2026-09-02
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Garaia da egungo salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko" #OrainPresoak

Garbiñe Aranburu: “Garaia da egungo salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko” #OrainPresoak

LABeko ordezkaritza zabal batek hartu du parte gaur, Donostian, "Orain Presoak" dinamikak antolatutako ekitaldian eta manifestazioan. Azken honetan, milaka herritarrek hartu dute parte, euskal preso politikoen eskubideen defentsan.

Elkarbizitza eta bakea hizpide izan dituen ekitaldi bat egin dute lehenik, Donostiako Miramar jauregian. Hain zuzen ere, sindikalgintzan, politikagintzan, herri ordezkari gisa instituzioetan eta giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean dabiltzan pertsonak elkartu dira bertan, baita sufrimendua jasan behar izan duten eta jasaten duten hainbat herritar ere. Antiguako tuneletik abiatutako manifestazioari ekin diote ondoren, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko. "Orain Presoak" dinamikak antolatu ditu bi ekimen hauek, eta jendetza hurbildu da Donostiara babesa emateko.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ezinbestekoa dela mobilizazio soziala gobernuen jarreran eragiteko, eta berretsi du bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko lehentasuna duela presoen afera konpontzeak: "PSOEren gobernuak, mugimendu txikiren bat baino harago, ez du urrats eraginkorrik egin eta hemendik exijitzen diogu garaia dela egungo salbuespenezko espetxe politikari amaiera emateko".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Estatuan ematen ari diren pausoak, ez nahikoak izateaz gain, kontrako norabidean doaz bake eta bizikidetza eszenatoki bat eraikitzeko. Hauxe da egiten dugun irakurketa Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta kartzelaratzearen aurrean. Bere berehalako askatasuna exijitzen dugu".

LABeko idazkari nagusiak balioa eman nahi izan die eragile desberdinen artean eta, bereziki, sindikatuen artean lortutako kontsentsuei, Foro Sozial Iraunkorraren eskutik astelehenean egindako agerraldia adibide.

Garbiñe Aranburuk ondorengo pausoak eman behar direla azpimarratu du, presoen aferari konponbide integral bat emateko bidean: "Larriki gaixo dauden presoen kaleratzea; sakabanaketa politikarekin amaitzea; eta graduen progresioa ahalbidetzea, lehen gradutik bigarrenera. Euskal preso politikoen %96 lehen graduan daude".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ideia faxista eta xenofoboen aurrean jarrera irmoa behar dela aldarrikatzen du LABek

Oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena kapitalari mugak jartzea, herritar guztien eskubideak bermatzea, birbanaketa politikak ezartzea eta sakoneko agenda eraldatzaile bat aurrera eramatea dela...

LABek lau langileren kriminalizazioa salatu du martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik

Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalari Iruñeko epaitegian deklaratzera deitu dituzte gaur, atxilotzeko mehatxuaren pean. Bi delitu egotzi dizkiete: agintaritzari desobedientzia...

Langabeziari dagokionez, uda amaierak beti ekartzen duen egoeran gaude

Abuztu amaieran, SEPEren datuen arabera, 136.372 pertsona zeuden langabezian eta 1.072.124 erregimen orokorrean afiliatuta Hego Euskal Herrian. Horrek esan nahi du afiliazioak behera egin...