Eskualde horietan gero eta gehiago dira etxeko langileen lan eta bizi baldintza kaxkarrengatiko salaketak. Azken lau hilabeteetan 32 kasu baino gehiago artatu ditugu LABen. Azkena Gernikako uniformez jantzitako udaltzain batek etxeko langile batekin izandako jarrera salagarria izan da.
Etxeko langileen egoera kezkagarria da. Hau ez da kontu berria ez eskualdean, ez Euskal Herrian. LAB sindikatuan urteak daramatzagu etxeko langileak antolatzen, batzen eta saretzen, helburu argiekin: batetik, langile horiek jasaten duten esplotazio egoera salatzea, baita egunerokoan instituzio zein administrazioetatik jasaten duten arrazakeria eta klasismoa ere (etxeko langileen gehiengoa emakume* migratuak dira eta horrek esplotazioa, arrazakeria eta klasismoa areagotzen ditu); bestetik, euren lan eta bizi baldintzen defentsa, etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokak artikulatuz.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko kasuetan, dispertsio geografikoak egoera lazgarri hau are konplikatuago bihurtzen du, etxeko langileak herriguneetatik urrun dauden etxe isolatuetan lan egitera behartuak baitaude. Hurbileko komunitate edo talde bat izatea galarazi edo zailtzen die horrek, barne-erregimenean daudenen kasuan bereziki. Hala, faktore horrek jasaten duten esplotazio egoera okertu egiten du.
Kasu gehienetan, kobratu gabe egiten dute lan eta milaka euro zor zaizkie langileei. Eta honelako egoerak bizi behar izaten dituzte: kontratu eta lan baldintzen erregularizazio falta, opor egunik gabe edota deskantsurik gabe pasatako urteak eta hilabeteak, egunean 12-15 orduko lan ordutegiak edota langile hauen egun (bizi) orduen inguruko erabateko kontrola enplegatzaileen partetik. Egoera honetan, euren bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko aukerarik ez izatera kondenatzen dituzte.
Etxeko langileek beren egoera salatzeko urratsa ematen dutenean, enplegatzaileen partetik mehatxuak, iruzurrak edota kaleratzeak jasotzen dituzte (batez ere, barne-erregimenean jarduten dutenek). Adibidez, LABen oso larritzat jotzen dugu azken hilabetean etxeko langile baten enplegatzaileak, Gernikako uniformez jantzitako udaltzain batek, langilearen arropa etxetik atera izana eta Gernikako udaltzaingoaren bulegoetan botata utzi izana.
Etxeko langileen lan baldintzen urraketa sistematikoak gizarte-politiken krudelkeria agerian uzten du, politika hauek aplikatzeak areagotzen dituen desberdintasunak ere begi-bistakoak direlarik. Etxeko langileen eskubideak bermatu eta babestu beharko lituzketen erakundeek beste aldera begiratzen dute.
Horregatik, LAB sindikatutik etxeko langile guztiei eskua luzatzen diegu eta borrokarako eta antolakuntzarako urratsa eman dezaten animatzen ditugu.
Eskubideak guztiontzat!

