2026-01-22
Blog Page 768

Grebekin jarraitzen dute Garbialdiko langileek

0

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek hiru greba egun egin zituzten joan den astean. Bada, aste honetan ere beste hiru aurreikusi dituzte ekainaren 4, 5 eta 6rako, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta.
 

Lan-zamen eta frekuentzien etengabeko areagotzea, lanaldi murrizketak, 20 lanposturen amortizazioa eta 2010etik izoztutako soldatak… Garbialdiko langileen egiera jasangaitza da, eta enpresak %0,3ko igoerarekin eman nahi dio irtenbidea. Beste hitzetan, 0,14 eurotako soldata igoera eguneroko esplotazioa jasangarri egiteko. Hau guztia salatzeko daude borrokan langileak, lan baldintza duinen alde.

 

 

Eraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak egingarriak direla erakutsi dugu Iruñean

Alternatiben Herrian izan gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan dauden gainontzeko eragileekin batera. Erabakitzeko eskubiderik gabe eraldaketa sozialik ez dagoela berretsi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, burujabetzari buruz egindako mahai inguruan. Aurretik, Kapitalari “13 zaska” eman dizkiogu, konpromisoen bilduma sinatu eta Iruñean ahalbidetutako hautestontzietan gure atxikimendua utzi eta gero.

Eraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak daudela eta martxan ditugula erakutsi dugu gaur Iruñean, Alternatiben Herria dinamikaren bitartez. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesean, hainbat eragilek hartu dugu parte egunean zehar antolatutako tailer, erakusketa, hitzaldi, ekitaldi eta jardueretan. Gune desberdinak egokitu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean, eta gune bakoitzak ezaugarritze propioa izan du.

Errekoletak plazan, esaterako, zenbait mahai inguru izan dira. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk horietako batean hartu du parte, “Zergatik eta zertarako behar dugu burujabetza” galderari erantzuteko asmoz. Egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez, prekarietatea bizitzaren esparru guztietara hedatu dela nabarmendu du sindikatuko ordezkariak, eta desberdintasun sozialak areagotu direla ohartarazi du.

LABentzat, lehentasuna du langilegoari bizitza duina bermatuko dion eredu ekonomiko eta sozial berri baten aldeko urratsak emateak. Horretarako, eraldaketa soziala behar beharrezkoa da. Hortaz, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ez dagoela eraldaketa sozialik erabakitzeko eskubiderik gabe: “Edozein jendarte eredu eraikitzeko bizkar hezurra diren lan harremanak eta babes sozial sistema hemen, Euskal Herrian, erabaki ahal izatea oinarrizko kontua da”, erantsi du.

Hala, Alternatiben Herriak garatutako egitarauaren bitartez, Iruñera hurbildu direnek egungo sistemaren aurrean dauden alternatibak ezagutu dituzte, baita egingarriak direla jabetu ere.

Hain justu, bizitza eta natura arriskuan daudela ohartarazi dugu Iruñean bildutako eragileok; desberdintasunak gero eta handiagoak direla, kapitalak aberastasuna bereganatzen duela, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa dela, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…

Honen guztiaren aurrean, urte hauetan zehar zabaldu eta sendotu diren alternatibak kalera atera ditugu; hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude abian eta milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+… Hauen guztien erakusle izan da Iruñeko Alde Zaharra, guztiontzat bizitza duina izatea posible dela erakusteko, kapitalismo heteropatriarkaletik at.

 

 

 

Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo-Bizkaiakoan integratzea gelditzea eskatzen dugu

Busturialdeako Ur Patzuergoa (BUP) Bilbao Bizkaiaren (BBUP) barruan integratzeko izapideen hasiera dela eta prentsan azaldutako berrien aurrean, LABek iritzi publikoari bere jarrera helarazi nahi dio. 

Babesa erakutsi diogu Herrien Burujabetza, Transnazionalen Boterea Desegin eta Inpunitatearekin Bukatzea jartzea aldarrikatzen duen kanpainari

Gaurkoan LABekin batzartu da Monica Vargas, Trans National Instituteko kidea eta Herrien Burujabetza, Transnazionalen Botere Desegituea eta Inpunitateari Bukaera jartzea aldarrikatzen duen kanpainaren arduraduna. Ekintza Sozialeko Idazkari Bea Martxueta eta Urtzi Ostolozaga idazkari ondokoak bilera egin dute Vargasekin LABen Bilboko egoitzan.

LABek, orain hiru urtetik parte hartzen dugu kanpaina honetan, eta gure konpromisoa berresten dugun honetan, gure babes politikoa adierazi nahi diogu kanpaina honi eta bere helburuei. Gaurkoan, Vargasen bidez, kanpaina momentu honetan zertan den jakin ahal izan dugu, eta horren araberako erabakiak hartu gure parte hartzeari dagokionez.

Prozesu hau Euskal Herrira ekartzea da gure egiteko nagusiena mundu mailako prozesuan parte hartuz, izan ere kapitalismo heteropatriarkalaren gehiegikeriak nazioartean eta gurean salatu behar ditugu, horrez gain, gainontzeko eragile sozial eta sindikalekin batera elkarlanean, kontraboterea antolatu behar dugu. Tresna politikoa izateaz ari gara. Tresna horren egitekoa, beharrezko arau eta legeak sortzea da enpresa handiak Giza Eskubideei eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei guztiz loturik egon daitezen. Demokrazian sakondu beharra dugu modu erradikal batez, produkzioa eta lan eremua demokratizatu beharra dago, bizitza erdigunean jarriz, zerbitzu publikoen alde egin beharra dugu eta jendartearen oinarrizko beharrak bermatuarazi beharko dituzten administrazioak lortu behar ditugu. Elikadura eta energia burujabetzaren alde egin behar dugu, gure herrialdearen alde eta natur baliabide eta ingurumenaren alde.

Azken baten, herrien burujabetzaren alde eta eskubide kolektiboen alde egin behar dugu, pertsonon zerbitzura egongo den ekonomiaren alde, gure apustua, ekosozialismo feminista da.

Azkenik, gure parte hartzea iragarri nahi dugu aurrerantzean ere, bai transnazionalen gehiegikeriak epaitzen dituen Herrien Epaitegi Iraunkorrean (Bartzelonan ekainaren bukaeran) eta bai Nazio Batuen Erakundean udazkenean ere, non juridikoki loteslea den tresna osatzen ari garen transnazionalentzat eta beste enpresa batzuentzat giza eskubideekiko.
 

 

 

Azalpenak eskatu dizkiogu Osakidetza eta Osasun Sailari fakultatibo espezialisten kategoria batzuen EPE azterketetako balizko irregulartasunei buruz

Martxan dagoen 2016-17 EPE prozesuan Fakultatibo Espezialisten 55 kategoria daude deituta. Horietako askotan lehengo azterketa eginda dago jada, eta batzuetan, oposizioko faseko bigarren proba ere bai.

LABek kategoria horietako hainbat probatan irregulartasunak gertatu direnaren salaketak jaso ditu. Hauetan azpimarratu egiten da azterketetan filtrazioak gertatu direnaren ideia.

Fakultatibo batzuek esandakoaren arabera, irregulartasun hauek ez lirateke puntualak izango, fakultatibo espezialisten EPEetan maiztasunez gertatzen omen direlako eta batzuetan “euren nagusi edo zerbitzu buruek aukeratzen dituzten hautagaiek” soilik ateratzen dute plaza. Ez da lehenengo aldia halako informazioak heltzen zaizkigula.

Salaketa hauen larritasuna kontuan harturik, LABek EPE honetako emaitzen eta proben inguruko informazioa jaso du. Beste gauzen artean, hainbat kategoriatako bigarren probetan ez da erabili “pliken sistema” (edo behintzat ez modu publikoan). Aipaturiko sistema da Osakidetzak proposatzen duena EPE prozesurako protokoloan, eta helburu argia dauka: anonimotasuna eta azterketen zuzenketa inpartziala bermatzea, ezin delako jakin noren azterketa zuzentzen ari den. Harrigarria da pliken sistema hau kategoria batzuetan erabiltzea eta beste batzuetan ez, eta ez dela jarraitu irizpide bera proba guztietan.

Bestaldetik, azterketen emaitzen grafikoak eta estatistikak aztertu eta gero, kategoria batzuetan agertzen diren datuak oso susmagarriak dira eta filtrazioak gertatu direla adierazi lezakete.

Gaiaren larritasunak Osakidetza zein Osasun Sailaren aldetik berehalako argipena eskatzen du. LAB, bere aldetik, Osakidetzako Zuzendaritzari urgentziazko bilera eskatu dio jada, gertatu denaren gaineko azalpenak jasotzeko eta azterketak prestatu eta zuzentzeko protokolo berria eskatzeko. Era berean, uste dugu Darpon kontseilariak azalpenak eman behar dituela Legebiltzarrean. Gainera, balizko irregulartasunak gertatu diren proben inpugnazioa eskatu dugu.

 

 

 


Lanean hildako azken langilean gogoan Orozkon

Euskal Herriko gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egin dugu Orozkoko Udalaren aurrean bizitza galdu duen azken langilea gogoratu eta heriotz guzti hauen atzean prekarietatea dagoela salatzeko.

Maiatzaren 30ean jakin genuen Orozkoko Arriberri harrobian Arcanor enpresako 54 eta 47 urteko beharginak istripu larria izan zutela makina batek harrapatu ondoren, langile larri zaurituak Gurutzeta erietxera eraman zituzten. Bart iluntzean hil egin da langileetako bat.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu hildako langilearen famili eta gertukoei, halaber zaurituta dagoen behargin familiari elkartasuna adierazi nahi diogu.

Azken heriotz honekin 21 dira gutxienez Hego Euskal Herrian hildako langileak eta salatu behar dugu heriotz guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualita kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta egiazko prebentzio ezaren ondorio zuzena dira .

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasuna eta bizitza baino, Bestetik administrazioak, egoera honen konplize bilakatu direnak. Prebentzio egiten dutela diote, baina darabiltzaten politikek berekin dakarte lan baldintzak hondatzea. Argi dago ez diotela prekarietateari aurre egin nahi. Prekarietatea handitzen eta zabaltzen ari da, lan baldintzak ez dira hobetzen, kaxkartzen ari dira.

Gaur egungo egoera mugiarazteko, istripuak ekiditu nahi badira, lan baldintzak ezinbestean hobetu behar dira. Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte.

 

 

 


Hitzarmen duinak eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Makina-Erramintako Biurtean

0

Gaur amaitu da Makina-Erramintaren Biurtekoa. Honen inguruan, azokako egun guztietan zehar izkutuan geratu den errealitate baten berri emango du sindikatuak, prekarietatearena, hain zuzen ere.

Gaur amaitu da Makina-Erramintaren Biurtekoa. Honen inguruan, azokako egun guztietan zehar izkutuan geratu den errealitate baten berri emango du sindikatuak, prekarietatearena, hain zuzen ere.

Horretarako, prekarietatearen inguruko standa jarriko dute BEC kanpokaldean. Diskurtso ofizialek izkutatzen duten prekarizazio etengabean oinarritutako lan harremanen ereduaren aurrean, langileentzako lan duina, bizi duina eta hitzarmen duinak aldarrikatuko dituzte.

Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko buruaren adierazpenak:

“Hor barrukoa marketing hutsa da, publizitate engainagarria, iruzur handi bat foko ugari eta korbata askorekin apainduta”.
Korbatak bai, barruan buzoak falta direlako. Langileen errealitatea faltan da. Makina horiek martxan jarri, hobetu eta erabiltzen dituzten pertsonanena. Prekarietatearen standa falta da, kontratazio moduaz azaodluko duena, lan-osasunaren inguruko axolagabekeria eta jasan beharreko istripu eta heriotzena, aldi baterakotasunaren inguruko datuak, sexu, arraza edo ideologiagatiko diskriminazioarenak edo gure hizkuntzak, euskarak duen errespetu txikiaren ingurukoak”.

Tailerretako emakumeak falta dira, argi eta garbi esango dutenak oraindik industriako %19a baino ez garela, enplegu eskaintza prekarioak eta soldata apalagoak dituztenak soilik jasotzen dituztela dioten gazteak; 50 urtetik gorakoak, antzinatasuna ez ordaintzeagatik nola kaleratu dituzten azalduko dutenak; mehatxuak, beldurra, kaleratzeak edo irainen inguruan hitz egingo dutenak.

“Nahikoa da argazki eta zinta mozketez. Nahikoa da postureo eta gezurrez. Noiz emango diote horrenbeste arreta eta babes langile klaseari? Noizko Arantza Tapia, Urkullu eta kazetari guzti horiek tailerretatik pasastzen? Noizko aste honetan hemen xahututako diru guztia langileentzako lan-baldintza duinetan? Oroitarazten deigu makina hauek material hutsa baino ez direla martxan jartzen dituzten pertsonarik gabe”.

Aberastasuna banatzeko garaia da. Patronalak 1.300 milioi euro garbi banatu zituen 2016an eta, beraiek diotenez, 2017a hobea izan omen zen. Eta datuak hauek diren bitartean hitzarmenetan eskaintzen digutena; segurtasun eza, aberastasuna banatzeko borondate falta eta prekarietate gehiago da:

> 10 langiletik 6k ez dute berritutako lan hitzarmenik.
> Azken urtetan langileek %5eko eros ahalmena galdu dute.
> Industriako langileen %19a da soilik emakumea.
> Industrian lanean hasteko zortea duten gazteek zabor kontratuak izaten dituzte.
> 2016tik 2017ra behin behineko kontratu kopurua %29,3tik 32ra igo da.
> ABLEen eta azpikontraten erabilera biderkatu da.
> Kontratazio berriei lan baldintza kaskarragoak ezartzen dizkiete.
> Urte honetan 20 langileek bizitza galdu dute lanpostuan, horietatik 6 industriakoak ziren.

Hortaz, egoera bidegabe hau aldatzeko borrokatu beharra dago. Bizkaiko Metaleko hitzarmenean eta enpresetako hitzarmenetan, eremu GUZTIETAN, LABek eduki duinen alde borroka egingo du:

• Ez dugu langileen lan baldintzetan atzera pausurik onartuko.
• Eros ahalmena berreskuratu eta KPIen gainetik igoerak.
• Prekarietatearen aurkako neurriak: behin behineko kontratazioa, malgutasuna, azpikontratazioa mugatzea, ABLEak desagertaraztea, gazteen lan baldintzak hobetzea….
• Emakumeen kontratazioa bultzatu eta lan baldintzak duinduko dituzten neurriak.
• Subrogazioa bermatuko dituzten neurriak.
• Negoziazio kolektiboko erreformatik eta estatalizaziotik babestuko gaituzten neurriak.

Bada garaia hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hotzeko, GUZTION LAN BALDINTZAK hobetzeko.
  

 

 

EKAINAK 2, ALTERNATIBEN HERRIA IRUÑEAN

Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsiko dugu ekainaren 2an. Sistema da aldatu beharrekoa eta horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriko dituena. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko ekainaren 2an Iruñera.

Madrilera begira egon gabe, hemen burujabetza prozesu bat jartzearen beharra azpimarratu nahiko genuke

0
Erabat ustela den alderdi bat gobernutik botatzea positiboa da, erantzukizun ariketa bat da edozeinentzat. Hala ere, sindikatu bezala ezin ditugu mezu baikorregiak bota, datorren gobernua ez delako askoz hobea.

PSOE izan zan estatalizazioa eta zentralizazioaren aldeko erreforma egin zuena, pentsioen erreforma egin zuena, baietz esan zion 155. artikuluari eta 135.aren erreformari. Badira hainbat elementu bere kudeaketaren kritika egitera eramaten gaituztenak.

Hala ere, garrantzitsua da PP botatzea. Baina ez da PSOE izan PP bota duena, bere politikei aurre egin dieten herritarrek eta independentismoak baizik.

EAJri dagokionez, aipatu beharra dago politika antisozialak adostu zituela Rajoyrekin. Eta politika antisozial horiei eustea adostu du Sanchezekin, bere lehentasunak oso argi utziz.

Hala ere, Madrilera begira egon gabe, hemen burujabetza prozesu bat jartzearen beharra azpimarratu nahiko genuke.