LAB SINDIKATUA

2018/06/18 :: 13:23

Azken Eguneraketa:2018/06/18 :: 6:52

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Martxoaren 20an greba egun bat egingo dugu EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, negoziazioaren blokeoa dela eta

Partekatu albistea



Akordioetara iristeko Kristau Eskola eta AICEren borondate ezak sindikatuoi mobilizazioak indartzea beste biderik ez digute uzten, greba egun bat deituz ikasturtearen bigarren hiruhilabetekorako. Hain zuzen ere, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egin dugu bat deialdiarekin, eta gaur agerraldi bat egin dugu xehetasunak emateko.

Hauxe da sindikatuok kaleratutako oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Gizarte Ekimeneko sektoreak EAEko ikastetxe itunduen %70a hartzen ditu gutxi gora behera eta 9.000 lagunetik gora egiten dugu lan bertan. Hitzarmen berria adosteko negoziazioak azaroan eten ziren eta orduz geroztik mobilizazioak hasi ditugu eta oraingoan, blokeo egoera ikusita, pausu bat gehiago ematearen beharrean ikusten gara eta martxoaren 20rako greba deitu.

Sektoreko langileen lan harremanak Gizarte ekimeneko ikastetxeetarako 2008/09 hitzarmenak arautzen ditu gaur egun arte. Urte hauetan langileok Administrazio publikotik bultzatutako eta patronalengatik babestutako murrizketei aurre egin behar izan diegu, horien artean gure lan baldintzak nabarmen txartzen zituen hitzarmen estatal baten aplikazioari. Ekimen hauen aurrean ehunka gatazka kolektibo eta mobilizazio masiboekin erantzun genuen eta horrek estatuan murrizketarik gabeko hezkuntzako sektore bakarrean bihurtu gintuen.

10 urte beteko dira aurki azken hitzarmena sinatu genuenetik. Horrek esan nahi du sektorean ematen ari diren sakoneko aldaketek ez dutela islarik gure lan baldintzak arautuko dituen marko berri batean. Egoera honek egunerokotasunean eragin handia dauka langileengan eta ikasleengan, ezinbestean hezkuntzaren kalitatean islatzen baita egoera hau. Langileen gain esfortzuak eta ez beste ezerk egin du posible azken urteetan ikastetxeetan zabaldu diren metodo pedagogiko berriak, teknologia berriak edota ingelesaren zabalpena, besteak beste. Hori egin ahal izateko gure ordu osagarriak, beste garai batean lan pertsonalerako, eskolak prestatzeko edota ikasleen jarraipen indibidualizaturako erabiltzen zirenak, etengabeko bilerek, formakuntzek eta proiektuek jan dizkigute.

Orain urte batzuk ikastetxeetan ia ez zeuden figurak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko irakasleak, gaur oso zabalduta daude eta baldintza prekarioetan lan egiten dute, soldata baxuekin eta ordu osagarririk gabe, lanaldi murriztuak lehenak eta gehiegizkoak bigarrenek, ikastetxeetako benetako beharrizanetatik gora daudenak.

2009ko lansari taulak ditugu oraindik ere gaur egun, INEren datuen arabera %13,6ko eroste ahalmenaren galera eragin digutena eta ondorioz, metatuan, urte oso bateko soldata irabazteari utzi diogu.

Jaiotza tasaren jaitsieraren ondorioak pairatzen hasi gara, ikasgelen itxierarekin eta kaleratzeekin Haur Hezkuntzako lehenengo mailetan. Adierazle guztiek esaten digute joera hau areagotu egingo dela hurrengo urteetan eta, ondorioz, sektoreak enpleguaren mantentzerako plan bat behar du, erretiro partzialak mantentzeko mesedegarria izango dena.

2010ean hasi ziren KE eta AICErekin izandako negoziazioak eta 36 Hitzarmen Mahai egin ditugu denbora honetan, zeinetan patronalen aldetik erabateko borondate falta sumatu ahal izan dugun akordioetara iristeko. Gure aldarrikapenei ez diete erantzunik eman eta, are gehiago, beraien soldaten inguruko proposamenean ez dute sartu ordainketa eskuordetuaren tauletan tartean emandako finantziazio igoera ere. Jarrera horren aurrean, sindikatuoi mobilizazioa ez den beste biderik ez zaigu gelditzen, patronalak akordioa ahalbidetuko duten posizioetara mugiarazteko, sektoreko hezkuntzaren eta bertan lan egiten dugunon baldintzen hobekuntza lortzeko helburuarekin.

Iazko azaroko mahai negoziatzailearen hausturatik, asanbladak egin ditugu ia ikastetxe guztietan eta mobilizazioaren aldeko mezu argia jaso dugu. Momentu honetara arte hainbat kontzentrazio gauzatu ditugu, ehunaka langileren parte hartzearekin eta mobilizazio horiek biderkatuko ditugu iraunkorki egiten herri eta auzoetan. Gaurko egunean manifestazioa deitzen dugu otsailaren 22rako Bilbon. Arratsaldeko19,00tan Eskolapios ikastetxearen aurretik abiatuko gara (Erekalde Zumarkalea) EAE osoko langileok. Era berean, martxoaren 20an ikastetxeak gelditzeko deia egiten dugu, greba deialdi bat eginez gure hitzarmena aplikatzen duten ikastetxe guztietan.

Azkenik, patronalak negoziatzera gonbidatu nahi ditugu. Sindikatuok negoziatu nahi dugu eta prest gaude horretarako, beti ere eduki mamitsuen inguruan baldin bada. Horrela ez izatekotan, martxoaren 20tik aurrera mobilizazioen intentsitatea areagotzea beste biderik ez dugu izango.
 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.