2024-04-27
HomeUncategorizedLan eta bizi duinaren alde egiten duten langile guztiei dei egin diegu...

Lan eta bizi duinaren alde egiten duten langile guztiei dei egin diegu hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren atarian

"Sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa da; ez edozein sindikalgintza, ordea. LAB garai honi aurre egiteko prest eta prestatua dagoen sindikatua da", nabarmendu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.

LABek bere erronken berri eman du gaur, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoari begira. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Antolakuntza arduradun Izaskun Garciak eta Eraketa arduradun Dabid Lizarraldek hartu dute parte agerraldian, eta LAB langileen egoerari irtenbideak emateko proiektu sindikal hoberena dela berretsi dute.

Hain zuzen ere, kontrabotere sindikalgintza, sindikalgintza soziopolitikoa eta eredu sindikal berritua direla gure ardatzak azpimarratu dugu. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "sistemak negoziazio kolektiboaren muga eta elkarrizketa sozialeko mahai antzuetan nahi gaitu. Kontzertazio sindikalgintzaren porrota begi bistakoa da. Borroka da bidea, borrokaren bidez akordio duinak lortu ditugu. LAB bere sorreratik bere eredu sindikala kontraboterean oinarritu duen sindikatu bakarra da. Sortu eta hazi eredu sindikal koherente berberaren baitan egin dugu".

Mobilizazio soziala eta borrokak non, LAB han. "Mobilizazio soziala bizirik dago eta LABek garrantzia izan du borroka horietan guztietan, pentsionisten plataformekin, mugimendu feministarekin, Gure Esku Dago dinamikarekin edota Altsasuko auzipetuen aldeko mugimenduarekin eskuz esku aritu izan da. Lantokietan ere, ordezkaritza dugun lekuetan parte hartu dugu", azaldu du.

Sindikalgintza soziopolitikoari dagokionez, eraldaketa sozialaren alde borrokatzen dugu eta eraldaketa sozialerako behar beharrezkoa den aldaketa politikoaren alde borrokatzen dugu: "Gaur egungo instituzioen politika publikoak aldatzeko borrokatzen dugu eta burujabetzaren alde borrokatzen dugu, eraldaketa sozial erabatekorik ez dagoelako erabakitzeko eskubiderik gabe".

Eskaintza sindikal sendoa dugula esan du Garbiñe Aranburuk, eta eredu sindikala berritu dugula gogoratu du, helburu hauekin:

-Langileon lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka, sortzen den aberastasuna birbanatzeko borroka eraginkortu, patronalaren eta instituzioen aurrean gure eragin gaitasuna handituz.
-Lan guztiak aitortzeko borroka egiten dugu. Zaintza lanak ezin dute ikusezinak izaten jarraitu eta emakumeon bizkar gainean erori. Emakumeok bigarren mailako langile bilakatzen gaituen lanaren sexuen araberako antolaketaren aurka borrokatzen dugu.
-Ohiko lan mundutik harago dauden kolektibo desberdinei egiteko badugu eskaintza: etxeko langileak, autonomo faltsuak, bekadunak, migranteak….

Azken batean, LABen helburua eraldaketa sozialean sakontzea da, langileon bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta Euskal Herriko jendarte osoari bizitza duina bermatzea. "Langileekin eskuz esku aritzen gara, beraien kezka, lehentasunak eta beharrak entzun eta araberako proposamen sindikalak zehazten ditugu, langileen bidelagun gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburuk. Hala, hauteskunde sindikalak bide horretan urratsak emateko baliatu nahi ditugula adierazi du, eta epealdi trinkorako ezarritako erronkak zehaztu ditu:

-Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren postua egonkortu, CCOOekiko aldea handituz.
-Nafarroan, %16a gainditzea dugu helburu.
-Belaunaldi berriak eta emakumeak ordezkaritzan parekidetasuna lortzea dugu helburu (40-60).
-Hego Euskal Herrian, aurreko hauteskunde sindikaletan UGT gainditu genuen eta hirugarren sindikatua, oraingoan bigarren sindikatu izatetik gertuago kokatu, epe motz-ertainean bigarren izateko.
-Ipar Euskal Herrian ordezkaritza handitzea da helburua.

Indartsu eta osasuntsu
LABek indartsu eta osasuntsu ekingo die hauteskunde sindikalei: 4.000 ordezkari pasatxo ditu (4.150) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368).

Sindikatu feminista bilakatzeko hartutako erabakiak eta emandako urratsak fruituak ematen ari dira:

-Zuzendaritza marko guztiak parekideak
-Ordezkaritzaren %36 emakumezkoak
-Afiliazioaren %42 emakumezkoak

Aurreko hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren emaitzak kontuan izanik, gure goranzko joera agerikoa da:

-EAEn, %18ko langa pasatuta bukatu genuen orain 4 urte, eta egun ia %19an gaude.
-Nafarroan bilakaera izugarria izan da, ia %14 izatetik %16ra hurbildu gara.
-Hego Euskal Herrian, beraz, %17 pasatxoko ordezkaritza izatetik %18 gainditzera iritsi gara. Hirugarren sindikatua gara, bigarrenarekiko 2 puntura.

Orain aukera berri bat dugu emaitza hauek hobetu eta LABen proiektua indartzeko. Lantokiz lantoki langile guztien eskubideak eta beharrak defendatuz, alternatiba sozial eta ekonomikoa sustatzeko. Aldaketa nahi duten langileen sindikatua gara. Langile inkonformistak. Borrokalariak. Horrenbestez, lan eta bizi duina lortzeko bidean bat egiten duten langile guztien BIDELAGUNA izango da LAB.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.