2026-04-09
Blog Page 865

Greba mugagabearen deialdiak bere horretan darrai Iruñeko Miserikordia Etxean

LAB, ELA, USO eta SATSE sindikatuetako ordezkariek osatutako greba batzordeak “onartezinatzat” jo du zuzendaritzak egindako proposamenak, atzo egindako bileran. Negoziazio prozesuan aldarrikatutako gutxienekoak ez dituela betetzen salatu dute, eta, errespetu falta” hori ikusita, mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute: hilaren 16, 18 eta 20rako aurreikusitako lanuzteak eta hilaren 22tik aurrera iragarritako greba mugagabea, kasu.

Miserikordia Etxeko langileen lan baldintza duinen aldeko protestekin jarraitzea erabaki du greba batzordeak, zuzendaritzarekin atzo izandako bileraren ostean. Zaharren egoitza kudeatzen dutenen jarrera gogor kritikatu dute sindikatuetako ordezkariek.
 

 

 

Bosturtekoak behin-behinekoei ordaintzeko eskatu dute EHUko irakasleek

0

EHUko irakasleek elkarretaratze bat egin dute gaur Gobernu Kontseiluaren aurretik, bosturtekoak behin behinekoei ordain dakizkien exijitzeko. Protesta Bilbon izan da, Bizkaia Aretoaren sarreran.

Bosturtekoak aitortuta eduki arren, irakasle ez-iraunkorrak ez daude kobratzen ari. Irakasle ez-iraunkorren urtetako aldarrikapena izan da bosturteak aitortu eta kobratzearena.

2016ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiaren gizarte arloko epaimahaiak EHUko behin behineko irakasle bati bost urtekoen deialdian parte hartzeko eskubidea aitortu zion. Orduan, deialdi berezia zabaldu zen irakasle ez-iraunkorrek bosturtekoak eska zitzaten. Batzuek aitorpena lortu arren, kobratu barik jarraitu zuten, irakasleen soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretuan jasotzen ez dela aitzakiatuz.

2017ko martxoan beste sententzia batek EHU kondenatu zuen irakasle atxiki bati aitortutako 5 urtekoak ordaintzera, baita ordaindu beharreko kantitatea ezarri ere. Epaileak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bost urtekoa ordaintzeko. Ez ordaintzeko erabilitako argudioa bertan behera geratu zen, beraz. EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententzia horri.

2017ko irailean epaileak helegitea bertan behera utzi eta irakasleari ordaintzera behartzen zuen epaia eman zuen. Hala ere, ordainketa ez da orokortu eta horretarako aipaturiko 41/2008 dekretuaren aldaketaren beharrean justifikatzen du EHUK ordaindu ezina.

Hori dela eta, irakasleek EHUko zuzendaritzari eskatzen diote langileen alde egin dezan eta behin behiko irakasleei zor zaizkien bosturtekoak ordaintzen has dakizkien, Jaurlaritzak araudian egin beharreko aldaketak egin ditzan itxaron barik.

Abenduaren 5ean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Lakuan, hogei bat irakasle bildu ziren Gasteizko Gobernuari 3/2004 Legean eta 41/2008 Dekretuan beharreko aldaketak egin ditzan eskatzeko. Gaur, aldarrikapen berarekin, Bilbon bildu dira berriro.

 

 

 

Alfako langileek manifestaziora deitu dute biharko Eibarren

0

Alfa Precision Casting enpresako langileak borrokan dira, euren lan eskubideen defentsan. Hain zuzen ere, greba mugagabean daude eta, horren ondorioz, hainbat mobilizazio ari dira antolatzen. Bihar, abenduak 15, manifestazio batera deitu dute Eibarren. 19:00etan izango da, Untzaga plazatik abiatuta.

Mobilizazioak ez ezik, bilerak ere egin dituzte aste honetan. Greba komitea Eusko Jaurlaritzako Industria arloko arduradunekin bildu da, baita Eibarko Udaleko agintariekin ere. Euren eskaera eta konpromisoen berri eman diete bilera horietan:

• Taldea osatzen duten enpresa guztietan enplegua egonkortzeko eta hari eusteko konpromisoa.

• Jendea igortzekotan, ez dadila modu traumatiko batez egin, kalte-ordainak jaso ditzatela, enpresak egin duen proposamen bakarra hobetuz.

• Beharginek eta hauen senideek, Alfa taldeko enpresetan izan dezaketen etorkizunari buruzko informazio argia, erreala eta zehatza jaso behar dute. Hots, jazo daitezkeen likidazioei, enpresen salmentei, Enplegua Erregulatzeko Espedienteei, bategiteei, hauen jarraikortasun eta baldintzei… buruzko informazioa.

Egoeraren azterketa egin ostean, komiteak hainbat eskakizun egin ditu. Hauexek dira, esaterako, Eibarko Udalari eskatutakoak:

• Alfa Taldeko zuzendaritzaren, lehiaketako administratzaileen eta langileen ordezkarien artean bitartekari lanak egitea.

• Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundiarekin batera pertsona edo lan -talde bat adostea inbertsore berriak topatzeko.

• Alfa Taldeko lurren bikarlifikaziorik ez egitea alderdi sozialarekin adostasunik ez badago.

Bestalde, manifestazioari babesa eskaini dioten eragileen artean Eibarko gazteria dago; Ernai, Eibarko Gaztetxia, Nalua talde feminista eta Jaixak Herrixak Herrixandako elkartea, tartean.


 

 

 

Lanean jarraituko dugu ez dadin egon lanera osasuna eta bizitza galtzera joango den langilerik

0
Gaur lan istripu larri baten berri izan dugu. 31 urtetako langile batek beso bat galdu du Abadiñoko Fundiciones Garbi enpresan.

LABetik, lehenik eta behin, gure babesa erakutsi nahi diogu larriki zauritu den langileari. Eta gure gaitzespen eta amorru osoa erakutsi nahiko genuke gaur Fundiciones Garbi enpresan izandako lan-istripuaren aurrean.

Era berean, istripua ikertu behar dela eskatzen dugu, prebentzio neurriak jar daitezen eta horrelakorik berriro gerta ez dadin, honen inguruko erantzukizunak argitzearekin batera.

Fundiciones Garbik 150 langile baino gehiago ditu eta segurtasun eta lan baldintzak guztiz prekarioak dira
segurtasun eta osasunaren arloan.

Aurten bi istripu egon da bertan eta zorionez ez da kalte pertsonalik izan, baina gerta zitezkeen.

Enpresan LABek duen ordezkaritza sindikaletik segurtasun eta osasun arloko neurriak betetzea exijitzen egon gara eta politika prebentibo bat, langileek gutxieneko segurtasun eta osasun baldintzetan lan egin dezan. Enpresak ez du inolako asmorik izan bere betebeharraei aurre egiteko eta langileek zuten arriskuaren aurrean, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan larrialdiko eskuhartzea eskatu zuen langileen osasunarentzako arrisku eta segurtasun neurrien falta larriaren aurrean.

Oraindik zain gaude. Euren betebeharra egingo balute, ziurrenik gaur ez genuke lankide bat larriki zauritua eta mutilatua izango.

Agerian utzi nahi dugu baita Eusko Jaurlaritzaren lotsa falta eta gehiegizko hipokresia. 2009an eta Industria 4.0 programaren barruan, diruz lagundu zuen Aldundiak Fundiciones Garbi, “etorkizuneko enpresa” deitu dutenean teknologikoa berriak ezartzeagatik. Gainera, hiru hilabete erer ez dira Imanol Pradalesek, Lurralde eta Garapen Ekonomikoko Foru Sailaren arduradunak lantegia bisitatu zuela. Non egon zen komunikabideetako titular handietan “pertsonentzako arriskua zero da” esateko? Ez al zituen kea, prebentzio-falta eta instalazioen barruko segurtasun falta? Zertara joan zen, espedientea betetzeko argazkia ateratzera izan ez bazen?

Lan istripunak ez dira kasualitatearen fruitua, ezta izurrite jainkotiar bat. Lan baldintza txarren ondorio dira, prekarietatearenak, aldi-baterakotasunarenak, ahalik eta gehien eta merkeen ekoizteko prisen ondorio, etab.

Baina patronalari gutxi axola dio gure osasunak eta bizitzak, eta euren emaitzetan errentabilizatuko beharreko bitarteko bat bezala tratatzen gaituzte, beste edozein makina bezala. Apurtzen bada ordezkoa ekartzen da. Baina ez gara makinak, pertsonak gara eta eskubidea dugu lanera joateko soldata baten truke eta ahaleginean osasuna edo bizitza ez galtzeko. Baina era berean, administrazio publikoetatik egoera honen konplize dira.

Osasunaz eta laneko segurtasunaz hitz egiten dute, baina benetan ez dute ezer egiten hil edo gaixotzen gaituzten lan-baldintzarik egon ez dadin, ez dizkiote baliabide gehiago ematen laneko ikuskaritza eta Osalani, ez diote jarraipenik egiten enpresetako errealitateari, etab.

Horregatik, LABetik lanean jarraituko dugu ez dadin egon lanera osasuna eta bizitza galtzera joango den langilerik. Baldintza duinetan egingo den lana nahi dugu eta ahaleginean, osasuna eta bizitza ez galtzea.
 

 

 

Adin txikiko zentroak plaza nahikoa ez izateagatik saturatuta daudela ez da berritasuna, ezta Aldundiak ezagutzen ez duen zerbait ere

Aldundiaren titulartasuna duen adin txikikoen zentroarekin gertatutakoaren harira, LABek honakoa adierazi nahi du: gertatutakoa sindikatuek, langileek eta Bizkaiko Foru Aldundiko pertsonal teknikoak berak iragarritako heriotza baten kronika dira. Adin txikikoen zentroak nahikoa leku ez izateagatik saturatuta egotea ez da ez berrikuntza ezta Aldundiak ezagutzen ez duen zerbait.

Honek ratioen inguruan bete behar den araudia ez betetzea dakar, ezta langileentzako lan-osasunaren arloko neurri prebentiboetan ezta adin txikikoen laguntza eta heziketa programetan ere. Are gehiago, mota honetako zentroak bertara Aldunditik bideratutako profil desberdinen saski-naski bat bihurtu direnean.

Gaia gainera ez da gertakari larri honekin amaitu. Adin txikikoak beste zentru batzutara bideratu dituzte. Hori al da Bizkaiko Foru Aldundiaren konponbidea, sistema gainsaturatzea? Adin txikiko hauekin eta profesionalekin dituen betebeharrak ez bermatzea?

Beste behin ere Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu sozialen eredua salatzen dugu, kudeaketa pribatukoa eta finantzazio eskasa duena, dauden beharrizanak kontuan izanda.
 

 

 

Lan zentroen aurrean egin dute protesta Bizkaiko bulegoetako eta langeletako langileek

Bizkaiko bulegoetako eta langeletako langileak borrokan dira, hitzarmenaren defentsan. Hala, negoziazioaren blokeo egoera ikusita, mobilizatzea erabaki dute eta, bide horretan, protesta egitarauaren harira, lan zentroen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte gaur.

Mobilizazioen artean lehena azaroa bukaeran egin zuten Bilbon. Hain zuzen ere, BBVA, Kutxabank eta LANTIKen aurrean egin zuten protesta: hitzarmenaren hileta eszenifikatu zuten orduan.

 

 

 

Bilbon eta Donostian mobilizatu dira gaur Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileak

0

Mobilizazioekin jarraitzen dute Hezkuntza saila eta EHUko garbiketako langileek. Donostian eta Bilbon egin dituzte gaur protestak.

LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta, borrokan dira Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileak. Hain zuzen ere, ikastetxe eta unibertsitateko garbikuntza kontraten hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik bi urte eta erdi igaro dira jada; eta egoerak hasieran bezain blokeatuta jarraitzen du. Ez dago hitzarmenik eta ez dirudi hurrengo hilabetetan akordiorik lortuko dutenik.

 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek benetako negoziazioa exijitu diete Patronalei

Ia 8 urte eta 36 Negoziazio Mahaia burutu ondoren, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek ez diete LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuon eskaerei erantzun. Edukirik gabeko negoziazioa luzatzeko estrategiaren aurrean generaman dinamika negatiboarekin amaitzeko, mahaia hautsi eta mobilizazioari ekitea beste biderik ez digute utzi sindikatuoi.

Ikastetxeen %70 itunduak eta 9.000 langile inguruk diharduten sektore honetan, oraindik ere 2008-09ko hitzarmena dugu indarrean. Ordutik hona, hezkuntza sistemaren errealitatea, erronkak, kolektibo ezberdinen egoera eta lan-zama asko aldatu diren arren lan-baldintza eta lansari taula berdinekin jarraitzen dugu.

Negoziazio saioetan, ordea, agerian geratu da patronalak ez daudela prest oinarrizko gai eta aldarrikapenen inguruan hobekuntzarik egiteko. Are gehiago, hainbat esparrutan murrizketak ere planteatu dituzte. Beren estrategia negoziazioak era mugagabean luzatzea izan da eta eztabaida fase baten ostean, inolako aldaketa eta aurrerapausorik eman gabe, beste elkarrizketa fase berri bat proposatzea. Sindikatuok, baina, egoera ezin dugula onartu uste dugu, muga guztiak gainditu direlako. Ikasturte hasieran plataforma bateratua adostu eta patronalei aurkeztu genien, negoziazioa elementu zentraletara bideratzeko asmoz. Patronalek, ordea uko egin diote oinarrizko gai hauen inguruan aurrerapausoak emateari, Administrazioarengandik jasotako finantziazioa nahikoa ez delako aitzakiarekin.

Hemen gauden sindikatuontzat, ezinbestekoa da patronalek pausuak ematea galdutako eros-ahalmenaren berreskurapenean (%12koa) , ordu osagarrien inguruko hainbat kontutan, prekarizatutako sektoreen lan baldintzen hobekuntzan, eta enpleguaren mantentzeko bidean. Patronalen blokeo jarrerak eta negoziazioa inolako edukirik gabe luzatzeko asmoak mahaitik altxa eta mobilizazioetara jotzea beste biderik ez digute uzten.

Beraz, azaroaren 29an negoziazio mahaia haustsi ondoren mobilizazio fase bati ematen diogu hasiera gaur. Horrekin patronalak sektoreko langileen lan-baldintzen hobetzeko eta hitzarmena berritzeko aurrerapausoak ematera behartu nahi ditugu..

Ildo horretatik, abenduaren 19an langileen elkarretaratzeak deitu ditugu 17:30etan, Bilbon (Indautxu Plazan, El Carmen ikastetxearen aurrean), Donostian (Kristau Eskola aurrean) eta Gasteizen (Marianistas ikastetxe aurrean).

Patronalek gure eskakizunei erantzun eta lan-baldintzak hobetzeko proposamen zehatzak mahai gainean jarri ezean, mobilizazioak areagotu beharko ditugu bigarren hiruhilabetekoan eta, beharrezkoa balitz, lanuzteak eta grebak konbokatuko genituzke.
 

 

 

Siemens-Gamesako negoziaketa mahaitik bota gaituzte, enplegua desagertzea onartzen ez dugulako

0
Gaur, hilak 13, Siemens-Gamesako bigarren bilera eman da kaleratze espedientea erretiratu eta gero. Bilera honetan, aste guztian zehar egin dugun bezala, Siemens-Gamesa ez dela inor soberan defendatu dugu eta beraz, langileen irteera negoziatzea guztiz zentzurik gabeko erabakia dela defendatu dugu. Izan ere, Siemens-Gamesak Euskal Herrian dituen hainbat lantegietan langile eskasi nabarmena dagoela uste dugu.

Gaineko sindikatuak honelako planteamendu batetan sartzea akatsa dela deritzogu multinazionalaren argudioak ontzat ematen baititu. LABek UGT, CCOO ta ELAri posizio honetan oinarritutako batasuna proposatu die, zoritxarrez, ez batzuek ez besteek ez dute bat egin.

Zuzendaritzak LAB mahaitik botatzea proposatu du, UGT, CCOO eta ELAek ez dute kontrakorik esan. Ondorioz, LAB mahaitik kaleratua izan da. Beldur gara kaleratzearen helburua lekuko deserosoak erditik kentzea ez ote den.

Multinazionalaren erabakia larritzat jotze baita sindikatuen ixiltasuna ere. Baina askoz larria deritzogu UGT, CCOO eta ELAk multinazionalen posizioa onartzea, ziurrenik lanpostu suntsiketa garrantzitsua ekarriko baitu, eta hori baita azkenean multinazionalak duen helburua.