2026-07-16
HomeEkintza Politikoa"Orain Presoak" dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

“Orain Presoak” dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

LAB, ELA, UGT, STEILAS, ESK, Etxaide, Hiru eta EHNE sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, Foro Sozial Iraunkorraren ekimenez, "Orain Presoak" giza ekimenaren harira larunbaterako antolatutako ekitaldia eta manifestazioarekin bat egiteko.

Hauxe da sindikatuok sinatutako adierazpena, gaurko agerraldiaren harira:

Hemen gauden zortzi sindikatuok Foro Sozial iraunkorraren ekimenez elkartu gara eta preso dauden pertsonak txertatzeko auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin nahi dugu.

Lehenago ETAren behin betiko eta erabateko armagabetzeari gure sostengua adierazteko elkartu ginen eta geroztik beste hiru aldiz modu ezberdinetan elkartu gara, gaixorik dauden presoen arazoa eta hurbiltzea zirela eta.

Beraz, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozial ezberdinei honakoa adierazi nahi diegu:

1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.

2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.

a) Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.
b) Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak EAE(Euskal Autonomia Erkidegoa) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.
c) Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

3. Hemen elkartu garen sindikatuok urriaren 20an Donostiako Miramar jauregian arratsaldeko 16:00etan bizikidetzaren alde antolatuko den ekitaldian eta arratsaldeko 17:00etan burutuko den manifestazioan(biak “Orain Presoak” giza ekimenak antolaturik) egongo garela jakinarazten dugu.

4. Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen diegu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba Feminista Orokorrean parte hartzeagatik epaitu dituzten kideei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dugu

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deituta, Donostiako epaitegiaren aurrean batu gara atxilotuak izan ziren grebalariei elkartasuna adierazteko, jazarpena salatzeko eta zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan segiko dugula argi uzteko.

Gasteizko Udalaren isunaren aurrean, LAB, ELA, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok greba eskubidea eta gutxieneko soldata duina aldarrikatzen ditugu

LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok Greba Orokorra deitu dugu martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio eta duinaren defentsan, soldata hobeak aldarrikatuz. Deialdi horretarako, sindikatuok ahalegin militante handia egin genuen Gasteizen eta inguruan langileei grebaren testuinguruaz, arrazoiez eta helburuez informatzeko, hainbat euskarri informatibo, batzar eta bileren bitartez. Horren ondorioz, hamarnaka mila pertsonek baliatu zuten grebarako eskubidea, eta mobilizazio jendetsua egin zuten hirian, deialdiaren aldarrikapenekin bat eginez.

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita daukagun greba dinamikarekin jarraituko dugu sektoreak dituen aldarrikapenak lortu arte.