Testa funts putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.
Nafarroako Parlamentuan etxebizitzaren inguruko mozioa eztabaidatu eta onartu da gaur eta LABek argi adierazi nahi du Nafarroak ez dituela etxebizitza horiek bi aldiz ordaindu behar. Sindikatuarentzat funts putreei aurre egiteko “neurri sakonak eta ausartak behar dira eta horregatik, nafarrok ordaindu ditugun etxebizitza batzuk desjabetzeko unea iritsi da”. LABek defendatu du Testa inbertsio funtsaren jabetzako 507 etxebizitzak berreskuratu behar direla eta nafar alokairuko parke publikora bideratu, “horixe baita maizterrentzat aterabide iraunkorra emateko dagoen aukerarik onena”.
LABek adierazi du egungo etxebizitza egoerari aurre egiteko egiturazko aldaketak behar direla eta errentismoarekin amaitu. LABek antolatutako maizterrei eta egindako ekintza sindikala goraipatu ditu ere: “Orain arte egindako borroka eta urriaren 17rako deituriko manifestazioa nahikoa izan da Parlamentuko adierazpen politiko hau lortzeko”. Hala ere, hitzak baino, ekintzak dira sindikatuarentzat beharrezkoak. Horregatik, kalean presioa biderkatzeko beharra azpimarratu du sindikatuak eta larunbat honetarako lehenik eta urriaren 17rako antolatu dituen manifestazioetan parte hartzera deitu ditu Nafarroako langileak. “Higiezinen Patronalari ozen adierazi behar zaio ez diogula negozioa egiten jarrai dezaten utziko eta maizterren boterearen antolakuntzarekin ekintza sindikalaren bidez etxebizitza eskubide bat izatea lortu daitekeela”.
Kalean egindako presioari esker, Madrilen hainbat neurri eztabaidagai daudela ere nabarmendu du LABek. Sindikatuak Maricarmen jatorrizko dekretuan jasotako neurriekin bat egiten du, baina lege-dekretua bitan zatitzea kritikatu du, bereziki “edukiak lausotzeko” bada. LABen arabera, dekretuan jasotako neurriek maizterren egoera arindu dezaketen arren, ez dira nahiko. “Gertatzen dena gertatzen dela, kalean presioa egiten jarraitu behar dugu, alokairu mugagabeak lortu eta prezioen izoztearekin batera jaitsiera errealak lortu arte”.
Azkenik, LABek bizi baldintza duinen defentsan kalera ateratzera deitu ditu herritar eta eragileak. Asteburu honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo dira “Etxebizitzaren negozioari ez. Borroka da giltza” lelopean. Larunbatean Merindades Plazan 12:00etan eta urriaren 17an Baluartetik 17:30ean aterako den manifestazio jendetsuan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote langilegoari, “etxebizitzaren negozioaren aurka, etxebizitza eskubidea delako”.

