2026-02-17
Blog Page 782

Nafarroako administrazioko kolektibo batzuei mailaz igo behar zaiela eskatu dugu berriro

LABek berriro egin du elkarretaratzea, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, kolektibo askok betetzen duten egiazko lan maila onetsi dakiela, eta betetzen duten eginkizunen baitan ordain dakiela eskatuz.

Pertsona askok maila handiagoko lanak betetzen dituzte, baina ez onartzeaz gain, ez zaie ordaintzen ere. Administrari laguntzaileez, zaindariez, mandatariez, suhiltzaile laguntzaileez, zerbitzu orokorretako langileez, mantentze lanetako laguntzaileez, gidariez, telefonariez, erizaintza laguntzaileez… ari gara.

LABek eutsiko dio kolektibo hauen eta bertze batzuen maila igoera eskatzeari, horren bidegabea den egoera hau behin-betikoz deusezta dezagun arte.
 

 

 

Alternatiben Herria badator!

Hamarnaka eragile sozial zein sindikal konprometitu eta murgildu gara ekainaren 2an Iruñean ospatuko den “Alternatiben Herria”-ren antolaketan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesean.

"Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko". Hauxe da Alternatiben Herria dinamikaren izaera.

Hain zuzen ere, ekainaren 2a mobilizazio egun berezia izango da: hausnarketarakoa zein festarakoa, eztabaida eta elkartasunerakoa, konpromiso eta itxaropenez betea. Tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, informazio-pilulak, azoka soziala, jangela ekologikoak, kale antzerkia, erakusketak, erromeriak, dokumentalak… Eta protagonismoa injustua den ordena honekin eremu desberdinetatik apurtzea bilatzen dugun gu guztiona izango da: aberastasunaren birbanaketa justua; denok lan egin ahal izateko lan gutxiago egitea, hau da, lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa; ekologia eta justizia klimatiko globala; aniztasun funtzionala, sexuala eta jatorriari dagokiona; herrien arteko elkartasuna eta bidezko merkataritza; preso dauden pertsonak; erregimen patriarkala; gauza guztien gainean erabaki ahal izateko subiranotasuna eta demokrazia; kultura; hezkuntza ereduak; euskara ondasun komun gisa…

Ekiteko, matxinatzeko eta eraikitzeko garaiak dira, eragitekoak, eraldatzekoak. Subjektu burujabe bezala herriek gure etorkizunean eta gure ingurunean eragiten duten eskubideak bermatu eta erabakiak hartzeko garaia da. Horregatik, elkarlanean hasi dugun bide hau ez da ekainaren 2an amaitzen.

Aurkezpenak 
Alternatiben Herria ekainaren 2an izango da Iruñean. Bitartean, dinamikaren nondik norakoak ari gara azaltzen, eta Donostian aurkeztuko dugu gaur, maiatzak 22, 17:00etan, Gune Askea eraikinean (Idiakez kalea, 6). Datozen egunetan beste herri batzuetan aurkezpen gehiago egingo dituzten.

Lehenago, gaur goizean, Iruñean egin dute Alternatiben Herriaren aurkezpen orokorra. Hain zuzen ere, 70 talde, elkarte eta kolektiboek ekainaren 2ko egitaraua aurkeztu dute. 70 ekitaldi inguru izango dira, Iruñeko Alde Zaharreko 9 espaziotan banatuak, erakusteko bestelako mundu bat eraikitzeko eta kapitalismotik deskonektatzeko alternatibak hemen egon, badaudela.

 

 

 

Nafarroan ere, maiatzaren 30ean langileok kalera!

Nafarroan ere estatalizazioaren aurka mobilizatzeak duen garrantzia azpimarratzeko Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia eta Imanol Karrera, Nafarroako bokaliak, agerraldia eskaini dute Iruñeako egoitzan. Estatalizazioak Nafarroan duen eragina azaltzen duen dosierra aurkeztu dugu bertan.

 

LAB sindikatuak lanuzte eta mobilizazio eguna deitu du maiatzaren 30erako, gutxi gorabehera 120.000 nafar langileren lan baldintzak okerragotzen dituen estatalizazio prozesu mantso baino etengabearen aurka. Espainiako estatuaren esku-hartzerik gabe, Nafarroako lan harremanak Nafarroan ezartzearen aldeko egin dute Garbiñe Aranburuk eta Imanol Karrerak Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Imanol Karrera LABen Nafarroako bozeramaileak aletu ditu sindikatuak eginiko azterketaren datuak [ikus ohar honekin batera bidalitako dosierra] eta adierazi du estatalizazioak prekarietatea ekartzen duela, Nafarroan erabaki daitezkeen lan baldintzak baino okerragoak ezartzen baititu. “Eta, alde horretatik, salatzekoa da CEN patronalaren, eta UGT eta CCOO sindikatuen jarrera. LABek eta ELAk eskaini zieten lanbide arteko akordio bat egitea, Nafarroako langileen lan baldintzak blindatuko zituena. Baina beraiek muzin egin zioten. Nahiago izaten baitute lan baldintza prekarioagoak sinatu”. Karreraren hitzetan, erasora jo behar dute nafar langileok, “miseria eta pobreziaren kontra”, “geure lan harremanak Nafarroan erabakitzearen alde”.

Garbiñe Aranburu LABen idazkari nagusiak, bere aldetik, estatalizazio prozesua Espainiako estatua garatzen ari den inboluzio politiko-sozialaren barnean kokatu du. Inboluzio horrek hiru ardatz ditu. “Batetik, autonomien muga zein den ezartzen ari dira argi eta garbi Katalunian 155. artikulua ezarrita. Bigarrenik, eskubide zibil eta politikoak urratzen ari dira. Eta hirugarrenik, eredu ekonomiko liberala inposatzen ari dira”. Aranburuk hirugarren ardatz horretan paratu du lan harremanen estatalizazioa. “Estatalizazioa ikustea kostatzen da, gutxika-gutxika ari baita gertatzen. Baina etengabe ari dira gure erabaki esparruan sartzen”. Aranbururen hitzetan, estatalizazio prozesua bultzatzen dutenek solaskide sindikalak aldatu nahi dituzte, lan hitzarmen “merkeagoak” lortzeko.

Estatalizazioari aurre egiteko, gizarte osoaren borrokaren beharra azpimarratu du Aranburuk. “Borroka soziala bizirik dago, pentsionisten, emakumeen edota beren lan baldintzen alde borrokatzen diren langileen mobilizazioetan ikus daitekeenez. Baina sindikalismoaren erronka da beste urrats bat egitea, pairatzen ari garen prekarietate mailaren tamainakoa”. Aranbururen ustez, ez dira gutxi greba orokor baten beharra azpimarratzen duten ahotsak, eta horren adibide da ekainaren 19rako CIG sindikatuak Galizian deitua duena. “Oraingoz, guk, gure aldetik, mobilizazio eguna deitu dugu maiatzaren 30erako. Eta bi orduko lanuztea ere erregistratu dugu. Eta dei egiten dugu, LABen liberatu eta delegatuetatik harago, estatalizazioaren kontra dauden langile guztiak mobiliza daitezen”.

 

 

 

 

Lanbideko langileek Parlamentura eraman dituzte euren eskaerak

Lanbideko langileak Parlamentuan izan dira gaur Lanbideren bulegoetan ezartzen ari den arreta-eredu berriarekiko desadostasuna erakusteko. Lehen orduan elkarretaratzea egin dute atarian eta gerora Parlamentuan burutu den enplegu, gizarte politika eta gazteria komisioan hartu dute hitza bizi duten errealitatea azaltzeko. 

 

 

Eskubide Sozialen Kartak pentsiodunek deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen du

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bultzatzen dugun eragile sozial eta sindikalok, datorren maiatzak 26rako pentsiodunen elkarteek herrialde guztietan deitutako manifestazioetan aktiboki parte hartzeko deia egiteko agerraldia egin dugu gaur Bilbon.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bultzatzen dugun eragile sozial eta sindikalok, datorren maiatzak 26rako pentsiodunen elkarteek herrialde guztietan deitutako manifestazioetan aktiboki parte hartzeko deia egiten diogu jendarteari

Pentsio sistema publiko baten aldeko pentsiodunen borroka; 1080 euroko gutxieneko pentsio bermatua; bizitzaren kostearen araberako pentsioen berbalorizazioa; emakume eta gizonen arteko pentsio arrakalarekin bukatzea eta pobrezia eta prekarietatea eragin duten lan eta pentsio erreformen derogazioa, Kartan jasotako eskubideak dira, eta euskal erakundeei lehen baitlehen bermatuak izan daitezela exijitzen diegu.

Beharrezko pentsiorako eskubidea, kalitatezko enplegua eta bizitza duina, ez dira negoziazio politiko-instituzionaletan saldu eta erosten diren eskubide-merkantziak. Oinarrizko eskubide sozialak dira, bete beharrekoak, eta bermatu beharrekoak.

Ongizate Estatua deiturikoaren oinarria izan da pertsona pentsiodun eta jubilatuei beharrezko pentsioak bermatzea, Ongizate Estatuarena, eta edozein herrialde demokratikorena.

Pentsioen sistema publikoaren aurkako erasoak, jasotzeko baldintzak zailtzea eta sistema publikoa deuseztatzeko sistematikoki murrizketak egitea, eta era berean, espekulatzaile finantzieroen irabaziak bultzatzea pentsio plan eta fondo pribatuen bitartez, hori da Estatuko gobernuen eta Toledoko hitzarmenaren plana. Pentsioen erreforma ezberdinak 2011koa (Zapateroren Gobernaua) eta 2013koa (Rajoiren Gobernuarenak) sistema publikoa inongo baliabiderik gabe uzten dupentsioak %30ean beheratuz.

Ez dugu ezer itxaroten ez Estatuko Gobernutik, ez ordezkatzen duen alderditik, ezta euskal erakundeetatik bultzatzen duten ordezkariengandik ere; gure pentsio publiko duinerako eskubidea Toledoko Hitzarmenaren esku uztea, azeria oilategiaren zaintza egiten uztea da. Beraien erreformen azken helburua, siastema publikoa baliabiderik gabe uztea da eta gaur, hemen, Euskal Herrian hiru pentsiodunetatik batek bere pentsioa SMIaren behetik izatea, edo lautik batek 1000 eurotik beherakoa izatea, horren eragina da.

Hau horrela izanda, Kartan jasotzen ditugun eskubideak, Euskal Herrian konstituzionalizatzea beharrezkoa da, beraien artean, nola ez, pentsio publiko beharrezkoa eta duina izatea, berau gehiengo sozial eta sindikalak aldarrikatzen dugu, eta posible izateko baliabide nahikoa jarri behar dira.

Arazoa, ez da baliabide nahikorik ez dagoela, aberastasunaren banaketa ekitatiboa ez egitea da arazoa, eta aberatsenen eta espekulatzaile finantzieroen interesen gainetik pertsonona ez jartzearen borondate politiko falta.

Behin eta berriz errepikatu dugun bezala, Nafarroa eta EAEko presio fiskala Europakoarekin berdinduta, nahikoa diru izango genuke gure pentsioak bermatzeko, horretaz gain, hezkuntza eta osasungintza unibertsala ere, bermatuak egongo lirateke. Iruzur fiskala modu eraginkorrean jarraitu behar da honetarako, eta jabetza edo errentaren oinarria zein den kontuan hartu gabe pertsona guztion fiskalitatea modu progresiboan aplikatuko balitz, guztiok inor bazterrean utzi gabe bizitza duinak izan ahalko genituzke.

Arrazoi guzti horiengatik, eta galtzen den borroka bakarra egiten ez dena dela uste dugulako, emakumeak, gazteak, langileak, autonomoak, langabetuak, zaintza lanak egitearren ikusezin bihurtu nahi dituztenak… maiatzaren 26ko manifestazioetara deitzen zaituztegu, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleetan, ozen ohiukatu behar dugu gure eskubideen alde.

Inork ez digu ezer oparituko, eta borroka da irabaziko dugunaren berme bakarra.
 

 

 


Asunción Klinikako langileen borrokak fruituak eman ditu

Asunción Klinikako langileek 6 urtetan luzatu den borrokak bere fruituak, lehen enpresa lan hitzarmena, eman dituela azaldu dute gaur Tolosan egindako agerraldian.

Enpresaren negoziatzeko borondate ezaren kontra borrokan 6 urte zail eta gero, Asunción Klinikako langileak pozik agertu dira gaur Tolosan sinatu berri duten enpresa lan hitzarmena aurkezteko. Enpresa, Osasun Saila eta EAJ eta PSOE alderdien jarrera salatu nahi izan dute agerraldian eta era berean Tolosaldeko biztanle eta bertako eragile sozial ezberdinetatik jaso duten babesa eskertu nahi izan dute.

Enpresa Lan Hitzarmen berria

Lortutako lan hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, %1,5eko soldata igoera ekarriko du 2017 urterako eta 2018tik 2021era Osakidetzako langileei aplikatuko zaien berbera izango dute. Lanaren luzaeran ere 40 orduko murrizketa lortu dute, 10 ordu urteko. Ultraaktibitatea klausula eta inaplikazioa klausila jasotzen ditu hitzarmenak ere. Honekin batera, ordu extra bakoitza bi orduko deskantsuarekin konpentsatuko zaie. Kontziliazioan ere aurrerapausoak jaso direla adierazi dute eta euskara arloan, langileek euskara ikasteko %100ko laguntza izango dute.

"Akordio honi esker eroste ahalmena galtzeari utziko diotela" adierazi dute langileek, eta "asteko 35 orduetatik gertuago aurkitzen" direla azpimarratu nahi izan dute,  "gure lan baldintzak lan erreformaren aurrean babestuta" geratu direlarik.

Egoera honetan aurreikustitako greba eta mobilizazioak bertan behera uztea erabaki dutela adierazi dute langileek, nahiz eta adierazi duten badakitela "ez dela hemen amaitzen" eta beraz, sinatzera doazen hitzarmena bere osotasunean bete dadin lanean jarraituko dutela adierazi dute.
 

 

 

Hezkuntza burujabea iruten

0

"Zerbait berria sortzen duenak arraunlari baten tankeran egiten du: aurrera egiten du baina bizkarka; atzera begira lantzen du bide berria», Jorge Oteiza. 30 urte atzera egin dugu, baina aurrera egiteko, LAB Irakaskuntza sortu zenetik egindako bidea aztertu dugu, nazioarteko esperientzia positiboetatik ikasi eta ate joka dugun ziklo politiko berrirako, Hezkuntza Proposamenaren ardatzak aurkeztera gatoz.

«Gatazka ez zen ETArekin hasi, ezta ETAren amaierarekin bukatu ere», entzun diogu bati baino gehiagori; Euskal Herrian hezkuntza gatazka ere bizirik dagoela diogu guk. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistema zentralista eta neoliberalak inposatzen zaizkio, gure hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatuz. Oinarrizko inposaketa horrek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Horregatik, geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea da, munduko gainontzeko nazioek bezalaxe, Euskal Herriak ere bere buruaren jabe izateko eskubidea duelako, baita hezkuntzaren alorrean ere; gure behar ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzungo dien hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea dugu.

«Hezkuntza da mundua aldatzeko erabili dezakezun arma boteretsuena». Nelson Mandelaren hitzei jarraikiz, Euskal Errepublika loratzeko zikloa izango da irekitzen ari dena eta loratze horretan hezkuntza funtsezkoa osagaia izango da. Klase sozial guztiek, kalitatezko euskal hezkuntza jasotzeko aukera berdintasuna izan dezaten, klase diferentziak gaindi ditzagun eta herri egiten gaituzten nortasun ikurrak (euskara, kultura) berreskuratzeko.

Euskal Eskola Publiko Komunitarioa
Izugarri baloratzen dugu hamarkadetan egindako lana. Gaurko eskola publikoak ez du orain 30 urtekoaren antzik (euskalduntzea, inklusioa); Ikastolek ere garapen polita izan dute (Euskal Curriculuma, pedagogia eraldaketa); «eskola libre» deitutakoak ere jaio dira han eta hemen; eta badira gurasoen eskuetara pasatu diren ikastetxe erlijiosoak ere. Baina nahikoa da? Gure uste apalean ez.

Euskal Herrian ziklo politiko berria irekitzen ari den honetan, Hezkuntzan iparrorratz komuna adosteko ordua dela iruditzen zaigu. Horregatik, hilabeteetako sukalde lanaren ondoren, egitasmo integral bat osatu dugu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioa jarri dugu gure hezkuntza egitasmoaren helburu gisa. Euskal-Nafar administrazioen legedien arabera antolatutakoa, burujabea. Komunitarioa, Espainia eta Frantziako Hezkuntza Sistemaren logika aldatu eta deszentralizazioaren aldeko apustua egiten dugu, eskola bakoitzeko komunitateak erabakiko luke ikastetxeko proiektu pedagogikoa, autonomia eta parte hartzeari bidea irekiz. Hezkuntza Administrazioen ardura litzateke eskola bakoitzari beharrezko finantzazioa bermatzea. Gure proposamenak baditu Europan ahaideak: Estonia eta Finlandiako ereduen antza du, besteak beste.

Konfluentzia
Ikuspegi komunitarioa duten ikastetxe guztien arteko konfluentzia proposatzen dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitarioa izango litzateke hezkuntza sistemaren ardatza, kontzertazio orokortuekin amaituz eta eskola pribatuak bat ere ez edo gutxi batzuk izatera pasatuko lirateke. Argi hitz egiteko, konfluentzia ez litzateke izango Ikastolak gaur eguneko eredu publikoaren arabera «publifikatzea» edo Eskola Publikoak «Ikastolatzea». Publikotasun berri batez hitz egiten ari gara; bertan eskola publiko guztiek, ikastolek eta ikuspegi komunitarioa duten gainontzeko «eskola libre» zein kontzertatuek lukete lekua. Hemendik kanpo leudeke, beraz, ikuspegi elitista edo segregatzaileari eustea nahi duen ikastetxe oro.

Trantsizioa
Konfluentziara bidea egin beharra dago. Gaurtik hasita eta hurrengo lau urteotarako apustu zehatza planteatzen dugu. EAEn eta Nafarroan Hezkuntza Lege berriak egitea, bi administrazioek hezkuntza eskumen guztiak eskuratuz. Bitartean, lau urte hauetan, ikuspegi komunitarioa duten ikastetxe guztiek norabide berean arraun egitea: Hezkuntzan inbertsio publikoa nabarmen handituz, desberdintasun orori aurre egiteko neurriak hartu eta hezkuntza eredu propioa garatu beharra dago. Neurri zehatzei dagokienez: urgentea da hezkuntzan segregazio eta diskriminazio guztiekin amaitzeko apustu estrategikoa egitea; hezkuntza hezkidetzaile eta euskaldunerantz ikastetxe guztiek trantsizioa egitea; metodologia berriak, ebaluazio hezitzaile edo euskal curriculumaren aplikazioan urratsak egitea; parte hartze eta gardentasunean oinarritutako autonomian sakontzea; besteak beste. Horrela lortuko genuke, konfluentziaren bidean, norabide berean Euskal Herriko ikastetxe gehienak jartzea.

Batasuna
«Herri gisa zapaldu nahi bagaitue, herri gisa eman behar dugu borroka» Telesforo Monzon. Hezkuntza estatu gaia da Frantzia eta Espainiarentzat, gutxienez ikasleak espainolizatu (Wert ministroaren hitzak) eta balio kapitalisten arabera hezteari dagokionez. Ez da bide erraza izango, inoiz ez da izan, baina izugarrizko esperientzia dugu metatua. Estatuak eta kapitala harrotuta daude eta hezkuntza erabiliko dute birzentralizazioa eta ikuspegi kapitalista indartzeko. Zatituta oso ahulak gara, batuta guztia da posible, estatu izan nahi duen herri bezala jokatzea dagokigu, batuta. Hezkuntza komunitateari deia egiten diogu, publiko egingo dugun dokumentua elkarrekin hausnartzeko eta proposamen berriak egiteko. Hezkuntzan ere ziklo politiko berria irekitzera goaz, Euskal Eskola Publiko Komunitario eta burujabea irutera goaz!"
 

LABeko Ruben Iglesias, Aitziber Perez eta Ibai Redondo LAB Irakaskuntzaren 30. urteurrenaren harira hemendik aurrera eman beharreko pausoez jardun dira iritzi artikulo honetan.

 

Positiboki baloratzen dugu Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmenean lortutako aurreakordioa

0

Akordio honek sektorearen erregularizazio zorrotzagoa dakar, externalizazioa erregulatu, subrogazioa bermatu eta Pisu turistikoak eremu funtzionalean barneratuz.

Lortu den externalizazioaren inguruko erregulazioa aitzindaria da, inguruan ez dago externalizazioa horrenbeste erregulatzen duen hitzarmenik. Externalizatuta dauden langileei Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena aplikatuko zaie eta subrogazioa eskubidea izango dute.

Soldatei dagokionean, igoerak guk nahi baina baxuagoak dira, baina langileei azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea ahalbidetzen die, IPC gainetiko guztirako 2,5 puntuko igoera batekin.

Ezin dugu ahaztu ere, astean bi eguneko deskantsua kontsolidatu dela hitzarmenean.

Akordio hau ez zen posible izango langileek prozezu osoan zehar erakutsi duten prestutasun eta indarragatik izan ez balitz. LABen, langileak zoriondu nahi ditugu argi utzi baitute borrokarako hautua irmo eta zorrotz hartzen denean patronala mugiaraztea lorgarria dela.

 

 

 

Herri-politika eta hondakinen legea behar dugu, ekonomia zirkularra, ingurumena eta osasunarekin bat etorriko dena

0
Hondakinen arazoan instituzioek egiten dutela huts nabarmendu du Bizkaiko Zero Zabor plataformak.

Bizkaiko Zero Zabor plataformaren oharra:

Egun hauetan harriduraz ikusten ari gara normaltzat hartzea nahi duten albistea baten bonbardaketa, hau da, Gipuzkoatik hiri hondakinen 70.000 tona eramango direla Zabalgarbiko errauskailura edo Argigaseko zabortegira, Bizkaian.

Egun hauetara arte ezinezkoa ematen zuen aukera honek, 2016an Markel Olano buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen konponbidea izan zen Kantabrian zegoen Merueloko zabortegira egunero Gipuzkoako hondakinen 25 trailer esportatzea, 175 kilometrotako distantziara 4 urtetan zehar. Eta orain urtean 70.000 tona inguru Bizkaira eramatea tokatzen da. Hondakinak esportatzea ez zen konponbidea orduan eta orain ere ez da, hondakinen kudeaketarako beste neurri batzuk hartu ezean. Neurriok ez lukete joan beharko gainera errausketaren ildotik, Bizkaiko Zero Zabor Plataformarentzat konponbide erraz, garesti, epe laburreko, kutsatzaile eta osasunarentzako kaltegarria dena.

Euskal instituzio autonomiko eta probintzialek, EAJren eskuetan daudenak eta PSEren jarrera adeitsuarekin, “tuberiaren amaierako arazoa” bezala ekin diote hondakinen gaiari. Errausketa hartu dute konponbidetzat, konponbide erraz, epe laburreko, kutsatzaile eta osasunarentzako kaltegarria dena, ingurumena eta osasunaren defentsarekin bat datozen neurri alternatiboak apenas hartu gabe. Bizkaiko Zero Zabor Platagormatik adierazten dugu hondakinen egoera jatorrian konpondu behar dela, ekoizpena murriztuz eta gaikako bilketa ezarriz, nagusiki organikoarena, hondakinak baliabide bezala berreskuratzea erraztuko duena eta errausketa beharrezko egingo ez duena.

Beldur gara Zabalgarbira hondakinak esportatzea aurrera ihes egitea izango den berriro ere, epe laburrerako konponbidea edo are okerragoa, helburua hondakinak aurretratatzea ez izatea, “estaldura” bat ematea baino Mallabiak arazo barik nahastutako hondakinak botatzeko.

Ziurrenik, orain ez dago erre edo aurretratatzeko hondakin gehiagorentzako lekurik ez Zabalgarbin ez TMBn, ditugun datuek arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak berak emandakoak eta Zabalgarbiren 2017ko Ingurumen Zaintzako Programaren txostenak jasotakoak, instalazio biak egong lirateke euren gaitasunaren mugan. Zabalgarbik urtean 222.000 tona erretzen ditu urtean 240.000 tonatako gaitasun nominalarekin eta TMB urtean 176.300 tona aurretratatzen, urteko 180.000 tonarako gaitasunarekin, honetaz gain esperotakotik desbideratutako arazoak, Q sukarraren arazoak, etab. Arazoa larritu egingo da 2018an 2017ko joerak aurrera jarraitzen badu. Izan ere, 2016ko 605.000 tonetatik 2017ko 637.000 tonetara egin zuten gora jasotako hondakinek.

Gure ustez Bizkaiko Aldundia ez da ari erantzukizunez hondakinen arazoari aurre egiten, Hondakinen Kudeaketa Integralerako lana luzatuz, zeinen indarraldia 2016an amaitu zen, eta hortaz, garai berriei egokitutako neurri eta baliabideak bideratu gabe, ekonomia zirkularreko irizpideen araberako benetako politika egin gabe, bizkaitarroi sinestaraziz, datu makilatu edo gezurrezkoekin, birziklaia maila altuetan gaudela, hondakinak murriztearen aldeko apostua egiten duten neurriak martxan jarri gabe. Politika honekin, berandu izan gabe eta neurri egokiak hartu ezean, kolapsatutako instalazioak izan ditzakegu Bizkaia ere, hala nola errausketa.

Bizkaiko Zero Zabor Plataforman uste dugu hondakinen arazoak konponbidea behar duela herri bezala eta Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke hondakinen inguruko plangintzatze orokorra egingo duena. Euskal administrazio artikulatu eta gardena behar da herrialde osoan hondakinak kudeatzeko eredu eraginkor eta unitarioa martxan jarriko duena. Lehenik eta behin, beharrezkoa litzateke udaletan arautzea murrizketa sustatu eta birziklaia derrigorrezko bihurtzeko, honek gora egin dezan.

Eta horretarako beharrezkoa da ontziak kudeatzeko kudeaketa modu berrien aldeko apustua egitea, hala nola SDDR, jasotze eta berrerabilera portzentaia handia bermatzen duena eta herritarrak atsedenik gabe hezi behar dira, heziketa beti delako epe ertain eta luzera emaitzak ematen dituen erronka bat. Ezinbestekoa irizten diogu ere biohondakina modu bereiztu batean jasotzen dela bultzatzea, atez-ateko sistemarekin, boskarren edukiontziarekin, autokonpostatzaileekin, konpostadora komunitarioekin, etab. herritarren partehartzea sustatuko duten kanpainekin eta erraztuko duten neurri fiskalekin, haal nola hondakinak sortzeagatik kobratzeko tasak edo hauen murrizketak.

Herri-politika eta hondakinen legea behar dugu, ekonomia zirkularra, ingurumena eta osasunarekin bat etorriko dena.