere. Izan ere, iraileko KPI aurreratua % 4,9koa da, eta 2027rako adostutako soldata-igoera, berriz, % 4,5ekoa; gainera, ez da urteko KPIaren araberako eguneratzerik bermatzen.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin (GOFE) alderatutako datuek agerian uzten dute sinatutakoaren larritasuna. Akordioak 2027rako eta 2028rako igoera handiagoak jasotzen baditu ere, 2026ko datuek argi uzten dute zenbatekoa den hasierako arrakala:
- taldea: arrakala 3.462,66 euro handitu da bi urtetan bakarrik, 2024ko % 26,33tik (5.880,21 €) 2026ko % 38,60ra (urtean 9.342,87 € gutxiago).
- taldea: langileek 2024arekin alderatuta parekatzeko 145,57 euroko tarte gehigarria galtzen dute, eta urteko arrakala 10.400 eurotik gorakoa da 2026an.
1., 2. eta 3. taldeak: aldeek izugarriak izaten jarraitzen dute 2026an: 29.160,37 euro 1. taldean (% 75,76 gutxiago), 16.311,86 euro 2. taldean (% 47,99 gutxiago) eta 10.851,31 euro 3. taldean (% 35,47 gutxiago).
2026ko arrakalak ia ez dira murriztu 2024koen aldean. 4. eta 5. taldeentzat 2028rako adostutako igoerak bereziak oso txikiak dira: hilean 10 eta 30 euro hurrenez hurren. Neurri horiek sinbolikoak baino ez dira, eta ez dute betetzen intersindikalean adostutako gutxienekoa.
Oztopoz betetako prozesua.
Negoziazioan eragin handia izan dute, batetik, sindikatu sinatzaileek ekiparazioa epe egoki baten barruan lortzeko aldarrikapenari eusteko behin eta berriz jarritako oztopoek; eta, bestetik, LABen eta ESKren babesarekin, langileek beren aldarrikapenei eusteko egindako ahaleginak. Langileek erantzukizunez jokatzeko eskatu diete bai erakundeei, bai hasieratik bere helburuak jarrera xantaiazale eta onartezinarekin inposatu dituen patronalari.
ELAk, mahaiko ordezkaritzaren % 50 baino gehiago izanik, lidergorik ez erakustea funtsezkoa izan da hasieran partekatutako helburuak ez lortzeko. CCOOren ekarpena ia hutsala izan da. Uztailaren amaieran, bi sindikatuek ekintza-batasuna hautsi eta LABek eta ESK-k partekatzen ez zituzten baldintzetan aurreakordioa sinatu zuten.
Gasteizko Udalaren jazarpena protestarako eskubidearen aurka.
Erakundeek ekiparazioaren aldeko konpromisorik ez izateari Gasteizko Udalaren jarrera gehitu behar zaio: hilabeteak daramatza LABen eta ESKren aurkako zigor ekonomiko bat izapidetzen tematzen, greba-egun batean ustez «bide publikoa zikintzeagatik». Onartezina da Udalak isunean adierazitako egunean, sektorean greba-deialdirik ere ez egotea. LABek eta ESK-k ez dugu amore emango: ibilbide legala azken muturreraino jorratuko dugu, mobilizazio sindikala isilarazi eta oztopatu nahi duen Udalaren aurrean.
Borrokak aurrera darrai.
LABek eta ESK-k pozik hartu dugu negoziazioaren hasieran jarritako helburu nagusietako bat lortu izana: ekiparazioaren aldarri ozena izan da mobilizatutako pertsonen artean, eta gaur egun inork ezin du exijentzia horren zilegitasuna ukatu.
Mezu argia helarazten diegu administrazioei eta patronalari: ez LABek ez ESK-k ez dugu pribatizazioan eta gure lan-eskubideen etengabeko prekarizazioan oinarritutako eredurik babestuko.
Sinadurak ez du gatazkaren amaiera ekartzen, fase berri baten hasiera baizik. Hitzarmenaren bi urteko indarraldian zehar, borroka-dinamikak aktibo mantenduko ditugu, sektorearekin eta gainerako gizartearekin lan egingo dugu, eta langileak antolatzera gonbidatzen ditugu sektoreko V. hitzarmenaren negoziaziora indar handiagoz iristeko; horrela ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak ahalbidetuko ditugu.
Zaintza-sistema publikoarekin dugun konpromisoa irmoa eta ukaezina da. Ez dago jada aitzakiarik Arabako gizarte-esku-hartzeko sektorearen ekiparazioa ukatzeko. Ez dugu etsiko zaintza-lana langile hauek merezi duten duintasun, justizi eta balorea aitortu arte.
Borrokak aurrera darrai!
| Kategoria | 2024ko hitzarmena(III) | GOFE 2024 | 2024ko aldea(€ / %) | 2026ko hitzarmena(IV) | GOFE 2026 | 2026ko aldea(€ / %) | Arrakalarenmurrizketa (€) |
| 1. taldea | 35.429,43 € | 67.213,10 € | +31.783,67 € (+%89,71) | 38.492,74 € | 67.653,11 € | +29.160,37 € (+%75,76) | – 2.623,30 € |
| 2. taldea | 31.261,26 € | 48.215,44 € | +16.954,18 € (+%54,23) | 33.992,40 € | 50.304,26 € | +16.311,86 € (+%47,99) | – 642,32 € |
| 3. taldea | 28.135,14 € | 40.897,96 € | +12.762,82 € (+%45,36) | 30.593,17 € | 41.444,48 € | +10.851,31 € (+%35,47) | – 1.911,51 € |
| 4. taldea | 25.634,23 € | 35.926,94 € | +10.292,71 € (+%40,15) | 27.873,77 € | 38.312,05 € | +10.438,28 € (+%37,45) | + 145,57 € (Handituegin da) |
| 5. taldea | 22.329,47 € | 28.209,68 € | +5.880,21 € (+%26,33) | 24.205,66 € | 33.548,53 € | +9.342,87 € (+%38,60) | + 3.462,66 € (Handituegin da) |

