2026-10-04
HomeEkintza Sindikala125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren...

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independienteei exijitu dietenak Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan-hitzarmen integralak adostu eta lan baldintzak hobetzea.

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian 2 urteko negoziazioen ondoren, pasa den ostiraleko mahai negoziatzailean, EUDELen gehiengoa duten alderdi politikoek mahai negoziatzaileari bukaera ematea erabaki zuten, oinarrizko aldarrikapenetan bestelako mugimendurik egiteko prest ez zeudela argudiatua. Udalhitzeko negoziazioek emango zutenaren esperoan, hortik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa geldi dago eta udal mailan dauden negoziazio esparruak orokorrean ez daude aktibo.

Ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertuz doaz urtez urte. Udalhitzeko mahai negoziatzailea hasi eta ia bi urte pasa direnean EUDELen gehiengoa duten alderdiek negoziazioa blokeora eraman dute. Era berean, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek funtsezko gai guztiak barnebiltzen dituen proposamen integralik aurkeztu gabe jarraitzen dute eta Madriletik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurriak gainditu gabe mantentzen dira.

Zentzu horretan, uda eta gero negoziazioan aurrera pausu nahikorik ez zegodenez, LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri genuen pasa den irailean. Mobilizazio kanpaina hau apirilean hasitakoaren jarraipena da. Gogora dezagun EAEko udal langileek jada 2 orduko paroak egin zituztela apirilaren 23an, eta egun osoko bi greba egun maiatzean eta ekainean. Orduan egindako lanuzte eta greba horien ondorioz Udalhitzeko mahaian eduki berriak ekartzea lortu genuen, baina gatazkari bukaera emateko funtsezko aldarrikapen batzuk falta izan dira.

Udatik bueltan izan ditugun bi mahaietan negoziazioek ez dute aurrera egin, alderdi politikoek ez dute borondate politiko nahikoa erakutsi, eta gainera, aurreko ostiralean mahaia guztiz blokeatu eta negoziazioa bukatutzat eman zuten. Horren aurrean, LABek eta ELAk urriaren 8ko greba deialdiari eusten diogu eta udal langileak grebara eta kalera deitzen ditugu.

Bide horretan, azken astean bi sindikatuak udalez udal atxikimenduak biltzen egon gara. Orain arte EAEko 125 udaletan baino gehiago lortu dugu bertako langile batzordearen babesa LABek eta ELAk aurkeztu dugun mozioari. Esaterako, hiru hiriburuetan, Getxon, Barakaldon, Portugaleten, Basaurin, Durangon, Laudion, Eibarren, Zarautzen, Azpeitian, Tolosan eta Errenterian lortu dugu babes hori. Langileak argi eta garbi adierazten ari dira lan baldintzen hobekuntza nahi dutela eta horregatik urriaren 8an greba egingo dutela aldarrikapenak mahaian egon eta adostu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...